Periploa

Ongi etorri! Sartu. Sartu antzokira eta eseri. Aukeratu zure eserlekua, zure espazioa, zure leihoa. Zehaztu zure perimetroa. Zehaztu zure espazio-ontzia, zure unibertsoa, zure begirada. Presta zaiztez euskal teatroan barna bidaiatzeko. Ondu zure txoko inprobisatua zure gogora, eroso sentitu arte.

Sartu eta hautatu zure tokia frontoian, kultur etxean edo antzoki ezagunean; kale-kantoian, gaztetxean edo herriko plazan. Sartu eta eseri, periplo bat prestatu baitizugu: euskal jokalekuetan barna bidaia bat. Zeharka itzazu gurekin euskal agertokietako zainak, hariak eta korapiloak. Ezagutu euskal teatroaren izarrak, sateliteak eta konstelazioak. Dastatu, usaindu bere erraiak, birikak, lorratzak eta paradoxak. Jolastu gurekin. Jolastu zure prismatik, zure odoletik, zure jakinduriatik, zure kulturatik. Jantzi irrikaz gogoa eta bihur ezazu euskal teatroa tarte batez zure apeta. Zabalduiguzu zure atea, bihotzeko begia. Ikusle maitea, ongi etorri gure antzerkira. Ikuskizuna hastera doa!

‘Sartu eta eseri, periplo bat prestatu baitizugu: euskal jokalekuetan barna bidaia bat. Zeharka itzazu gurekin euskal agertokietako zainak, hariak eta korapiloak.’

Hara! Ireki da oihala, euskal eszenaren oihala. Han dira periferiak eta hiriguneak, itsas-ertzak, landak eta lautadak. Euskal teatroaren geografia kolore guztietakoa da. Euskal teatroa anitza da. Errespetuzkoa. Gizartegaietan arduratsua eta baloreduna. Herriarekiko zein hizkuntzarekiko guztiz arretaduna. Euskal teatroarekiko atxikimendua euskal kulturarekiko borondatea da, harekiko maitasuna. Euskal teatroa euskalduntasunaren argazki xumea da: atzokotik edan duena, maitaleek berpiztu dutena, gaurkotasunak aberastu duena. Luzea da errepertorioa. Luzeegia denak hemen aipatzeko… Espazio batzuk gomendatzera goaz. Sartu eskua zakuan eta zoriak erabaki dezala gaurko jokalekua! Zabaldu mapa eta… Hor dituzu geltokiak! Antzezlekuak! Zoko-mokoak! Bidaia hastera doa!

1ª GELTOKIA:

Bira honi hasera emateko, Lapurdiko Luhuso herrian Harri Xurira gonbidatu nahi zaitut. Harri Xuri antzokia 2009z geroztik egonaldi eta estreinaldi ezberdinen gotorlekua da. Leku atsegina, zinez. Alabaina, izaten da bat berezia: Euskal lurraldeak zein euskalkiak batuz, hiru konpainiek elkarlanean -Artedrama, Axut eta Dejabu— teatroari ikusmolde berri bat eskaini diote. Hura berpiztu ez dakit, baina ikuslegoa astindu astindu dute. Eta azken aldian, sarrera guztiak agortu ohi dituzte emanaldiro. Ikuskizun berria bi urtez behin estreinatzen dute. Bertan izateko aukera baduzu, probestu ezazu, ikuskizunak ez zaitu eta epel utziko!

2ª GELTOKIA:

Gipuzkoako lurretan sartu bezain pronto, Oreretan Eztena arte eszenikoen jaialdia antolatzen dute 2008z geroztik; koba eta zulo, Mikelazulo kultur elkartearen eskutik. Beheko kalea 4n dute egoitza. Han trukatu izan dituzte urtez-urte saltsa, jolasa, performanceak, generoak eta esperimentazioa ekaineko bero-sapan. Bisita ezazu leizea, askatu gorputza, sareak, arrazoia… eta diberti zaitez antzerkizaleekin!

3ª GELTOKIA:

Ur gazia non, harantza abiatu txangoa. Nora eta Donostiara. Mihisetan lirain, itsasoak hiria edertzen duen eremura. Han da Victoria Eugenia antzoki entzutetsua Urumea ibaiaren ertzean 1912z geroztik dotoreziaz eraikia. 900 eserlekutik gora ditu belusezko gortina gorriei begira. Sartu. Sartu barrura eta eseri. Gaur martxoaren 27a da, Nazioarteko Antzerkiaren Eguna, eta Donostia Antzerki Saria banatuko da bertan. Urtero legez, hirian ikusi ahal izan den urteko euskarazko antzerki lan onenak saria eta aitorpena jasoko ditu. Emozioak eta irribarreak, besarkadak eta hitz-goxoak ogibidekideen artean. Alfonbra gorria eurena da gaur.
Dena dela, jakizu donostiar antzerkilariek Alde Zaharreko Antzoki Zaharra izendatu izan dutela beti hiriko antzoki kuttun. 1843. urtetik asko zor dio euskal teatroak espazio horri. Horrenbeste amets, komeria eta bitxikeria izan da bertan… Horrenbeste oroitzapen, historia, pasadizo… Halere, gaur egun euskal teatroa ikustera Egia auzoko Gasteszenara joaten dira gazteak, eusnobak eta XXI.mendeko ikusle finak. Agidanez, han programazio interesgarri franko eskaintzen omen da.

4ª GELTOKIA:

Gipuzkoa erdi-erdian kokatutako Azpeitian Antzerki Topaketen XXVIII. edizioa beteko da azaroan. Soreasu antzokia da urte horien guztien testigu zuzena. Euskal antzerkia hiltzeko zorian zegoela ziotenean ere, eutsi egin zion ametsari. Euskal teatroak merezitako mirespena eta begirunea jaso izan du topaketa hauei esker urterik eskasenetan ere. Gaur egun, iraupenari hauspoa eman eta urtero estreinaldi interesgarriak izaten dira antzoki berritu berri honetan.

5ª GELTOKIA:

Gipuzkoatik Bizkaia aldera jauzi egin eta Durangoko Azokan elkartzera goaz. Hartu kultur-gosea, ametsa, patrika betea eta herri-nortasuna, eta sartu guztiak motxilan. Egun-pasa bikaina duzu. Kulturgintzako esparruak, ertzak, filosofiak eta esperimentuak ezagutzeko parada duzu. Landako gune nagusitik haratago, arte eszenikoek Szenatokia izeneko gune propioa baitute, EHAZEren – Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea- laguntzarekin kudeatutakoa. Herriko San Agustin aretoan aurkituko duzu Szenatokiaren elkargunea, garai bateko eliza antzoki bihurtuta. Egitarau polita izan ohi da urtero, eta antzerki munduko nobedadeak, punta-puntako antzerki-lanak, aurkezpenak, hitzaldiak edo mahai-inguruak aurkituko dituzu bertan.

6ª GELTOKIA:

Kilometro gutxira, Aulestiko herrixkan, ADEL (Artedrama euskal Laborategia) gertatzen da Pazko-astean. Gorputzak, ahotsak eta sormen prozesu komunitarioak esperimentutan ibili ohi dira ikastaro ezberdinetan astebetez. Euskal aktore, zuzendari, antzerkigile eta zaleen topalekua denez honakoa, han elkarbanatzen dira bizipenak, iritziak, asmoak zein indarrak antzerkizaleen artean. Elkartruke artistikoa oinarri duela, antzerki ikuskizun berritzailez jositako programa prestatzen dute. Eta kondairak dioenez, sorginduta edo, behin hura ezagutuz gero, berriz errepikatu nahi izaten omen da.

7ª GELTOKIA:

Bizkaiako hiriburura iritsi eta Bilbo erdian larderiatsu ageri den Arriaga antzokiak txundituko zaitu jarraian. Azken urteotan, euskal eszenari eskaini dion tokitxoak egin du Arriaga handiago, euskal antzerkigintzara gerturatu eta euskaraz produzitzeari ekin eta gero. Bada, horrez gain, 2011n sortu zen beste altxor bat Bizkaiko hiriburuan. Pabilioi6 (P6) izena duen eta irudimenez beterik dagoen espazio huts bat. Industrializazio garaia gogora dakarren sortzeko eta asmatzeko eremu erabilgarri bat. Handitasun arkitektoniko garestietatik aparte, artistek euren artelanak sortu eta publikoarekin gertutasunetik elkarabantzeko fabrika bat.

8ª GELTOKIA:

Araba aldera darrai bideak. Hiru sala dituen Gasteizko Baratza aretoan sartzera zoaz. 2013an zabaldu zituen ateak, eta ordutandik mota guztietako sorkuntzak, diziplina arteko proiektuak eta arlo anitzetako artistak batu izan ditu izartegi goxo honek. Bizilagunak eta ikusle begiluzeak asetzeko honako elikagaiak eskaini ei ditu urtean zehar: ikuskizunak, zikloak, ikastaroak eta erakusketak. Egonaldietarako laguntzak ere eman izan dituzte. Familia arteko giroan arte berritzaileak ezagutu nahi dituenarentzat, geldialdi ezinbestekoa da Baratza.

9ª GELTOKIA:

Bidaia bere azkenetan, Nafarroara abiatu eta Iruñako San Agustin kalean Nafarroako Antzerki Eskolan egizu geldialdia. Aukera ezazu Antzerki Aroa programako ikuskizunen bat eta barneratu zaitez xarma berezidun antzoki honetan. Eskatu edariren bat kanpoan duten barran, eta gozatu!

10ª GELTOKIA:

Zabaldu begiak. Arnastu haize freskoa. Iparroratzak ipar-ekialdera garamatza. Bide-zidor berdeetan zehar bagoaz Zuberoara, herrixka ttikien gotorleku miragarrira. Herri-antzerkiak XVI. mendea eta XXI.a zubitzen dituen eremura. Historialari eta ikerlarientzat bisita derrigorrezkoa. Pastorala, libertimendua, tobera… izan zitekeen, baina Maskarada jokatzera doaz gaur, non eta herriko plazan -igandero herri ezberdin batean-, nortzuek eta herritarrek beraiek -aurten ardura hartu duen herriko jendeak-. Euskalki eztia entzuten da biztanleen ahotan. Negua da, baina udaberriari ari dira deiardarka. Txoriak txioka eta Txorrotxak kantari. Bertan dira dantzari fin gorriak hankak astintzen. Ankerkeritan beltzak ingurumaria nahas-mahasten. Hau da festa eta herri-legea! Usadioa eta identitatea. Hau da erritua! Historia zahar-berritua. Herritarrak dira aktore, gorriek jantziak dotore. Plaza da eszenatoki; beltzen zirikez gain, ikusleen begiratoki.

11ª GELTOKIA:

Ikusle preziatua, etorri gurera eta eseri, hautatu zure tokia, zure espazioa eta leihoa. Mapa zabaldu, itxi begiak eta kokatu hatz-erakuslea gura duzun tokian. Aipatu gabe geratu diren hamaika herri, areto, antzerki-aste, gune magiko edo txoko maitagarri baitago zure zain. Hamaika hazi eta hosto. Antzerkiaren lorategia geroz eta koloretsuagoa da Euskal Herrian, eta desiran gara zurekin edonon partekatzeko.

Orain, zure betaurrekoei zure gustura moldatu dioptriak, itzal eta argiak. Etxean bazeunde bezala sentitu. Eta etor zaitez gurera ikusmiraz: sentitzeko, ezagutzeko eta bizitzeko gogoz. Bizia baita antzerkia. Bizirik baitago teatroa. Eta izan zaitez gaur-gaurkoz gure ikusle preziatua, amorante irrikatsua. Edazu gure ahoskeratik. Gure dramaturgiatik. Jazu gure pasiotik. Egizu negar, laztan edo barre lehertzeraino. Jolastu emozioekin, malkoekin, desirekin; eta utziezu hauei azala eta bihotza gazitzen, leuntzen, lurrintzen, urtutzen. Bihurtu zaitez protagonista gure antzokian. Izan zaitez gure luxuzko publikoa. Ongi etorri euskal antzerkira. Ikuskizuna hastera doa!

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

Mundura jalgitzeko jantzia

surf

Haur nintzela, bere semeei -guri- berea ez zen hizkuntza bat irakasteko erabakiari buruz galdetu nion amari. Euskarari lotua zegoen nire galdera, baina bere erantzuna ingelesarentzat baliagarri izan zitekeen ere. 8 urte inguru izango nituen nik, baina bere hitzak gogoan geratu zaizkit betiko: “Hizkuntzak berokiak bezalakoak dira: bat bakarrik badaukazu, beti erabili beharko duzu, euripean zein eguzkipean. Baina bi, edo hiru, edo gehiago ere badauzkazu, zuk zeuk erabaki dezakezu zein jantzi kalera irteteko, zein nahiago duzun egoera bakoitzerako, zeinekin zauden erosoen baldintzen arabera eta, gehienbat, zein den zure nortasunarekin hobekien bat datorren hori”.

Hogeita hamar urte geroago, armairua zabal-zabalik eta aurrean bospasei beroki ditudala, gehien babesten nauen hizkuntza euskara zergatik ote den galdetu diot neure buruari, ispiluaren aurrean. Misterioz beteriko hizkuntza da ezbairik gabe, Europako beroki gehienen kasuan ez bezala, jatorri ezezaguna baitu. Demagun armairua lehenengoz ireki genuenerako bertan zegoela dagoeneko; baina ezin jakin bere oihala astrakan errusiarra, Tiroleko artilea edo Kordobako larrua ote den. Dena den, eta Koldo Mitxelena hizkuntzalariak adierazi zuen moduan, benetako misterioa ez du jatorria, mendetan zehar eta hizkuntza salo asko dituen ekosistema baten barruan bizirauteko izan duen gaitasuna baizik.

Hizkuntzek eta gas nobleek ezaugarri bat partekatzen dutela esan genezake: eskuragarri dagoen espazio guztia betetzen saiatzen dira beti eta, ondorioz, elkarren arteko etengabeko borrokan bizi dira. Euskararen corpusa aztertuz gero, ordea, hizkuntza horrek beste guztien patroia jarraitu ez zuela pentsa daiteke, ehunka urte, kilometro eta etenik gabeko harremanean egon diren hizkuntzetako aztarnak aurki baitaitezke bere hiztegian. Bizirik irauteko, agian, menderatu nahi zuten beste horiekin guztiekin negoziatzen ikasiko zuen, auskalo. Eta “izquierda” (“ezkerra” euskaraz), “aquelarre” (“aker larre” edo “okela erre”) edo “zurrón” (“zorro” hitzetik) hitzak, beste askoren artean, hartu-eman horietan zehar arerioak bereganatu zituen harrapakin hutsak izan daitezke apika.

‘Bereak ziren, esaterako, baleen atzetik Atlantikoaren ipar kostaldeetara zihoazen euskal arrantzaleen abestiak’

Argi dagoena da anitz bidaiatu den hizkuntza dela. Euskara ezagutzen ez dutenek trauskila eta abarkaduna dela diote. Bere pasaporteak, ordea, XV. menderako euskararen nazioartekotze-plana miresgarria zela erakusten du: bereak ziren, esaterako, baleen atzetik Atlantikoaren ipar kostaldeetara zihoazen euskal arrantzaleen abestiak, edo mundu osoa historian lehen aldiz zeharkatu ostean Sanlúcar de Barramedako portura iritsi zenean Juan Sebastian Elkanok esan ei zituen lehen hitzak.

Hizkuntzak ez dira berokiak, badakit. Euskara jantzia balitz, ordea, ez litzateke berdea izango. Bere baso eta mendiek mendetan zehar ukitu berdexka, oliba, turkesa edo esmeralda ugari agertu badituzte ere, hizkuntzak “berde” latinoa edo “orlegi” neologismoa (“hostoen kolorea” esan nahi du) erabiltzen ditu kolorea adierazteko. Ez du euskal hitz jatorrik itxaropenaren kolorea adierazteko. Eta, egia esan, oso deigarria da berezko hitzik ez egotea kolore hori adierazteko, beste izen kromatiko guztiek euskarazko pentsamenduaren sekretu handiak ezkutatzen baitituzte: “gorri” hitzak, kolore gorria aipatzeaz gain, osagarririk edo aldaketarik gabeko egoera adierazten du (larru gorri edo urre gorri); “urdin” hitza “uraren koloreari” dagokio; “beltza” hitzak “bele” eta “arbel” hitzekin partekatzen du erroa; “zuri” hitzaren jatorria “zur” hitza da, antza, eta atzerriko kultura askotan garbitasunari eta errugabetasunari lotzen bazaie ere, euskal hiztunentzat zuria faltsukeriaren kolorea baita, akaso, zuhaitzaren barruan eta kanpoaldean itxura ezberdinak agertzen dituen zura bezala, gizaki faltsuak beren pentsamenduaren eta portaeraren artean aldeak agertzen dituzten horiek direlako.

Baina… nahiz eta “gorri”, “urdin”, “beltz” edo “zuri” bezalako hitzak izan, nola liteke “berde” kolorea adierazteko hitz jatorrik ez egotea euskaraz? Ipar Amerikako artikoko elur-antzeko eskualdeetan bizi diren inuitek ez dute kolore zuria adierazteko hitz jatorrik; edo Zeelanda Berriko basamortu gorriztetako maoriek kolore gorrirako hitzik ez dute, ezta ere, eta arrazoi berberagatik ziurrenik. Hamaika tonu berde dituen Euskal Herri batean, gure inguruko errealitatea identifikatu nahi duen hizkuntza batek ez luke hitz berbera erabiliko haritzaren hostoen berdea, pinu baten arantzen hori edo udaberriko belarraren kolorea adierazteko… Eta, ondorioz, “berde” mailegua Erromatarrekin eta euskararen ikusmiran kolore berrien sarrerarekin baino ez zen iritsi. Horrela bada, eta euskara berokia balitz, ez litzateke berdea izango, hamaika tonu berdeko collage-a baizik.

jantziak

Euskara jantzia balitz zaharra izango litzateke, zaharkitua ia, eta bere bolada pasatua legoke askoren iritziz. Baina beste askorentzat azken berritasuna izango litzateke, vintage eta modernoa aldi berean. Juan Uriagereka hizkuntzalariak, animalietan oinarritutako alegoria batean, euskara marrazoarekin alderatu zuen: dinosauroen jatorritik berrehun milioi urte inguru egin behar da atzera marrazoaren jatorria aurkitzeko, eta Uriagerekaren esanetan, zaharra bada ere (ez marrazoa bezain beste, noski), egunera arte bizirik irauteko habitatera bikain egokitzeko gai izan bada animalia, berdin hizkuntzaren kasuan; eta kontrako iritzia zutenei, askoz ere “modernoagoa” den tximino bat marrazo batekin aurrez aurre jartzeko gonbitea egin zien hizkuntzalariak; uretan, hori bai. Nolanahi ere, hizkuntza baten eta, hain zuzen ere, euskararen bizitza-luzera berme paregabea baino ez da etorkizuneko hiztunentzat, horrenbeste irauteko izan duen gaitasuna etorkizunean etor litezkeen erronkak gainditzeko potentzial bikainaren seinale baita.

‘Euskara jantzia balitz, gizonezkoentzako zein emakumezkoentzako jantzia izango litzateke, bereizketarik gabe’

Euskara jantzia balitz, gizonezkoentzako zein emakumezkoentzako jantzia izango litzateke, bereizketarik gabe, ez baitu gramatika-generorik… Ez litzateke, ordea, unisex zaku bat izango, bere aditzek jomuga duten pertsonaren generoa adierazteko abilezia bitxia baitute. Jantzi erosoa izango litzateke, ezbairik gabe, aditz laguntzaile guztiak A3 tamainako orri batean sartzen baitzaizkio (amets bat baino ez hizkuntza erromantze guztientzat). Jantzi magikoa izan zitekeen ere, mistikotzat baino ezin baitugu jo bizitzarako oinarrizko osagaien artean ageri den antzekotasuna: “ur”, “lur”, “zur”, “su”, “elur”, “egur”, “hezur”…

Egia esan, euskara jantzia dela jakin izan dut berriki. Ingelesez, “basque” hitzak “kortse” esan nahi du, emakumezkoen gorputza bularretik aldakaraino estutzen duen jantzi hori. Agian horrela ikusten gaituzte kanpotik, batek daki: itxitako eta hertsiki estututako hiztun-komunitate bezala. Edo baliteke inolako ezkutuko paralelismorik ez egotea, apika, bizitzeko eta amesteko babesten nauen hizkuntza erabat kontrakoa baita: hizkuntza atsegin, ireki eta malgua, milioi bat lagun pasatxok informazioa bilatu eta lortu, ikertu, maitasuna adierazi, bizitza partekatu, errealitatea aztertu eta, ororen gainetik, munduan egon eta mundura jalgitzeko egunero erabiltzen duten hizkuntza.

*Jatorriz gaztelaniaz idatzitako artikulua.

LOTUTAKO ARTIKULUAK

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

Kaleak hartzen dituzten gorputzak

Mendea estreinatu berri zenean, gona beltzez jantzitako emakume bat Brooklyneko zubiaren erdian kokatu zen, kameraren begiari so. Hankak ireki zituen eta, zutik, espazio publiko horren erdian pixa egiten hasi zen. Itziar Okariz zen artistaren izena, eta Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea artelanarena. 2000 eta 2004 urteen bitartean hainbat lekutan egin zuen performancea, zenbaitetan zuzenean, besteetan bideoan grabatua izan zedin, artelan independente eta iraunkor gisa. Lehena Düsseldorfetik igarotzen den Rhin ibaian gauzatu bazuen ere, orduantxe bere bizilekua zen New Yorken burutu zituen ekintza gehienak.

Urrutiko txokoetan forma hartu zuen performance honen eragina azkar igarri zen Euskal Herriko arte eszenan. Izan ere, unean feminismoan eztabaidagai ziren hainbat ideiaren gauzatze probokatzailea zen artistaren lana. 1999an Judith Butlerek Genero nahasmendua liburuaren ingelesezko edizio berria argitaratu zuen, eta 2001ean itzuli zen liburua gaztelerara. Lan honetan filosofoak queer mugimenduaren oinarri zen teoria luzatzen zuen, alegia, generoa performatu egiten dela, antzeztu, errepikatu. Besteen begien aurrean gizon edo emakumetzat definitzen gaituztenak behin eta berriz errepikatzen ditugun jarrerak, joerak eta ekintzak direla, eta ez inolako parametro biologikoak. Identitatea antzezten dela esan zuen Butlerek, denbora guztian ekoizten ari den zerbait dela, eta errepikapenak etenaz edo printzipioz ez dagozkigun jarrerak hartuz, genero identitatearekin apurtzeko aukera dagoela.

Aukera hori zen, hain zuzen, Itziar Okarizek Brooklyneko zubian hankak ireki eta pixa egiten zuen unean gertatzen ari zena. Emakumearen pixa egiteko posizio makurtua beharrean, gizonen zutikakoa hautatu zuen; eta emakumeek behar hau egiteko bilatzen duten leku itxi eta pribatua beharrean, gizonek maiz erreparurik gabe erabiltzen duten espazio publikoa hartu zuen. Gizon bati zegokion gorputz hizkuntza erakusten zuen emakumea zen une horretan Okariz. Agerian uzten zuen ez zegoela posizio-banaketa justifikatzen zuen elementu biologiko fisikorik; esanahiaz kargatutako erabaki sozial asko bai, ordea.

‘Okarizen lana erreferente izan da feminismoa eta gorputza uztartu dituzten hainbat euskal artistentzat, baina ez da bakarra.’

Okarizen lana erreferente izan da feminismoa eta gorputza uztartu dituzten hainbat euskal artistentzat, baina ez da bakarra. Urte asko aurretik jada Esther Ferrerek bere gorputza arterako lehengai gisa erabili zuen. 1977an Intimoa eta pertsonala performancean biluztu eta bere gorputzaren neurriak hartu zituen, arbel batean idatziz ondoren, eta publikoan zeudenei berdina egitera gonbidatu zien. Honela, emakumeen gorputzek pairatzen duten kontrola agerian jarri eta gorputza bizitako esperientzia errealtzat aurkeztu nahi zuen, bestearen begiradarentzat plazerrerako objektuaz gain beste zerbait ere badela aldarrikatuz.

Ferreren lan hartan agertzen zen jada Okarizen proposamenean funtsezkoa den puntu bat: publiko eta pribatuaren arteko banaketa. Intimoa eta pertsonala, hain zuzen, espazio pribatuetan gertatzen dena da, publikoa denaren kontrajartzea; emakumeen gorputzek halako espazioetan izan dute historikoki lekua, eta euren ekintzen mugaketa markatu dute murru horiek.

“Artisten hasierako bideo lanetan ohikoa zen lau pareten artean itxitako emakumeak topatzea, etxeko espazioarekin hartu-eman ez beti erosoan. “

Ez da harritzekoa, beraz, etxeko bizitzari kritika arte feministaren sorreratik presente egotea. Zenbaitek emakumeen lanen eskenatoki ziren etxeko espazio zehatzei arreta eskainiz burutu zuten kritika hori, Martha Rosler estatubatuarraren Sukaldearen semiotikaren kasuan bezala; beste hainbatek, feminitatearekin lotutako lan horietan jarri zuten arreta. Euskal Herrian Itziar Elejalderen 1980ko Penelope lana da adibide esanguratsua: neoi arrosa batetik pintza batzuez zintzilikatzen da oihal zuri distiratsua, ikuzitako arropa legez. Bertan noiz arte, Penelope, abusatuko duzu zure pazientziaz esaldia irakurri daiteke, hari arrosaz brodatua.

Hogei urte beranduago, Okarizek Rhin ibaian lehen performanceak egiten zituen bitartean, Naia del Castillok Etxeko espazioa. Aulkia aurkezten zuen Gure Artea sarira. Bi atalez osatutako lana zen: objektu bat eta argazki bat. Objektua egurrezko aulki bat zen, gainean kuxin bat eta oihal berberarekin egindako gona bat kuxinari josita zuena; argazkia, bestalde, emakume batena zen, aulkian kateatzen zuen gona hura jantzita zuena. Emakumea etxeko espazioan iltzatuta erakusten zen, lan femeninoekin lotutako baliabide baten bitartez gainera, oihala eta josketa, alegia. Etxeko altzariak performatibitatea zehaztu eta mugatzen zuten tramankulu gisa irudikatzen ziren, etxekotasunaren balizko goxotasuna kartzelaren iluntasunez goibeltzen zutena.

Naia del Castilloren artelanean emakumeen rolari forma eman dioten espazioak eta objektuak, ohiturak, jarrerak eta mugimenduak argira ekartzen dira; Itziar Okarizen artelanean, horiekin apurtu eta beste espazioez zein jarrerez jabetzen diren egoerak sortzen dira. Identitatearen konplexutasuna ekinez eraikitzeko gonbitea luzatzen du Okarizek, eta ez edonon: subjektu publikoa eraikitzen den espazio publikoan.

Grin horretatik abiatuta, Pripublikarrak kolektiboak espazio publikoa hartzeko apustua egin zuen, eta identitatearen eraikuntzaren ideia igortzeko Koktelazioak ekimena proposatu zuen 2006an. Bilboko zenbait plazatan, pasatzen zirenei euren identitatearen mapa osatzeko aukera eskaintzen zieten, menu batetik ezaugarriak hautatuz. Izenez beharrean, akzioez osatzen zen menua: “kirolaria naiz” esaldiaren ordez, “kirola egiten dut” hauta zitekeen. Identitate estatikoari aurre egiteko, ekinaren bitartez egunero eraiki eta eraldatzen den identitatea erakutsi nahi zioten parte-hartzaileei; eta identitate guztien orijinaltasuna irudikatzeko, menuko akzio oro osagai batekin lotu zuten, eta identitate mapako osagaiekin koktel desberdin bana prestatu zitzaion pertsona bakoitzari.
Señora Polaroiska kolektiboaren lanean ere emakumeen gorputzek espazio publikorantz egindako ibilbidea ondo antzeman daiteke. Artisten hasierako bideo lanetan ohikoa zen lau pareten artean itxitako emakumeak topatzea, etxeko espazioarekin hartu-eman ez beti erosoan. Koktelazioek Bilboko plazak hartzen zituzten urte berean sortu zuten Lady Jibia piezan, ordea, etxeko espazioa eta natura kontrajartzen dira: lehenak emakumearen gorputza mugatu eta normatibizatzen du, arropa, lan eta keinuen bitartez; bigarrenean, aldiz, gorputza biluzik mugi daiteke, aske. Eta hortik aurrera, Señora Polaroiskaren lanetan agertzen diren emakumeak espazio publikoaz modu agerikoagoan jabetzen joango dira.

2012an egindako Pilota girls lana da horren erakusle bikaina. Euskal Herriko espazio publiko nagusi bat frontoia izan da, pilota jokatzeko lekua izateaz gain herriko plazaren funtzioa ere bete duelako. Beste asko bezala, erabat maskulinoa izan den gunea dugu, gizonezkoak jolasten zirelako soilik eta haiek ziren batez ere begiratzen eta apustuetan aritzen zirenak. Bideo honetarako, Señora Polaroiskak Patri Espinar emakumezko pilotaria Bilbon kalez kale jarraitu zuen, honek eraikinen paretak frontoi inprobisatu gisa erabiltzen zituen bitartean. Hiriko espazioa bere egiten zuen pilotariak, berriz ere bere generoarekin lotuta ez dauden mugimenduak eta jarrerak erakutsiz, eta espazioak zehazten dituen genero markekin hautsiz.

Emakumeen gorputzek eta ekintzek espazio publikoan eragiteko duten boterea, eta genero banaketaren gaineko gogoeta egiteko aurkezten dizkiguten aukerak, Euskal Herriko arte garaikidean sakon landutako gaiak izan dira. Kaleak aldarrikapen esparru gisa ulertu dituen euskal gizarte garaikidearentzat ez da jarrera arrotza, baina bai oraindik ere beharrezkoa.

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

Mikel Laboatik Deloreanera: txori aske baten hegaldia

Badirudi Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) ez zaigula inoiz joan. Bere abestirik enblematikoena, Txoria txori, Donostiako jatetxe bateko mahai-zapi batean jaio zen, 60. hamarkada amaieran. Bertan zegoen inprimatuta Joxean Artzek idatzitako poema, eta Laboak horietako mahai-zapi bat etxera eraman zuen. Zera zioen: “Hegoak ebaki banizkio / nirea izango zen / ez zuen alde egingo. / Baina horrela / ez zen gehiago txoria izango. / Eta nik / txoria nuen maite”. Laboak, Artzeren letratik abiatuta, poemari melodia jarri zion 1969an. Abestia bost urteren ostean argitaratu zen bere Bat-Hiru lehen LP-an.

Mikel Laboa ez da edozein euskal musikari: mitoa bilakatu da. Bere ibilbide guztian zehar tradizioaren eta abangoardiaren artean ibili zen, iraganaren eta etorkizunaren artean. Bertakotik abiatuta, unibertsaltasuna besarkatuz. Musika ulerterraz eta irisgarria egin zezakeen, baina esperimentaziorako saiakera batzuk egiteko tartea ere hartzen zuen sarritan (oihu eta onomatopeietan oinarritutako lekeitio ospetsuak, kasu), abesti berean Jon Cage eta Camarón de la Isla omentzera iritsiz. Laboa erraldoia izan zen. Desagertzeari uko egiten dioten horietakoa. Bizirik jarraitzen du ekitaldi publiko eta pribatuetan, familia-bazkarietan, herri eta hirietan; berdin-berdin abestu ditzakete bere abestiak Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren inaugurazio ekitaldian zein Baigorriko errugbi zelaian.

Bere ondarea ortzadar baten antzera zabaldu eta transmititu da. 2017an Mikel Laboa izeneko albuma argitaratu zuen pop elektronikoa jorratzen duen Delorean taldeak, bere abestien berrinterpretazioa eginez. Euskal indiearen aitzindariak euskal folkaren aita omentzen? Nola da hori posible? Beste lurralde batzuetan gertakizun paradoxikoa izan zitekeena, hemen gure musikariek Laboari etengabe eskaintzen dizkioten keinuekin azaldu daiteke.

‘Bere ibilbide guztian zehar tradizioaren eta abangoardiaren artean ibili zen, iraganaren eta etorkizunaren artean.’

1990an, Laboa 55 urte zela, hainbat talde gaztek haren 11 bertsioz osatutako diskoa plazaratu zuten; Txerokee: Mikel Laboaren kantak. Garaiko gizartean eta historian utzitako arrastoarengatik bi talde dira aipagarri bertatik: Negu Gorriak eta Su ta Gar. Lehenengoak, Fermin Muguruza buru zutenak, rock-hardcorearen errege izan ziren Pirinioen hegoaldean 90. hamarkadan. Sei urteko ibilbidea baino ez zuten izan, baina euren izaera engaiatu, borrokalari eta nekaezinak bizirik dirau. Su ta Gar, aldiz, Iron Maiden euskaldunak dira, heavy metalaren totemak eta euren jardunari gaur egun eusten diotenak. Proiektua martxan jarri izanaren ideia Xabier Montoia artistari dagokio. 80. hamarkadan punk ingelesaren eraginez gailendu zen eta euskal musika errotik irauli zuen Euskal Rock Erradikala deritzon mugimenduko hainbat taldek ere hartu zuten parte (BAP!!, Delirium Tremens, M-ak). Fermin Muguruzak, Euskal Herrian denetik egin duen artistak, ezin izan zuen azalpen hoberik eman Laboari buruz galdetu ziotenean: “Euskal musikaren ezinbesteko erreferentzia da”, laburbildu zuen.

Laboa ezin uler daiteke bere bidelagunak aipatu gabe. Ez dok Amairu mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen 1966-1972 urteen artean; talde horrek betirako aldatu zuen euskal kantagintza eta artisten belaunaldi berri bati ateak ireki zizkion (Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Artze anaiak…). Lete musikari eta poeta zen, eta bere ondarea ezabaezina da. Iriondorekin batera, euskal gazteriaren sentimenduen ahots izan ziren frankismoaren errepresioaren aurrean. Lertxundi beste mito bat da, gure artistarik urtetsu eta maitatuenetarikoa. Orioko bardoa bezala ere ezaguna, bere musikak protesta, maitasuna, epika eta euskal folklorea jorratu ditu. Haiek guztiek elkar elikatu egiten zuten, sinergiak ohikoak baitziren. Euren zuzenekoetan abesti propioak Jacques Brel edo Donovan bezalako artisten abestiekin tartekatzen zituzten, eta horrek gauza batez ohartarazi zuen jendea: euskara beste kulturetako musikarekin erlazionatzen ari zela, baita rock’n’roll estiloarekin ere. Euskal musika tradizionalaren eta rock´n´roll berriaren arteko sinbiosi horretatik sortu zen Errobi 1974an. Anje Duhaldek eta Mixel Ducautek gidatutako Baionako taldea izan zen, Niko Etxartekin batera, euskal rockaren aitzindari.

“Mikelen musika barrutik dator, berak landu eta inoiz utzi ez zuen ildo sakonetik, intuizioz beterik…”

Kantautore ala ez, iragandakoek eta oraingoek miresten dute Laboa. Eta Laboatik igarotzen diren bideak askotarikoak dira. Izarren hautsa abestia, adibidez, Letek konposatu zuen, eta Laboak ostera bertsioa egin. Mikel Urdangarin edota Anari bezalako sortzaile garaikideek euren zuzenekoetan sartu ohi dute abestia, eta Ken Zazpik, euskal pop-rock mainstreamaren ordezkariak, beste bertsio bat egin zion abestiari. Haika mutil, Laboak hedatutako klasikoa, Etxea (2008) diskoan sartu zuen Kepa Junkera soinujole ospetsuak. Ruper Ordorika da euskal folkaren eta haratagokoaren (rock lasaia, kantautore elektrikoa) azken 30 urteotako beste gako bat. Laboaren Xoriek 17 (2005) azken estudioko diskoko abesti batean hartu zuen parte, eta Bidehuts disketxeak antolatutako artistaren omenaldi berri batean bere alea jarri zuen.

Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (2010) albumean, Txerokee lanaren egitasmoa errepikatu zen, 20 urteren ostean: rock kutsuko talde berri eta ez hain berrik osatutako dream team batek Laboaren 19 abestiren bertsioak egin zituzten, sormen-askatasuna oinarri hartuta. Laboarena bezalako lan poliedriko eta bihurgunetsu batek bere mitoarekin bat datorren berrirakurketa bat topa dezake LP bikoitz honetan, non Willis Drummond, Lisabö, Audience, Athom Rumba, Inoren Ero Ni edota Berri Txarrak taldeen ekarpenak aurki daitezkeen. Deloreanek baino 7 urte lehenago, euskal eszena alternatibo eta independentearen alderdirik bikainenak begirunea erakutsi zion txori libre baten moduan hegan egin zuen gizon hilezkor bati. Eta badirudi Laboaren iturri amaigabearen uretatik edaten jarraituko duela euskal musikak, aldiro ertz berri eta ustekabeko batetik: hor daude WAS indie bandak lekeitioak diskotik hartutako sample elektronikoak; Sonakayren Txoria txori flamenkoa; altu eta aske hegan egiten duen rockero batek, Joseba Irazokik, egindako abestiaren deseraikitzea; Mursego bezalako artista total batek egindako inprobisazioa; Euskal folk esperimentalaren azken aurreko aurkikuntzaren heterodoxia Bas(h)oan proiektuan…

Ruper Ordorikak behin idatzi zuen: “Mikelen musika barrutik dator, berak landu eta inoiz utzi ez zuen ildo sakonetik, intuizioz beterik. Baina ildo hori ez zen soilik intuizioz sortua, baizik eta xehetasunez landua, bere ingurunearen eta denboraren eraginak ahaztu gabe”.

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

Euskal zinema berria: loreez eta erraldoiez

Egungo euskal zinema udaberriko lore eder batekin aldera daiteke: bere zurtoinak, tente eta sendo, eguzkitan dir-dir egiten duten koloretako petalo sorta batera darama, eta, bat-batean, bere inguruko paisaiaren edertasuna areagotu egiten da. Metafora ez da doakoa: Loreak (Jon Garaño eta José Mari Goenaga, 2014) filmak ikus-entzulegoa harrituta utzi zuen Donostiako Zinemaldian izan zuen estreinaldian.

Lore-sorta batzuen indar liluragarriak hiru protagonistengan – Ane (Nagore Aranburu), Tere (Itziar Aizpuru) eta Lourdes (Itziar Ituño) – dituzten zuzeneko eraginak kontatzen dituen euskarazko film honek erabateko arrakasta izan zuen kritikaren eta entzulegoaren partetik. Besteak beste, Oscar sarietarako izendatua izan zen drama borobil eta dotore honek ibilbide luzea izan du: 30 saritik gora irabazi ditu, historiako euskarazko filmik sarituena bilakatuz.

‘Loreak 30 saritik gora irabazi ditu, historiako euskarazko filmik sarituena bilakatuz.’

Garaño-Goenaga tandema euskal zinema berria gisa ezagutzen den fenomenoaren adibide garbia da. Euren aurreko lanak, 80 egunean (2010), nazioarteko 100 jaialditan hartu zuen parte, artean “A” kategoriako lautan. Haien hurrengo filma, Handia (2017), aurrekoak bezain ederra baina asmo handiagoko ekoizpenarekin egina, XIX mendeko pertsonaia ezagun baten bizitzan dago oinarritua: Miguel Joaquín Eleizegui Arteaga, Altzoko Handia bezala ezagunagoa. Handiak 13 izendapenetatik 10 sari eraman zituen Goya Sarietan.

Loreak filmak gure zinema berriaren lirismoa, gustu bisual bikaina eta kalitatea erein zituen. Handiak ereindakoa jaso eta David Lynchen El hombre elefante filma gogorarazten duen istorioa ekarri zigun. Bataren eta bestearen, loreen eta erraldoien artean, euskal zinemak bere nortasunaren gakoak erakutsi dizkigu, Iratxe Fresneda zinegile, ikerlari eta EHUko ikus-entzuneko komunikazio irakasleak bertako-unibertsal binomioaren bitartez laburbiltzen duena: “Oso gauza berritzaileak eta ederrak egiten ari dira, gehienak Euskal Herriko gai eta errealitateetatik abiatuta eta kontakizunaren unibertsaltasun maila altu batera iritsiz”. Telmo Esnalen Dantza (2018) adibide bikaina da. Euskal dantza oinarri hartuta, bizitzaren zikloa, biziraupenaren borroka eta denboraren joana ageri dira, ikus-entzunezkoaren erakustaldi bikain batez, lan honetan. 15 konpainiatako 250 dantzariren partehartzea izan duen film honek gai unibertsalak erakusten dizkigu, film musikalaren generotik haratago joanez. Bidaia poetikoa da. Esentziara doan bidaia; lurrera eta hortik eratorritako kondairetara.

Errementari (Paul Urkijo, 2018) eta Amama (Asier Altuna, 2015) filmek, bakoitzak bere gaiaren eta generoaren kodigoak erabilita, tradizioa dute ere oinarri. Mikrokosmos eta unibertsaltasun dosiak nahastuz, euskal zine berriaren panoraman berezko lekua lortu dute. Lehenaren kasuan, Urkijok 1902ko Patxi Errementaria ipuin herrikoia du abiapuntu, zeinak, era berean, giza arimak ehizatzen zituzten deabruen inguruko kondaira europarretan duen erroa. Amamak, aldiz, baserrien paperaren inguruan hausnartzen du, metafora gisa ulertua, baina baita denboraren poderioz desagertzen ari den bizimodu gisa ere. Altunak gizarte patriarkalaren, moralaren eta familiaren inguruko gaiak ikuspuntu sinboliko batetik lantzen ditu, eta bere mezua munduko edozein bazterretan uler dadin lortzen du.

Bada, hala ere, euskal zinema garaikidean giltzarri den elkargune bat: hizkuntza. Lehen aldiz, euskara erabat sartu da zinema aretoetan. Ez da fenomeno berria, baina 2000ko lehen hamarkadan noizbehinka aurki zitezkeen euskarazko film horien presentzia erabateko normaltasun batez onartzen da gaur egun. Jarduera bizia eta etengabea da eta, olagarro bat uretan legez, bere tentakuluak genero eta formatu ezberdinetara iristen dira.

Altuna-Esnalek osatutako bigarren tandem hau gabe, agian, ez ginateke puntu honetara iritsiko. 2005ean espero gabeko arrakasta lortu zuten aretoetara 70.000 ikus-entzule erakarri zituen Aupa Etxebeste! komediarekin. Mediterraneoko kostan beharrean, oporrak etxean giltzapetuta igarotzera behartuta geratu zen familia horren istorioak euskal entzulegoa konkistatu zuen. “Komedia gisa funtzionatuko zuela bagenekien; ekipo guztiarekin egin genuen aurreneko ikustaldian ohartu ginen horretaz. Baina ez genekien aretoetan astebete ala hilabete iraungo zuen”, dio Xabier Berzosak, filmaren ekoizleetako batek. “Are gutxiago euskal pelikula mitikoa bihurtuko zenik!”, gehitzen du bere kide Iñaki Gomezek. Orduan, erronkak filmak Euskal Herritik kanpo ere arrakasta izatean zetzan. 2000ko lehen hamarkadan beste euskal ekoizpen batzuk ere estreinatu ziren, hala nola Kutsidazu bidea, Ixabel (Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo, 2006) edota Ander (Roberto Castón, 2009). Loreaken efektuak bultzaturik, eta euskal zinemagintzako ekoizpenetan euskara guztiz normalizatua dagoen honetan, Asier Altunak eta Telmo Esnalek Agur Etxebeste! estreinatu dute 2019an, 14 urteren ostean.

Animazioarena eremu emankorra izan da aspalditik (Gartxot, Kalabaza tripontzia, Ipar Haizearen erronka…); baina Fermin Muguruza artista polifazetikoaren Black is Beltzarekin (2018) genero hau entzulego helduago batera iritsi da, soul musika eta 60. hamarkadan Estatu Batuetan eta munduan zehar izandako iraultzak nahasten dituen istorio frenetiko honi esker. Iratxe Fresnedak, zinegile lanetan ere zeresana eman duenak – Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Lurralde Hotzak (2018) dokumentalak zuzendu ditu -, egun euskaraz egiten den zinemagintzaren izaera plurala azpimarratzen du, horrek normaltasunetik ateratzen diren proposamen esperimentalak egiteko aukera ematen baitu. Besteak beste, eremu honetan gailentzen da Koldo Almandoz zinegile donostiarra. Film laburretan trebatua, berezko merituarekin lortu zuen Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean sartzea 2018ean, Oreina izeneko filmari esker. Almandozek, egungo beste hainbat zinegilek bezala (Esnal, Goenaga, Arregi, Garaño), Kimuak film laburren programan parte hartuz egin du izena euskal zinegintzan. Euskal Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatutako egitasmo honetako azken izen esanguratsuetako bat da, bestalde, Maider Fernandez. Gure hormek film laburra, Fernandezek eta Maria Elorzak zuzendua, 2019ko Goya Sarietan Film labur dokumental onenaren sarirako izendatua izan zen.

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

Euskal gastronomiaren kultura ulertzeko 10 gako

1. Janaria, ezer baino lehen

Janariarekin ez da jolasten; are gutxiago, bere bizitza sozialaren zati handi bat gastronomiaren inguruan igarotzen duen lurralde batean. Ohiko hizketagaia izaten da eta, noski, sarritan egiten den plana. Euskaldunentzat, janaria pasio itsua da. Fede paganoa. Ospakizuna. Lehentasunezko gaia. Ezer baino lehen, zer eta non jan behar den erabaki behar da. Ondoren, mahaiaren inguruan, egongo da beste guztiarentzako tartea.

2. Ondasun partekatua

Gasteiz Europa mailan gune berde gehien dituzten hirien artean kokatzen da; Bilbok harrotasunez erakusten ditu Guggenheim museoa eta hiriaren eraldaketa bikaina; Donostia, aldiz, jaialdien hiria eta helmuga turistikoa izan da XIX mendeko erregeetatik hasita gaur egun munduko bazter guztietatik etortzen diren surflarietaraino. Baina horiek guztiek amankomunean dutena, euskal hiriburuak anai-arreba gisa batzen dituena, janaria da.

3. Mandamentuak

Euskal sukaldaritzaren filosofia eztabaidatu ezineko hainbat mandamentutan oinarritzen da: gertuko edo 0 kilometroko produktua; urtarokotasunarekiko errespetua; autore-ikutua; eta tradizio eta abangoardiaren arteko nahasketa naturala. Ondarearekiko errespetua, fantasia edota berrikuntza bezain garrantzitsua da; bata ez dago bestearekin lehian. Oinarriak ahaztu gabe berrikuntzari bidea ireki dioten bi adibide esanguratsu: Juan Mari Arzaken krabarroka pastel ospetsua eta Akelarre jatetxeko Pedro Subijanaren lupia piperbeltz berdetan.

4. Interesa pizten duten elkarte gastronomikoak

Sukalde eta jangelaz hornitutako lokal hauetan, koadrilak edo lagun-taldeak sarritan elkartu ohi dira bazkaldu edota afaltzeko. Ez dira publikoari irekitako jatetxeak. Ez dago sukaldaritza zerbitzurik, ezta mahai-zerbitzurik ere. Normalean, eginkizunak elkarteko kideen artean banatzen dira: batzuk erosketa egiteaz arduratzen dira, beste batzuk janaria prestatzeaz eta, behin jaten amaituta, denen artean egiten da gastuen banaketa. Bisitari eta turistentzat oharkabean pasa daitezke, baina ehundaka elkarte gastronomiko edo txoko daude Euskadin.

5. Txotx!

Sagardo-denboraldia urtarrilaren 20aren aurreko ostiralean hasi ohi da, eta apirilaren amaierara edo maiatzaren hasierara bitarte iraun ohi du. Sagardotegi batzuetan eserita jan ohi da, beste batzuetan zutik. Den-denek, alabaina, zorrozki jarraitu beharreko erritual-sorta bat dute: bakailao-tortila, bakailao frijitua, txuleta eta gazta eta irasagarraz osatutako menu finkoa; nahi adina alditan dastatu daitekeen eta “Txotx!” oihua jarraituz kupeletik edan ohi den sagardo eskaintza mugagabea; eta, ororen gainetik, giro patxadatsu, alai eta bizia.

‘Euskaldunentzat, janaria pasio itsua da. Fede paganoa. Ospakizuna. Lehentasunezko gaia.’

6. Michelin izarrez eta beste konstelazioez

Datu garrantzitsu bat: Donostia da metro karratuko Michelin izar gehien dituen munduko bigarren hiria, soilik Kiotoren atzetik. Erraz identifika daiteke herrialde osoan zehar sarituak diren jatetxeen mapa zehatza. Konstelazioak ugariak dira gurea bezalako herrialde gastronomiko batean. 2019an, Euskadiko 23 jatetxek lortu zuten sari preziatua, horietatik lau jada hiru Michelin izar edukitzera iritsiz.

7. Euskal sukaldariak: bertako heroi, nazioarteko enbaxadore

1976. urte amaieran, Euskal Sukaldaritza Berria izeneko mugimendua sortu zuten dozena bat sukaldarik. Paul Bocuse, Frantzian Nouvelle Cuisine delakoa sortu zuen sukaldaria zuten mesias, eta euren oinarriak hiru ziren: elkarlana, berrikuntza eta giza faktorea. Horrek iraultza eragin zuen euskal gastronomian, mundua zur eta lur utzi zuen. 40 urteren ostean, Arzak, Subijana eta gainontzekoen ekarpenak indarrean dirau. Azken urteotan, hainbat sukaldari berri iritsi dira beterano nekaezin horiek ordezkatzera: Aizpea Oihaneder, Elena Arzak, Pilar Idoate, Eneko Atxa, Gorka Txapartegui, Ruben Trincado…

8. Pintxomania

Pintxoak tabernetako barran aurki daitezkeen janari pieza txikiak direla esatean, ziurrenik jada ez dizugu ezer berririk erakutsiko. Normalean, bizpahiru hozkadatan jan ohi dira; elikagaiz estalitako ogi-xerratik hasita goi-sukaldaritzako miniaturaraino. 2018ko edizioan, Lonely Planet-eko Ultimate List zerrendak “munduko esperientzia gastronomiko hoberen” gisa katalogatu zuen. Zirrara sortzen du bisitarien artean eta guztiz errotua dago euskaldunen aisialdiaren kulturan. Aurreko guztia gutxi balitz, pintxoak normalean zutik jaten dira. Gora informalitatea!

9. Euskaldunaren hitza

Bezero eta ostalariaren artean sortzen den elkarrekiko konfiantza sakratua da. Taberna batean ez da kontsumizioa eskatu eta berehala ordaintzen. Euskadin kezkarik gabe jan eta edaten da. Egonaldia amaitzean, zerbitzariak “Zenbat izan da?” galdetuko du, eta bezeroak zintzotasunez erantzungo du. “Euskaldunaren hitza ez da ur gaineko bitsa” esamolde ezaguna da euskal gizartean, eta bostekoaren edo sinadura baten balioa du. Frank Gehry arkitektuak behin esan bezala: “Euskaldun batek zerbait esan badu, ez dago idatziz utzi beharrik”.

10. Basque Culinary Center: zaporearen Meka

Euskadik gastronomia fakultate bat edukitzea ez da gauza exotikoa gaur egun. Basque Culinary Center eskolako lehen promozioak 2015ean amaitu zituen bere ikasketak. Bertan, abangoardiako sukaldaritzan eta gastronomiaren industriarekin loturiko beste hainbat arlotan trebatzen dira mundu osotik etorritako ikasleak. Mondragon Unibertsitateari atxikitako eskola da sukaldaritzaren Harvard hau; bertan, nazioarteko chef onenek euren jakinduria eskaintzen dute eskola magistralen bitartez, eta gastronomiaren lehenengo zentro teknologikoa dute, BCC Innovation izenekoa.

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

XXI. mendeko euskal literaturan murgiltzeko 10 liburu

Jarraian datorren zerrendak euskal literaturaren ahots ezberdinak nahasten ditu, izen entzutetsuak eta hasiberriagoak bilduz, eta horiek guztiek euskal letren dream team moduko bat osatzen dute. Hauetariko obra batzuk hainbat hizkuntzara itzuli dira, hamaika sari jaso dituzte eta, kasu batzuetan, euren historiak zinemara eraman dira. Hona hemen euskal literatura ulertu eta gozatzeko mende honetan idatzi diren ezinbesteko 10 liburu.

1. Prako tranbia (Unai Elorriaga, 2001)

Unai Elorriagak 2002an SPrako tranbia lanarengatik Espainiako Narratiba Saria irabazi zuenean, 29 urte besterik ez zituen. Bere lehen eleberriak euskal idazleen belaunaldi berri bati ateak ireki zizkion, eta literaturaren panorama irauli egin zuen. Zertan datza bere obra honek? Zergatik da horren berezia? Zein zen idazle gazte hura? Lucas, Marcos eta Mariaren istorioak gaztaroaren eta zahartzaroaren arteko harremana kontatzen du, estilo original batez lagunduta. Aitzol Aramaiok eleberria zinera eraman zuen Un poco de chocolate filmarekin. “Unai Elorriagarena lantzean behin soilik agertzen den liburu horietakoa da”, idatzi zuen Felipe Juaristik El Diario Vascon. Liburua Elorriagak berak itzuli zuen gaztelerara, Un tranvía en SP izenarekin; horrez gain, beste 7 hizkuntzetara ere: bulgariera, estoniera, katalana, galiziera, alemaniera, serbiera eta italiera.

2 Lagun izoztua (Joseba Sarrionaindia, 2001)

Joseba Sarrionandia euskal literaturako idazlerik bikainenetakoa da; baita enigmatikoenetakoa ere: Martuteneko espetxetik ihes egin zuen 1985an, Imanol musikariaren bozgorailuetan sartuta, eta ezkutaturik egin ditu ia 30 urte; azken urteotan Kuban bizi dela jakin den arte. Lagun Izoztua eleberriak arrakasta izan zuen salmentetan, eta euskarazko prosa idatzizko Kritikaren Saria erdietsi zuen. Exilioa gai nagusi hartuta, ‘Sarri’ autobiografia bat idaztetik gertuen izan den aldia da hau: “Nahiz eta fikzioa izan, oso engaiatua sentitu naiz eleberriko pertsonaia eta egoerekin”, azaldu zuen Argia aldizkarian. Eleberri hau gaztelerara itzulia izan zen, El hombre congelado izenburuarekin, eta baita italiera eta alemanierara ere.

3 Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga, 2003)

Nazioarteko izen handi baten aurrean gaude. Obabakoak (1988) lanaren arrakastaren ostetik, Bernardo Atxagak argitaratu duen obra oro izan da entzutetsua. Eta, oro har, arrakasta horren efektua ainbat norabidetan biderkatu da. Soinujolearen Semea obraren kasua paradigmatikoa da: 2012an antzerki-obra baterako moldaketa aipagarria izan zuen eta, 2019an, zinera eraman zuen Fernando Bernuesek. Horrez gain, hamasei hizkuntzatara itzuli da dagoeneko obra hau: bulgariera, gaztelera, katalana, daniera, alemaniera, frantsesa, galiziera, italiera, nederlandera, poloniera, errusiera, esloveniera, suediera, ingelesa, greziera eta turkiera. Atxagak eleberri honetan bere kontakizunik pertsonalen eta adierazgarrienetarikoa garatzen du: Joseba eta David izeneko bi protagonisten arteko adiskidetasuna, Gerra Zibiletik hasita XX mende amaierara bitarte.

4. Bilbao-New York-Bilbao (Kirmen Uribe, 2009)

Beste debut aipagarri bat. Kirmen Uribek arrakasta itzela izan zuen bere lehen eleberriarekin, eta garaiko sari gehienak eraman zituen, Espainiako Narratiba Saria eta Kritikaren euskarazko Saria, besteak beste. Auto-fikzioaren uretan igerian, kontakizuna Bilbotik New Yorkeko JFK aireporturako hegaldi batean gauzatzen da, eta familia bereko hiru belaunaldiren historia kontatzen du. Ondarroako idazleak sarritan hartu ohi du parte nazioarteko literatura topaketetan. “Uribe Euskal Herrian erroturik dago, baina bere narratiba guztiz unibertsala da”, dio The Harvard Book Review argitalpenak. Bilbao-New York-Bilbao 13 hizkuntzatara itzuli da dagoeneko: gaztelera, katalana, galiziera, portugesa, errusiera, georgiera, frantsesa, bulgariera, japoniera, serbiera, albaniera, ingelesa eta esloveniera.

5. Twist (Harkaitz Cano, 2012)

Harkaitz Cano euskal literaturako multitasking izen horietakoa da: literatura itzultzailea da, pop arima du (telebistako gidoilari izan zen eta komikiaren munduari erabat lotua dago) eta, berak aitortu bezala, “musikari frustratua” da. Twist lanarekin, bere laugarren eleberria, bigarren Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, beste hainbat aintzatespenekin batera, eta dozena erdi hizkuntzatara izan da itzulia: gaztelera, ingelesa, italiera, bulgariera eta serbiera. Fikziozko istorio bat kontatu arren, liburua euskal gizartearen belaunaldi oso bat markatu zuen gertaera batekin hasten da: Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala ETAkideek GAL talde parapolizialaren eskuetan jasan zuten bahiketa, tortura eta heriotza.

6. Martutente (Ramón Saizarbitoria, 2013)

Tolstoiren handitasunarekin edota Flauberten zehaztasun estilistikoarekin alderatua izan da, baina Martutenek Max Frischen Montauk eleberria du oinarrian. Obra hau ez da argitalpen soil bat euskal literaturan berritzaileenetarikoa izan den Saizarbitoriaren ibilbide oparoan. Martutene eleberriaren mardultasunak (720 orrialde), Euskal Herriari buruzko obra definitibo eta totala izateko grinak eta jasotako laudorio eta sariek, mugarri berri bat ezarri zuten bere ibilbidean. “Ongi mihiztatutako literatura-eraikin harmoniatsuak altxatzen dituen arkitekto zorrotz baten aurrean gaude”, laburbildu zuen esaldi batean Gorka Aulestia hizkuntzalariak. Gaztelerara eta ingelesera itzulia izan da.

7. Bidean ikasia (Arantxa Urretabizkaia, 2016)

Hondarribiako alardea 1639az geroztik ospatzen den desfile militarra da, Frantziako Luis XIII erregearen tropek herria liberatu izana ospatzeko. 1993an, emakume-talde batek alardean parte hartzeko eskaria egin zuen, eta aldarrikapen horrek, urtez urte, hainbat harri topatu ditu bere bidean. Arantxa Urretabizkaiak, euskal literaturaren ahots ezagunenetarikoak, emakume horien borrokak ekarritako gertakari gogor eta mikatzak kontatu nahi izan zituen, hainbat zauri ireki eta hainbat kontzientzia astindu zituen gatazka hura lehen lerrora ekarriz. Obra honek Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2017an. “Liburu hau, errealitateari bere osotasunean eta heldutasun batetik begiratzea lortu duen idazle baten lorpena da”, aipatu zuen epaimahaiak. Gaztelerara Lecciones del camino izenarekin itzuli zen.

8. Jenisjoplin (2017, Uxue Alberdi)

Idazle eta bertsolaria (musika eta poesia nahasten dituen praktika inprobisatua), Uxue Alberdi bertakotasunaren eta unibertsaltasunaren artean mugitzen diren eta izaera bereziki feminista duten idazle belaunaldi berrian kokatzen da. Jenisjoplin-ek Nagore Vargasen istorio kontatzen du, irrati libre batean lan egin eta hainbat arazotan sartzen den gazte bilbotarra. Euskal gatazkatik abiatzen den drama pertsonala da, baina baita maitasun eta familia istorio eder bat ere. Alberdiren bigarren eleberri honek euskal irakurleen 111 Akademia saria irabazi zuen.

9. Bihotz handiegia (2017, Eider Rodríguez)

Eider Rodriguezekin gauza harrigarria gertatu da: lehen aldiz, pertsona batek bi Euskadi Literatura Sari eraman ditu urte berean, bata Santa Familia komikiarengatik eta, bestea, Bihotz Handiegia ipuin-liburuarengatik. Hego Euskal Herrikoa izanik (Errenterian jaioa da), Rodriguez Ipar euskal Herrian bizi da, Hendaian hain zuzen; eta ez da kasualitatea liburu honetako ipuinak bi lurralde edota bi errealitate banantzen dituzten mugez josiak egotea; batasunerantz jotzen duten mugak, beti ere. Madrilen eta Parisen igaro zituen urteek bere idazle nortasuna ehundu zuten. Bertan arrotz sentitzen zen; eta sentimendu bera airatzen dute bere ipuinetako pertsonaiek. Bihotz handiegia gaztelerara, ingelesera eta katalanera izan da itzulia.

10. Azala erre (2018, Danele Sarriugarte)

Aukeraketa honetako gazteena eta, hala ere, literatura arloan zer esana ematen ari dena. Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) bere lehen eleberriarekin eman zen ezagutzera: Erraiak (2014) lanak Gipuzkoako liburu-saltzaileen gremioaren saria irabazi zuen. Bigarren lan honetan, adiskidetasuna, enbidia, arrakasta eta azalekotasuna bezalako kontzeptuak lantzen ditu, artearen mundua atze-oihal. Azala Erre lanak istorioko bi protagonistek sare sozialekiko duten menpekotasuna aztertzen du, baita horien inguruan sortzen diren zurrumurruak ere. “Idazle batek ez lioke jaramonik egin behar Twitterren sarritan sortzen den zaratari”, hausnartzen du Sarriugartek.

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu

Saison Québec-Pays Basque 2021-2022

Euskal Herria eta Quebec aspaldidanik elkar ezagutzen duten lurraldeak dira. Duela bost mende euskal baleazaleak Quebec-eko kostaldera iritsi zirenean hasi zen gaur arte mantentzen den harremana.

Euskadik eta Quebec-ek aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, larrialdi klimatikoari aurre egiteko konpromisoa eta etorkizuneko erronken aurrean ikuspegi komun bat partekatzen dituzte.

Saison Québec-Pays Basque 2021-2022 egitasmoak gure sortzaileen bikaintasuna azpimarratu, Quebec eta Euskadiko kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emana sustatu eta bi nazioen arteko lankidetza estutzeko balioko du.

Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratuta, egitasmoak joan-etorriko ibilbidea izango du: euskal kultur denboraldi bat egingo da Quebec-en eta quebectar sortzaileek euren lana erakutsiko dute Euskadin.

Lotutako artikuluak

Scotland Goes Basque 2019

Euskadik eta Eskoziak kultur nortasun indartsu eta aberatsa, erroekiko harrotasuna, eta nortasun hori landu eta munduan ezagutzera emateko grina partekatzen ...

Scotland Goes Basque 2019

Euskadik eta Eskoziak kultur nortasun indartsu eta aberatsa, erroekiko harrotasuna, eta nortasun hori landu eta munduan ezagutzera emateko grina partekatzen dute.

Eskoziako kultur bizitza dinamikoa maila goreneko sorkuntza guneetan eta urtean zehar antolatzen dituzten nazioarteko musika, zine, dantza edo literatura jaialdietan islatzen da, besteak beste.

#ScotlandGoesBasque programa euskal sorkuntza garaikidea Eskozian erakutsi, eta kideak diren bi kulturen arteko loturak estutu eta elkartrukea sustatzeko asmoz burutu da 2019. urtean zehar.

Literaturatik hasi eta arte eszenikoetaraino, musika eta zinea alboratu gabe, #ScotlandGoesBasque Eskoziako euskal kultur zikloak euskal sortzaileen bikaintasuna erakutsi du puntako hainbat jaialdi eta hitzordutan (Celtic Connections, Edinburgh International Book Festival, Edinburgh Festival Fringe, etab.). Eta aldi berean, eremu akademiko zein kulturalean, artista, profesional eta erakundeen artean ideiak trukatzeko eta elkarlana estutzeko topagunea izan da.

Orotara, 86 euskal sortzaile (musikari, antzezle, dantzari, idazle, zine zuzendari eta abar) izan dira Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 106 jardueratan. Publikoari irekitako saioez gain, zinearen eta musikaren inguruko topaketa profesional bana, eta nazioarteko kongresu bat ere burutu dira. Guztira, 137 euskal kultur eragilek bidaia egin dute Eskoziara urtean zehar burutu diren jarduera ezberdinetan parte hartzeko

Lotutako artikuluak