Sariak jaialdietan, harrera beroa jendearen aldetik eta komunikabideetan eta sareetan pil-pilean dauden gaien jorraketa. Mundu guztiaren ahotan dabiltza euskal film eta telesailak. Urrezko aro berri bat bizi ote dugu?
Euskal zinema modan dago: ausazkoa ez den arrakastaren gakoak
2026 Mar 13A. Agur 90, kaixo XXI. mendea
Goya sariak. Donostiako Zinemaldia. Feroz sariak. Nazioarteko zinema-jaialdietan presente. Izugarrizko arrakasta takiletan. Euskal zinema —eta euskal ikus-entzunezkoen ekosistema, oro har— ohitua dago azken bolada honetan sariak eta laudorioak jasotzen. ‘Los Domingos’, ‘Maspalomas’, ‘20.000 especies de abejas’ filmak edo ‘Cristóbal Balenciaga’, ‘Querer’ edo ‘Yakarta’ telesailak, adibide batzuk aipatzearren, oso txalotuak dira kalitate handia, hunkitzeko gaitasuna eta publikoarekiko konexioa izateagatik. Askotariko gaiak jorratzen dituzte, gizartean oihartzun handia dutenak (fedea, homosexualitatea hirugarren adinean, identitatea, genero-indarkeria, giza harremanak). Ikusleen interesa piztu dute eta iritzi onak jaso dituzte aditu eta kritikarien aldetik. Zer ote du gaur egungo euskal zinemak hain erakargarri izateko?
Iratxe Fresneda zinemagilea da, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikus-entzunezko Komunikazio Saileko irakaslea, duela 20 urte baino gehiagotik. Fresneda dokumentalaren arloan espezializatuta dago, eta guztira bost film egin ditu 2016tik hona. Lehenik eta behin, bere irudiko, euskal zinema ez da "zerbait trinkoa", "askotarikoa" baizik, eta "ikusteko eta ikus-entzunezkoetara hurbiltzeko modu asko biltzen ditu". Alta, "mundua euskal kulturaren ikuspegitik ikusteko eta egoteko moduak" birloratze horretan “zerikusia” duela aitortu du. "Hala ere, erakargarri bihurtu duena, edo agian, ageri-agerian jarri duena atzean dagoen lana izan dela uste dut; kultur eragile guztien, erakundeen eta ikus-entzunezko sektorearen lana. Lur-eremu ezezagunetan jardundako urte horiek guztiek fruitu batzuk erein dituzte, sorkuntzarako aukera batzuk", adierazi du Fresnedak.
Aitor Arregi zuzendari eta gidoilaria Donostiako Moriarti kolektiboko (‘Maspalomas’, ‘Marco’, ‘Cristobal Balenciaga’, ‘La trinchera infinita’) kidea da, eta antzeko ideia azaldu du. Biak bat datoz batasunak indarra dakarren horretan. Aldaketa bat izan da, eta beti ez da beharrezkoa lan-kontuengatik emigratzea. 1980ko eta 1990eko hamarkadetara arte, bizibidea zinemaren edo telebistaren bidez irabazi nahi zuena behartuta zegoen Euskal Herria atzean utzi eta Madrilen edo nazioarteko hiri handi batean bizimodua ateratzera. Espainiako hiriburuan garatu zuten beren ibilbide profesionala Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa eta Álex De la Iglesia euskal zuzendariek. Hori bai, sektore hauskor honetan gozo ez gelditzea komeni dela dio Arregik. "Horrela jarraituko ahalko du eta euskal zinemaren industria finkatuko ahal da, berehala eror baitaiteke ondo zaintzen ez badugu".
Jose Mari Goenaga Moriartiko taldekideak bi abantaila nabarmendu ditu iraganeko garaiekin alderatuta: formatu digitalean grabatzeko aukera eta finantzaketa alorrean "erraztasunak", XX. mendean pentsaezinak ziren proiektuak abian jartzeko aukera ematen baitute. "Egoera aldatu egin da", adierazi du Goenagak.
B. Fede (eta zuhurtzia) kontua
Alauda Ruiz de Azua zinema-zuzendariaren (Barakaldo, 1978) ‘Los Domingos’ filmak sekulako arrakasta izan du leku guztietan. Lehenik, film onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen, Donostia Zinemaldiko sari nagusia, 2025eko irailean. Saria jasotzera eszenatokira zihoanean, aniztasunaren aldeko aldarria egin zuen Ruiz de Azuak: "Bizi garen mundu honetan, badut gauza bat argi. Beti dago zu ez bezalako jendea. Eta horregatik uste dut topaketarako, hausnarketarako eta eztabaidarako gunea izatea merezi duela zimenak".
Iazko urrian estreinatu zenetik, ehunka mila ikusle bereganatu ditu filmak, eta sariak biltzen jarraitzen du. Ainara, kristau-fedea besarkatu eta moja izan nahi duen 17 urteko gaztearen istorioa da, eta garaileetako bat izan da otsailaren 28an Bartzelonan ospatutako azken Goya sarietan, Espainiako Oscar sarien parekoak, guztira bost garaikur eskuratu baititu. Euskal ikus-entzunezkoen uzta bereziki emankorra izan da aurtengo edizioan, 40. edizioan, 45 izendapenekin markak hautsi baititu.
Hau ez da, ordea, halabeharrez gertatu, ez eta zori-hutsez ere. 2018an jada, 10 Goya sari eskuratu zituen ‘Handia’ filmak, Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako Moriarti kolektiboaren elezaharrak. Arregik aipatu du, gaur egun oraindik ere, Goya sarietan arrakasta handia izan zuelako gogoratzen dela film horrekin. 2023an, Oscar sarietarako aurrehautatua izan zen Estibaliz Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’ filma, eta Sofia Otero protagonistak, berriz, (neskato trans baten papera egiten du film luzean) urte horretan interpretazio onenaren saria eskuratu zuen Berlinalen.
The Hollywood Reporter aldizkariak euskal zinemaren sendotasuna azaldu zuen otsailaren erdialdean argitaratutako artikulu batean: "Basque cinema gets its Goyas moment" (Euskal zinemak bere une gorena izan du Goya sarietan). Postean oihartzuna izan du Ivan Miñambres Portugaleteko ekoizlearen diagnostikoak: "Oso konbinazio onuragarria sortu da, hauxe da, erakundeen laguntza, ekosistema profesional sendoa eta ahots oso argiak eta bereizgarriak dituzten sortzaileen belaunaldia". Gainera, Miñambresek azaldu duenez, nazioarte-mailan Euskal Herria "gero eta gehiago ikusten da filmak ekoizteko eta kalitate handiko proiektuak garatzeko leku sendo gisa, lurraldean errotuta".
Orduan, argi eta garbi hitz egin ote daiteke urrezko aroaz XXI. mende honetan edo baikorregiak izango ote ginateke? Fresnedak ez ditu oraindik kanpaiak haizetara zabaldu nahi. Baikor agertu da, baina baita zuhur ere: "Garai ona bizi dugu iraganeko garaiekin alderatuz gero. Zinemari eta ikus-entzunezkoei garrantzi handixeagoa eman zaie erakundeetatik, baina oraindik lan handia dugu egiteko gizartean eta hezkuntzan, dibulgazioan eta banaketan, adibidez".
C. Denetatik pixka bat, botikan bezala
Klixea izango da agian, baina aniztasuna da, dudarik gabe, gaur egungo euskal filmen ezaugarri bereizgarria. Hala zioen Fresnedak: hemen fakturatutako zinema ez da monolitikoa. Ikuspegi, gai eta sentsibilitate desberdinak biltzen ditu. Bide ugari eta askotarikoak egiten ditu. Ez dute inolako zerikusirik Paul Urkijoren (´Errementari´, ´Irati´ eta ´Gaua´ film sendo eta arrakasta handikoen egilea, besteak beste) euskal mitologian oinarritutako beldurrezko filmek, ´20.000 especies de abejas´ filmean jorratzen den genero-identitatearekin, ´Cinco lobitos´ filmean lantzen den amatasunaren gaiarekin (Ruiz de Azuaren opera prima), ´Marco´ filmaren istorio tragikomiko eta sinestezinarekin (Jon Garaño eta Aitor Arregi), Borja Cobeagaren komediekin (´Los aitas´, ´Su majestad´), Irati Gorostidik ´Aro Berria´ filmean erakusten duen mundutik bakartutako hippy-komunitatearekin...
Irungo zinema-kritikari Iñaki Ortizen (El Contraplano webgunearen sortzaileetako bat), top 3 partikularrean egongo lirateke ´Maspalomas´ ("hainbat irakurketa-maila dituen film ausarta eta Moriartiren biribilena iruditzen zaidana") eta ezezagunagoak diren ´Daniela forever´ (zientzia-fikzioa Nacho Vigalondoren originaltasunarekin, komedia erromantikoaren eta ziberpunkaren artean dabilena) eta Pablo Hernandoren ´Una ballena´ film luzea “nortasun oso bestelakoarekin, zeinetan Bilboko portua aproposa den bai zinema beltz klasikoa, bai Lovecraften anfibio-munstroak filmatzeko". Ortizek dioen bezala, "azken bi horiek oharkabean pasa dira zinemetatik, jendeak plataformetan deskubrituko ahal ditu".
Aniztasun handia egon arren ("bai, denetarik dago", dio Ortizek), "neurri batean bederen, osagai soziala" izango lukete azkenaldiko titulu askok. Kritikariak justifikatu egin du bere arrazoibidea: "´Gaua´ bezalako film bat, hain generokoa, euskal mitologia hutsa, LGTBIQ+ aldarrikapena da funtsean, eta modu orokorragoan, berriz, desberdinarekiko errespetuzkoa". ´Los domingos´ filma, aldiz, bete-betean sartu da "elkarrizketa publikoan".
D. Donostia, euskal zinemaren hiriburua eta epizentroa
Eztabaidan jar dezakegu gure hiriburuetako zein ote den bizitzeko onena edo erakargarriena, baina, zalantzarik gabe, Donostiak badu berezko lotura zinemarekin. Izan ere, badu arrazoirik zinemaren hiriaren titulu ez-ofizial hori izateko. Zinemaldiaz gain, A mailako jaialdi batek —maila handienekoa, Veneziakoa, Berlinale edo Cannesekoa bezala— beste lehiaketa batzuk ere hartzen ditu: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Giza Eskubideen Zinemaldia eta Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Gainera, 2018tik Elías Querejeta Zinema Eskola (EQZE) du Tabakalerako gunean, munduko hainbat txokotatik hautatutako etorkizuneko sortzaileen sehaska, ikasturte bakoitzean 45 ikaslerekin. EQZEn hasi ohi diren promesa gazte horien lanak nahiko maiz aurkezten dira mundu osoko jaialdietan.
Pisu handiko ekoiztetxeak ari dira lanean Donostian, hala nola Txintxua films (Asier Altunaren ´Karmele´ filma eta Koldo Almandozen ´Zeru Ahoak´ telesaila, besteak beste) eta Sr. y Sra. (´Aro Berria´-z gain, hark ekoitziak dira ´Una ballena´ edo Lois Patiñoren ´Samsara´ esperimentala), bai eta Moriarti talde txalotua ere, 25 urteko ibilbidearekin eta 500 sari baino gehiagorekin. Moriarti Produkzioak ekoiztetxea Euskal Herritik zinema egin daitekeela erakusten duen adibide ezin hobea ote den galdetuta, Jose Mari Goenagak baietz erantzun du, inolako zalantzarik gabe, eta Sr. y Sra. eta Txintxua ere aipatu ditu ekoiztetxe arrakastatsu gisa.
"Badira ekoiztetxe asko aspaldiko urteetan Euskal Herrian lanean ari direnak, lurralde guztietan eta zinemara hurbiltzeko modu ezberdinetatik", gehitu du Fresnedak. "Denbora luzez ereite-lana egin dute, eta orain fruituak biltzen ari gara", adierazi du. Egia da, jarraitu du Fresnedak, engranaje sendoa sortzen ari dela, "Zinebi (Bilbo), Punto de Vista (Iruñea) edo Donostiako Zinemaldia bezalako jaialdiek, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Arte Ederretan trebatzeko eskolek edo Tabakalerako Elías Querejeta Zine Eskolak bultzatuta. Oso kualifikazio handiko profesionalak ditugu eta aukera ematen dute zinema egiteko, eta, askotan, kalitate handikoa gainera".
Jon Pagola freelance kazetaria da eta musikaz, kulturaz eta aisialdiaz idazten du hainbat komunikabide eta argitalpenetan.