Itzuli

Donostiatik mundura: euskal gazta tartaren historia

Egilea: Marti Buckley 2024 Mai 23

Oraindik ez baduzu euskal gazta tartaren berririk izan, seguruenik laster izango duzu. Milioika etiketa ditu sare sozialetan, gazta tarta honen imitazioak mundu osoan zehar daude, eta ez dira asko halako arrakasta birala lortzen duten jakiak.

Donostian jaio zen gazta tarta ospetsu hau ikuskizun atsegina da, goiko geruza distiratsu batekin, eta, oraindik ere, labeko paperez estalitako erretiluan zerbitzatzen dute maiz. Abuztuaren 31 kalean dago La Viña, gazta tartagatik ezaguna den familiako taberna, eta euskal gazta tartaren fenomenoaren zero gunea. Euskal gazta tarta La Viñan jaio zen, Santi Riveraren eskutik, eta 1990eko hamarkadaz geroztik zatika saltzen dute. Euskal gazta tarta zergatik den horren berezia, nondik datorren eta nola egiten den jakin nahi baduzu, irakurtzen jarraitzea gomendatzen dizut.

Zergatik da horren berezia euskal gazta tarta?

Teorian, euskal gazta tarta ez da oso desberdina betiko gazta tartarekin alderatuta. Baina falta zaionagatik da horren berezia euskal gazta tarta, hain zuzen ere.

Euskal gazta tartak mundua bereganatu zuen arte, oinarria ezinbesteko elementua zen gazta tarta batean. Euskal gazta tartan berriz, desagertu egin da oinarri hori, eta zuzenean erretiluaren hondoa ukituz kozinatzen da. Horren emaitza da, kanpoaldea urre kolorekoa dela, eta ia azal moduko bat osatzen duela, labearen tenperatura handiagatik. Gazta tarta “normal” bat tenperatura baxuan egiten da, batzuetan baita maria bainuan ere, baina euskal gazta tarta ez.

Gazta tartaren euskal aldaera arinagoa eta etereoagoa da, New Yorkekoaren estiloko gazta tarta tradizional, trinko eta goxoarekin alderatuta. Erdigunea ia flan bat bezalakoa da, eta harro eta solte geratzen da.

Gainera, benetako euskal gazta tartak ez du inolako dekorazio elementurik. Estra horiek, dela mugurdi coulisa, direla baia freskoak, sinplifikazio prozesuen biktima izan ziren postre hau jaio zen pintxo tabernako sukalde txikian.

Nondik dator euskal gazta tarta?

Gazta tartek Donostiako Alde Zaharreko bihotzean dagoen La Viñako paretak estaltzen jarraitzen dute, Abuztuaren 31 kaleko taberna txiki horretan. Familiako lokala da, orain bigarren belaunaldiak –Santi Rivera– zuzentzen duena. Santiren familiak 1959an inauguratu zuen lokala, eta ardo batzuk edan eta jaki tradizionalak dastatzeko lekua izan zen batez ere, bera iritsi zen arte. 1980ko hamarkadaren amaieran, Santik tabernaren gidaritza hartu zuenean, ez dugu esango norabide aldaketa bat egin zuenik, baina bai sukaldean probak egitea gustatzen zitzaiola, bere egun libreetan. Proba horietako batzuek ez zuten arrakastarik izan, beste batzuek sariak irabazi zituzten (gazta eta antxoa pintxoak, esaterako) eta horietako bat mundu mailako sentsazio biral bihurtu zen.

Donostiako alde zaharra.
Donostiako alde zaharra.
Gazta tarta, La Viña (Donostia).
La Viña (Donostia).

Gaur egun mundu guztiak ezagutzen eta maite duen gazta tarta proba horietako baten emaitza da, eta noizean behin tabernarako prestatzen zuen. Ohiko bezeroak maizago hasi ziren hura eskatzen, eta Santi konturatu baino lehen, egunean dezente saltzen zituen. Sukaldetik kanpoko apalategietan gordetzen zituen tartak, eta taberna ezaguna egin zen pintxoak jatera joaten zirenen begien parean zeuden gazta tartengatik, listua dariola uzten baitzituzten.

Zergatik da horren berezia euskal gazta tarta?

Baina, nola egin zen horren ospetsu euskal gazta tarta? Faktore asko daude, baina seguruenik hau da garrantzitsuena: Donostiaren ospea handitzen hastearekin batera jaio zela euskal gazta tarta. Pintxoen ibilbideak 2000ko hamarkadan hasi ziren, eta Alde Zaharra bisitari gosetuz bete zen; horietako asko La Viñara joaten ziren. Internet lehertu egin zen, eta Instagramek eta Trip Advisorrek postre apal honen ospea bultzatu zuten.

 

 

Santik uste du hori izan zela postrearen arrakastaren faktore erabakigarria, eta nahikoa da Interneten begiratzea postre sinple honen aldaera ugari aurkitzeko. Hainbat forma, zapore eta koloretako tartak, eta #BasqueBurntCheesecake bere bidea egiten, Instagramen 229.000 etiketa baino gehiagorekin.

Nola egiten da euskal gazta tarta?

Zalantzarik gabe, euskal gazta tartaren misterioa ez dago osagaien zerrendan. Gazta krematsua, arrautzak, azukrea, esne gain lodia eta irin pixka bat baino ez ditu, eta, beraz, osagai zerrendarik laburrenetako bat du. Errezeta bat parteen batura baino gehiago izaten da batzuetan, eta horren adibide dugu euskal gazta tarta.

Gazta tarta. Argazkia: La cocina de Fabrisa.
Gazta tarta. Argazkia: La cocina de Fabrisa.

Euskal gazta tarta erraz prestatzen da, eta ez du teknika sofistikaturik edo zaintza berezirik eskatzen, krema delikatuagoekin egindako postreek bezala. Gogoratu gazta krematsua hozkailutik atera behar duzula laberatu baino ordu batzuk lehenago, giro tenperaturan egotea komeni baita. Nahastu bost osagaiak, ore homogeneo bat lortu arte.

Benetako euskal gazta tarta egiteko sekretu nagusiek zerikusi handiagoa dute prozesuarekin, edukiarekin baino. Lehenengo sekretua tenperatura da: labea tenperatura altu samarrean berotu behar da. Hori da, hain zuzen, euskal gazta tartaren bereizgarri den urre koloreko goiko geruza pikardatua sortuko duena.

Bigarren sekretua moldearen prestaketa da. Erabili ustez behar duzuna baino txikiagoa den molde bat; gazta tarta apur bat altuagoa izango da horrela, eta barrualdea apur bat itsaskor eta gutxi eginda geldituko da, hori baita postre honen beste zigilu bereizgarri bat. Moldea prestatzen duzunean, erabiliko duzun molde desmuntagarria baino handixeago ebakitako labe papera beharko duzu. Paperari beherantz bultzatzen diozunean, tolestu egin beharko duzu eraztun osoaren inguruan, eta bere itxura bereizgarria emango dio horrek euskal gazta tartari.

Non probatu daiteke euskal gazta tarta?

Jakina, euskal gazta tarta probatzeko lekurik onena zero gunea da. Jatorrizko gazta tarta probatzea ezinbestekoa da; beraz, zoaz La Viñara pusketa bat jatera. Hiriko beste edozein gazta tartaren erreferentzia izango da, jatetxe, gozotegi eta dendetan ikusiko baituzu, nonahi. Hori bai, goi denboraldian bazoaz, baliteke ilara egin behar izatea, euskal gazta tarta ospetsua dastatzeko irrikan dauden beste pertsona batzuekin batera.

Marti Buckley Donostian bizi da. ‘The Book of Pintxos’ (Artisan, 2024) eta ‘Basque Country’ (Artisan, 2018) liburuen egilea da, eta The Telegraph eta National Geographic Traveller hedabideetarako idazten du. www.travelcookeat.com blogaren egilea da.

Euskal sukaldaritzari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk

Basque. Playlist. #15 – Izaro
Musika

Basque. Playlist. #15 – Izaro

Hamar urte darama Izaro Andresek konpositore eta abeslari lanetan. Guztira, bost disko kaleratu ditu, pop, folka, elektronika eta sustraiko musikaren kontrasteak nahastuz.