Azken hamarkadetan aberastu egin da Euskal Herriaren ondare artistikoa, bertako artistek aire zabalean eginiko esku-hartze ugariei esker, bai hiri eta herrietan, bai natura-guneetan.Hona hemen bost adibide esanguratsu.
Haizearen Orrazitik Omako Basora. Ibilaldi bat Euskal Herriko eskultura publikoan barrena
2025 Mar 05
Haizearen orrazia. Eduardo Chillida, 1977
Eduardo Chillidak (Donostia, 1924-2002), euskal artista unibertsalenak, bere lanik enblematikoena sortu zuen jaioleku zuen hirian: ‘Haizearen orrazia’. Artea, arkitektura eta natura uztartzen dituen proposamena. Haurtzarotik artistak esanguratsutzat zuen toki batean kokatua, Igeldo mendiaren oinetan eta itsasoari begira, 1952an hasi eta 1999an amaitutako hogei piezaz osatutako artelan bat da. Obra horietan, artista saiatzen da laburbiltzen espazioaren, materiaren eta grabitatearen inguruan dituen funtsezko kontzeptuak.
Donostian instalatutakoa sailaren XV. zenbakia duen obra da, eta ‘Corten’ deitutako altzairuz eginiko hiru piezaz osatuta dago. Pieza bakoitza 10 tonatik gorakoa da, eta bere ‘besoak’ bihurritzen ditu mugimenduan diren itsasoa eta airea orrazteko. Chillida, piezak sortzean, elkarlanean aritu zen Luis Peña Gancheguirekin, inguruaren urbanizazioaz arduratu zen arkitektoa. Triangelu formako konposizio batean kokatuta, bi pieza aurrez aurre eta hirugarrena bertikalean, zeruertzari aurre eginez, altzairuzko hiru piezak eszenatoki harritsu batean altxatzen dira, naturarekin bat egin nahian.

Azken hamarkadetan aberastu egin da Euskal Herriaren ondare artistikoa, bertako artistek aire zabalean eginiko esku-hartze ugariei esker, bai hiri eta herrietan, bai natura-guneetan.
Zenbaki lehenak. Esther Ferrer, 2003-2023
Esther Ferrerrek (Donostia, 1937), Euskal Herriko eta Espainiako performancearen eta arte kontzeptualaren aitzindariak, ‘Zenbaki lehenak’ izeneko interbentzio eskultorikoa sortu zuen 2003an bereziki Gasteizko Prado parkerako, artistaren lehen obra publiko iraunkorra. Denboraren joanak eragindako kalteak konpondu eta obra lehengoratzeko asmoz, 2023an, Artium Museoaren barruko plazan –publikoarentzat zabalik– instalatu zuten berriro, aintzat harturik artistaren jarraibideak.Esther Ferrerrek (Donostia, 1937), Euskal Herriko eta Espainiako performancearen eta arte kontzeptualaren aitzindariak, ‘Zenbaki lehenak’ izeneko interbentzio eskultorikoa sortu zuen 2003an bereziki Gasteizko Prado parkerako, artistaren lehen obra publiko iraunkorra. Denboraren joanak eragindako kalteak konpondu eta obra lehengoratzeko asmoz, 2023an, Artium Museoaren barruko plazan –publikoarentzat zabalik– instalatu zuten berriro, aintzat harturik artistaren jarraibideak. Matematika eta zenbaki lehenak dira obraren oinarria, funtsezko lan ildoa Ferrerren ibilbidean; zehazki, Ulamen espirala izenez ezagutzen den irudikapen grafikoa. Lurrean muntatutako 10.000 xafla inguru dira, horien artean egonik diagonal gorri eta urdin eta zenbaki lehen inprimatuak, 41etik 10.039ra, biak barne. Zenbakiek, beren logikaren arabera, egitura konplexu eta iradokitzaile bat eratzen dute, errepikatzen ez den barne ordena unibertsal baten isla, beti berdina eta desberdina aldi berean.

Usurbilgo pilotalekuaren zeramikazko horma-irudia. Jose Luis Zumeta, 1973-1974
Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren inguruko abangoardiarekin zuzenean lotutako sormen testuinguru aberats batean, diktadura frankistaren amaieran, Jose Luis Zumeta Euskal Eskolako kide nabarmenak zeramikazko mural handi bat osatu zuen Usurbilgo (Gipuzkoa) frontoiaren atzealdean. Margolariaren lengoaia helduaren adibide nabarmenenetako bat da, 60ko hamarkadaren amaiera eta 70eko hamarkadaren hasiera bitartean eratutakoa, abstrakzio informalista batetik abiatuta.
Artea mihisetik plaza publikora eramateko asmoz, beira zeramikazko 3.000 pieza egin zituen, 18 tona buztin guztira, hormaren 145 m²-ko azalera estaltzeko. Zirriborro moduko pintura txiki batetik abiatuta, erritmo dardaratiz osatutako konposizio nabar bat eraman zuen Zumetak eskala monumentalera. Elementu flotatzaile eta biomorfo barietate konplexu batek eratutako konposizioa, bata bestearekin erlazionatzen diren eta aldi berean kolore eztanda handi bat eragiten duten elementuak. Forma sigi-sagatsuek eta gorri, urdin eta hori biziek eratutako irudi indartsuarekin batera, nabarmentzekoa da horma-irudiaren izaera bolumetrikoa.

Estetikaren, sinbolikoaren eta funtzionalaren arteko oreka bilatuz, hirigintzarekin, arkitekturarekin eta paisaiarekin lotuta, arteak birdefinitu eta gizatiartu egiten du espazio publikoa.
Hondalea. Cristina Iglesias, 2021
Donostiako Kontxako badiaren erdigunean, Santa Klara uhartean, nazioartean proiekzio handiena duen Cristina Iglesias (Donostia, 1956) euskal artista garaikidearen eskultura monumental bat ikus daiteke. ‘Hondalea’-k –itsas ‘hondo’ terminoarekin pareka daitekeen euskal tradizio literariotik hartutako hitza– esperientzia bakar eta berezia eskaintzen die bisitariei: Donostiako kaitik itsasontziz irtetea, galtzadan gora uhartearen tontorrera igotzea, bertatik hiriaren ikuspegi berri batez gozatzea eta, azkenik, farozainaren etxe barrura sartzea.
Brontzezko ontzi handi bat da, barrutik hutsik eta zulatuta dago eraikinean txertatua, bisitariak goitik inguratu eta ikus dezakeena. Ontzian, ura da protagonista, ziklo ezberdinen arabera mugituz, ezin konta ahala zulo eta zokoen artean, urpeko arrokak bailiran. Denbora geldotu egiten da eta ikusleak etengabe aldatuz doan eskultura bizi batean ikusten du bere burua, espazio intimo batean, non itxaronaldiak, soinuak eta leize baten aurrean egotearen sentipenak babesleku bihurtzen duten ‘Hondalea’, ingurune naturalaren kontserbazioaren beharraren inguruko gogoeta leku.

Omako basoa. Agustin Ibarrola, 1982-1985
Agustin Ibarrolak (Bilbo, 1930-2023) konpromiso sozial eta politiko argiko pintura garatu zuen 60ko eta 70eko hamarkadetan. 1982 eta 1985. urteen artean, bere lehen esku-hartzea –eta ezagunena– egin zuen natur-gune batean. Kortezubiko udalerrian (Bizkaia), artistaren baserritik eta Euskal Herriko labar pintura garrantzitsuenetakoak dituen Santimamiñeko haitzulotik hurbil, pinu multzo handi bat margotu zuen, helburu batekin: enborrek eratutako konjuntzio bisualetik abiatuta, irudi geometrikoen eta giza eta animalia irudien –hala nola begiak, piktogramak edo konposizio geometrikoak– konposizio aldakorrak sortzea, agertu eta desagertu egiten direnak bisitariaren kokapenaren arabera. Land art delakoaren praktika sortzaileen tradizioaren barruan, zuhaitzak euskarri zinetiko bihurtzen dira, ikuslea maldan gora eta behera mugitzea eskatzen duen emaitza dinamikoa. ‘Omako basoa’ zabalik egon zen bisitarientzat 2018ra arte, basoaren ziklo biologikoa amaitu zen arte. 2022tik 2023ra bitartean, inguruko beste leku batera lekualdatu zuten, galdutako multzo artistiko batzuk berreskuratuta. Horrela, gaur egun, Ibarrolaren obraz goza daiteke berriro, artistaren hasierako asmoekin osoki eta leialki bat datorren modu batean.

Mikel Onandia artearen historialaria eta erakusketen komisarioa da. Bere ikerketa arte moderno eta garaikidean eta bildumagintza artistikoan oinarritzen da.