Pop eta rockaren figura historikoetatik hasi eta musikari gazteen belaunaldi apurtzaile eta bikainarekin buka, gero eta talde eta bakarlari gehiagok agortzen dituzte sarrerak areto handietan.
Euskal artistak zuzeneko aparraldian
2024 Eka 1480ko eta 90eko hamarraldien artean, 160 metrok amildegi bat osatzen zuten Bilbon. Distantzia horixe dago, hain zuzen, Nerbioi ibaiaren bi ertzen artean. Alde batean, Ezkerraldea, langilez eta herritar xehez betea, honako herri hauek osatua besteak beste: Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi; bestetik, eskuineko ibaiertza —Getxo, Leioa, Erandio eta Berango—, alde oparoa eta burgesa. Horren lekuko mutua, Portugaleteko zubia, 1893az geroztik bi ertz antagoniko batzen dituen transbordadorea. Krisi ekonomiko eta sozialaren ondoriozko amorruan eta ezinegonean, hainbat musika-taldek, hala nola Eskorbuto, Zarama edo Parabellum-ek, suminez kontra egin zioten sistema matxuratuari. Euskal Rock Erradikala deitzen zen estilo hura. Musika azeleratua, kontrakulturala eta kitzikagarria.
Eskuinalde oparoan, ordea, izaera hedonistagoko taldeak sortu ziren: El Inquilino Comunista, Los Clavos, Lord Sickness… Talde alternatiboen ugaritasunaren ondorioz, Getxo Sound etiketa sortu zen. ‘160 metros: una historia del rock en Bizkaia’ (Álvaro Fierro eta Joseba Gorordo, 2013) dokumentalak ondo erakusten du garai horretako errealitate konplexu eta plurala, hainbat belaunaldi markatu zituena eta Euskal Herri osoan oihartzuna izan zuena. Sasoi berean, Elena López Aguirrek —kazetaria eta Potato reggae-talde gasteiztarreko kidea— ‘Historia del Rock Vasco-Edozein Herriko Jaixetan’ (Aiainai edizioak) liburua argitaratu zuen: lan funtsezkoa, inondik ere. Soinu-ibilbide zehatz eta sakona, 650 orrialde luzea, 30 kapitulutan banatua: euskal folkloretik (txistua, bertsolaritza) hasi eta XXI. mendera artera doa.
Hala dokumentalean nola López Agirreren liburu entziklopedikoan euskal musika-eszenako pertsonaiarik garrantzitsuenak biltzen dira. Artista eta talde beterano horietako batzuk bigarren gaztaro batean daude kontzertuei esker. Aldi berean, musikari gazteen labealdi berri bat ere arrakasta handia izaten ari da. Batzuen eta besteen artean, izen aski ezagun batzuk: indartsu dihardute oraindik ere. Zuzeneko musikaren tronuaren kinka hiru bloke handitan banatuta dago: jarraian bilduko eta aztertuko ditugu.
Euskal Rock Erradikalarenak
Euskal Herriko musika-markarik ezagunena eta polemikoena da Euskal Rock Erradikala (RRV). 1983an jaio zen izena, bi pertsonaren eskutik: Mariano Goñi, ´Soinua´ eta ´Oihuka´ zigiluen burua, eta José María Blasco kazetari eta managerra. RRVri buruzko manifestua Egin egunkarian eman zen ezagutzera, urte horretako urrian Tuteran (Nafarroa) egindako jaialdi antimilitaristaren bezperan. Sorrera-ekitaldi horretan, talde berriak bildu ziren, eta 1980ko hamarraldi nahasian arrakasta izan zuten: Basura, RIP, Barricada, La Polla Records, Zarama eta Hertzainak. Talde horiek etiketarik gabeko musikaren alde zeuden, eta behin eta berriz gaitzetsi zuten izendapena. Beren letrak soinuaren zerbitzura zeuden: soinu-mota horrek, hain zuzen, rockaren ohiko parametroetatik ihes egiten zuen, eta punk, ska, reggae eta beste estilo batzuetan murgiltzen zen. Kortatu taldea izan zen mugimenduaren ikur absolutua, eta taldearen buru Fermin Muguruzak hala esan zion El País egunkariari 1986an: “Euskal rock erradikalaren kontu hori ipuin hutsa da, ergelkeria bat”.
Euskal Rock Erradikalaren etiketa mespretxatuaren pean hazi ziren artista asko drogen mende jarri ziren halako batean. Behar baino lehen hil ziren. Bizirik geratu zirenen artean, figurarik ospetsuenek jende mordoa erakartzen dute, izan beren burua berrasmatuz proiektu berrien bidez, izan iraganera joz. Hertzainak talde mitikoak sarrera guztiak saldu zituen bere agur-kontzertuan (20.000, guztira): 2023ko urtarrilaren 6an izan zen, Gasteizko Mendizabalan jarritako karpa batean.
Fermin Muguruzak asmatu du nostalgiaren arma ahaltsua baliatzen, itxurakerian aritu gabe. Remake kulturalaren eta revivalaren gizartean, Muguruzak atzera begiratzen du, bai, baina iraganaz ikasteko eta orainean proiektatzeko. Hamar urtetik gora eman ditu oholtzatik kanpo, baina iragarri zuenean kontzertu bana emango zuela abenduaren 20an eta 21ean Bilbao Arena kirol-pabiloian, 16.000 sarrera salgai jarri eta minutu gutxi batzuen buruan agortu ziren. ‘Sarri Sarri’ kantu mitikoaren egileak bere ibilbide artistikoko lau hamarraldi berrikusiko ditu: lehenik, Kortatu; ondoren, 90eko hamarraldiko Negu Gorriak borrokalariak, eta, azkenik, bere bakarkako ibilbide eklektikoa. Zaleek grina handiz erantzun zioten Muguruzaren proposamenari, eta harrerak harrituta utzi zuen Irungo (Gipuzkoa) musikaria: “16.000 esker, bihotzez. Herri eskaera izugarriari erantzuteko, 2025ean zer antola dezakegun aztertzen hasiko gara”, idatzi zuen Instagrameko bere kontuan.
XXI. mendeko pop eta rockarenak
Duela gutxi eldiario.es egunkari digital espainiarrak erreportaje bat argitaratu zuen, La Oreja de Van Gogh pop komertzialeko taldearen debutak izandako arrakastaren “sekretua” azalduz: hautsak harrotu ziren. ‘Dile al sol’ (1998) albumaren milioi bat ale saldu ziren, eta fenomeno sozial bihurtu zen. Orain arte ez genekien, ordea, lagun-talde donostiarrak ez zituela diskoko kantuak grabatu. Kantariaren ahotsa izan ezik —Amaia Montero—, gainerako guztia ez zen originala. Bigarren diskoarekin —‘El viaje de Copperpot’ (2000)— boskoteak sekulako ospea eskuratu zuen, eta orduz geroztik kantu guztiz arrakastatsuak atera zituzten irrati-formuletan, bata bestearen atzetik. Monterok taldetik alde egin zuen 2007an, modu traumatikoan, eta orduan Leire Martinezek, Factor X talent showko parte-hartzaile ohiak, hartu zuen taldeko abeslari-postua. Eta kontua da taldea ez dabilela batere gaizki gaur egun. Beren azkenengo LP-a, ‘Un susurro en la tormenta’ (2020), arrakasta-zerrenden gailurrera iritsi zen, aspaldiko garaietan bezala. 2024an errepidera aterako dira berriro, eta jaialdi handietan joko dute. Aretoak bete eta bete: Sansan Festival de Benicàssim jaialditik (Valentzia), Baqueira-Bereteko Polar Sound-era (Pirinio katalanak).
2022ko ekainak 11, San Mames futbol-zelaia (Bilbo). Bozgorailuetan, memoria kolektiboan geratu den abesti bat: “Después de un invierno malo, una mala primavera. / Dime por qué estás buscando / una lágrima en la arena”.Fito & Fitipaldis taldearen ´Soldadito marinero´ da. 160 milioitik gora erreprodukzio ditu Spotifyn, eta 45.000 lagunek batera kantatzen dute. Fito Cabrales frontman karismatikoaren inguruan, dena da posible: milaka rocker zahar eta familia elkartzen ditu, rock and roll gau katartikoak elkarrekin bizitzeko prest. Duela gutxi arte, kirol-eremu handietan jotzea nazioarteko izar handien kontua zen: AC/DC, Bruce Springsteen, Muse, Coldplay, U2. Fito, berriz, poparen eta rockaren mastodonteen klubean sartu da orain.
2019an, Berri Txarrak taldea desegin ostean, milaka eliztar umezurtz geratu ziren: ordura arte debozioz jarraitu zioten rock-talde gogorrari, zeinak eboluzionatzen jakin baitzuen, eta jarraitzaile askorekin konektatzen asmatu zuen. Taldeko buru Gorka Urbizuk denbora luzez gogoeta egin zuen, taldeak zer bidetik jo behar zuen erabakitzeko. Bere ibilbidea alde batera utzi zuen, kanpokoarekiko lotura eten. Eta inspirazioa berreskuratu zuen hala. 2024aren hasieran, zur eta lur utzi gaitu denok bere bakarkako lehen diskoa argitaratuta: ‘Hasiera Bat’ izena du, eta folk-album delikatu bat da. Urbizuk edukiera ertaineko aretoak bete ditu musika eder eta sotilez.
Zea Mays eta Gatibu dira euskarazko rockaren figura enblematikoak. XXI. mendearen hasieran gailendu ziren Bizkaiko bi taldeak, eta ezinbesteko elementuak dira gure herrietako jaialdietan, jaietan, plazetan eta aretoetan. Nonahi daude eta gizartearen esparru zabal bati gustatzen zaizkio. Erakarpen-ahalmena BEC aretoa betetzearen arabera neurtu behar bada, En Tol Sarmiento taldea aipatu behar da orobat. Arabako Errioxako ska eta pop taldeak jendearen grina pizten du. 2025eko martxoan, bere 20. urteurrena ospatuko du Barakaldoko BECen: hiru emanaldi emango dituzte jarraian. Ikusleei sortzen dien erakarmenaren erakusgarria. Beste masa-fenomeno bat.
Balio berriak
Batzuek erraietatik abesten dute; beste batzuk, berriz, informalago agertzen dira, diskurtso politiko edo amorratuetatik urrunduta. Belaunaldi honetako kideek autogestioaren aldeko apustua egiten dute batez ere, eta nahieran nahasten dituzten generoak: pop komertziala, hip hopa, trapa, elektronika, reggaea… Batez ere euskaraz kantatzen dute, baina hori ez da beren bereizgarri bakarra. Zalantzak, irrikak eta ziklo-aldaketa islatzen dituzte: millenialekin hasi zen joera hori, eta Z. belaunaldiaren musika-eklektizismoarekin sendotu da. Bulego, Zetak, Izaro eta Chill Mafia kolektiboko kideak, esate baterako, gure garaiko izar konplexurik gabeak dira, eta euskal musikako titanek bezala, eragin handia dute ikus-entzuleengan.
Has gaitezen Chill Mafiarekin. Haustaileenak. Desegokienak. Hiriko musikak ekarritako haize freskoa, euskañol hutsean —euskararen eta gaztelaniaren arteko nahasketa, ahozko hizkuntzan agertzen da gehienbat—. Txantrea auzoko (Iruñea) kolektiboa gaztea 2021ean eman zen ezagutzera, Xabier Lete poeta eta kantugilearen folk-konposizio baten bertsio ausarta eginda: ´Gazte arruntaren koplak´. Abestia birala egin zen. Taldeak sintetizadoreak eta autotunea baliatzen ditu barra-barra, eta belaunaldi-ereserkiak sortzen ditu euskal gazteentzat. Taldeko kideetako batek, Ben Yart, bakarkako bideari ekin dio, eta ondo doakio: drogekin duen harremana edo gaueko bizitza eroa azaltzen ditu bere abestietan, aho-bilorik gabe. Aurrez aurre agertzen da, ez da ezkutatzen. Eta bere zintzotasun basatiak —berez basatiagoa da, zintzoa baino—, hainbat jaialditara eraman du: BBK Live (Bilbo) eta Bartzelonako Primavera Sound erraldoia, adibidez. Haren kontzertuak bete egiten dira.
Bulego, Zetak eta Izaroren artean hainbat ontzi komunikatu daude: irekitasun musikala, anbizioa eta apustu argia pop musikaren alde, adierazpide gisa. Bulego eta Zetak taldeen kasuan, arrakasta meteorikoa izan dute 2019an ezagutzera eman zirenetik. Lehenak Azkoitikoak (Gipuzkoa) dira, eta Coldplayrekin alderatu izan dituzte, jende guztiarentzako kantu atsegin eta koloretsuak sortzeko gai direlako. Zetak-eko Pello Reparaz tipo nekaezina da, eta hiru album argitaratu ditu bost urtean. Arbizun (Nafarroa) jaio zen duela 34 urte, eta gaitasun harrigarria du generoak batzeko, hainbat estilotan sartzeko eta jendea erakartzeko. Bere azken esperimentua AAZTIYEN da, izaera berritzaile nabarmeneko disko zoroa.
Izaro, berriz, 1990ean jaiotako euskal emakumeen harrobi bikainekoa da, zeinak oztopoak gainditzen ari baitira, kalitatezko musika irisgarria sortuta. Izen-abizenez Izaro Andrés Zelaieta da, eta disko bakoitzarekin bere burua berrasmatzen du, musika-modetara egokitzeaz batera.