Mikel Laboatik Deloreanera: txori aske baten hegaldia

Badirudi Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) ez zaigula inoiz joan. Bere abestirik enblematikoena, Txoria txori, Donostiako jatetxe bateko mahai-zapi batean jaio zen, 60. hamarkada amaieran. Bertan zegoen inprimatuta Joxean Artzek idatzitako poema, eta Laboak horietako mahai-zapi bat etxera eraman zuen. Zera zioen: “Hegoak ebaki banizkio / nirea izango zen / ez zuen alde egingo. / Baina horrela / ez zen gehiago txoria izango. / Eta nik / txoria nuen maite”. Laboak, Artzeren letratik abiatuta, poemari melodia jarri zion 1969an. Abestia bost urteren ostean argitaratu zen bere Bat-Hiru lehen LP-an.

Mikel Laboa ez da edozein euskal musikari: mitoa bilakatu da. Bere ibilbide guztian zehar tradizioaren eta abangoardiaren artean ibili zen, iraganaren eta etorkizunaren artean. Bertakotik abiatuta, unibertsaltasuna besarkatuz. Musika ulerterraz eta irisgarria egin zezakeen, baina esperimentaziorako saiakera batzuk egiteko tartea ere hartzen zuen sarritan (oihu eta onomatopeietan oinarritutako lekeitio ospetsuak, kasu), abesti berean Jon Cage eta Camarón de la Isla omentzera iritsiz. Laboa erraldoia izan zen. Desagertzeari uko egiten dioten horietakoa. Bizirik jarraitzen du ekitaldi publiko eta pribatuetan, familia-bazkarietan, herri eta hirietan; berdin-berdin abestu ditzakete bere abestiak Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren inaugurazio ekitaldian zein Baigorriko errugbi zelaian.

Bere ondarea ortzadar baten antzera zabaldu eta transmititu da. 2017an Mikel Laboa izeneko albuma argitaratu zuen pop elektronikoa jorratzen duen Delorean taldeak, bere abestien berrinterpretazioa eginez. Euskal indiearen aitzindariak euskal folkaren aita omentzen? Nola da hori posible? Beste lurralde batzuetan gertakizun paradoxikoa izan zitekeena, hemen gure musikariek Laboari etengabe eskaintzen dizkioten keinuekin azaldu daiteke.

‘Bere ibilbide guztian zehar tradizioaren eta abangoardiaren artean ibili zen, iraganaren eta etorkizunaren artean.’

1990an, Laboa 55 urte zela, hainbat talde gaztek haren 11 bertsioz osatutako diskoa plazaratu zuten; Txerokee: Mikel Laboaren kantak. Garaiko gizartean eta historian utzitako arrastoarengatik bi talde dira aipagarri bertatik: Negu Gorriak eta Su ta Gar. Lehenengoak, Fermin Muguruza buru zutenak, rock-hardcorearen errege izan ziren Pirinioen hegoaldean 90. hamarkadan. Sei urteko ibilbidea baino ez zuten izan, baina euren izaera engaiatu, borrokalari eta nekaezinak bizirik dirau. Su ta Gar, aldiz, Iron Maiden euskaldunak dira, heavy metalaren totemak eta euren jardunari gaur egun eusten diotenak. Proiektua martxan jarri izanaren ideia Xabier Montoia artistari dagokio. 80. hamarkadan punk ingelesaren eraginez gailendu zen eta euskal musika errotik irauli zuen Euskal Rock Erradikala deritzon mugimenduko hainbat taldek ere hartu zuten parte (BAP!!, Delirium Tremens, M-ak). Fermin Muguruzak, Euskal Herrian denetik egin duen artistak, ezin izan zuen azalpen hoberik eman Laboari buruz galdetu ziotenean: “Euskal musikaren ezinbesteko erreferentzia da”, laburbildu zuen.

Laboa ezin uler daiteke bere bidelagunak aipatu gabe. Ez dok Amairu mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen 1966-1972 urteen artean; talde horrek betirako aldatu zuen euskal kantagintza eta artisten belaunaldi berri bati ateak ireki zizkion (Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Artze anaiak…). Lete musikari eta poeta zen, eta bere ondarea ezabaezina da. Iriondorekin batera, euskal gazteriaren sentimenduen ahots izan ziren frankismoaren errepresioaren aurrean. Lertxundi beste mito bat da, gure artistarik urtetsu eta maitatuenetarikoa. Orioko bardoa bezala ere ezaguna, bere musikak protesta, maitasuna, epika eta euskal folklorea jorratu ditu. Haiek guztiek elkar elikatu egiten zuten, sinergiak ohikoak baitziren. Euren zuzenekoetan abesti propioak Jacques Brel edo Donovan bezalako artisten abestiekin tartekatzen zituzten, eta horrek gauza batez ohartarazi zuen jendea: euskara beste kulturetako musikarekin erlazionatzen ari zela, baita rock’n’roll estiloarekin ere. Euskal musika tradizionalaren eta rock´n´roll berriaren arteko sinbiosi horretatik sortu zen Errobi 1974an. Anje Duhaldek eta Mixel Ducautek gidatutako Baionako taldea izan zen, Niko Etxartekin batera, euskal rockaren aitzindari.

“Mikelen musika barrutik dator, berak landu eta inoiz utzi ez zuen ildo sakonetik, intuizioz beterik…”

Kantautore ala ez, iragandakoek eta oraingoek miresten dute Laboa. Eta Laboatik igarotzen diren bideak askotarikoak dira. Izarren hautsa abestia, adibidez, Letek konposatu zuen, eta Laboak ostera bertsioa egin. Mikel Urdangarin edota Anari bezalako sortzaile garaikideek euren zuzenekoetan sartu ohi dute abestia, eta Ken Zazpik, euskal pop-rock mainstreamaren ordezkariak, beste bertsio bat egin zion abestiari. Haika mutil, Laboak hedatutako klasikoa, Etxea (2008) diskoan sartu zuen Kepa Junkera soinujole ospetsuak. Ruper Ordorika da euskal folkaren eta haratagokoaren (rock lasaia, kantautore elektrikoa) azken 30 urteotako beste gako bat. Laboaren Xoriek 17 (2005) azken estudioko diskoko abesti batean hartu zuen parte, eta Bidehuts disketxeak antolatutako artistaren omenaldi berri batean bere alea jarri zuen.

Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (2010) albumean, Txerokee lanaren egitasmoa errepikatu zen, 20 urteren ostean: rock kutsuko talde berri eta ez hain berrik osatutako dream team batek Laboaren 19 abestiren bertsioak egin zituzten, sormen-askatasuna oinarri hartuta. Laboarena bezalako lan poliedriko eta bihurgunetsu batek bere mitoarekin bat datorren berrirakurketa bat topa dezake LP bikoitz honetan, non Willis Drummond, Lisabö, Audience, Athom Rumba, Inoren Ero Ni edota Berri Txarrak taldeen ekarpenak aurki daitezkeen. Deloreanek baino 7 urte lehenago, euskal eszena alternatibo eta independentearen alderdirik bikainenak begirunea erakutsi zion txori libre baten moduan hegan egin zuen gizon hilezkor bati. Eta badirudi Laboaren iturri amaigabearen uretatik edaten jarraituko duela euskal musikak, aldiro ertz berri eta ustekabeko batetik: hor daude WAS indie bandak lekeitioak diskotik hartutako sample elektronikoak; Sonakayren Txoria txori flamenkoa; altu eta aske hegan egiten duen rockero batek, Joseba Irazokik, egindako abestiaren deseraikitzea; Mursego bezalako artista total batek egindako inprobisazioa; Euskal folk esperimentalaren azken aurreko aurkikuntzaren heterodoxia Bas(h)oan proiektuan…

Ruper Ordorikak behin idatzi zuen: “Mikelen musika barrutik dator, berak landu eta inoiz utzi ez zuen ildo sakonetik, intuizioz beterik. Baina ildo hori ez zen soilik intuizioz sortua, baizik eta xehetasunez landua, bere ingurunearen eta denboraren eraginak ahaztu gabe”.

Lotutako artikuluak

Ez dira lotutako albisterik aurkitu