Kultura eta industria, Euskal Herrian luzaroan elkarri bizkarra emanda egon diren bi mundu. Gauza bera gertatzen da ondare immaterialarekin eta diseinuarekin. Oso errotuta dauden bi diziplina horiek ia ez dira inoiz batera aztertu. Euskal diseinuaren 50 objektu ikonikoenak biltzen dituen ´Hemendik´ liburua argitaratu eta ´Orain diseinua! Euskadi eta industria´ erakusketa Donostiako Tabakalera zentroan egin zenetik, euskal diseinua aldarrikatzeko interesa piztu da. Gaur egun existitzen den diseinu hori istorio txikitan, objektu handitan zatituta dago, baina ez da bere kontakizun propio batekin egituratu. Honako hau historia handi baten hasiera da, Euskal Herriaren historia, ekoizpen, industria, kultura eta ondare immaterialaren istorio txikien bidez kontatua. Diseinua ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta politikaren elementu eraldatzaile gisa.
Euskal diseinua aldarrikatzen
2021 Ira 20"Memoria benetan eskasa eta partziala da". Kezka horrekin abiatu zen 2014an objektu batzuk sortzeko prozesuak eta familia batzuen istorioak berreskuratzeko abentura, azken batean, Euskal Herrian hamarkada luzez ahaztuta egon den lozorro luze batean zegoen diseinua berreskuratzekoa. Baionan (Lapurdi) egoitza duen Hemendik elkarteak —jatorri eta sektore ezberdinetako hiru euskal enpresek osatua— historiaren kutxetan gordeta zegoen memoria kolektibo hori biltzeko erabakia hartu zuen, lau haizetara zabaltzeko.
Mito taldeko — Hemendik sostengatzen duen hiru hanketako bat— Mikel Martin (Tolosa, Gipuzkoa, 1982) kidearen hitzetan, "gure egunerokoan lan asko egiten dugu enpresekin eta objektuekin, eta harrigarria da haien atzean dauden ezagutza eta istorioak. Ikusten genuen, halaber, ez genuela geure historia ezagutzen; bizipenak ez zeuden elkarri lotuta. Gainera, horretan guztian, kultura eta industria oso bereizita egon diren bi mundu dira. Gure herriaren historia bere objektuen bidez kontatzeko aukera zegoen".
Oso errealitate berezia bada ere, aipatu du Euskal Herrian "ez garela oso kontziente" horretaz. Azken finean, markak etengabeko berrasmaketa-istorio bat dira beti. “Jaio. Bizi. Eraldatu. Batzuetan, desagertu. Istorio partikular horietan ere hori guztia ikusten genuen, eta pandemia iritsi ondoren, ideia horrek are zentzu handiagoa hartu zuen", azpimarratu du Martinek.
"Objektuen atzean zeuden istorioak interesatzen zitzaizkigun gehien, baina horiek aukeratu genituen atzean zer dagoen kontatzeko ‘aitzakia’ gisa"
Haren ondoan eserita Jean Louis Iratzoki (Azkaine, Lapurdi, 1965) dago, Iratzoki-Lizaso diseinu-estudioko kidea, baita Hemendik elkarteko kide ere. Hirugarren hanka, Iruñean (Nafarroa) kokatua, Labrit Patrimonio da. Iratzokik adi entzuten ditu Martinen azalpenak, 2020. urtearen amaieran euskaraz argitaratu zuten —baita hizkuntza hauetan ere: gaztelania, frantsesa eta ingelesa— ´Hemendik´ liburuaren ale bati eusten dion bitartean. "Iratzokik bultzatuta —aspalditik zuen buruan— 2019an hasi genuen".
Horrela, pixkanaka-pixkanaka, behatuz eta ikertuz, argitalpen berezian agertzea nahi zuten objektuak hautatu zituzten. "Objektuen atzean zeuden istorioak interesatzen zitzaizkigun gehien, baina horiek aukeratu genituen atzean zer dagoen kontatzeko ‘aitzakia’ gisa. Objektu batzuk oso tradizionalak dira, beste batzuk inola ere ez. Azkenean, enpresaz enpresa ibili gara, argazkiak ateratzen eta haien istorioa kontatzen, askotan beraiek ere ezagutzen ez zutena. Ia bostehun orrialde dira, baina oso bisualak", adierazi dute sustatzaileek.
Tradizioa eta abangoardia, eskutik helduta
Bizipen, marka eta esperientzia horien guztien artean euskal diseinua elkarlotuta zegoen; antzinatik gaur egunera arte; belaunaldiz belaunaldi. Beti etengabe eboluzionatuz eta abangoardiaren lantza-puntan. Ibilbide horren erakusgarri dira ´Buho´ kortxo-kentzeko mitikoa, mundu osoan hedatutako Heraclito Fournierren kartak edo jada historikoa den Sancheski monopatina.
Beste ekarpen berriago batzuen adibide da Alki —liburu horretan agertzen den enpresetako bat—, oinarri tradizionala duen eta herrialdean errotuta dagoen altzarien sektorean punta-puntako ibilbide berritzailea egin duelako. "Itsasun (Lapurdi) kokatutako 42 langileko kooperatiba bat gara, duela lau hamarkada Peio Uhaldek eta bere lau lagunek Arrasateko (Gipuzkoa) eredu kooperatiboan oinarrituta martxan jarri zuten enpresa-modu original bat, herrian lan egin eta bizitzeko asmoz", adierazi du Alki kooperatibako zuzendari Eñaut Jolimon de Haranederrek. "Historikoki haritz-zurarekin lan egiten zen, eta horrela jarraitzen dugu, baina 180 graduko bira eman genuen estilo garaikiderantz bideratuz, diseinuan sakonduz eta marka gisa eratuz. Barne- eta kanpo-iraultza izan da, berrikuntzaren bideari jarraituz", gaineratu du.
Tradizioa eta berrikuntza. Diseinu propioa —sustraitua eta izaerarekin— osatzeko funtsezko bi ezaugarri. Baina, euskal diseinua orain arte zergatik ez da hainbeste nabarmendu? Oso argi dauka 2019 eta 2020 bitartean Donostiako Tabakaleran (Gipuzkoa) egin zen ´Orain diseinua! Euskadi eta industria´ erakusketaren komisario eta diseinatzaile Guillermo Zuaznabarrek (Donostia, 1971).
"Halakorik ez zen lehenago egin, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan diseinu-eskolarik, horrela ulertuta, egon ez delako; izan ere, 1970eko hamarkada amaitu arte, ziur aski, ez zegoen diseinuari buruzko kontzientzia argirik. Teknikoki oso ondo prestatutako jendea zegoen, baina, neurri handi batean, industria-prozesuak kopiatu eta sinplifikatu egiten ziren. Hortik sortu zen industria handiko tradizio bat, adibidez, Eibarko (Gipuzkoa) hiri industrialean, diseinua diziplina teknologiko batetik edo ingeniaritzaren bidez txertatuz. Baina diseinatzailearen ideia, horrela ulertuta, ez zen 1980ko hamarkadara arte ezarri".
"Juan de Iciar eta Cristobal Balenciaga, munduko diseinu-eskola guztietan ikasten diren bi diseinatzaile dira"
Hamarkada horretan, Euskal Herriaren hegoaldea Europar Batasuneko merkatuan sartuko zela aurreikusita, diseinuak "motor aktiboa" izan behar zuela pentsatu zen, eta, Zuaznabarren arabera, "hainbat ekintza" egikaritu ziren, "batez ere" Bizkaiko Foru Aldundiak (probintziako gobernuak) bultzatuta. "Batez ere, graduondoko ikasketak edo masterrak, baina Euskadi izena edo marka diseinu gisa ez da garatzea lortu. Ez da akademikoz osatutako aurpegi eta begi identifikagarriak zituen eskolarik egon, alde batetik, diseinuaren historiaren narrazio bat —gaur egun oraindik zatituta daukaguna— ordenatu ahal izateko", azaldu du xehetasunez komisarioak.
Bestalde, laurogeiko hamarkadako egoera politikoak “ez zuen laguntzen” “euskal enpresa” gisa aurkezten kasu askotan Espainiako edo Europako testuinguruetan. “Ez zen aipatzen, edo bigarren mailan uzten zen”, adierazi du.
Diseinuaren tradizioa erakutsi
Horregatik, Tabakalerak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk —Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Garapenerako Agentzia— Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren testuinguruan antolatutako erakusketa horretan lehen aldiz “egoera politiko eta sozial berriari esker” objektu tradizional batzuk eta beste diseinu industrial batzuk aldarrikatzen saiatu ziren: “Euskal Herriko diseinuaren tradizioa ere mahai gainean jartzen, eta Europako mendebaldeko diseinuaren historian oso garrantzitsuak diren euskal pertsonaiak daudela azaltzen saiatu ginen, hala nola, Juan de Iciar eta Cristobal Balenciaga, munduko diseinu-eskola guztietan ikasten diren bi diseinatzaile”.
Erakusketa hark, zalantzarik gabe, euskal diseinuaren historia modu kontzientean osatzen hasteko balio izan zuen. Horri buruz galdetuta, Zuaznabarrek hauxe azpimarratu du: “euskalduntasuna identifika dezaketen modu batzuetan ados gaude. Baita kolore batzuetan, sinpletasun batean, herstura batean, materialarekiko gustu batean ere”. Ezaugarri komun horiek guztiak Euskal Herrian egindako objektu askotan aurki daitezke.
Eta horietako batzuk modu bikainean jaso dira lehen aldiz Hemendik liburuan. “Enpresa batzuk tradizio hori, paisaia hori, lan egiteko modu hori helarazten saiatzen ari dira; izan ere, nolabaiteko sentsibilitate estetikoa dugu, berezia, gure nortasunari lotua, eta hori produktu industrialari aplikatzen saiatzen ari gara”.
Gizartea eraldatzeko metodoa
Izan ere, ezin dugu ahaztu diseinuak izaera bat, nortasun bat eta herri bat sortzeko duen garrantzia. Zuaznabar haratago doa: “Diseinua eraldaketa ekonomiko, sozial, kultural eta politikorako metodo bat da. Horren adibide garbia Ulm eskola dugu, 1953tik 1968ra arte Alemanian funtzionatzen egon zena eta oihartzun handia izan zuena: gaur egun industriari aplikatutako diseinutzat hartzen dugunaren hezkuntza-parametroak eta parametro profesionalak ezarri zituen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren gizarte hura industrialki eraldatu zuen. Mercedes, BMW, Braun… Kalitate handiko produktuak, eskola horren metodoa aplikatu zuten enpresak”.
Zuaznabarrek badaki zertaz ari den; izan ere, Tabakalerako erakusketaren parean, Neus Moyanorekin batera ´Sistemen diseinua: Ulm eskola eta Braun konpainia´ izeneko beste erakusketa bat komisariatu zuen Donostiako San Telmo Museoan.
Izan ere, euskal diseinuari buruzko liburua eta erakusketa izaten ari diren oihartzunak mundu ekonomikoan gertatzen ari den kontakizun berri batekin du zerikusia: “Dena merke, erabili eta bota, denak balio du nagusi zen urte zoroen ostean, ekologiari, zero kilometroari, eta tradizioak eta nortasuna ez galtzeari lotutako beste kontzientzia bat sortzen hasi da”, azpimarratu du komisarioak.
Iritzi berekoa da Iratzoki bere argitalpenak eragindako interesari buruz galdetzean: "Enpresek argitalpenaren inguruan interes handia erakutsi dute, baloratu egin dute. Gure helburua kultura eta enpresaren mundua elkarri begira jartzea zen, bi munduen arteko zubi izatea. Eta erreakzioa ikaragarria izaten ari da”. Bere lagunak are gehiago zehazten du: "Harrituta gaude izan duen harrera onarengatik. Lehen edizioa, 1.500 liburu, azkar saldu zen, bigarrenarekin gaude, 3.500 ale; eta hirugarrenean pentsatzen”. Eta zein da eroslearen profila? “Denetik. Madril, Paris eta beste hainbat lekutatik hots egin digute. Azkenean, jendeak leku zehatz bateko diseinuan interesa duelako, bere ezaugarri propioekin, bere historiarekin, bere sorkuntza-prozesuekin, bere hizkuntzarekin…", aipatzen du Iratzokik.
Hori gutxi balitz, argitalpena bere fruituak jasotzen ari da, baita sari moduan ere: Bartzelonako ADG Laus sarien irabazleetako bat izan da 2021ean. Izan ere, euskal sustraietan eta decó estetikan oinarritutako tipografia propioa sortu zuten Kataluniako Extratype estudioarekin batera: "Ikerketa- eta azterketa-lan bat egin dugu, garaiko tipografiak bilatuz… Liburua diseinuko objektu bat gehiago izatea nahi izan dugu”, adierazi du Martinek. Obra, jakina, beren web-orriaren bidez eskura daiteke.
Kultura iraunkorra bere identitatearen ondorioz
Euskal enpresen biziraupenerako gakoetako bat Zuaznabarrek ematen du: “gurea bezalako nortasun sendoa duten kulturak, azkenean, oso espazio txikiak eta iraunkorrak dira.
Gai dira, nolabait, egoera horiei aurre egiteko”. Hori lotuta dago, pandemiaren aurreko urteetan, gastronomia, arropa, oinetako eta abarren bidez “esperientziak” bilatuz Euskal Herrian turismoak izan zuen gorakadarekin. “Nortasun handia eta lurraldearekin eta paisaiarekin lotura estua duten objektuak. Turistak objektu horiek bilatzen ditu. Ildo horren barruan, bizirik irauteko moduetako bat kalitateari lotutako identitatean barneratzea da. Eta ekuazio hori diseinuak ebatzi dezake”, dio Zuaznabarrek.
Mendeetan zehar Euskal Herriaren izaerari ezinbestean lotutako kalitatea. Horrela ikusten dute ere Hemendik elkartearen sortzaileek: "Duela zazpi mende —eta lehenago ere bai— gauza bikainak egin zirela erakutsi nahi izan dugu. Gaur ere hori egiten dela ikusteak, etorkizunean ere egingo dela erakusten dizu. Beste enpresa batzuk ikusteak, beste produktu batzuk ezagutzeak… Horrek guztiak autokonfiantza sortzen du”, esan du Iratzokik.
Gurea dena bertatik kontatzea
Eta zergatik ez erakutsi munduari euskal ikuspegitik? “Gure lehen helburua geure buruari gurea azaltzea izan zen; memoria horretatik abiatzea eta gero mundura zabaltzea. Izan ere, zuk zure barru-barruko gauzak ondo kontatzen badituzu, japoniar batek irakurri egingo ditu”, adierazi du Jean Louisek.
Agian hori da sekretuetako bat, Euskal Herria ikuspegi zabal, tokiko baina unibertsal batetik kontatzea: “Batzuetan artisauena, beste batzuetan egungoa bezain teknologikoa. Horrekin, memoria horrekin, garai horiekin identifikatzea eta ulertzea oso erraza da, bai hemen, bai Japonian”, esan du Martin taldekideak.
Euren argitalpenaren unibertsaltasuna azaltzeko orduan, Iratzokik gaineratu du Euskal Herriaren tamaina “ez dela txarra kontatu ahal izateko; oso koherentea da”. Biribiltzeko, honako hau onartzen dute biek: “Istorioak uste baino politagoak dira. Benetan harrigarriak”.
Euskal formen kontzientzia
Alarmismoetan sartu gabe, erakusketaren komisarioak hezkuntzak honako hauek baloratzen jakiteko duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Konturatzen ez bagara, forma horiek edukia osatzen dutela ikasten ez badugu, desagertu egin daitezke, ez ditugulako zainduko. Formak zaindu egiten dira, forma tradizional horiek balio kulturala dutela ohartarazten dizun hezkuntza dagoen heinean. Eta kultura-forma horiek, zaintzen eta baloratzen ditugun neurrian, euskal enpresa askok, orain egiten duten bezala, beren diseinuetan eta industria-ekoizpenean txertatuko dituzte”.
Etorkizunari buruz galdetuta, Hemendik elkartetik erantzun dute "hau proiektu baten hasiera" dela. Hasieran liburu bat izan da, baina erakusketa ibiltari bat egitea pentsatzen ari gara; ekimena asmo handikoa da eta ideia gehiago ditugu…”, esan du Martinek. Izan ere, gaur egun bigarren fase bati forma ematen ari dira, “ekimenak zer etorkizun izan dezakeen ikusteko. Askoz gehiago egin daiteke, edukia badagoela ikusi eta frogatu dugulako”, gaineratu du Iratzokik.
Kultura-forma horiek, zaintzen eta baloratzen ditugun neurrian, euskal enpresa askok, orain egiten duten bezala, beren diseinuetan eta industria-ekoizpenean txertatuko dituzte
Azken batean, formarekiko eta diseinuarekiko kontzientzia hori sortzeko, Zuaznabarrek hezkuntza, akademia, aipatzen du soluzio gisa. “Euskal erakunde batzuk horretaz jabetu dira, eta beren museografiaren barruan, arkitekturan beren diseinu-bildumak zabaltzen ari dira. Beraz, urte batzuk barru erakusketa eta jarduera gehiago izango ditugu”. Hau hasi besterik ez da egin.
Hemendik aurrera, beraz, kontakizun bat eraiki behar da, gure diseinuaren istorio bat: “Euskal Herria zer den, industriak hain herrialde berezian izan duen eraginaren irakurketa globala eta kulturala egiten hasita, hor dago diseinua, baina kontakizun hori antolatzeko orduan, datuak zatikatuak dira eta argitalpenak oso gutxi izan dira. Hori gure kulturaren ezaugarri bat da”, adierazi du komisarioak. Lan hori egiteko dago beraz, kultura-, industria-, gizarte- eta ekonomia-balio handia duen euskal diseinua aldarrikatzeko. Azken batean, Euskal Herrian sortu diren objektuak, munduko herrialde gisa gure historiaren zati bat gehiago eraikitzeko orain antolatu behar den diseinutik abiatuta.