Itzuli

Euskal musika

Niña Coyote eta Chico Tornado taldearen kontzertua. Argazkia: Josu Kaleko

EUSKAL KANTAGINTZA: POP, ROCK, FOLK

Euskal kantagintzak munduari ahotsa jartzen dio. Kantagintza euskal kulturaren sektorerik dinamikoenetakoa da. Etengabe ari dira talde berriak sortzen, diskoak grabatzen eta plataforma digitaletan zintzilikatzen; etengabe ari dira kontzertuak antolatzen Euskal Herriko areto, gaztetxe, kultur etxe, kafe-antzoki edo tabernetan.

Askotarikoa da euskal kantagintza eta, gaur egun, ia edozein estilo euskaraz entzuteko aukera dago. Esperientziaren bidez ofizioa ikasi duten beteranoei, musika-eskola eta kontserbatorioetatik ateratako belaunaldiak batu zaizkie. Grabazio-estudio sare zabala dago eta ibilbide luzeko puntako soinu-teknikariak daude. Lehen, euskal taldeak kanpora joaten ziren grabatzera eta, orain, kanpotik datoz Euskal Herrian grabatzera. Euskal pop, rock eta folk musikak ia denerako balio izan du: lirikarako zein aldarrikapen sozial eta politikoetarako, olgetarako zein engaiamendurako, tradizio zaharren berreskurapenerako zein berrien sorrerarako.

Mixel Labegeriek magnetofoian grabatutako lanaren argitalpenak, 1961an, euskal kantagintza modernoari abiapuntua jarri zion

Mixel Labegeriek magnetofoian grabatutako lanaren argitalpenak, 1961an, euskal kantagintza modernoari abiapuntua jarri zion. Gitarra espainola erabili zuen, kantuen hitzak eta doinuak berak sortutakoak ziren eta euskal nortasunaren ukazioaren kontrako protesta-kanta ekarri zuen. Euskal kulturaren ernetze aroa zen, eta, urte gutxiren buruan, Ez dok Amairu kolektiboa sortuko zen Jorge Oteiza eskultoreak hala izendatuta. 1965tik 1972ra herri kantutegi tradizionala gaurkotu zuten eta kanpoko eraginetatik edan zuten kantu berriak sortzeko. Talde hartan musikariak eta idazleak elkartu ziren eta, beren ikuskizunetan, kantua, dantza, txalaparta (euskal perkusio tresna) eta poesia uztartu zituzten beste adierazpide batzuekin. Han bildu ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Joxean Artze eta Jose Anjel Irigarai. 1970ean, diktaduraren amaiera zetorrela-eta esperantza errotu zen. Garaiko protesta-kantagintzak utzitako hainbat kantu euskaldunen memoria kolektiboan arrasto ezabaezina utzi dute. Pantxoa eta Peio, Gorka Knorr, Imanol Larzabal, Gontzal Mendibil eta Maite Idirin izan ziren garaiko kantautore nabarmenenak.

Niko Etxart eta Errobi taldearekin lotzen da euskal rockaren hasiera. Taldeek lekua hartu zieten kantautoreei. Doinu tradizionalei rock sinfonikoa eta folk ingelesa gehitu zizkieten. Itoiz ezinbesteko taldea izan zen. Folk talderik enblematikoena, bestetik, Oskorri izan da. Frankismo osteko bakarlarien artean Ruper Ordorika dago, literaturari lotutako Pott bandako kidea izan zen eta, Ordorikarekin batera, egungo bakarlarien artean Fermin Muguruza, Gari, Anari, Jabier Muguruza, Petti, Izaro eta Mikel Urdangarin daude, besteak beste.

1980ko hamarkada rock erradikalaren hamarkada izan zen. Gizartearen ondoezak sistemaren aurkako jarrera inkonformistak eragin zituen eta Londresetik zetorren punk mugimenduaren uhinak euskal musikaren panorama aldatu zuten. Punk, ska, reggae, hardcore eta rock taldeak sortu ziren. Gaztelania hizkuntza nagusia izan zuten talde gehienek, hala nola La Polla Records, Eskorbuto, Barricada eta Kortatu hasieran. Salbuespenak izan ziren Hertzainak, Zarama eta, gerora, Kortatu bera. Mugimendu hura Rock Radikal Vasco izenarekin ezagutzen da. Ordurako, folk musikaren alorrean, euskal herri-musika berreskuratzeko ahaleginean ari zen Juan Mari Beltran musikaria eta ikertzailea.

Kortatutik zetozen Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek Negu Gorriak taldea sortu zuten, eta, 1990eko hamarkadan, hip hop musika eta kultura euskarara ekarri zituzten. Musika estilo gero eta gehiagok tokia izan zuten euskal musikaren eszenan. Ama Say, BAP!!, Beti Mugan, Dut, Sorotan Bele edo Zazpi Eskale aniztasun berriaren isla izan ziren, nork bere estiloa zekarren. Heavya eta metala iritsi ziren, euskaraz, Su Ta Gar taldearen eskutik eta trikitixak arrakasta handia izan zuen –Joseba Tapia, Kepa Junkera–.

Urtean 200 inguru lan argitaratzen dira euskaraz

Autoekoizpena da herri musikan mende berriarekin sortu den fenomenorik aipagarriena. Egun ez dago eszena homogeneo edo nagusirik, eszena txiki ugari dago Euskal Herrian. Rapa eta musika urbanoan Glaukoma, 2zio, Aneguria, La Basu eta La Furia euskaraz kantatzen ari dira. Jarrera esperimentala erakusten dute Mursego, Amorante, Joseba Irazoki, Maite Larburu eta Ibon RG bezalako bakarlariek. Musika elektronikoan, Delorean eta Anita Parker. Gitarra elektronikoarekin egindako musikaren erreferentea izan da Berri Txarrak; haiekin, besteak beste, Zea Mays, Lisabö eta Willis Drumond. Pop eta rockean Ken Zazpi, Bide Ertzean, Rafa Rueda, Belako eta Izaki Gardenak. Folk musikan, Oreka TX, Korrontzi eta Kalakan.

Urtean 200 inguru lan argitaratzen dira euskaraz. Gehienak CDan, baina LPak indartsu datoz; badok.eus euskal kantagintzari jarraipena egiten dion atariak argitaratutako datua da.

MUSIKA KLASIKOA

Euskal musikariek musika jartzen diote munduari. Sortzaile nahiz interpretatzaile, musika klasikoaren esparruan, euskal harrobiak figura nabarmenak eman ditu iraganean eta ematen ditu gaur egun ere bai. Maurice Ravel izan da euskal jatorriko musikagile guztien artean entzutetsuena. Ravelengan bezala, euskal musikagileengan, oro har, joera jakin bat nagusitu da; hain zuzen, Euskal Herritik kanpo, beste hizkuntza batzuetan lan eginda ere, beti eutsi diotela euskal nortasunari.

Interpretatzaileen artean, puntako abesbatzak, bakarlariak eta musika instrumentala jorratzen duten taldeak daude. Euskal Herrian musika klasikoak duen garrantziaren isla da, maila sinbolikoan, Eusko Jaurlaritzak, eratu eta bi urtera sortu zuela Euskadiko Orkestra, 1982an. Musikene da, gaur egun, goi mailako euskal kontserbatorioa, Nafarroan Pablo Sarasate Kontserbatorioa eta Iparraldean Maurice Ravel Kontserbatorioa.

Ilustrazioarekin musika giroa aldatzen hasi zen Euskal Herrian. Orduan heldu zioten musika klasikoa modernizazio bidean jartzeko ahaleginari, Europako eta, batez ere, Frantziako ereduei jarraituz. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea mugimendua eraldaketa haren oinarria izan zen. Gau-ekitaldiak, zaleentzako emanaldiak eta operak antolatu zituzten. Giro hartan jaio zen Juan Crisostomo Arriaga musikagilea. Oso gaztetan hasi zen musika sortzen eta, zendu aurretik, hogei urte zituenean, Pariseko Kontserbatorioko irakaslea zen jada. Arriagaren heriotza goiztiarrarekin Euskal Herriak maisu handia izan zitekeena galdu zuen. Garaiko Madrilgo musika inguruan, jatorri euskalduneko bi musikagile nabarmendu ziren: Blas de Laserna tonadilla eszenikoaren maisua eta Hilarion Eslaba, zeinak erlijio giroko musikatik musika profanorako trantsizioan urrats esanguratsuak egin zituen. XIX. mendean musika erudituaren barruan eskola nazionalistak sortu ziren eta tokian tokiko musika tradizionalari lekua egin zioten; Euskal Herrian, zortzikoari eta jotari. XX. mendean opera nazionala egiten saiatu ziren, euskaraz, baina zarzuelak arrakasta gehiago izan ohi zuen herritarren artean. Jesus Guridiren eta Pablo Sorozabalen zarzuelek sona handia izan zuten. Jose Antonio Zulaika Aita Donostia izan zen euskal musikaren ikertzaile handienetakoa, musikaria ere bai. 36ko gerrak etena eragin zuen eta, gerraostean, Guridi bera, Francisco Escudero, Karmelo Bernaola eta Antton Larrauri izan ziren euskal izen handienak. Gaur egun, Agustin Gonzalez Azilu abangoardiako musikagile garrantzitsuenen artean dago eta Luis de Pabloren lanak mundu osoan estreinatu dira. Biek ala biek esperimentazioaren bideak urratzen dituzte. Gazteagoen artean, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena da nazioartean gehien nabarmendu dena. Fernandezek, aurretik Bernaolak egin bezala, zinerako musika sortu izan du; Angel Illarramendiren eta Alberto Iglesiasen lanek ere goia jo dute esparru horretan.

Interpretatzaileen artean, euskal abesbatzak munduko onenen artean daude. Errepertorioa zabalduz joan dira eta izen handiko musikagileek, euskaldunek ere bai, doinu zaharren moldaerak egin dituzte haientzat. Bilboko Koral Elkartea, Iruñeko Orfeoia eta Donostiako Orfeoia dira nazioartean ospe gehien dutenak. Asko dira, ordea, herriz herri sakabanatutako euskal koruak. Denak bilduta daude Euskal Herriko Abesbatza Elkartean. Bakarlariei dagokienez, operan, Julian Gaiarre tenorearena da iraganeko euskal ahotsik sonatuena eta, egungoa, Ainhoa Arteta sopranoarena, Maria Bayo, Carlos Mena eta Andeka Gorrotxategiren ahotsekin batera. Orkestren artean, Euskadiko Orkestra Euskal Herriko musika instituzio garrantzitsuena da. Nafarroako Pablo Sarasate Orkestrak bezala, pedagogia lan handia egiten du gaztetxoekin bereziki. Musika-bandak oso errotuta daude, eta haien artean munduko beste inon ez dauden bandak daude gurean: txistulari-bandak. Txistulariak herriko musikari gisa aitzindariak izan dira Euskal Herrian. Donostia, Bilbo eta Gasteizko txistulari-bandak dira nabarmenenak. Ganbera-talde aipagarrien artean daude Pablo Sorozabal haize-boskotea eta Alos Quartet hari-laukotea. Musika garaikidean, Ensamble Espacio Sincro nabarmendu da.

Nicanor Zabaleta XX. mendeko harpa-jotzailerik onena izan zen. Gaurko egunean, Joaquin Atxukarro piano-jotzailea da euskal interpretatzailerik ospetsuena. Ricardo Odriozola biolin-jotzailea, Asier Polo biolontxelo-jotzailea, Josetxu Obregon zein Alfonso Gomez piano-jotzaileak eta Igor Silgueiro saxo-jotzailea nabarmenduen artean daude. Gazteagoetan Judith jauregi piano-jotzailea indartsu ari da. Orkestra zuzendarietan, Juanjo Mena eta Inma Shara nazioartean beren lekua egin dute.

Itzuli

EUSKAL KANTAGINTZA: POP, ROCK, FOLK

Jon Eskisabel
Berriako kultur kazetaria da eta badok.eus atariaren sortzailea

Deskargatu liburuxka

MUSIKA KLASIKOA

Karlos Sánchez Ekiza
Musikaren Historiaren irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean

Deskargatu liburuxka