Itzuli

Literatura

Argazkia: Eider Rodriguez, Lander Garro

Euskal literaturak mundua idazten du. Bereziki euskaraz, baina euskal letrek gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere idazten dute. Euskal letrak bizirik daude, eta ez dituzte mugak aintzat hartzen.

Literaturaren itzulbiran, gero eta oparoagoa da jatorrian euskaraz idatzitako obren itzulpenen ibilbidea. Biraren beste norabidean, euskal itzultzaile uzta ugariari esker, euskarara ekarritako obra unibertsalak etengabe hazten ari dira, eta haiekin batera euskal letren gordailua. Genero guztiak hartzen eta emateaz gain, gure literaturak badaki forma berriak hartzen eta honezkero hainbat obra zinera egokitu dira. Gaiak, bestetik, infinituak dira, idazten duten mundua infinitua den bezalaxe.

Gaurko euskal literatura, alabaina, ezinezkoa litzateke atzokoa gabe. Izan ere, aurreko idazleek utzitako haziak erein dituzte jarraian etorri direnek. 36ko gerraren atarian, Lizardi eta Lauaxeta izan ziren euskarazko poesia modernitatera ekarri zuten aurreneko olerkariak. Gerrak eta ondokoak literatura-ahotsei ezarritako oinaze eta isilaldiaren ostean, 1950etik aurrera euskal literaturak kostunbrismotik existenzialismora jauzia egin zuen, besteak beste Txillardegi eta Miranderen eskutik. Gabriel Aresti poeta eta Jorge Oteiza eskultorea izan ziren modernitatea euskal kulturara ekartzeko grina nabarmen azaldu zuten bi sortzaile. Euskara Batuaren sorrerak euskarazko literatura sustatu zuen eta 1970eko hamarkadan argitaletxe berrien sorrerarekin batera, eleberrien publikazioa bikoiztu egin zen. Hala, nobela soziala, errealismo magikoa nahiz eredu esperimentala barne hartu zituen euskal nobelagintzak –Anjel Lertxundi, Joan Mari Irigoien, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre–, baita feminismoaren lehenengo oihartzunak ere –Arantxa Urretabizkaia–. Bi obra izan ziren mugarri poesian: Arestiren Harri eta Herri (1964) eta Atxagaren Etiopia (1978).

Diktaduraren amaierarekin euskal literatura-sistemaren oinarriak indartzen hasi ziren. Pott bandak ordura arteko kanon askorekin hautsi zuen tradizioari iskin egin gabe eta euskal literaturaren modernizazioan beste urrats bat idatzi zuen. Han elkartu ziren, besteak beste, Bernardo Atxaga, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia, zeinaren itzala ipuingintzan eta poesian bereziki luzea den. Orduz geroztik, gero eta katalogatzeko zailagoak diren ahotsak batu zaizkie; ahots naroak, aberatsak eta etiketarik gabekoak. Andrazko idazleen ekarpena ukaezina da, besteren artean, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Eider Rodriguez eta Katixa Agirrerena. Harkaitz Cano, Kirmen Uribe edo Unai Elorriaga egungo puntako euskal idazleen artean daude. Poesian Castillo Suarez, Jon Gerediaga eta Iñigo Astiz nabarmendu dira. Halaber, euskal haur eta gazte literaturaren lurra oso emankorra da; esaterako, Juan Kruz Igerabidek, Patxi Zubizarretak edo Leire Bilbaok beren lanak euskal mugetatik harago zabaltzen ari dira euskal ilustratzaile harrobi indartsua bidelagun dutela.

Gaztelaniaz aritu diren euskal idazleen artean, denboran atzera eginez gero, Miguel Unamuno, Pio Baroja edo Luis Martín Santos aipa daitezke. Ingelesez idatzi dutenetan, Robert Laxalt. Gaurko egunean, Aixa de la Cruz, Dolores Redondo eta Fernando Arambururen lanek oihartzun nabarmena dute; poesian, Karmelo C. Iribarrenenak. Frantsesez idazten duten euskal idazleetan Marie Darreussecq dago ezinbestekoen artean.

Itzuli

LITERATURA

Estibalitz Ezkerra Vegas
Literatura Konparatuan doktorea eta euskal literaturan aditua

Deskargatu liburua