Itzuli

Genero-identitatetik inmigraziora: eztabaida sozialekin konprometitutako zinema

Egilea: Gaizka Izagirre 2024 Mai 30
Genero-identitatetik inmigraziora: eztabaida sozialekin konprometitutako zinema
´Varados´ (2019, Helena Taberna)

Zinema, mundu osoko istorio eta errealitateak transmititzeko indarra eta ahalmena duen artea dela oso agerikoa da. Abbas Kiarostami-ren ‘Ta´m e guilass’ (1997)  filma adibidez, Teherango gune oso konkretu bateko istorioa izan arren, bere buruaz beste egin nahi duen gizonaren narrazioak nazioarteko ikusle guztien ulermena izan zuen. Edota zer esanik ez20.000 especies de abejas’ filma: eremu eta gune oso konkretu batean garatzen den arren, gai nagusiak mundu osoan uler daitekeen indarra dauka, istorio lokala da baina eztabaida globala eragiteko gaitasuna duena. Euskal zinemagintzak, berezkoak dituen ezaugarri ugari ditu baina, bada azken urteotako ekoizpenetan, maiz errepikatzen den joera bat: konpromiso sozialekin loturiko izenburu ugari sortu dira; amatasuna, identitate sexuala, abortua, feminismoa, LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea, sexu-abusuak, inmigrazioa, pobrezia, desgaitasuna, eta abar.  Testuinguru oso jakin batean girotzen diren filmak dira, baina gai unibertsalak ardatz dituztenak. Euskal Herrian, eztabaida sozialekin konprometitutako zinemak geroz eta pisu handiagoa du.

‘El método Arrieta’ (2013, Jorge Gil Munárriz)

Komunikazioak errealitate jakin bat eraldatzeko duen gaitasuna; hori da lan honen ardatz nagusia. Lourdes eta Mentxu Arrieta aurkezten dizkigu dokumental honek, komunikatzea eragozten dien aniztasun funtzional jakin bat duten ahizpak. Biek hizkuntza propioa eta berezia sortu dute, Arrieta metodoa deritzona, begien mugimenduaren bidez, bion artean komunikatzeko eta kanpoko munduarekin lotura izateko, alfabetoaren letrak irisaren mugimenduarekin marrazten diren hizkuntza. Emozioek eta sentimenduek osatzen dute dokumental honen bizkarrezurra baina Jorge Gil Munárriz zuzendariak sentimentalismo errazetik ihes egiten du hasieratik, bi ahizpen egunerokoa erakusteko helburuz. Gainera, Lourdes eta Mentxuren artxibo fotografikoez baliatu da narrazioa elikatzeko. Arrieta ahizpen istorioak, munduan zehar ibiltzeaz gain, egoera berean dauden beste batzuei laguntzeko balio izan du, eta gaiari buruzko hainbat hitzaldi eman dituzte eskola eta ikastetxeetan.

‘Mi pequeño gran samurai’ (2019, Arantza Ibarra)

Ekai Lersundi 16 urteko transexual ondarrutarrak bere buruaz beste egin zuen 2018an, hormonen ordezkapen-terapiaren inguruan burokraziarekin borrokan ari zela; Euskal Herrian sekulako oihartzuna izan zuen gertaerak. Urtebete geroago, Arantza Ibarrarak, mutikoari buruzko dokumental hau osatu zuen. Film laburrak Elaxar Lersundi eta Ana Martinez gurasoen testigantzak biltzen ditu, baita Naizen elkarteko (adingabe transexualen familien elkartea) eta Ondarroako hainbat bizilagunen ordezkariak ere.  Lersundiren  heriotzak egoera berean dauden hainbat gazte transexualen kasuak aireratu zituen. Elaxar Lersundi aitak, agur modura, zabalkunde handia izan zuen gutun hunkigarri bat idatzi zuen. Emakume batek Ekairen gutun hori irakurri eta barruan sekulako astinaldia sentitu zuen. Trans gazteen eta haien familien errealitatean sakondu eta ulertzeko beharra piztu zitzaion. Egun batean Naizen-en egoitzan azaldu eta geroztik urteak eman zituen gaian sakontzen. Emakume hura Estibaliz Urresola zen, ‘20.000 especies de abejas’ filmaren zuzendaria

‘Varados’ (2019, Helena Taberna)

1994. urtetik darama Helena Taberna nafarrak eztabaida sozialekin konprometitutako zinema egiten. Bere obretan memoria historikoa, genero-indarkeria edo indarkeriaren ondorioak aztertu ditu esaterako. ‘Varados’ dokumentalean iraupen luzeko errefuxiatuen drama lazgarria erakusten du. Zinemagileak, harrera-zentroak, errefuxiatu-eremuak eta Grezian okupatutako eraikinak erakusten ditu errefuxiatuei ahotsa emateko helburuz. Beren bizitzarekin jarraitzeko aukera emango dien dokumentazioaren zain dauden pertsonak. Lan hau Zaporeak-en ekimena da (Lamiarekin koprodukzioan), Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Hijos de dios’ (2020, Ekain Irigoien)

Dokumentalgintzan, eta zineman oro har, behar baino gutxiago jorratzen den gaia erakusten du dokumental honek: etxegabeen edo etxerik gabeko pertsonen errealitatea. Madrilgo kaleetan bizi diren bi lagunen istorioekin osatu du Ekain Irigoienek. Bost urtez jarraitu du beraien egunerokoa eta begietara ikusezin bihurtzen den errealitate baten bizitza aztertzen du. Bi pertsona horien arteko adiskidetasunak, bizitzaren, heriotzaren eta duintasunaren aldeko ereserki bihurtzen dute lan hau. Normalean fikzioetan ikusten dugun hizkuntza bisual zaindua erabiliz osatu da, baina intimitate eta gertutasun maila harrigarria sortu ditu Irigoienek; gidoirik gabe aritu da lanean, pertsonaiak bezala, gertakizunak ere benetakoak izatea nahi baitzuen zuzendariak. Artea beti izan da baliagarria kontzientziak astintzeko eta hemen ere halaxe gertatzen da.

‘Hijos de dios’ (2020, Ekain Irigoien)

‘Cinco Lobitos’ (2022, Alauda Ruiz de Azúa)

Barrenak nahasten dituen film horietakoa osatu du Alauda Ruiz de Azúak. Pertsonaiak erdigunean jarriz, amatasuna, zaintza eta familiaren komunikazio ezaz diharduen bidaia emozional zoragarria eraiki du. Lan zintzoa, naturala, errealista eta hunkigarria oso. Laia Costak maisuki gorpuzten duen Amaia ama izan berri da, eta ez daki nola heldu egoera horri. Baina, aldi berean, alaba ere bada. Beraz, amarekin duen harremanak berebiziko indarra du harentzat. Ruiz de Azúak kontakizuna eszenaratzeko aukeratu duen naturaltasunari esker, eta batez ere, gertukoak senti ditzakegun pertsonaia horiekin bidaiatzeak, lehen unetik pantailara itsastea eragiten dute, ikuslea protagonistaren eta familia horren bidaia-lagun eginez. Malagako Zinema Jaialdian Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga eskuratu zuen eta Goya sarietan hiru sari irabazi zituen.

‘Suro’ ( 2022, Mikel Gurrea)

Helena eta Ivan bikotea (Vicky Luengo eta Pol López) dira kontakizunarekin protagonista nagusiak. Hiriak eskaintzen duen bizitza erosoa baina estresagarria atzean utziko dute artelatz-baso baten erdian dagoen etxe batean bizitza-proiektu berri bati ekiteko. Landa-eremuan bizitzeak dakarrenari buruz ikuspegi desberdinak dituzte ordea, eta horrek bikote gisa, izango duten etorkizunari buruz hausnartzeko parada emango die. Elkarrekin abentura berri bati ekiten dion bikote baten inguruan dihardu, baina, istorioak aurrera egin ahala, haien emozioak, kezkak, ikuspuntuak azaleratzen dira. Filmak, bikotearen inkomunikazioaz, immigrazioaz, kulturen arteko talkaz edo beste bizimodu batzuen zailtasunaz dihardu; berekoikeriaz, arrazismoz edo klasismoz betetako mundu baten erretratu nahiko ezkorra da zentzu horretan. Gai horiek bikainki uztartzen ditu Mikel Gurrea donostiarrak. Vicky Luengok eta Pol Lópezek egiten duten lana nabarmena da, ikuslea hunkitzen duten dilema moralak ematen baitizkiete beren pertsonaiei.

‘Las buenas compañias’ (2023, Sílvia Munt)

Benetako gertaeretan oinarritutako drama. Sílvia Munt zuzendari eta aktore kataluniarrak zuzendu du lana, baina istorioa, Jorge Gil Munárriz euskaldunaren -filmeko beste gidoilaria- ikasle batzuen dokumental labur batetik jaio zen.Basauriko 11ak” deiturikoen istorioa du oinarri: 1976tik 1985era prozesu penal bat bizi izan zuten Basauriko langile-klaseko hamaika emakumek, feminismoa eta abortatzeko eskubidea agerian uzteko borrokatu zirenak. Kasu honek, 1985ean onartutako Espainiako abortuaren legea bultzatu zuen. Istorioak berak indar nahikoa duen arren, girotze lana eta kokalekuen aukeraketa asko landu dira. 70eko hamarkadako etxebizitzen barneko hormen kolore berde bereizgarria edota garai hartako zeruko kolore grisak esaterako. Aktore guztien lana aparta da; horien artean izen oso ezagun bat ere topatuko duzue Itziar Ituñorena. Malagako Zinemaldiko sail ofizialeko Film Luze Onenari Epaimahai Gaztea Saria eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikuslearen saria irabazi zituen.

‘Bidasoa 2018-2023’ (2023, Fermin Muguruza)

Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Fermin Muguruzak dokumental hau.  Bere aurreko lana, -‘Black is Beltza’-,  arrazakeriaren kontrako oihu bat dela esan daiteke, ‘Bidasoa 2018-2023’ aldiz,  Frantziak Bidasoaldeko mugan ezarri zituen kontrol arrazistak salatu eta horietan hildako hamar pertsonak gogora ekarri nahi dituen lana da. Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia kontatzen du, Bidasoaldean hildakoak gogoratu, eta indarkeriaz inposatutako mugak eta kontrol arrazistak salatu. Elkarrizketak eta testigantzak bilduta osatu du filma; pertsona arrazializatuenak nahiz ekintzaileenak batu ditu. Adierazpen horiek guztiak lotzeko ibaiaren metafora erabili du eta horretarako bizikletan dabilen Amets izeneko protagonista aukeratuko du. Ibaiaren alboko bidea egiten ari den bitartean bere istorioa azaltzen duen emakumea da. Bidasoan hildako migratzaileen izen-abizenak ere agertzen dira, haien irudia,  heriotza data, baita horien migrazio ibilbidea ere. HorretarakoBlack Is Beltza’ filmaren animazio lanaren estiloko zertzelada batzuk erabiltzen ditu narrazioa aberasteko. Bidasoa muga baino, zubi izan dadila aldarrikatzen duen lana; eta ibaiek pertsonak batu beharko lituzketela, ez hil.

Bide batez, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen duen Kontatutako Zinea zikloa ere aipatzekoa da. Hilabetean behin zuzendariak gonbidatzen dituzte bertara euren lan-prozesuei buruz hitz egin diezaguten. Hemen Fermin MuguruzakBidasoa 2018-2023’ filmaren prozesua nola azaldu zuen ikus dezakezue.

‘Nina’ (2024, Andrea Jaurrieta)

Sexu-abusuen gai latza ere ezin bazterrean utzi. Andrea Jaurrieta-ren lan hau 2024ko film aipatuenetarikoa izaten ari da, Malagako Zinemaldian esaterako Kritikaren Saria jaso du. Protagonista nagusia, zinema beltzeko heroia bailitzan, Patricia López Arnáiz dugu, Nina-ren pertsonaia antzezten. Hazi zen herrira itzuliko da, bizitza hondatu zion pertsonaz mendeku hartzeko. Bi denbora lerro erabiliz -iragana eta orainaldia- Jaurrietak, modu ausart batean hitz egiten du sexu-abusuari, traumari eta botere-abusuari buruz. Horretarako egitura narratibo eta zinematografiko landuak eta oso sotilak erabiltzen ditu, zinema klasikoaren moldeak erabiltzen dituen western feminista moderno baten tankeran. Osagarri oso klasikoez baliatzen den arren, ez da klixetan erortzen, eta filmeko pasarterik garrantzitsuenak, hitz egiten ez den uneetan loratzen dira. Istorio hau irudiekin kontatu behar zen, ez hitzekin, esaten ez dena baita garrantzitsuena, eta Jaurrietak bikainki egin du hori.  Western klasikoetan paisaia eta kokalekuek duten garrantzia agerikoa da, eta hemen ere gauza bera gertatzen da; Urdaibaiko agertoki ikusgarriek – filma Bermeo eta Mundaka inguruetan grabatu da- berezko nortasun bisuala eta narratiboa ematen diote istorioari, herrialde nordikoetako edota Ingalaterrako thriller dramatikoen tankerakoa.

Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendaria eta zinema kritikaria da. Hainbat komunikabideetan kolaboratzen du (ETB, Gaztea, Gara, Berria, Euskadi Irratia…), eta Feroz sariak banatzen dituen Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kide da.

Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk