Urteak igaro ahala izugarri aldatu da homosexualitatea zineman irudikatzeko modua; 80ko hamarkadako pertsonaia estereotipatuek, pertsonaia mota eta istorio askoz ere errealistagoei bidea eman diete, adibidez. Estatu Batuetan eta zinema independentearen baitan jaiotako New Queer Cinema delako mugimendu zinematografikoak, 90eko hamarkadaren hasierara arte ez zuen bere hazkundea izan. Gainera, urte askotan jasandako muga artistiko zein pertsonal horiek apurtu eta benetakotasuna gidoian txertatzeko asmoz, protagonistak landa eremu zein baserri-giroetan kokatu dituzten izenburu ugari jaio dira. Landa-munduaren irudikapena zinemagintzaren sorreratik presente egon den gai bat izan da -Ameriketako Estatu Batuetako hastapenetako zenbait film aztertu besterik ez dago horretaz jabetzeko-, baina LGTBI+ istorioak ingurune horietan girotzen diren izenburu errealistak topatzeko, azken hamarkadatara jo beharra dago. Hortxe daude ‘Brokeback Mountain’ (Ang Lee, 2005), ‘God´s Own Country’ (Francis Lee, 2017) edota ‘L´Inconnu du lac’ (Alain Guiraudie, 2013) esaterako. Zinegile ugari, kolektiboaren istorioak ingurune horietan kokatzeak balio erantsia ematen dietela ohartu dira. Kasu askotan, pertsona horiek urteetan jasandako zapalkuntzaren jatorria herri txikietan topatu daitekeelako akaso.
Gatozen Euskal Herrira. Urteetan zapaldua egon den LGTBI+ kolektiboak , 1977ko azaroaren 25ean antolatu zuen lehenengo manifestazioa Euskal Herri mailan, eta 4000 lagun inguru bildu ziren. Geroztik apurka-apurka eskubideak berreskuratzen joan dira eta, errealitatean ez ezik, zazpigarren artean horien istorioak islatzen hasi dira. Kontakizun horiek erakusteko, eta bide batez zinemarekiko grina hauspotzeko, jaialdi tematiko garrantzitsu bat sortu zen 2004. urtean: Zinegoak Bilboko LGTBI+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia; kultura, zinema eta arte eszenikoen bidez sentsibilizazioa bultatzeko asmoz. Gaur egun, erreferente bihurtu da nazioarteko LGTBI+ jaialdietan. Urtero 100 lan baino gehiago taularatzen edo proiektatzen dira, gehienak nazioarteko jaialdietan sarituak izan diren lanak. Euskal Herria, baserri-giroak zein herrietako ohiturak sekulako pisua eta garrantzia duen toki bat dela kontuan izanik, saihestezina zirudien , landatartasuna eta Queer-aren arteko batuketa euskal zinemagintzan ere ikustea. Bat-egite hori zorionez iritsi da, eta ez edozein modutan gainera; izan ere euskal zinemagintzan oso garrantzitsuak diren kalitate goreneko zenbait izenburu jaio dira.
Honatx, Queer-ak eta landatartasunak topo egiten duten bost euskal film:
‘La muerte de Mikel’ (1984, Imanol Uribe)
1984eko martxoaren 1ean estreinatu zuen Imanol Uribek mugarri izan den film hau; ‘El proceso de Burgos’ (1979) eta ‘La fuga de Segovia’ (1981) filmekin batera, Euskal Herriari buruzko trilogia bat osatzen du. Benetako gertaera batean oinarritua, ondorio nabarmenak izan zituen Espainiako trantsizio politikoko garaian. Mikel (Imanol Arias) farmazeutiko gazte bat da, homosexuala eta ezker abertzaleko militantea. Egun batean hilda agertzen da. Istorioa hilik azaltzen den unetik atzera azaldua dago, flashback moduan. Lekeitioko portua eta Bilboko Palanka agertoki ditu filmak. 80ko hamarkadara garamatza, intolerantzia eta gatazka sozialak pertsonengan eragin handia zuten garaira. Politika eta nortasun sexualaren krisia uztartzen dituen kontakizuna egin zuen Uribek, eta trama nagusia herri itxi batean girotzea giltzarri da. Fisikoki ere nahiko mugatua dagoen herria da, eta errepidez bertara iristea nahiko zaila dena. Elementuen horiek guztiak uztartuz, Uribek, klasikoan bihurtu den filma osatu zuen.
‘Ander’ (2009, Roberto Castón)
Ariketa ezinezkoa zirudien baserri giroan gay tematika ukitzen zuten filmak topatzea, baina 2009. urtean, askok euskal ‘Brokeback Mountain’ gisa izendatu duten film bikain hau iritsi zen. Berlin, Punta del Este eta beste hainbat hiri bereganatu eta zenbatu ezinezko txalo zaparradak eragin zituen. Baserritar baten eta baserrian lanean hasten den etorkin peruar baten arteko maitasun-harremanak milaka ikusle maitemindu zituen mundu osoan. Berdindu-ren ideia batetik jaiotako proiektua den arren (Sexu- eta genero- aniztasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa eta arreta ematen duen zerbitzu publikoa da), ez pentsa panfleto kutsuko lan bat topatuko duzunik, guztiz kontrakoa. Izaera naturalista duen filma ederra da, deigarria da adibidez musika alde batera utzi dutela. Bitxia eta bidegabea honako datua: filma Euskal Herrian, Frantzian, Belgikan, Suitzan, Herbehereetan, Alemanian, Italian edo Taiwanen estreinatu zelako, baina inoiz ez zelako iritsi Espainiako aretoetara, ez zuen banatzailerik topatu.
‘80 egunean’ (2010, José Mari Goenaga, Jon Garaño)
Gerora ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘La Trinchera Infinita’ filmak edota ‘Cristóbal Balenciaga’ telesail arrakastatsua egin zuten egileek (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, eta hurrengoetan baita Aitor Arregi), 2010. urtean osatu zuten harribitxi hau. Filma hainbat jaialditan aukeratua izan zen eta 30 saritik gora eskuratu zituen; Donostiako Zinemaldian Sebastiane saria – Homosexualen, bisexualen eta transexualen errealitatea eta balioak hoberen islatzen dituen filma saritzen duena-, Nanteseko Espainiar Zinema Jaialdian Opera prima onenarena eta Amsterdam LGTB Film Festival-en ikuslearen eta epaimahairen sariak besteak beste. Axun 70 urteko emakumea ospitalera joan da alabaren senar ohia zaintzera. Bertan ezustekoa hartuko du, izan ere ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun handia. Laster ohartuko dira gaztetan zuten kimikak bere horretan jarraitzen duela. Ongi pasatzen dute elkarrekin, Axunek Maite lesbiana dela jakiten duen arte. Une horretan bere sentimenduei aurre egin beharko die: nori entzun? Bihotzari ala arrazoiari? Pertsonaien gatazka hau garatzeko aukeraturiko kokalekua Donostia da. Hiriaren paisaia ederrek aberastu eta elikatu egiten dute istorioa, Kontxako hondartza edota Santa Klara uharte zoragarriek esaterako protagonismoa izango dute. Axun emakume tradizionala da, ikasketarik gabea, konformista eta adeitsua. Baserrian bizi den senarra zaintzea du helburu. Maite aldiz hiri txiki bateko emakume moderno, kultu, temati eta borrokalaria da. Gizarte-errealitateen dikotomia nabarmena, filmak bikain islatzen duena. Ausardiaz tratatzen du 70 urteren bueltan dituzten bi emakumeen arteko harreman homosexuala, baina modu neurritsuan; keinuz, begiradaz, sotiltasunez eta fintasunez azaldua. Pertsonaiengana hurbiltzen gaituzten eguneroko zertzeladaz beteta dago filma.
‘A escondidas’ ( 2014, Mikel Rueda)
Mikel Rueda bilbotarraren bigarren film luzea da honakoa. Egia da istorioa ez dela herri txiki batean girotzen, baina bi protagonista nagusien iraganak eta istorioak duen pisua kontuan izanda, zerrenda honetan sartzea logikoa da. Hiri batean gurutzatzen dira bien istorioak, baina umetan bizitakoa ahaztu gabe. Alde batetik Ibrahim dugu, 16 urteko mutiko marokoarra, bakarrik eta desorientatuta dabil hiri handi bateko kanpoaldeko errepide batean. Badaki bi egunetan kanporatu egingo dutela, beraz, ihes egitea erabakitzen du. Bestalde, Rafa 14 urteko beste protagonista, hainbat arrazoi tarteko, lekuz kanpo sentitzen du bere burua. Elkar ezagutzen duten unean, gauzak aldatzen hasiko dira. Begi bistan ikusten duguna baino askoz harago doan istorioa da honakoa. Barrua arakatzen duen horietakoa. Drama bakoitzaren atzean beti dago istorio bat ,eta istorio hau bien artean kontatzen da.
’20.000 especies de abejas’ (2023, Estibaliz Urresola Solaguren)
Ia aurkezpenik behar ez duen lan zoragarri hau, Urrezko Hartza eskuratzeko hautatu zuten Berlingo Nazioarteko 73. Zinemaldian, eta Sofía Oterok Protagonista Interpretazio Onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Film honekin lehen aldiz entzun zuten euskara Berlinale jaialdian. Hori gutxi ez eta mundu mailako jaialdi ugaritan sariak lortzeaz gain, Espainiako Goya sarietan 15 izendapen lortu zituen. Zortzi urteko Lucia da filmeko protagonista. Inguruko guztiek Aitor esaten diote, baina berak ez du izen hori maite, ezta Coco deitzea ere, Lucia baizik. Krisi profesional eta sentimental batean murgilduta dagoen amak, Ane, (Patricia López Arnaiz), hiru seme-alabekin batera, Ipar Euskal Herrian dagoen amonaren etxera egun batzuk pasatzera joatea erabakitzen du. Izeba Lourdes ere bertan bizi da, erlezaina da, eta mendian duen baserri txiki batean bizi da. Gidoia eta pertsonaiak erleekin lotzearen ideia zoragarria da. Hasteko, filmaren mezu nagusiarekin zolitasunez lotzen duelako. Erlauntzak eta haien gizarte-funtzionamendua metafora ederra dira; 20.000 erle mota desberdin dauden modura, pertsona izateko, emakume izateko modu asko baitaude. Eta bestetik pertsonaiek zenbat geruza dituzten, nola lotuak dauden eta zein zehaztasunez osatuak dauden erakusten duelako. Lourdes (Ane Gabarain) erlezaina da, Ane eskultorea da eta erlauntzetatik ateratzen du eskulturak egiteko argizaria. Luciak duen genero-disforia, bere gorputzari buruz duen pertzepzioagatik eta biluztasunari dion beldurragatik, agerian geratzen da hasieratik. Dilema horrekin batera, Anek ordu luzez egiten du lan aitaren argizari-tailerrean; horretarako, suaren beroaren gainean urtzen diren gorputz-adarrak, enborrak zein aurpegiak manipulatzen ditu, nahi bezala moldatzen ditu gorputzak. Luciaren gorputz-pertzepzioaren eta argizariaren xaflakortasunaren arteko analogia bikaina da; Luciak itxura fisikoa hain modu erraz, natural eta berehalakoan aldatzea nahiko lukeelako. Aipaturiko landa-ingurunea, izeba Lourdesen baserria bereziki, oso garrantzitsua izango da istorioan; pertsonaien arku dramatikoa garatzen laguntzen duelako, eta noski, kontakizunak eskatzen duen errealismoa transmititzeko ezinbestekoa izango delako.
Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendaria eta zinema kritikaria da. Hainbat komunikabideetan kolaboratzen du (ETB, Gaztea, Gara, Berria, Euskadi Irratia…), eta Feroz sariak banatzen dituen Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kide da.
Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.
Itsasoz gaindiko frantziar lurralde horrek —Ternuaren hegoaldean dago—, euskaldunei, bretainiarrei eta normandiarrei omen egiten die bere banderan, izan ere, XVI. menderako iritsi baitziren inguru hartara.
Landa-eremuko inauteriak berpiztu diren honetan, badago aukera neguko erritual antzinakoak ospatzeko Euskal Herrian. Naturari lotutako ohiturak dira, eta gero eta fama handiagoa dute.
Bilboko Guggenheim museoko horma batean 40 koadro txiki daude eskegita. Paisaia bat edo txolarre bat bezala, begirada bat, luma bat eta bisitaria bera islatzen duen ispilua daude parez pare, urrez jantzitako XIX. eta XX. mendeko marko borobil eta obalatuetan. Denboraren igaroa bera desafiatzen duen mosaiko hau sinatu duen artista Alain Urrutia da.
Munduko txatalez osatua dagoen puzzle deszifraezina da New York. Migratzaileek eraiki zituzten zerua urratzen duten etxe orratzak eta sortu zuten gerora munduan hain ezaguna egin den iruditeria. Etorkinek idatzi dute hiriaren historia eta 2018tik gaurdaino euskal idazle garaikide nabarmenetako bat den Kirmen Uribe ere nortasun, hizkuntza eta kultura mosaiko honen zati bihurtu da.
Floridako Jai Alai Dania frontoia ixteaz batera amaitu da zesta-punta profesionalaren azken atala Estatu Batuetan; garai batean, herrialde horretako apustu-negozio nagusietako bat izan zen.