Errenteriatik (Gipuzkoa) mundura ari da Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia; nazioartean ez da oraindik ere existitzen eginkizun parekorik duen berrikuntza laborategirik. Haren izena ez da kasualitatea. Izan ere, euskaraz bada esaera zahar wittgensteniano bat dioena “izena badu, bada”, hau da, izendatu badaiteke existitzen da, eta ondorioz uler daiteke izenik ez duena ez dela existitzen.
Badalab: zertarako hizkuntza berrikuntza laborategi bat?
2025 Mai 22Laborategiak helburu nagusi bat dauka: euskararen bizi irupena eta horri berrikuntzatik ekarpena egitea. Hortaz, euskaraz mundua izendatzen jarraitu dezakegun bitartean beteko da hizkuntzarentzat esaera; izena badu, bada.
Hizkuntzari ekarpena, berrikuntzatik
Berrikuntzak egiteko modu berriei erreferentzia egiten dio eta ezinbestean etorkizunari begira jartzen gaitu. Euskara hizkuntza, etorkizuna eta egiteko modu berriak dira Badalaben hirutasuna. Esperimentazioa ardatz duen laborategiaren helburua da etorkizunean euskara erabilia izaten jarraitu dadin. Horretarako, etorkizunean euskaratik eta euskaraz ere bizitzeko hautua egingo duen hiztun komunitatea elikatu nahi du, berrikuntzatik, hau da, galdera berriak probokatuz, ez-ohiko lankidetzak sustatuz eta komunitatearen zerbitzura espazioak, tresnak eta esperientziak jarriz.
Esperimentaziotik landu nahi diren hizkuntzaren erronkak askotarikoak dira, eta Badalabek batez ere hiru ditu jomugan: globalizazioa, digitalizazioa eta abiadura bera.

Globalizazioari so egiten badiogu, antzeman dezakegu fluxu migratorioek lurralde, hiri eta herrietako aniztasuna biderkatu dutela. Horrela bada, Gipuzkoan 130 hizkuntza topatu daitezkeela topatu da, eta Badalab hartzen duen Errenterian 65 inguru. Fluxuaren jarioa anitza eta etengabea bada ere, kulturaren homogeizazioa bizi omen dugu, izan ere, hainbat ikerketa diotenez, gaur egun nerabe batek antzekotasun handiagoa du munduaren edozein lekutan kokatutako beste nerabe batekin haren aiton-amonekin baino.
Aipatu dugu etengabeko aldaketa eta eraldaketa bizi dugula, eta horren zentroan bada digitalizazioa. Aldaketaren abiadura biderkatzeko elementua den heinean aldatu ditu erreferentziak, harremantzeko moduak, lengoaiak edota plazak. Sare sozialak bilakatu dira hizkuntzaren plaza eta adimen artifizialek zein hizkuntza teknologiek orain arteko logikak itzulbiratzeko gaitasuna izan dute. Testuinguru horretan, hegemonikoa ez den hizkuntza batek aurrera egin nahi badu, etengabe aritu behar du biziraupenerako estrategiak egokitzen eta asmatzen. Abiadura garrantzitsua da, hots, berrikuntzarako prest egotea.
Gobernantza eredu aitzindaria
Egitekoetan ez ezik ARNan ere du esperimentazioa oinarri Badalabek, eta horrekin koherenteki jokatuta aitzindaria da bere gobernantza partekatu eredua ere. 2021.urteaz geroztik, euskararen hainbat erakunde publiko, eragile sozial eta bidelagun bilduta, patzuergoa da egituraz. Horrek esan nahi du bere erabakigunean parekatuta daudela erakunde publikoak eta eragile sozialak.
Hegemonikoa ez den hizkuntza batek aurrera egin nahi badu, etengabe aritu behar du biziraupenerako estrategiak egokitzen eta asmatzen. Abiadura garrantzitsua da, hots, berrikuntzarako prest egotea.
Gobernantza partekatua biltzen duen patzuergoaren txinparta topatzeko 2018 urtera bidaia egin behar dugu. Izan ere, Badalab Berrikuntza Laborategia Euskalgintzako Berrikuntza Palanken prozesuaren fruitu da. Garai horretan gertatzen ari ziren bi ibilbideren arteko elkartzetik dator; batetik, Euskalgintzaren Palankak izeneko deliberazio prozesu publiko-soziala, eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz izeneko berrikuntza ekimena. Aipatutako Euskalgintzaren Palankak prozesuak ondorio argia marraztua zuen 2018.urterako, eta haren aburuz euskara biziberritzeko beharrezkoa zen berrikuntza sistematikoki landuko zuen erreferentzia zentro egonkor bat. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikizek, lankidetzazko gobernantza ardatz hartuta, esperimentatzeko erreferentzia zentroak sortzen hasia zen. Aurrerantzean 2019 eta 2021 urteen artean, lankidetza publiko-sozialaren logikan bi ibilbidea uztartzeko lana egin zen, eta horrek eman zuen fruitua. 2021eko uztailean eratu zen Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia patzuergo misto gisa, hau da, lankidetza publiko-sozialetik sortu da, eta gobernantza partekatua eraikita, egituran du lankidetza egitura.
Izaera hibridoa, hiru helburu estrategiko eta sei lan ildo
Onartu dezagun, offline eta online bereizketak aspaldi galdu zuen zentzua, horregatik Badalabek izaera hibridoa eraiki nahi du, teknologiak eta ingurune digitalak erabat zeharkatzen gaituen logiketan organikoki murgilduta. Horrela bakarrik lortuko baitu txikitik handira doazen hiru helburu estrategikoren hurrenkera; Badalab eraginkorra eraikitzea ekosistema aktiboa sustatzeko, eta ondorioz, ekosistema aktiboek komunitatea elikatzeko.
Ez ohiko lankidetzak sortzeko mugarik ez dago, eta Badalabek beti ditu proiektuak, proposamenak edota abiapuntuko galderak jasotzeko ateak irekita. Gaur gaurkoz, ekintzak sei lan ildoren baitan kokatzen dira. Hauek dira ezaugarriak eta bakoitzetik elikatzeko prest sortzen diren galdera posibleetako batzuk:
- Etorkizuneko ikuspegia
Etorkizunean euskaratik eta euskaraz ere bizitzeko hautua egingo duen hiztun komunitatea elikatzeko etorkizuneko ikuspegia landu egin behar da. Gizartea, komunitatea eta kolektiboa, ideien mundutik eta sormenaren bitartez elikatuz euskararen eta hiztun komunitatearen etorkizun desiragarri eta posibleak argitara ekarri nahi ditu iruditeri, amets edota helburu partekatu berriak sortzeko. Modu horretan, hizkuntzaren auziarekin dagoeneko konektatzen dutenez gain, epika berriak sortuta, gehiagorengana iristeko helburua du.
Pentsalari askoren hausnarketen oinarri da ilusioa eta sinesmena pizten duten kontakizun berrien beharra. Etorkizunen diseinuaren teoriatik elikatuz, Badalabek honi egin nahi dio ekarpena, horretarako askotariko arte disziplinak tresna eta lanabes hartuta.
-
Gorputzak
Nolakoak dira gaur egun eta etorkizunean, euskaratik, eta euskaraz (ere) bizi daitezkeen gorputzak? Nola ulertzen ditugu begirada konplexu batetik? Zein elementuk zeharkatzen dituzte? Egungo testuinguru konplexuan kokatzen diren komunitateko gorputzak, nola zeharkatzen ditu hizkuntzak egunerokotasunean? Zein dira nortasunaren eraikuntzan gakoak? Nola sartu hizkuntzaren aldagaia gorputz gehiagotan? Nola eman urratsak gaitasunean eta jauzia erabileran? Zein hizkuntza estrategia behar ditugu? Nola egin hizkuntzatik ekarpena elkar zaintzen duen komunitate berdinzaleago eta enpatikoago bat elikatzeko prozesuari?
Hizkuntza ohiturak aldatzeak gizarte eraldaketako dinamika garrantzitsua dakar. Nola elkar elika ditzakegu gizarte eraldaketa dinamika desberdinak?
-
Harremanak
Zein antolaketa eta harreman eredu behar du hiztun komunitateak etorkizun anitz eta digitalean euskara erabiltzen jarraituko dela bermatzeko? Nola zainduko dute elkar? Nola kudeatuko da gatazka?
-
Digitala
Zein ekarpen egin diezaiokete hizkuntzaren biziberritzeari, ekosistemari eta hiztun komunitateari tresna eta espazio digitalek? Baina euskarak zein toki du bertan? Nola egin ekarpena euskarak sarean presentzia handiagoa eta hobea izan dezan?
-
Komunikazioa
Gain-informazio garaiotan, zein baliabide, kanal, formato edo eduki mota behar dugu euskal komunitatea elikatzeko? Zein komunikazio sistema behar du hiztun komunitate batek?
Nolakoa litzake online/offline bereizketarik gabeko komunikazioa? Nola sustatu norabide biko elkarrizketa? Nola txertatu diziplina komunikatiboari etorkizuneko ikuspegia? Nola sustatu sormena euskarazko komunikazio kanalak erreferentzial bilaka daitezen?
-
Errenteria laborategia
Esperimentazio hau guztia, nola ekartzen dugu herri mailako politika publiko edo ekintza komunitarioetara? Nola lekualdatu ikasketa hauek beste herrietara?
Etorkisuneku 01. Etorkizuneko euskararen agertokiak elikatzeko prototipoen instalazioa
Lurrera ekarrita, laborategiaren esperimentazio horren bokazioa da prototipoak sortu ahal izatea, horiek pilotatu eta eskalagarriak izatea. Horren adibide da, esate baterako, ‘Etorkisuneku 01’ instalazioa, prototipoen museoaren kontzeptuari ekarpena egin nahi dion erakusketa. Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren Etorkizuneko lan ildoaren baitan kokatzen den ekimena da, eta sormena ardatz, etorkizuneko euskal iruditeria elikatu nahi du epika eta errelato berriak eraikita.
‘Etorkisuneku 01’ instalazioaren abiapuntua da euskaradunak ziren eta euskara hitz egiten ez zuten Euskal Herriko jatorri guztietako hamabost bat gazterekin hasitako prozesua. Zirriborroak eta gero fabulazio sormen proiektuarekin elkarlanean, eta gazteek metodologia espekulatiboen bitartez sortutako euskararen etorkizuneko eszenarioetatik, Nerea Arrien idazleak idatzi zuen ‘Itzultzeko Eskubidea’ fabula. Testu hura ardatz, Etorkisuneku sormen bekak abiatu zituen Badalabek, edozein disziplinetako sortzaileek fabulak sortutako iruditeria elikatzea helburu, edozein sormen disziplinatik ekarpena egin ahal izateko. Sormen beka horiek esleitu eta hilabeteetan zehar sortzaileekin egin zuen Laborategiak bidea, esploratuz, hausnartuz eta galderak probokatuz. Ireki berri den ‘Etorkisuneku 01’ erakusketa prozesu horretatik eratorritako artelan-prototipoak biltzen ditu.
Hausnartzeko parada izan eta iruditeria elikatzen jarraitzeko programa publikoa abian jarri du Badalabek, artisten bisita gidatuak, jardunaldiak, tailerrak eta laborategiak biltzen dituena. Martxoan abiatu eta ekaina bitarte egin ahalko zaio bisita espazioari, betiere hitzordua eskatuta, edo programa publikoaren ekintzetan parte hartuta. Horien berri izan eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren jardun osoa ezagutzeko webgunea kontsultatu daiteke https://badalab.eus/, eta noski, Laborategiak beti ditu proposamen berriak jasotzeko ateak irekita.