Landa-eremuko inauteriak berpiztu diren honetan, badago aukera neguko erritual antzinakoak ospatzeko Euskal Herrian. Naturari lotutako ohiturak dira, eta gero eta fama handiagoa dute.
Beste euskal inauteriak: natura esnatzeko joareak, hartz basatiak eta sua
2024 Ots 091964ko otsailean, Lantzeko inauterietara joan zen Julio Caro Baroja, Pío anaiarekin eta No-Do albistegiko kamerari batekin —erregimen frankistaren propaganda-albistegia zen hori, eta Espainiako zinemetan ematen zen—; ordurako, baina, ospakizun haiek iraganeko kontua ziren. Espainiako Gerra Zibilaren (1936-1939) ostean eten zen festa hura, eta grabatzeko bakarrik berregin zuten, aurrez baimena eskatuta. Adinekoek "uste zuten gazteak ez zirela gai izango inauterien erritual osoa aurrera eramateko", eta "tokata tradizionalak" ezagutzen zituen txistulari bakarra lutoan zegoen. Ia hirurogei urte pasa dira orduz geroztik, eta, gaur egun, arrakastak jota hiltzea da landa-eremuko inauteriek parean duten arrisku nagusia.
Antzekoa da egoera Iturengo eta Zubietako inauterietan—bisitariz beteta egoten dira—; baita Altsasun ere, momorrotxoen iritsiera basatia dela-eta, edo, neurri txikiago batean, Zalduondon, Markitos erretzeko garaian. Neguko erritualak eta maskaradak dira, eta baliokide hurbilak dituzte Europako hainbat lekutan; euskal kulturaren testuinguruan, bestalde, nabarmen biziberritu dira azken hamarraldietan. Dinamika horrek badu arriskurik, baina aukera eman du balio kultural handiko festak ezagutarazteko; kasu batzuetan, gainera, ekitaldi zinez ikusgarriak izaten dira.
Gaur egun, Euskal Herrian, herri-kulturako pertsonaia ezagunak eta kutunak dira Lantzeko inauterietako Miel Otxin eta Ziripot, Zuberoako zamaltzainak eta Arizkuneko zein Markina-Xemeingo festetan ibiltzen diren hartzak. Mirari txiki bat da, aintzat hartzen badugu ospakizun horietako asko desagertu egin zirela frankismoaren garaian.
"Trantsitu-erritualak dira; natura esnatzen ari dela islatzen dute"
"Beharbada, neguko euskal maskaraden alderdirik deigarriena da beste inon baino lehenago hasi zirela biziberritzen, eta erabakimen handiagoz aldarrikatu direla —Europa osoan egiten ziren halako erritualak—. Gaur egun, antzeko saiakerak abiatu dituzte beste lurralde batzuetan, baina euskal kulturaren kasuan 70eko hamarraldiaz geroztik dihardute horretan; hala, jada galduta zeuden landa-inauteriak berreskuratu dira, eta modu fidelean", adierazi du Aitor Ventureira etnografiaren eremuko idazle eta ikertzaileak.
Antzinako denbora-lerro bat
Ezer baino lehen, landa-eremuko maskarada negutarrei buruz hitz egiteko, argitu behar da ez direla mundu osoko hirietan egin ohi diren inauterien modukoak: azken horiek, ezer izatekotan, urruneko senideak dira, eta lotura handiagoa dute erlijioarekin, saturnoren jaiekin —erromatarren garaikoak— eta Garizuma aurreko gehiegikeriekin.
Ventureirak, bai eta beste aditu batzuek ere, neolitikoraino luzatzen du landa-eremuko inauterien denbora-lerroa: aro hartan askoz estuagoa zen naturarekiko lotura, eta ospakizun hauen funtzioak, berez, naturarekin zuen zerikusia.
"Kontuan izan behar dugu halako komunitateak erabat lotuta zeudela naturarekin, eta erritualak egiten zituztela aldaketa-garaietan. Negua, beraz, garai ilun bat zen: natura lo zegoen. Otsailean, berriz, eguzkiak bidea egiten du pixkanaka. Trantsitu-erritualak dira; natura esnatzen ari dela islatzen dute", azaldu du Ventureirak.
Beste aditu batzuen ikerketak ere —esate baterako, José Antonio Urbeltz antropologo sonatuarenak— bat datoz ildo horrekin: inauterien jatorri neolitikoa azpimarratzen dute, eta orobat nabarmentzen dute halako errituak estu lotuta daudela naturarekin, baina "izurriekiko eta intsektuekiko beldurra" jotzen dute horren guztiaren motibo nagusitzat, uzta galtzeko arriskua dela-eta: hil ala biziko kontua nekazarientzat. Urbeltzen iritziz, beldur hori, izurrien aurka ekitearen elementu hori, Europa osoan gertatzen zen, eta "oso antzinakoa" zen.
Portugaletik Balkanetara
Neguko maskaradak testuinguru zabal batean eta Europa osoan gertatzen zirela, ordea, nekez jar daiteke zalantzan, horren arrastoak nabarmenak baitira oraindik. «Hartza, zeina Markinan, Arizkunen, Altsasun eta Iturenen ikusten baitugu adibidez, Europa osoko ospakizunetan agertzen da. Gure inauterietako alderdi asko bat datoz beste inauteri batzuekin, Portugaletik hasita Balkanetaraino egiten diren ospakizunekin. Beste adibide bat jartzearren: Iturengo eta Zubietako joaldunak, euskal kulturan oso ezagunak izanik, Kantabriako zamarracoen oso antzekoak dira, eta orobat dira Bulgariako beste zintzarri-eramaile batzuen tankerakoak», adierazi du Ventureirak.
Harez ustez, arrazoia oso sinplea da: «Neolitikotik hasita, Europako lurraldeen artean loturak zeuden». Eta gakoa da, bestalde, «lurra esnatzeko» funtzio hori: ikertzaile gehienek uste dute horretarako antolatzen zirela halako nego-erritualak. «Lurra esnatzeko eta arima gaiztoak uxatzeko motibazio hori berbera zen Portugaleko hegoaldean eta Balkanetan. Eta erritualetarako ere antzeko elementuak erabiltzen ziren: animaliak, landareak, zintzarriak…», gehitu du.
Hutsaltzeko arriskua
Euskal kulturarekin lotutako inauteriak biziberritzeari esker, gauza miragarri bat gertatu da: guganaino iritsi da denbora-lerro antzinako hori. Dena den, ospakizunak desnaturalizatzeko arriskua dago. Ehunka mugikor altxatzen dira Iturengo eta Zubietako joaldunei argazkiak atera nahian; gaur egun, bisita gidatuak ere antolatzen dira hango ospakizunak ezagutzeko. Aldi berean, orain ohikoa da inauterietako pertsonaiak agertzea euskal dantzen taldeetan edo kultur ikuskizunetan, neguko ospakizunekin batere zerikusirik ez badute ere. Are gehiago: Miel Otxinen mozorroa —«bizioen eta gaitzaren» sinboloa, Caro Barojaren ustez— gogotik janzten dute eskola-haurrek.
«Ikusita nago Iturengo inauterietako irudiak non sei lagun bakarrik baitzeuden; gaur egun, berriz, apenas dagoen lekurik joaldunentzat. Zenbait ospakizun desnaturalizatzeko eta masibo bihurtzeko arriskua dago. Aldi berean, haien izaera hutsaltzeko arriskua ere aintzat hartu behar da. Ondo dago maskarada hauetako pertsonaiak beste ospakizun batzuetan agertzea dantza-taldeen bitartez, baina argi azaldu behar da nondik datozen. Gauza bera gertatzen da haurrenganako transmisioarekin. Garrantzitsua da tradizioen berri ematea, baina horien funtsa hutsaldu gabe», gehitu du Ventureirak.
Edonola ere, biziberritze honek badu alderdi bat bereziki positiboa: aukera ematen du gertutik ezagutzeko ospakizun egiazko, herritar eta, zenbait kasutan, ikusgarriak. "Antropologiaren ikuspuntutik, Zuberoako maskaradak eta Altsasuko zein Iturengo inauteriak oso interesgarriak dira. Orobat dira interesgarriak Abaltzisketako makil-dantzak eta Zalduondoko zein Lantzeko inauteriak; azken horietara mundu osoko antropologoak hurbildu dira. Eta, inauteri bisual gisa —hau da, ikusteko eta txundituta geratzeko inauteri gisa—, Altsasukoak aukeratzen ditut. Berebizikoak dira", azaldu du.
Ia sei hamarraldi igaro dira Julio Caro Baroja Lantzera joan zenetik landa-inauteriak berreskuratzeko asmoz —hasiera batean, aldi baterako berreskurapena izan behar zuen soilik—. Dena den, antropologo famatuak herri hartako gazteengan nabaritutako "makaltasuna" dela-eta —antza, jarrera horixe erakusten baitzuten ospakizunekiko—, gaur egun ez da horren arrastorik geratzen.
Hiru egunez, otsailaren 19tik 21era hain zuzen, herritarrak buru-belarri arituko dira inauteriak ospatzen. Kultura Intereseko Ondasunak dira gaur egun, eta bisitari mordo bat jasotzen dituzte. Iraganean bezala gaur egun ere, Zaldiko alaiak gorriak ikusarazten dizkio Ziripot lodikoteari, eta Miel Otxin basatia sutan erretzen dute. Orain, ordea, bideo, selfie eta story artean gertatzen da hori guztia.