Euskal tradizioek orainalditik irakurtzen dute iragana. Egungo Euskal Herriak ez dauka zerikusi handirik XIX. mendean Wilheim Von Humboldt intelektual prusiarra liluratu zuen jatorri misteriotsuko herrialdearekin. Tradizioak iraganetik jasotako ondare ukiezin moduan egikaritu badira ere, euskal gizartearen balio eta eskakizunetara egokituz joan dira ezinbestean eta horren isla da zenbait festa eta ospakizunetan emakumearen presentzia areagotzen ari dela.
Euskal gizartea eta tradizioak
Baserria da, ezbairik gabe, euskal iruditerian arrasto sakonena utzi duen egitura eta gizarte-antolaketa. Familia-unitatean oinarritutako nekazaritza-ustiategia da baserria, euskal mundu tradizionalaren funtsezko instituzioa. Baserri-jarduerak iraganean euskal ekonomian izandako pisurik ez duen arren, baserriak euskal tradizioaren sinbolo izaten jarraitzen du.
Baserriei lotzen zaie oraindik ere indarrean dagoen beste euskal tradizio bat: auzolana. Gizarte tradizionala delakoan landa-eremuan baserriak auzoetan antolatuta zeuden eta auzoen arteko harremanak elkarren arteko laguntzan oinarritzen ziren. Euskal Herrian gaur egun dagoen elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeen kopuru altuak, iraganeko elkar laguntza sarearen irakurketa berritua izan litezke.
Iraganean bezala, gaur egun euskal plazetan eta frontoietan azokak eta ekitaldi politiko eta sozial nagusiak egiten dira. Eliz atari batean egin zen, Durangon, 1965ean, lehenengo euskal liburu eta disko azoka eta orduz geroztik euskaltzaleen topagune nagusienetakoa bihurtu da. Euskal azoka eta feria batek baino gehiagok Erdi Aroaz geroztik iraun dute eta gaur egungo balioekin bat egiten duten adibide interesgarria bilakatu dira; izan ere, gurean aspaldi egin dira ekonomia jasangarria eta ekoizpen gune eta eroslearen arteko hurbiltasuna (Km 0 eta Slow Food mugimenduek bereganatu dutena) sustatzen dituzten azoka eta feriak.
Euskal tradizioen erakusleiho bat herri-kirolak dira
Euskal tradizioen beste erakusleiho bat herri-kirolak dira. Gehienen jatorrian euskal gizarte tradizionalaren lan-mundua dago, esate baterako, estropaden jatorrian bale-arrantza dago. Lan-munduan errorik izan gabe, euskal pilota landa-eremuaren mugak hautsi eta goi mailako kirola bilakatu da eta gurean antolatzen diren mendi-lasterketak ere, nazioarteko punta-puntakoen artean daude.
Lagunartea da euskal sozializazio gune nagusia eta egitura berezkoak sortu dira: kuadrillak. Adiskidetasuna oinarri, itxuraz informala den egiturak funtzionamendu eta arau inplizituak ditu. Finean, euskal kuadrilla babes-egitura bat da, eskubideak eta betebeharrak barne biltzen dituena. Euskaldunek berezkoa duten beste gizarte-egitura bat elkarte gastronomikoak dira. 1870ean Donostian lehenengoa sortu zutenetik sozializazio gune nabarmena bilakatu dira eta herri zein auzo txikienean otorduak lagunartean gozatzeko espazioak dira gaur egun.
Euskal gastronomia ezaguna da nazioartean eta hari lotuta tradizioak etengabe aldatzen direla erakusten duen fenomeno garaikide bat dago, pintxoak. Gerraostean Donostian gilda izeneko pintxoa asmatu zutenetik, sofistikatzen joan dira goi mailako sukaldaritzaren erakusleiho aparta bihurtzeraino. Pintxoei lotuta, XXI. mendean pintxopotea tradizio bihurtzeraino errotu eta zabaldu da.