Azken urteetan, artista plastikoen belaunaldi berri bat nabarmendu da. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran jaio, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean trebatutako artistak dira, eta herrialdearen mugetatik haratago ere lortu dute onespena. Eskultura, pintura, instalazioak, testua eta performancea hibridatzen dira haien ibilbide eta lanetan, eta horren emaitza dira sorkuntza artistikoaren zentzu poetikoa argiro islatzen duten akabera landuko lanak.
Bistatik galdu ezin dituzun bost artista gazte
2025 Api 09
Sahatsa Jauregi
Eskultura da, zentzurik zabalenean, Sahatsa Jauregiren (Itaparica, Brasil, 1984) prozedura naturala. Herri kulturako pieza, irudi eta formen inbentarioak egiten ditu, orokorrean ornamentuari lotuta, eta esanahi berriak eransten dizkie. Gorputza, subjektibotasuna eta identitate indibidual eta kolektiboak aztertzen ditu, eta kultura nagusien eta kontrahegemonikoen arteko tentsioetan jartzen du arreta, baita gustu onaren eta txarraren arteko tentsioetan ere. Horrek ikuslearen kategoria estetikoak zalantzan jartzeko aukera ematen dio.
Subjektuak, objektuak eta espazioak osatzen dute Jauregik muntatutako eskulturen agertokia. Tunningaren eta forjaketaren erdibidean oreka perfektuan ahokatzen diren elementu indibidualez osatuta daude, eta sarri kutsu sentsual eta erotikoko instalazioak eratzen dituzte. Kitscharekiko interes argia duten piezak dira, eta material metalikoak, kristalak edo ispiluak erabiltzen dituen teknoestetika sortzen dute. Material horiek kolorearen logikaren kontrakoak dira, eta, beraz, enigma dira beren materialtasunerako.
Sahatsa Jauregik bakarkako erakusketak egin ditu erakunde hauetan: Aparador Monteleón (Madril), Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa (Vitoria-Gasteiz), Azkuna Zentroa (Bilbo), Artiatx Espazioa (Bilbo), Halfhouse (Bartzelona) eta Carreras Múgica galeria (Bilbo). Azken urteetan, haren lana ikusgai egoten da Madrilgo Arco azokan, The Ryder Projects (Madril) eta ATM (Gijón) galerien eskutik. 2017az geroztik Okela Sormen Lantegiko (Bilbo) bazkidea izan da.
Alain Urrutia
Artearen historiako lan ikonikoak (sarri horien xehetasunak), paisaiak, liburuak, ehunak eta jiratuta edo ebakita dauden objektu arrunt gutxi asko antzemangarriak erlazionatuta aurkezteak testuartekotasun bisual, literario eta kontzeptual aberatsa iradokitzen duen harridura eragiten du. Alain Urrutiaren (Bilbo, 1981) pintura da. Nola mihise izugarri handietan hala margolan txikietan, Urrutiak unibertso identifikagarri bat sortzen du, grisalla teknika eta zinemako eta argazkigintza historikoko zuri-beltza erabilita. Horrek nolabaiteko izaera isil eta atenporala ematen dio, izaera enigmatikoa.
Urrutiaren lana ez da prozedura zehaztu baten emaitza; koadro batek beste bat sortzera darama, hurrengoak zein izango diren jakin gabe. Margolan bakoitzari poema bat balitz bezala heltzen dio, eta erakusketa bakoitzari, poema bilduma bat balitz bezala. Zatikapenak eta amarruak erabiliz, lotura narratibo etenen sare bat sortzen du, estratu desberdinen sare bat, eta horiek diagonaleko irakurketak iradokitzen dituzte, ikusleak osatu behar dituen esanahi argi eta unibokorik gabeko kontakizunak.
Alain Urrutia Berlinen bizi da, eta bertan lan egiten du. Bakarkako erakusketa asko aurkeztu ditu galeria hauetan: Pelaires (Palma Mallorcakoa), MAAB Gallery (Milan) eta Casado Santapau (Madril). Haren lanak erakusketa kolektiboetan ikusgai egon dira zenbait erakundetan: Bilboko Guggenheim Museoa, Joan March Fundazioa (Palma Mallorcakoa), Patio Herreriano museoa (Valladolid), La Casa Encendida (Madril), CCEMx kultura zentroa (Mexiko Hiria) eta Contemporary Arts Center (Cincinatti).
Elena Aitzkoa
Elena Aitzkoak (Apodaka, Araba, 1984) pinturan egin zituen bere ibilbideko lehen urratsak, eta hortik eskulturara, performancera eta poesiara iritsi da. Haren piezetan era askotako osagaiak uztartzen dira, hala nola oihalak, harriak eta aurkitutako objektuak. Osagaiok berrerabili, tolestu eta zabaldu, lotu, inguratu, bildu, zulatu, urratu eta berriro tolesten ditu, eta giza eskalako eta izaera intimo eta etxetiarreko presentzia eta fisikotasun korporal berezia lortzen du.
Artistaren azken lanak aniztasun orekatu eta trinkokoak dira, eta konbinatutako material desberdinen fintasun eta ukigarritasunagatik nabarmentzen dira, haien testurak eta balio kromatikoa tarteko. Horrek determinatzen du lanen konfigurazioa, eta pertzepzio sentsorial iradokitzailea eragiten du, eta batzuetan inguruko espaziora hedatzen da, adarrak kanporantz irekitzen dituen zuhaitz formako egitura batetik abiatuta. Oihal urdin argi, berde eta arrosakara handiak gogortu egiten dira, eta osagai gogor zein bigunak eta askotariko ametsak harrapatu edo besarkatzen dituzte korapilo heterogeneo pilo batean.
Elena Aitzkoak bakarkako erakusketak egin ditu Azkuna Zentroan (Bilbo), La Paneran (Lleida) eta Carreras Múgica galerian (Bilbo). Duela urte batzuetatik Madrilgo Arco azokan parte hartzen du Rosa Santos galeriaren (Valentzia) eskutik. Haren lana ikusgai dago zenbait erakundetan, Arte Ederren Bilboko Museoan eta Vitoria-Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, besteak beste.

Josu Bilbao
Josu Bilbaok (Bermeo, Bizkaia, 1978) mintzamenaren eta ahozkotasunaren materializazioaren eta performatibitatearen gainean hausnartu eta esperimentatzen du. Gorputzak eta haren komunikazio mekanismoek baldintzatuta, artistaren ama hizkuntzako hitzak, esaldiak edo bitxikeria morfologikoak, etxeko euskara dialektalekoak, esperientzia pertsonalaz, maitasunez eta poesiaz blaituta ageri dira. Hizkuntzaren normatibotasun publikotik ihes egin orduko, gizaki egiten gaituen sentikortasun ikusezin eta arin horren materializazioa proposatzeko aukera ematen diote artistari.
Behaketa sakonetik sortzen den prozesuzko ikerketa baten ondorioz, leku zehatzen espazio-denborak eta haien seinaleak dira alderdi aipagarrienetako bat artistaren lan eskultorikoetan, non hizkuntza eta forma, hauskortasun goreneko egoeran, egitura oinarrizkoenen ezinbesteko parte bihurtzen baitira. Pentsamendua-hizketa eta materia-espazioa trantsizio horretan, lehen gauza bat ziren leku haiek orain beste zerbait dira.
Josu Bilbaok zenbait erakundetan erakutsi ditu bere lanak, eta kolaboratzaile gisa ere aritu da, honako hauetan, besteak beste: Halfhouse (Bartzelona), Bulegoa z/b (Bilbo), Centro Botín (Santander), Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionala (Madril), Arte Ederren Bilboko Museoa edo CentroCentro (Madril). Bakarkako azken erakusketa Vitoria-Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan egin du, 2025ean.
Damaris Pan
Damaris Panen (Mallabia, Bizkaia, 1983) lanaren abiapuntua eguneroko gertaera hutsal bat izan daiteke, eta horri heltzeko modua, pintura. Forma edo keinu batetik abiatuta sortzen ditu artikulazioak eta birkonfigurazioak, plano eta objektu konbinatu eta gainezarriak, espazioan elkarrekin erlazionatuta dauden objektuak sortzeko, ustekabeko gertaera piktorikoa aurkitu arte. Koloreak, bereziki kolore desberdinen arteko erlazio harmonikoan dagoen tentsioak, eta pieza bakoitza geruzaz geruza eraikitzearen ondoriozko gainazal piktorikoen materialtasun nabarmenak materia klase berezia ematen diote margolanei.
Konfigurazio geometriko, logiko eta ordenatuekin batera ageri dira beste konfigurazio organiko eta groteskoago batzuk, konposizio egituratuaren hoztasuna eta serietasuna orekatzen dutenak, eta, horri esker, artista ludikotasunaren eta absurdoaren lurraldean sar daiteke. Eszena narratibo zatikatu eta umoristikoak dira, batzuetan satirikoak, eta horien bidez, osagai nagusien arteko jolas eta tentsioetan oinarrituta, artistak pinturaren esentzia arakatzen du, poetika iradokitzaile bat, zeinaren berezitasunak baitira itxurazko soiltasuna eta ezkutuko konplexutasuna, lehen begi kolpean nahiz patxadaz behatu ostean funtzionatzen duena.
Damaris Panek bakarkako erakusketak egin ditu erakunde hauetan: Patio Herreriano museoa (Valladolid), Hallfhouse (Bartzelona), BilbaoArte Fundazioa (Bilbo) eta Rekalde Aretoa (Bilbo). 2024ko Pinturako BMW saria jaso zuen. Azken urteetan, haren lana ikusgai dago Madrilgo Arco azokan, Ana Mas Projects (Bartzelona) eta Fermay (Palma Mallorcakoa) galerien eskutik. 2015az geroztik pintura irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean.