Itzuli

Nola jan pintxoak euskalduna bazina bezala

Egilea: Marti Buckley 2024 Eka 12
Pentsaezina da Euskal Herrira etorri eta pintxorik jan gabe joatea

Pentsaezina da Euskal Herrira etorri eta pintxorik jan gabe joatea

Pentsaezina da Euskal Herrira etorri eta pintxorik jan gabe joatea. Gozo-gozoak izateaz gain, miniaturazko artelanak ere badira Euskal Herriko pintxo enblematikoak, eta bertako sukaldaritza ondarearen piezak. Pintxoak bizitzeko modu bat dira euskaldunentzat. Bai goiz erdian hartutako mokadu gisa, bai bazkalaurreko aperitibo gisa, herri honetako kultura sozial zirraragarriaren adierazgarri dira. Donostiako Alde Zaharrean edo Bilboko eta Gasteizko taberna atseginetan zaudela ere, pintxoak euskalduna bazina bezala jaten baldin badituzu, zure esperientzia ez da izango turistikoa, benetan euskalduna baizik.

Gida honetan, pintxoak euskaldunek bezala jaten lagunduko dizuten aholkuak eta trikimailuak aurkituko dituzu. Pintxoek ia mende bateko historia dute Euskal Herrian, eta, beraz, logikoa da ederki errotutako elementu soziala izatea eta haien inguruan ohitura zehatzak egotea. Hemen duzu pintxotarako tabernetako arau ez-idatziak ulertzeko eta zer pintxo probatu eta nola eskatu jakiteko behar duzun guztia. Pintxoak aurkitu, jan eta ordaintzeko artea arakatuko dugu, eta mokadu gozo horietaz gozatzeko unerik onenak zein diren ikusiko duzu. Beraz, hartu txakolin baso bat, piztu gosea, eta murgildu pintxoen mundu gozoan. Mokadu bakoitzak tradizioari, komunitateari eta sukaldaritzaren historiari buruzko istorio bat kontatuko dizu.

Zazpi aholku pintxoak euskaldunek bezala jateko

 

Pintxoak ordu egokian jatea.
 

Euskal Herrian, oso errotuta dagoen ohitura da pintxoak jatea. Pintxotarako taberna batzuetan, egun osoan egoten da janaria barran, baina, egia esan, egunean zehar tradizioz badira une pare bat pintxoak jateko. Pintxoak jateko lehen ordua 11:00ak aldera izaten da, tabernak irekitzen hasten direnean. Ordu horretan jaten denak izen propioa du, hamaiketakoa. Pintxoa jateko etenaldi hori 14:00ak arte luzatzen da, gutxi gorabehera. Pintxoak jateko eguneko bigarren unea afal garai da, 19:00etatik 23:00etara. Gauez, pintxotarako tabernak bizitu egiten dira, indartsu eta zalapartatsu. Euskaldunak eta bisitariak sozializatzeko biltzen dira, edariz eta askotariko pintxo tentagarriz lagunduta. Baina goizegi bazoaz, edo eguerdiko ordu hiletan, baliteke goseak geratzea edo aspaldi egindako pintxoak jan behar izatea.

Pintxotarako barran lotsatia ez izatea.

 

Pintxoak jatea jendarteko ohitura da. Horregatik, auzoaren, tabernaren eta eguneko orduaren arabera, litekeena da oso animatuta dagoen jendetza baten artean lekua aurkitu behar izatea barrara iristeko. Izan edukazio onekoa, baina irmoa aldi berean: egin aurrera zalantzatan ibili gabe. Zerbitzariaren arreta erakartzea erabakigarria da; buruarekin edo eskuarekin keinu adiskidetsua egiten badiozu, zain zaudela jakingo du. Jende asko dabilen tabernetan, zerbitzu azkar baten edo luzaroan itxaron behar izatearen arteko aldea izan daiteke hori. Gogoratu interakzio soziala duela oinarri pintxoen kulturak; beraz, aprobetxatu zalaparta eta gozatu giroaz. Pazientzia eta konfiantza badituzu, ezin hobeto egokituko zara zure inguruko jendearen artean.

Pintxoak zutik jatea.

 

Pintxoak beti jan izan dira zutik, barran jarrita. Mokadu azkarrak dira, zerbait edaten den bitartean gosea asetzeko hartzen direnak, eta jan bitartean ez esertzea eragin izan du horrek historikoki. Zutik jateko tradizio hori dela eta, mundu guztiak maite duen giro dinamikoa sortu da. Inguruko jendearekiko interakzioa errazten da horrela, eta tabernako eszena animatuan murgiltzen laguntzen du. Beraz, egizu zure tradizioa: gelditu zutik, gozatu zure pintxoez eta murgildu benetako euskal esperientzia horretan. Zutik egoteari esker, gainera, pintxo gehiago probatu daitezke; izan ere, taberna batetik bestera mugituko zara, eserleku batean ainguratuta gelditu beharrean. Eta horrek hurrengo puntura garamatza.

Pintxotarako taberna batetik bestera joatea.

 

Pintxoaren kulturaren funtsa da etengabe mugitzea. Euskaldunek kopa bat eta pintxo bat hartzen dute, eta hurrengo tabernara joaten dira gero. Tentagarria izan daiteke taberna batean gelditu eta bertan hainbat pintxo eskatzea, batez ere gustuko duzun taberna bat aurkitzen baduzu, baina eutsi tentazioari. Jan pintxo bat edo bi, eta, gero, joan hurrengo tabernara. Ikuspegi horretatik, taberna asko probatu ahalko dituzu, eta, gainera, pintxoak jateko benetako espirituan murgilduko zara.

Pintxotarako taberna bakoitzeko espezialitatea probatzea.

 

Euskaldunek badakite taberna bakoitzak pintxo bereizgarri bat edo bi dituela, eta horiek direla taberna horretan eska daitezkeen onenak. Jakina, taberna guztietan kroketak, tortillak edo entsalada errusiarra egon daitezke, baina, nongoak dira kroketarik onenak? Hori da bertakoen jakinduria, eta, zuk ere eskuratzen baduzu, pintxoak jateko zure esperientzia aberatsagoa izango da. Tradizionaletatik hasi eta originalenetaraino, taberna bakoitzeko egile pintxoak dira eskatu beharrekoak, zalantzarik gabe. Iritsi berriei etsigarria iruditu dakieke aukera horietan nabigatu behar izatea, baina irtenbidea erraza da: giroan murgiltzea. Ongi informatutako zerbitzariekin hitz egiten baduzu, edo hemengo jendearen zaletasunei begiratuz gero, ez da zailegia taberna bakoitzeko egile pintxoa zein den jakitea; begiak eta belarriak ongi irekita izatea da kontua.

Pintxoak bukaeran ordaintzea.

 

Pintxoak jaten direnean, ordena oso zehatza da. Esaiozu zerbitzariari zer nahi duzun, gozatu jaten duzun bitartean, eta, joan aurretik, ordaindu kontua. Ohorezko sistema horri esker, mokadu bakoitza dastatu, elkarrizketa biziei ekin eta etenik gabeko bizikidetza giroan murgiltzeko askatasuna dute pintxo jaleek. Badirudi Euskal Herriko zerbitzariek eta barmanek seigarren zentzu bat dutela, bezero guztien eskarien erregistroa buruan eramateko gaitasuna baitute; hala ere, noizean behin baliteke zer hartu duzun gogorarazi behar izatea.

Pintxotarako tabernetan, helburua sozializatzea da.

 

Elkarrizketa eta bizikidetza dira pintxoak jateko ohituraren funtsa. Jatea ez ezik, lagun zaharrekin zerbait hartu eta jende berriarekin konektatzea ere bada helburua. Pintxotara bakarrik joan daiteke: elkarrizketarako gonbidapen irekia egiten du pintxotarako tabernak. Eta erraza da pintxotarako taberna batetik lagun berri batekin irtetea, batez ere ardo pixka bat hartzen bada erlaxatzeko. Pintxoak euskalduna bazina bezala jan nahi badituzu, gogoratu esperientzia dela garrantzitsuena.

Euskal sukaldaritzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk