Itzuli

Erritutik eszenara, sorkuntza bizia: euskal dantzen paisaia garaikidea

Hitzak: Mathieu Vivier 2026 Api 13
DAB dantza-konpainia

Euskal Herrian, identitate kolektiboa aditzera ematen duen funtsezko elementua da dantza. Euskaldunok gure dantzekiko dugun atxikimendu bereziaren ondorioz iritsi da guganaino. Bidaia luze horretan, haren keinuek, errituek eta esanahiek etengabeko bilakaera izan dute, behin eta berriz birsortu dira.

Euskal dantzek, jatorrizko usadioetatik abiatuta baina haiek gaindituz, forma berriak sortu dituzte, tradizio berriak ere eratzeko gai direnak (ikus ‘Tradizioa helduleku, sorkuntza ipar: euskal dantzaren atzerabegirakoa’). Gaur egun, eragileek zentzu- eta identitate-bilaketa bera partekatzen dute, erritualitatearen eta dantzaren arteko harremana etengabe berrirakurriz eta euskal dantzak modu pluralean berrasmatuz.

 

Erretratu garaikidea: euskal dantzak pluralean komunztatzen dira

 

Inauterien berpizkundea

“Inauteriak betiko hil dira”, zioen Caro Barojak, inauteriak berariaz debekatu zituen erregimen frankistaren pean. Diktadura, gerra, emigrazioa, landa-exodoa, Elizaren kontrola, sorgin-ehiza  edo gizartearen modernizazioa bera ere izan zitezkeen inauterietako errituak desagertzeko zioa. Azkenean, baina, ez zen halakorik gertatu. Gure garaian ere sentitzen dugu aldian-aldian munduaren ordena iraultzeko beharra, eta inauteri tradizionalak ospatzeak lilura handia sortzen du oraindik ere Euskal Herrian. Ospakizunon adibide ditugu Kaskaroten martxa Lapurdin, Santibate gaueko segizioa eta Libertimendua eta bere Bolantak Nafarroa Beherean, Maskaraden garaia Zuberoan edo, Nafarroan, Ituren eta Zubietako Joaldunak, edo Lantzeko inauteriak. Leku guztietan, landa-maskaradak eta hiri-desfileak birsortu eta berrasmatu egiten dira, aspaldiko errituak gogora ekarriz. 

Maskaradak Zuberoan
Donapaleuko libertimendua. Argazkia: Maddi Alberdi (CC BY-SA) | dantzan.eus
Bolant eguna Luzaiden. Argazkia: Amaiur Aristi (CC BY-SA) | dantzan.eus
Zubietako joaldunak. Argazkia: Amaiur Aristi (CC BY-SA) | dantzan.eus
Lantzeko inauteriak. Argazkia: Amaiur Aristi (CC BY-SA) | dantzan.eus

Birsortuko ote da mundua oraingoan ere? Gure arbasoek denboraren ziurtasun-eza aipatzen zuten eta iraultza-errituak asmatu zituzten, urte batetik besterako iragaiteari laguntzeko, neguko iluntasunaren ondoren argiaren itzulera bultzatzeko.

Berpizkunde hori bi modutan gertatzen da. Batetik, lehendik zeuden edo egon ziren errituez birjabetzeko logika bat dago eta, bestetik, inauterietako tradizioen arrastorik ez dagoen tokietan lan eszenikoak asmatzeko prozesuak izan dira. Euskal Herrian badira sorkuntza-ekimen horretatik sortutako hainbat hitzordu enblematiko, hala nola Momotxorroen gau luzea Altsasun, Herri Soinu elkarteak antolatutako Hartzaro jaia Ustaritzen edo 1990an Ziburun sortutako Sorgin Gaua, XVII. mendearen hasierako ustezko sorgin-ehizak gogora ekartzen dituena.

Bigarren bide horrek sorkuntza-lan zirraragarria jartzen du abian, eta horrek zera gogorarazten digu: tradizioa, maiz aldaezin gisa irudikatua, gizarteek bereganatzen dituzten erritu berriak sortzeko duen gaitasunarengatik soilik existitzen da. Bestalde, euskal inauteririk dagoenik baiezta ezin daitekeen arren, Euskal Herriak badu berezitasun bat, hots, identitate espezifiko bat sortzen duen berrikuntza oparoa egiten duela.

Jauziak eta dantzaldiak

Bestelako dantza-praktika kolektiboak agertu ziren 1980ko hamarkadatik aurrera. Euskal dantza-talde askotan, helduentzako ikastaroek garrantzi handia hartu zuten, batez ere, euskal jauziak ikasteari zegokionean. Pierre Beteluren bultzadari esker, dantzari eta ikerlari batzuen ekimenari esker, mutxikoak, jauziak edo mutil dantzak ere deitzen zitzaien dantzak desagertzea ekidin zen. Gaur egun dantzari-elkarretaratze handiak sortzen dira aspalditik datozen dantza hauen inguruan, eta euskal identitatearen eta komunitatearen kohesio sozialaren elementu esanguratsua dira.

Ez dago dantza sozial hauen plazera elkarbanatzen ez duen festarik. Biribilean egiten dira halakoak, melodia tradizionalekin, eta iragarri ohi den pausu-sekuentzia batekin, ahalbait jende gehienak parte hartu ahal izateko.

Mutil dantza Baztandarren Biltzarrean. Argazkia: Oier Araolaza (CC BY-SA) | dantzan.eus

Mugimendua are gehiago handitu zen 1990eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Euskal dantzak eta jauziak uztartzen zituen errepertorioari Europa osoko dantza tradizionalak gehitu zitzaizkion. Besteak beste, dantza gidatuen garapen hori Patxi Perezi zor zaio, Euskal Herrian moldatu eta garatutako eredu bat ezagutarazi baitzuen Gennetinesko Le Grand Bal de l’Europe jaialdian. Hegoaldean, Aiko taldeak euskal dantzaldi tradizionalaren antzeko logika garatu zuen, tradizioa berreskuratzearen eta sorkuntzaren artean. Mugimendu horrek ikaskuntza- eta transmisio-ereduak berritzen lagundu zuen, “euskal dantzen” eragin-eremua gero eta gehiago zabalduz.

Hiriko dantzari, herriaren defendatzaile

Lehendik zeuden formak berrartzen zituzten hainbat dantzari-taldek bat egin zuten Euskal Herriko hainbat eskualdetan, beren dantzaren zentzuari heltzeko modu berarekin. Hiri baten koloreak eta armarria apaingarritzat hartuta (gehienetan, genero arteko bereizketa ezabatzen zuten jantzi tradizionalak soinean), hiri horretako dantza espezifikoen ziklo bat egiten zuten. Batailoi baten antzera, dantzariek desfile edo segizioetan egin ohi zuten aurrera. Betiere birjabetze- edo sorkuntza-ekimen gisa planteatuta, euren errepertorioa eta dantzen esanahia birpentsatzen dute funtsezko galdera beraren argitan: zein da nire hiriko dantza? Zerk egiten du berezi? Zein da nire dantza?

Argia dantza taldea. Argazkia: Gorka Bravo (CC BY-SA) | dantzan.eus

1965ean sortutako Argia dantza-taldeak, Juan Antonio Urbeltz koreografoak eta Marian Arregi musikariak zuzenduta, ekarpen handia egin zuen euskal dantzak definitzeko modu horretara. « Tradizioa » defendatzea eta mantentzea izan zen haien ekimenaren muina. Errepertorio tradizionala eta egitura koreografikoak biltzeko egin zuten lanaren bitartez, eta tokiko tradizioei eta sistema sinbolikoei buruzko ikerketa etnografikoetatik abiatuta, Argiak maiz ahaztuta geratzen ziren errepertorioak plazaratu eta berritu zituen. Taldearen lanak dantza bat sortzea lortu zuen, zorroztasuna eta birtuosismoa uztartzen zituena, berezitasunak eta tokiko estetiken aniztasuna balioeste aldera.

Argiaren dantza eta ikuspegia hainbat dantza-talde eta dantzarirekin sortu eta partekatu ziren, eta haiek euskal dantzen definizio hura beren lurraldeetara hedatu zuten. Adibide batzuk aipatzearren, Iruñeko Duguna edo Biarritzeko Maritzuli daude, edo « Oihal errituak » protokolo-segizio berriagoa, Leinuak sortua Hiriburuko zaindariaren jaietarako. Horietan, hiriaren nortasuna irudikatzen duten eta bertako ekitaldi, jai edo zaindarien oihartzun gisa sortutako errepertorioak defendatzen dituzten dantza-talde handiak egon ohi dira. Dantzariei herriaren ordezkari gisa duten betekizuna aitortu nahi dien ekimen horrek, hemen ere, esanahi- eta identitate-bilaketari erantzuten dio.

Koreografia-sorkuntzak

Sorkuntza koreografikoa aspaldidanik finkatua da euskal dantzen esparruan, eta talde eta konpainia askoren jardunean ageri da. Izendapenak anitzak badira ere —“euskal neodantza”, “egungo euskal dantzak” edo “euskal dantza garaikidea”—, guztiek sorkuntza eta garaikidetasunaren adierazpen berari egiten diote erreferentzia.

Bilaka kolektiboa. Argazkia: Camille Chopin, Etxepare Euskal Institutua

Gaur egun, dantzak jantzi tradizionalak baztertu ohi ditu eta mugimenduan jartzen du arreta, beste dantza moldeekin —bereziki garaikidearekin— elkarrizketan. Mugimenduaz harago, espazioa eta denbora lantzen ditu, egungo koreografia-prozesuen bidez.

Horren adibide dira Kukai eta Bilaka konpainiak, formatu txikiago eta profesionalizatuetan lan eginez, beren proposamenak nazioartean zabaldu dituztenak. Haien jardunak erronka bera du oinarri: euskal gizarte garaikidea sortzen laguntzea eta haren berezitasuna munduan proiektatzea.

Sorkuntza honek nazioarteko joerak bereganatzen ditu, euskal berezitasuna galdu gabe, eta tradizioa eta erritua berrirakurtzen ditu. Gaur egun, dantza nagusiki eszenara bideratzen bada ere, sorkuntza koreografikoa egungo gizartearen erritu berri gisa uler daiteke: esperientzia kolektiboa partekatzeko eta identitatea pentsatzeko espazio gisa.

Pluraltasuna eta berrasmatzea: gaur egungo dantzaren zentzua

Mendeetan zehar, euskal dantzen errepresentazioak eta usadioak sakonki eraldatu dira. Euskal dantzek, haien jatorrizko esanahitik aldenduta eta instrumentalizatuta, beren burua berrasmatzen jakin dute, tradizioa eta identitatea uztartzen dituzten forma berriak sortuz, antzinakoek egin ohi zuten modu berean.

Guztiak ere gure gizarteen aldaketa azkarrek eta globalizazioak eragindako identitate-bulkadaren adierazpideak dira. Euskal dantzen berrikuntza hainbat modutan agertzen da: egungo gizartearen krisiek baldintzatutako gizabanakoengan sortzen duten liluran, komunitatearen, errituen eta dantzen izaera arkaiko eta berezkoan, edota jatorrira itzultzeko nahian eta identitate berezi baten adierazpenean.

 

Malandait Balleteko dantzariak. Argazkia: Camille Chopin, Etxepare Euskal Institutua

Dela erritu, dela errepresentazio, dantzak identitate-premia bati erantzuten dio, gizarte-loturak sortzeko behar bati, espiritualitate-bilaketari, edo are katarsi sozialari, arrotz bihurtu den mundu baten zailtasun ekonomiko, sozial eta politikoak kanpo uzten dituzten elkarretaratze eta jaietan. Egungo beldurrak exorzizatzen ditu dantzak, eta espazio alternatibo bat sortzen du, gure mundutik hurbil dagoena eta erabilgarria dena errealitateari buruz hausnartzeko eta komunitatea definitzeko.

Euskal dantzetan usadio desberdinak egotea etengabe zalantzan jartzen den praktika emankor baten lekuko da. Funtsezko osagarritasuna eta sorkuntza-dinamika aparta abiapuntu, euskal dantzetako eragileek, arte berarekiko duten maitasuna eta esanahi-bilaketa oinarri hartuta, etorkizun oparoa iragatzen diete dantzei. Aldi berean teknikoak eta herrikoiak, erritualak edo ikusgarriak, sakonki garaikideak, euskal dantzek tradizioa eta sorkuntza kontrajartzeari uko egiten diote, eta arketipoetara mugatzen ez den gizarte baten konplexutasuna itzultzen dute. Ez dago euskal dantza bakar bat, euskal dantzak baizik, euskaldun izateko makina bat modu dauden bezalaxe.

Mathieu Vivier (1986) Baionan bizi da. Agertokian dantza eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak sortzen ditu. Beste dantzari eta musikari batzuekin batera, Bilaka kolektiboa sortu zuen, Ipar Euskal Herriko lehen konpainia profesionala. Bere proiektu propioa ere garatzen du, Kobakoak. Vivier-en lan koreografikoa Euskal Herriko kultura tradizionalaren aktibazio garaikidean oinarritzen da. Soziologian eta kultura-politikan masterra du, eta Scène nationale du Sud-Aquitaine-eko idazkari nagusia da.

Itzuli

Artikulu gehiago

Arte garaikidea
Artea

Euskal diasporaren irudikapenak

Frank Bidart katedrako artista gonbidatu gisa, Gala Knörrek ‘La luz que nunca se apaga’ proiektua gauzatu du, California State University Bakersfield unibertsitatean egonaldia eginda. Berarekin bildu gara bere lanaz, egonaldiaz eta arteaz orobat jarduteko.