Nola eraldatu dute euskal gizartea ekintza kolektiboak eta balio-sistema komun batek? Euskal Herriko kooperatiben fenomenoaren funtsezko bi esparrutan murgilduko gara: Mondragon taldea eta ikastolen mugimendua.
Auzolanetik kooperatibismora (eta alderantziz): munduaren aurrean agertzeko euskal modu petoa
2024 Uzt 30Erosoak dira, energia eta denbora aurrezten dute, eta era guztietako jakiak prestatzeko balio dute: egoste-denborak egokitu, eta kito. Gutako askok harreman luzea izan dugu presio-eltzearekin. Belaunaldi berriei tramankulu bat irudituko zaie agian, baina sukaldeko tresna hori aliatu futurista izan zen 80ko hamarkadan Euskal Herrian. Eta bazuen sorpresa kutsu bat, ia magikoa. Eskolatik bueltan, etxe askotako atarietan entzuten zen presio-eltzeen txistuak erne jartzen gintuen: janaria (haragi gisatua?, purea?, dilistak?) prest zegoen. Ia edozer gauza izan zitekeen. Ezusteko goxoa.
Lehen presio-eltzeak letoizkoak zirela esaten da, baina artefaktu haiek aluminioz eta altzairu herdoilgaitzez egiten ziren. Marka: Fagor Etxetresnak. Modeloa: Rapid Express. Fagor, Mondragon kooperatiba erraldoiko lehen enpresa —eta, hainbat hamarkadaz, bere bandera-ontzia—, 1956ko apirilaren 14an jarri zen martxan Ulgor Tailerrak izenarekin. Haren sortzaileek (Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Javier Ortubay) etxetresna elektrikoak ekoizteko dibisio bat sortu zuten hurrengo urtean, eta 1960ko hamarkadan indarra hartu zuten, eredu berritzaile, solidario eta inklusibo baten bidez. Emakumearen rolari buruz, adibidez, Jose Maria Arizmendarrietak —euskal kooperatibismoaren aita, eta ekonomia iraultzen hasi ziren ikasle gazte haien aholkularia—, honako hau esan zuen: “Akats handia da emakumeak irakaskuntza profesionalean ez sartzea, modu orokorrean, eta ez parte hartzea etengabeko birmoldaketa eta prestakuntza prozesuetan, gaur egun desegokitzat jotzen dituzten lanbideei lekua eginez”.
1964an bertan, eredu kooperatibistaren ikuspegi kolektiboa eta elkarlana argi eta garbi zeukaten Mondragonen sortzaileek. “Gure asmo eta plan kooperatiboei eutsiko dieten erakunde batzuk garatu behar ditugu: gure ikuspegi sozial eta ekonomikoarekin bat datozen erakundeak. Mugimendu kooperatiboa fenomeno iragankorra izango da gizarte osoan proiektatzen eta garatzen ez den bitartean, eta horrek hezkuntzan eta harreman sozial eta ekonomikoetan sustraitzea ekarriko du”.
Ez zen arrakasta iragankor bat izan. Kooperatiben paradigmak —non langileak baitira enpresaren bazkide-jabeak— oihartzun handia izan du, eta formula arrakastatsua da Euskal Herrian. Elkarlanak euskal gizarteko hainbat mailatan izan du eragina: ikastolen kasuan, adibidez, guraso talde batek jarri zituen martxan, ikastetxe eredu berri bat sortuz formula kooperatiboaren pean. Besteak beste, hauek dira ereduaren ardatz nagusiak: komunitate sentimendua eta proiektu solidario bat partekatzeko ideia.
Mondragon, gailurrean
Bere ibilbidea hasi eta 66 urtera, Fagorren ernamuin izandako kooperatiba apala beste prisma batekin igo zen gailurrera. Gaur egun, 150 herrialdetan hedatzen da sarea. Munduko kooperatibarik handiena da Mondragon; Euskadiko lehen motor industriala, eta Espainiako Estatuko hamargarrena; 70.000 langile ditu, gutxi gorabehera, hainbat kontinentetan banatuta. Baina nola iritsi gara honaino? Zergatik ezarri dugu ikuspegi kooperatibo hori Euskal Herrian?
Lehen pauso gisa, atzera egin eta historiaren atzeko ispilutik begiratzea komeni da. “Kooperatibismoa auzolan-modu moderno gisa interpreta daiteke. Ez bakarrik ekintza kolektiboa sustatzen duelako, baizik eta euskal kooperatiben egiturak (Mondragonen egiturak bereziki) erakunde elkartu bakoitzaren burujabetzatik abiatuta ekiten duelako. Baserriaren beregaintasunaren erreplika bat da: norberak bere kabuz egin ezin duena egiteko soilik elkartzen da besteekin”, azaldu du Gorka Espiauk, Agirre Lehendakaria Center (ALC) fundazioko zuzendariak. Erakunde horrek berrikuntza sozialeko laborategi gisa dihardu dozena bat herrialdetan 2013tik.
Ekintza kolektiboa eta erresilientzia
Espiauren arabera, auzolanaren kontzeptua gakoa da “euskal eraldaketari lotutako narratiba” askotarikoak ulertzeko. Horrela, “Euskal Herriak, bere historian, ekintza kolektiborako eta erresilientziarako erakutsi duen gaitasuntzat jotzen da. Narratiba oro bezala, eraikuntza kultural bat da, eta elementu errealak eta ukigarriak (baserrietako antolakuntza komunalaren sistema) eta elementu ukiezin eta kualitatiboak (balio sistema) uztartzen ditu. Eraikuntza kultural horrek errealitatea modu batean interpretatzen laguntzen digu, eta haren balioekin lotuz, erabakiak hartzen ditugu eta iruditeria horrekin bat egiteko moduan jokatzen dugu. Iruditeria, azkenean, errealitate bihurtzen da”, dio.
Xabier Barandiaran Soziologian doktorea da eta Gizarte eta Giza Zientzien Saileko irakasle titular gisa dihardu Deustuko Unibertsitatean. Bere ustez, auzolan terminoak “komunitatean du oinarria”, eta “norbanakoaren erantzukizun komunitarioarekin eta besteenganako zerbitzuarekin, elkartasunarekin eta interes partikularren gainetik interes komunitarioak zaintzen dituzten antolaketa sozialarekin lotuta dago. Kontsumo gizarteek sortutako indibidualismoak zuzenean erasotzen dio auzolanaren kulturari”, azpimarratu du. Eta adibide praktiko bat jarri du: “Bizilagun komunitate batek udalerritik igarotzen den ibai-ingurua garbitzea erabakitzen duenean, ekintza kooperatibo bat garatzen ari da, eta ondasun publiko bat sortzen. Hori da auzolana”.
Bat dator Espiaurekin: auzolanaren eta kooperatibismoaren artean ontzi komunikatuak daudela aipatu du. “Euskal filosofia kooperatiboak”, dio Barandiaranek, “lotura zuzena du auzolanarekin; erabakiak batera hartzearekin edo norbanakoen interesen gainetik kolektibo edo komunitate baten zerbitzura dagoen enpresa proiektuak garatzeko lankidetzarekin”. “Mundura modu horretan proiektatzea aukeratu genuen, geure burua horrela erakustea gustatzen zaigu. Indibidualismoaren aurrean, ekintza kolektiboa”, sartu da Espiau. “Gure gezurra hauxe da: euskaldunok gaitasun handiagoa izango genukeela ekintza kolektiborako beste herri batzuek baino”, gaineratu du.
Mugimendu parte-hartzaile eta herritarra
“Euskal Herriaren egungo garapen maila eta kapital soziala ezin dira ulertu auzolanik gabe”, Barandiaranen epaia. “Auzolanean egindako proiektuen hamaika adibide daude; Ikastola asko auzolanaren bidez eraiki ziren; sute edo uholde asko auzolanari esker konpondu dira; Arizmendiarrietak bultzatutako mugimendu kooperatiboak auzolanaren balioetan du oinarria”, gaineratu du. Ikastola mugimendua, dabilen herria: ikastola eredua 1960-2010” (Euskal Herriko Ikastolak – Euskaltzaindia, 2011) liburuan, XX. mendearen bigarren erdian klandestinitatean hezkuntza-eredu berri bat ezartzeak euskal hezkuntzan eragin zuen fenomenoa azpimarratzen da. Hezkuntza eredu propioa duen eskola, “pedagogia aurreratu eta aurrerakoia” lantzen duena, euskal curriculuma “ardatz eta oinarri” hartuz eta “eleaniztasun sendoko” hezkuntza euskaldun baten alde eginez. Horrela definitzen du Ikastolen Elkarteak Euskal Herri osoan ezarrita dauden ikastetxe horien izpiritua; gaur egun, 114 ikastola dira; 4.500 irakasle, 500 langile, 50.000 ikasle baino gehiago eta “parte hartze zuzena duten gurasoak, gehienak kooperatibistak”.
Liburuaren orrialdeetan komunitatearen eta kooperatibismoaren kontzeptua sumatzen da. Hona hemen adibide bat, sarreratik hartua: “Ikastolen historia sozialari so eginez gero, bistakoak dira euskal gizartearen historiarekiko uztardurak, herritik sortu eta herritarrekin elkarrekintzan aritu baitira. Ikastolak eta euskal gizartea elkar elikatze baten historiaren subjektuak dira. Unean uneko gizarte-bizitzak ikastoletan eragin izan duen bezala, ikastolen ibilbidea ekarpen iturri iraunkorra izan da Euskal Herriarentzat”. Ikastolen izaera “parte-hartzaile eta herritarra” orobat aztertzen da honako ikerketa honetan: ‘El movimiento cooperativo de las ikastolas: su revisión conceptual desde la perspectiva de las empresas sociales’ [Ikastola mugimendu kooperatiboa: berrikuspen kontzeptuala enpresa sozialen ikuspegitik] (Unai del Burgo García, 2013). Denborarekin, eskola-kooperatiben fenomenoa hazi egin zen, eta hezkuntza-maila guztiak hartu zituen bere barruan. Ikastola gehienak itunpekoak dira.
Jatorrian, Elbiria Zipitria (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) pedagogo eta aktibista izan zen izarra: ikastolen bultzatzaileetako bat izan zen Francoren diktaduraren tunel luzean (1939-1975). Ikuspegi abangoardistaren bitartez, irakasle ugari trebatu zituen, ikastolen hezkuntza sarea hedatu zutenak; bestalde, gerraosteko garaietan, Francisco Franco diktadorearen lehen aroan, lehendabiziko ikastolatzat jotzen den etxe-eskola ireki zuen Donostiako Parte Zaharrean, Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakian. Zipitria lehen mailako figura da euskal hezkuntzaren esparruan. Berriki, Denonartean argitaletxeak ‘Elbira Zipitria andereñoa’ album ilustratua argitaratu du eta 2022ko ‘Elbira’ dokumentalak aktibista euskaltzalearen bizitza aztertzen du. Azkenik, Etxepare Euskal Institutuak Elbira Zipitria Katedra bultzatzen du Montrealgo (Kanada) McGill Unibertsitatean, “kultur mugimendu berritzaileak erdigunean jarriz”.
Zipitriak, gainera, Donostiako Orixe ikastola sortzen lagundu zuen 1968an. Bereak dira hitz hauek, herri baten aldarrian oihartzun egiten dutenak oraindik: “Txori bakoitzak bere abestia. / Herri bakoitzak bere hizkera: / euskaldunok euskara! / Guk ahal ditugun / hizkuntza gehienak ikasiko ditugu: / buruan hiru edo./ Baina bihotzean bakarra:/ gurea!”.