Itzuli

Tradizioa helduleku, sorkuntza ipar: euskal dantzaren atzerabegirakoa

Hitzak: Mathieu Vivier 2026 Ots 16
Argazkia: Patxi Beltzaiz

Euskal Herrian, identitate kolektiboa aditzera ematen duen funtsezko elementua da dantza. Euskaldunok gure dantzekiko dugun atxikimendu bereziaren ondorioz iritsi da guganaino. Bidaia luze horretan, haren keinuek, errituek eta esanahiek etengabeko bilakaera izan dute, behin eta berriz birsortu dira.

Baina, gaur egun, zeri esaten zaio euskal dantza?

Balirudike nork bere erantzuna argi duela, sarritan tradizioa eta sorkuntza kontrajarrita ageri direlarik. Xabier Itçaina antropologo eta CNRSko ikerketa-zuzendaria alor horri berea eskaini dion aditu horietakoa dugu. Haren ikerketaren arabera, euskal dantzaren beraren definizioa, jatorrizko usadioetatik aldenduta, etengabe birdefinitu da pluralean.

Atzerabegirakoa: jatorrizko dantzaren esanahitik aldenduz

Elizaren menpeko usadio

Euskal Herrian, gaur egun ere, dantzak leku garrantzitsua du erlijiozko jai askotan. XIX. mendean, Elizak euskal dantzak erabili zituen Estatuaren aurkako gatazkan. Nagusitzeko, Elizak erritu paganoen zatitxoak txertatu zituen han-hemenka erritu katolikoetan.

Idazki askok kontatzen dutenez, Elizak gaitzetsi egiten zituen fededunak praktika “arin eta gehiegizkoetan” aritzen ziren festa-giroko elkarretaratzeak, edo moral gabekotzat jotzen ziren aretoko dantza mistoen dantza-errepertorio berriak. Era berean, dantzariak “sineskeriatan” ziharduten praktika erritualen paganismoa gaitzesten zuten elizgizonek. Bestalde, Elizak euskal dantza batzuk onartu egiten zituen, are bultzatu ere, kontserbadurismo moral eta politiko baten izenean.

Funtsean gizonek dantzatzen zituzten eta dantzarien artean batere kontakturik ez zuten dantza-molde haiek, gerora “euskal” dantza izango zirenak taxutu zituzten. XIX. mendearen bigarren erdian, esaterako, dantza horiek idatziz jaso zituztenak apaizak izan ziren, eta, halaxe, euskal gizarte idealizatu, landatar eta katoliko baten ikur bilakatu zen dantza. 

Argazkia: Marie Claire Bouchdu

Dantza, abertzaletasunaren zerbitzura

XX. mendearen hasieran, Elizak hasitako euskal dantzen instrumentalizazioak aurrera egin zuen abertzaletasunaren garapenaren eskutik. Dantza bere testuinguru erritual eta tradizionaletik atera zen, eta diskurtso identitario berri baten enblema bihurtu. Durangoko merindadeko herrietako (Berriz, Iurreta, Garai) “dantzari dantza” errepertorio abertzalea baloratu zen, bereziki. Makila- edo ezpata-joko gerlariak uztartzen zituen, eta Sabino Arana Goirik 1893an asmatutako ikurrinaren koloreak irudikatzen zituen. Sinplifikatuta eta desitxuratuta, gazteei irakasten zitzaizkien dantza haiek euskal desberdintasunaren froga gehigarri gisa erabili ziren.

Espainiako Gerra Zibilaren hasierarekin bat, euskal dantzak garrantzia nabarmena hartu zuen Eusko Jaurlaritzak 1937an Eresoinka dantza eta musika taldea sortu zuenetik. Kultur taldearen egitekoa Euskal Herrian bizi zen egoera munduari azaltzea zen, musika eta koreografiaren bitartez. Hasiera batean Saran eta gerora Saint-Germain-en-Laye udalerrian egoitza izan zuen konpainiak ehundik gora artista bildu zituen, eta emanaldi ugari eskaini Parisen, Bruselan, Amsterdamen edo Londresen. 1939an, Ipar Amerikan bira luze bat eskaintzeko kontratatu zuten Eresoinka, baina gerra-deklarazioak Frantziara itzultzera behartu zuen taldea zeraman ontzi transatlantikoa. Hartantxe amaitu zen Eresoinka euskal musika eta dantzako taldearen behin betiko ibilbidea.

Baliteke hemendik ateratzeko aukerarik ez izatea. Horrek ez du esan nahi borrokak eremu artistikoan ere irauten ahalko ez duenik… Zergatik ez eraman mundura, gure doinurik ederrenen bitartez, askatasunaren alde hiltzen ari den herri baten oroitzapena?”, Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Gernikako bonbardaketaren eta Bilboren erorketaren artean esandako hitz horiekin irudikatu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak Eresoinka izango zena, hots, Espainiako Gerra Zibilean sortutako talde bokal, instrumental eta koreografiko mistoa.

Eresoinka Londresen
Eresoinka taldearen emanaldia Londresen. Argazkia: Jesus Elosegui Irazusta
Eresoinkako kideak Belloy jauregian
Eresoinka taldeko dantzariak Belloy jauregian. Argazkia: Jesus Elosegui Irazusta

Gerraurreko Errepublika sasoian, baina, Hego Euskal Herrian, Euzko Alderdi Jeltzaleak bultzatuta, lehen folklore-taldeak agertu ziren, gerora Ipar Euskal Herrira hedatuko zirenak. Frankismo garaian, adibidez, euskal errefuxiatu askok Ipar Euskal Herrian sortu zituzten, eta berorien ekarpenak, euskal dantzak sortzen lagundu zuen hein handi batean, gaur egunera arte: Olaeta Balletak, ondoren Biarritzeko Oldarra Balletak izango zirenak eta Etorki Balleten sorrera ekarriko zutenak, baina baita Baionako Batz-Alai, Donibane Lohizuneko Begiraleak, Hazparneko Elkar Oinka edo Beskointzeko edo Itsasuko Oinak Arin eta abar ere. 

Folklorizazioa eta instituzionalizazioa

Gerra ostean, Euskal Herriko dantza-taldeen ugaritzeak dantzen instituzionalizazioa ekarri zuen. 1960 1970eko hamarkadetan, garapen bereziki garrantzitsua izan zuten talde horiek elkartegintza-funtzionamendua barneratu zuten. Askotan parrokia-egituretan, hala nola, gehienetan parrokiako apaiz edo bikarioek zuzentzen zituzten gazte-elkarteetan. Dantzaren kontrola eskuz aldatu zen, gazteetatik elkarteetako talde folklorikoetara. Eredu berri horrek enpresa-logika bati jarraitzen zion taldeen jarduera garatzeko: jantziak egiten ziren, material eszenikoa erosten zen, emanaldiak saltzen ziren, bidaiak egiten...

Zümatzeko maskaradak Irurin
Zümatzeko maskaradak Irurin. Argazkia: Idoia Lahidalga

Mugimendu folklorikoak pixkanaka turismoaren garapenari erantzun zion, eta euskal dantzen definizio bat aurkeztu, ‘Zazpiak-bat’ mitoarekin bat. Euskal koreografien aparteko aberastasunaren edo, are, originaltasun koreografikoaren ideia gaur egun ere elikatzen da. Baina ikuspegia Pirinioetara zabalduz gero, euskal dantzen ikuspegi idealizatu hori erlatibizatu egiten da. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko ohitura batzuk Aragoin eta Katalunian ere aurki daitezke, desberdintasun batzuekin, jauzia Biarnon ere dantzatzen da, eta abar. Zazpi euskal probintzien batasuna azpimarratzen zuten dantza ikusgarriago eta sinbolikoagoen mesedetan, tokian tokiko berezitasunak alde batera utzi ziren, eta egutegi-formek eta erritualek gainbehera larria izan zuten. Hala, dantzak beste behin berrinterpretatu eta berrerabili ziren helburu estrategikoekin.

Etengabeko eraldaketa

Pixkanaka instrumentalizatu eta instituzionalizatu ziren euskal dantza haiek Elizaren, abertzaletasunaren mito sortzailearen edo mugimendu folklorikoaren eta turismoaren zerbitzura jarri ziren. Mendeetan zehar, usadio tradizionaletatik etengabe aldendu ziren dantzok.

Durangaldeko ezpata dantzari eguna Mallabian
Durangaldeko ezpata dantzari eguna Mallabian. Argazkia: Txelu Angoitia

Zentzu-galera hutsera mugatu baino, ondoz ondoko instrumentalizazio haiek, gaur egun ere, etengabe eraldatzen ari den dantza bizi eta plural bat adierazteko modu berriak sortzen dituzte, gaur egun euskal dantza(k) deritzen horiei buruzko definizio berriak.

Itzuli