Itzuli

Alain Urrutia, denboraren igarotzeari desafioa

Egilea: Oier Aranzabal 2023 Ots 02
Alain Urrutia

Bilboko Guggenheim museoko horma batean 40 koadro txiki daude eskegita. Paisaia bat edo txolarre bat bezala, begirada bat, luma bat eta bisitaria bera islatzen duen ispilua daude parez pare, urrez jantzitako XIX. eta XX. mendeko marko borobil eta obalatuetan. Denboraren igaroa bera desafiatzen duen mosaiko hau sinatu duen artista Alain Urrutia da.

Artista ezagutzeko eta ulertzeko biderik laburrena bere estudiora egiten duena da. Eta Urrutiaren kasuan Berlingo Prenzlauer Berg auzora jo behar dugu. S-Bahn trena igarotzen den kale bizi batean du etxea. Eta haren ezkaratzeko sotoan igarotzen ditu goiz, arratsalde eta, noizbehinka, gauak. Ideiak oliotan busti eta margo bihurtzen, bere estudioan.

Bilbon jaio zen 1981ean, Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta  Brerako (Italia) akademian igaro zuen 2001. urtea. Margolaritzan espezializatzeko pausua bertan eman zuen, akats burokratiko edo gaizki ulertu semantiko baten ondorioz. Diseinua ikasi nahi zuen, baina, italieraz hitzaren adiera oso bestelakoa da. ‘Disegno’-k marraztea esan nahi du. Gure zorionerako kasu honetan, izan ere, ordutik ibilbide oparoa izan du euskal artistak, munduko arte feria garrantzitsuenetan parte hartuz eta bere artelanak horma prestigiotsuetan eskegiz. Munduan euskal arte garaikidea barreiatuz, alegia.

"Ez dago gauzak azkar egiteko modurik. Helduko gara heldu beharreko lekura, edo agian ez”

Burdinazko ate mailatua zabaldu eta estudiora luzatu dugu pausua. Soto txikia izanagatik ere, artista handi baten barne mundua kabitzen da bertan. Ezkerretara, ugazabak biltegi gisa darabilen bodega dago. Bildumagilea da sotoaren jabea eta hainbat artelan daude pareten aurka pilatuta, kartoietan bilduta. Norbaitek noiz eskegiko zain. Alboan bi mendi bizikleta herdoildu begira. Eskuinetara egin dugu, ordea, 15 metro karratu inguruko gela horma zuridunean sartzeko. Berlingo argi apala sartzen uzten duen leihoa du gibelean, eta margo usain sarkorrak inguratu gaitu pausua eman ahala. Marko sorta bat dago lurrean. Urriaren 29an geratu zen erloju bat horma batean, hiruzpalau koadro bestean. Agian hurrengo erakusketan ikusi ahal izango diren hiruzpalau margolan. “Banabil Milango erakusketarako lanekin”, azaldu du Urrutiak.

Alain Urrutia
Alain Urrutia bere estudioan. Argazkia: Oier Aranzabal

Zuriaren eta beltzaren artean dauden tonuekin egiten du lan Alain Urrutiak. Ansel Adamsen grisen eskalaren ñabardurak bilatzen ditu bere paletan. Eta bere sinaduraren ezaugarrietako bat da zuri beltzarekin duen obsesio hau. Haren janzkerak berak ere salatzen duena. “Ez dakit bide zuzenik ba ote den, baina, argi dago nik hartu dudana ez dela”, azaldu du. “Esaten dute bide zuzena dela biderik laburrena, baina, artean ez dago bidezidorrik. Ez dago gauzak azkar egiteko modurik”. Alainek ez du presarik, eta ezta helmuga jakinik: “Helduko gara heldu beharreko lekura, edo agian ez”.

Urrutiaren lanek badute hilezkortasun kutsu bat. Garaikideak izanagatik, badute iragan mendeen traza. Geziz jositako San Sebastianen gorpua. Trikuharria. Kandela bat itzali berria, kea dariola. Eta baita etorkizun denarena ere. Exoplaneta bateko paisaia. Mendi itxurako hodeiak. Rafa Berrio zenak abesten zituen bezala, margotzen ditu biziraungo gaituzten objektuak; esku batean txanponak, maindireak edo portzelanazko tigre bat irasagarra eta perlazko lepokoa zaintzen liburu baten gainean.

Alain Urrutia
Alain Urrutia. Argazkia: Oier Aranzabal
Alain Urrutia
Alain Urrutia. Argazkia: Oier Aranzabal
Alain Urrutia
Alain Urrutia. Argazkia: Oier Aranzabal
Alain Urrutia
Alain Urrutia. Argazkia: Oier Aranzabal

Denborari desafioa guztietan dago. Memoria eta, honenbestez, ahanztura artelan guztietan dago. Bada esaten duenik artea dela heriotzari izkin egiteko modua, betiko geratuko den adierazpen hori utziko duzulako. “Ez zait ardura ni ez nagoenean zer pentsatuko duten, erre ditzatela koadroak nahi badute”, dio Urrutiak. “Are gehiago, eskatzen badut hil ostean nire koadroak erre ditzaten, espero dut nire nahia betetzea”.

Estudioaren hertz batean aparte zuen kartoizko kutxa bat ekarri du artistak. Eta erlojugileak torloju eta engranajeak ukitzen dituen fineziaz atera ditu banan bana Guggenheim museoan erakutsi dituen 40 koadro txikiak. Borobilak, obalatuak, askotarikoak. Urtero bat gehitzen dio bildumari.

Koadro bat bizi duen urte bakoitzeko. Salgai ez dagoen obra bat. Hil artean amaitu gabe egonen dena.

Oier Aranzabal kazetaria da. ULU Media podcast ekoiztetxeko kidea. Barruan Gaude elkarrizketa podcastaren egilea. Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du; Berrian, Argian, Noticias de Gipuzkoan edo ZuZeun, besteak beste.

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk

Kirmen Uribe bere New Yorkeko etxean. Argazkia: Oier Aranzabal
Literatura eta liburuak

Kirmen Uribe eta liburuz egindako eraikinak

Munduko txatalez osatua dagoen puzzle deszifraezina da New York. Migratzaileek eraiki zituzten zerua urratzen duten etxe orratzak eta sortu zuten gerora munduan hain ezaguna egin den iruditeria. Etorkinek idatzi dute hiriaren historia eta 2018tik gaurdaino  euskal idazle garaikide nabarmenetako bat den Kirmen Uribe ere nortasun, hizkuntza eta kultura mosaiko honen zati bihurtu da.

Artea

Kaleak hartzen dituzten gorputzak

Mendea estreinatu berri zenean, gona beltzez jantzitako emakume bat Brooklyneko zubiaren erdian kokatu zen, kameraren begiari so. Hankak ireki zituen eta, zutik, espazio publiko horren erdian pixa egiten hasi zen.