Itzuli

Basterretxeak eta Chillidak 100 urte: abangoardia eta konpromisoa artearen gailurrean

Egilea: Jon Pagola 2024 Mai 10
Nestor Basterretxea. Argazkia: Artium Museoa.
Nestor Basterretxea. Argazkia: Artium Museoa.
Eduardo Chillida. Argazkia: eduardochillida.com
Eduardo Chillida. Argazkia: eduardochillida.com

Urte berean jaio ziren, euskal kulturako figura ezinbestekoak dira, eta bide desberdinak egin zituzten. Jorge Oteizaren itzal luzearen pean, hona hemen bien historia, berreraikia.

Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924-2014) eta Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924-2002) arteko harremana ez zen oso estua izan, nahiz eta bien bideak behin baino gehiagotan elkartu. Erreportaje honetan, bi artisten arteko antzekotasunak eta aldeak bilduko ditugu, eta, batez ere, beren balentria artistikoen bitartez XX. mendearen bigarren erdia sublimatu zuten bi sortzaileren profilak marraztuko ditugu.

Chillida eta Basterretxea jaio zirenetik 100 urte joan direla ospatzeko, 2024an hamaika jarduera antolatuko dira (erakusketak, liburuak, musika, zinema, hitzaldiak) hala Euskal Herrian nola Euskal Herritik kanpo. Zenbait erakundek, bat egin, eta programa zabal bat osatu dute, hiri bat baino gehiago barnean hartuz. Aukera bikaina da bi figura ezinbesteko hauengana itzultzeko —edo lehen aldiz hurbiltzeko haiengana—, euskal kulturaren erroak aztertu baitzituzten, eta abangoardiako arte-mugimendu bat abiatu.

Lehenik, paseo bat eskulturaz eskultura

Topa al daitezke inon XX. mendeko hiru euskal artistatzarren obrak, leku berean? Bai horixe: Donostian. Uliako magaletik hasita, korritu hiria eta itsasertza: zeharkatu Zurriola hondartza, aurrera egin Paseo Berrian barrena, eta segi Kontxako Badiaren muturreraino. Hantxe daude Chillidak jarritako hiru eskultura, gaur egun hiriaren sinbolo bihurtuak. Haizearen Orrazia ez zen eskultore eta sortzailearen obrarik gogokoena —antza, Zerumugaren Laudapena obra omen zen bere kutuna; Xixonen kokatua dago—, baina ederki biltzen ditu artistaren unibertso kontzeptualaren oinarriak. Eta, jakina, Gipuzkoako hiriburuan gehien maite zuen lekuetako batekiko harremana adierazten du. Chillidak hala esan zuen inguru horri buruz: “Leku hau da guztiaren abiapuntua. Leku hau da obraren egiazko sortzailea. Gauza bakarra egin nuen nik: lekua aurkitu. Haizea, itsasoa, harkaitza: obran eragiten dute modu erabatekoan. Ezinezkoa da halako obra bat egitea ingurunea aintzat hartu gabe”.

´Haizearen Orrazia´ (Eduardo Chillida, 1976). Argazkia: Chillida Leku.
´Haizearen Orrazia´ (Eduardo Chillida, 1976). Argazkia: Chillida Leku.

Miramar Jauregitik metro eskas batzuetara, badian bertan, granitozko figura txiki bat azaleratzen da zorutik: Omenaldia Fleming-i, Chillidarena hori ere. Beste aldean, Sagueseko zabaldian, Zurriola hondartzaren parean, Bakearen Usoa eskultura dago, Nestor Basterretxearena. Donostiako Udalak pieza handi-handi bat egiteko eskatu zion bermeotarrari, eta, hasieran, 1988an, obra hori Kursaaleko eraikinaren orubean jarri zuten, Grosen. Zenbait urte geroago, Amarara eraman zuten, Zurriolako Paseoko lanak eta biltzar-jauregiaren eraikuntza zirela-eta.

2015ean amaitu zen eskultura horren bidaia —zazpi metro neurtzen ditu, eta lau tona pisatzen—: Grosera itzuli zen azkenik. Indarkeriaren aurkako sinboloa da, eta uso erraldoi honek badu lotura estetikorik Basterretxearen beste lan batekin: 1978an, beste logotipo bat egin zuen, “Bai euskarari” kanpainaren harira, Euskaltzaindiak eskatuta. Lehendabiziko irudi hura “suzko txori [baten modukoa zen], fenix hegazti bat, bere errautsetatik berriro jaiotzen”; eskulturaren kasuan, berriz, usoaren irudi sintetizatuak hegoak zabaltzen ditu, hegaz ari dela, bakea eta adiskidetasuna aldarrikatuz.

´Bakearen Usoa´ (Nestor Basterretxea, 1980). Argazkia: Artium Museoa.

Azkenik, Jorge Oteizaren Eraikuntza hutsa dago: Sao Paoloko biurtekoan saritu zuten, 1957an. Bi urte geroago, egileak, bere ibilbide artistikoaren gorenean, eskultura utziko zuela esan zuen. Orioko artistak —Chillidak eta Basterretxeak baino 15 urte gehiago zituen— zur eta lur uzten gintuen maiz.

Topaketa iheskorrak

1966an Gaur taldea sortu zen: manifestu bat argitaratu eta talde-erakusketa bat egin zuten Barandiaran galerian, Donostian. Konstelazio horretan bildu ziren euskal arteko izarrik berritzaileenak eta abangoardistenak. Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta izan ziren mugimendu hartako kide nabarmenak. Abentura kolektibo hori diktadura frankistaren garaian (1939-1975) abiatu zen, baina ez zuen asko iraun. Gaur taldeko artistek iritzi politiko eta artistiko ezberdinak zituzten; hala, taldea bukatu egin zen, eta galeria itxi.

Bai Chillidak bai Basterretxeak Arantzazuko basilikako (Oñati) talde-proiektuan parte hartu zuten: egitasmo horrek hankaz gora jarri zuen iragan mendeko arte erlijiosoa. Arantzazuko abenturak eta desbenturak ulertzeko aintzat hartu behar dira Oteizaren eskultura polemikoak —Donostiako gotzainak debekatu egin zituen, eta eskandalua piztu zuten Vatikanoan—, baina kontuan hartu behar da, orobat, gainerako artisten ekarpena. Eliza berria Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek diseinatu zuten. Eduardo Chillidak bere ekarpentxoa egin zuen (burdinezko ateak) eta azpimarragarriak dira, era berean, Nestor Basterretxearen margolanak (gizakiaren eta Kristo berpiztuaren historien garapena kontatzen dute) eta Lucio Muñozenak. Santutegiaren proiektua 1950ean abiatu zen, eta 1969an amaitu: urte hartantxe, Jorge Oteizak bere apostoluak jarri zituen aurrealdean, azkenik.

Gaur taldea (Balerdi, Mendiburu, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Sistiaga). Argazkia: Wiki Commons.
Gaur taldea (Balerdi, Mendiburu, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Sistiaga). Argazkia: Wiki Commons.
Arantzazuko Santutegiko ateak (Eduardo Chillida). Argazkia: arantzazu.org
Arantzazuko Santutegiko ateak (Eduardo Chillida). Argazkia: arantzazu.org
Arantzazuko Santutegiko kripta (Nestor Basterretxea). Argazkia: arantzazu.org
Arantzazuko Santutegiko kripta (Nestor Basterretxea). Argazkia: arantzazu.org
Arantzazuko Santutegia. Argazkia: Gipuzkoa Turismo.
Arantzazuko Santutegia. Argazkia: Gipuzkoa Turismo.

Elkartze-puntu gehiago. Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean Chillidaren eskultura handi bat dago, zintzilik: 13,5 tona pisatzen du. Topatzeko lekua IV lana 1973 eta 1974 urteetan eraiki zen, eta serie baten parte da: serie horretako lan guztiak handi-handiak dira, eta leku publikoetan erakusteko sortu ziren. 2000. urtean, gainera, euskal eskultorearen izena jarri zioten museoaren sarrerako plazari eta harrera-gelari berari. Bestalde, Basterretxeak, bere bizitzaren amaiera aldera, 18 eskultura eman zizkion museo bilbotarrari —horietako 17 egurrezkoak ziren, eta bestea brontzezkoa—, Euskal Serie Kosmogonikoaren parte denak —1972-1973 bitartean osatu zuen multzo hori—. Arte Ederren Museoaren arabera, “pieza hauek pertsonaia mitologikoetan, naturaren indarretan eta euskal kulturako objektu tradizionaletan daude oinarrituta. Denak ere, Jose Migel Barandiaranen Diccionario de Mitología Vasca (1972) liburutik hartutakoak dira”.

Basterretxea: jarduera frenetikoa Bidasoan

Basterretxeak, Oteizak eta Luis Vallet de Montano arkitektoak etxe-lantegi bat diseinatu zuten Irungo Iparralde etorbidean, eta hara bizitzera joan zen Basterretxea 1958an. Hurrengo hamarraldietan, eraikin hark euskal artistak zein nazioartekoak erakarri zituen. Espazio hori hiriko kultura astintzeko gune bihurtu zen, eta bertakoek nostalgiaz oroitzen dute oraindik.

Bidasoako bailaran, Basterretxeak enpresa-munduaren eta artearen arloko jarduera bizia garatu zuen; hainbat fronte landu zituen. 1960an, margolaritza utzi eta eskulturari ekin zion; gainera, Biok enpresako kidea eta diseinatzailea izan zen: altzari modernoak egiten zituzten. 1963an, berriz, zinemaren munduan egin zuen aproba: Fernando Larrukert zinegilearekin bat eginda, Frontera Films Irún ekoiztetxea sortu zuten. Bere zine-ibilbidea aintzat hartuta, nabarmentzekoa da Ama Lur dokumentala: 105 minutu irauten ditu, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, 1968an. Filmaren aura mitikoak bere horretan dirau. Euskal kultur iruditegiari buruzko poema bisual handi bat da, eta frankismoaren zentsurari aurre egin behar izan zion. Filmaren azken sekuentzian Gernikako arbola agertzen da —sinbolo garrantzitsua euskaldunentzat— eta zentsoreen arabera loretan agertu behar zukeen, ez elurtuta.

Nestor Basterretxeak unibertso poliedriko bat hedatu zuen: diseinua, arkitektura, zinema, arte plastikoak, argazkilaritza, konpromiso kulturala eta politikoa… Hondarribian hil zen, bere etxean, 90 urte zituela.

Chillida: euskal kosmopolita

Eduardo Chillidak lortu zuen nazioarteko sona. Bitxikeria gisa, Real Sociedad futbol-taldeko atezain titularra izan zen, harik eta belaunean min hartu eta bere kirol-ibilbidea eten zen arte, etorkizun handia zeukan arren. 1950ean, 26 urterekin, bere lehenengo erakusketa egin zuen Parisen. Bere bizialdian sari esanguratsu mordo bat jaso zuen, eta, hala, XX. mendeko eskulturako artista nabarmena izan zen. Bere lanak hainbat museo eta erakunde publiko zein pribatutan gordeta daude, eta ikusgai daude, halaber, zenbait hiritan, besteak beste, Berlinen, Washingtonen, Madrilen, Gernikan eta Palma de Mallorcan. Chillidak ederki islatzen zuen euskal artista kosmopolitaren figura: “Leku guztiak perfektuak dira haietara egokituta dagoenarentzat, eta ni, hemen, nire Euskal Herrian, nire lekuan sentitzen naiz, bere lurraldera ondo egokitzen den zuhaitza nola: nire eremuan nago, baina besoak zabalik ditut mundu osora”.

Tindayakoa izan zen bere obra madarikatua —Kanariar Uharteetan dago Tindaya mendia, Fuerteventuran zehazki, eta leku sakratua da han—. Ez zuen inoiz gauzatu. Donostiako eskultoreak mendi haren zati bat disekzionatu eta hustu nahi zuen, eta han barruan kubo erraldoi bat sortu, 50 metro luze eta 50 metro zabal. Kanarietako gobernuak ontzat jo zuen proiektua 90eko hamarraldian, baina ez zen inoiz abiatu. Talde ekologistek kontra egin zioten parez pare. Chillida 2002an hil zen, nahiz eta bi urte lehenago bere utopia bete zuen, bere bizi osoko ametsa: Chillida Leku Museoa zabaldu zen, Hernaniko bere baserriko lorategi ederretan —baserria Zabalaga deitzen da—. Han “atsedenean jarriko” zituen bere “eskulturak, eta jendea haien artean ibiliko zen paseoan, baso batean bezala”.

Jon Pagola kazetari autonomoa da eta oro har musikaz, kulturaz eta aisialdiaz idazten du hainbat komunikabide eta argitalpenetan.

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk