Estanpa irudi-genero anakronikoa da, baita hari lotzen zaion kostunbrismoa izeneko literatur estiloa ere. XIX. mendearen erdialdean eta XX. mendearen hasieran, estanpa kostunbristek ia gizarte osoaren eguneroko erretratua egin zuten. Modernitatearen auzia alde batera utzita, nahiz eta nolabait eztabaida horretan sartu ere ez ziren egin, aipatutako erretratuen baitan ziren, gurutzaturik, positibismoaren deskripziorako zehaztasuna edo eszena pintoresko atseginetarako gustu burgesa.
Euskal artea
Euskal Herrian agerikoa da estanpak bat egin zuela orotariko teknikekin. Hala agertzen dute, esaterako, Eulalia Abaituaren (1853-1943) xaflek (Abaitua argazkilari afizionatua zen, gizon-emakumeak eguneroko egitekoetan erretratatzen zituena), Víctor Patricio de Landaluzeren (1827-1889) akuarelek (´Los tipos y costumbres de la isla de Cuba´-koekin, euskal pintore horrek Kubako gizartearen herri-arketipoen galeria finkatu zuen), edo Pío Barojaren (1872-1956) ´Fantasías vascas´ nekazaritza-giroko ipuinen bildumak.
´Fantasiak´ izenburuaren bidez, 98ko hamarkadako eleberrigileak izen bereko musika molde erromantikoaren adierazpen-askatasuna dakar gogora. Forma gutxituak izaki, estanpa eta fantasia modernitatearen ordezkari ziren, nolabait XIX. mendeko forma burges handiak -eleberria, opera, sinfonia- izan ez zitezkeen gisan. Nagusi zen ordena berronesteaz gainera, potentzial kritikoz beterik dago estanpa, eta jasotzen dituen eguneroko kontuak baino gehiago, arrazoi teknikoak dira ezegonkortzerako duen potentziala ematen diotenak. Hala, estanparen zentzu literala zera da: irudiak, pinturak eta argazkiak erreproduzitzen dituen euskarria. Hainbat kopiatan erreproduzitzeko gaitasuna izateaz gainera, estanpa ez da bakarturik agertu ohi, ez bada osotasun gisa, era askotara ordena daitekeen osotasun gisa, alegia.
Historiaz pentsatzea norbanakoaren memoriaren eta intersubjektibotasun historikoaren gurutzaketa egitea da, eta norberarena eta besterena gisa hautemandako horretatik urruntzeko, hurbiltzeko eta hura faltan izateko etengabeko ariketak eskatzen ditu, kanpoalderik gabeko denboran. Kultura “adierazi beharraren fruitu” gisa ulertuz gero, artearen lengoaiaren ataza artearen itzulgarritasunera heltzea da, bai eta nolabaiteko izaera unibertsalera ere.