Obrak egilearen aitortza gainditzen duenean hartzen du gizarteak bere. Nonbait lanak egilearena izateari nabarmenki uzten dio eta hartzailearena bilakatzen da. Konexioa sortzen da obra eta hartzailearen artean, zerbait ukitu egiten duelako barruan, eta ondorioz, zerbait aldatu egiten da betirako. Emozioa aktibatzen dute eta identifikazioaren mekanismoa piztu egiten da. Obra horiek, erritual baten gisan, kolektiboaren parte sentiarazten gaituzte, bizitzaren ereserki kuttunak bihurtzen dira, eta memoriaren leku seguruak. Askotarikoak ditugu euskal kulturan.
´Miñan´ jaio egiten dena
2025 Api 18
Tankera horretako fenomenoa bihurtze bidean da Amets Arzalluz (Hendaia, 1983) eta Ibrahima Balderen (Konakry, 1994) Miñan (2019, Susa) lana. Miñan hitzak anaitxo esan nahi du, eta izen bertsuko liburua Balderen migrazioa bidaiaren kronika da. Baldek berak elkarrizketen bidez Arzalluzi azalduta, eta hark euskaraz idatzia. 2020an Zilarrezko Euskadi Saria irabazi zuen testuak ere egin du bidaia; Timberlake Wertenbakler idazleak ingelesera itzuli zuen ‘Little brother. An odyssay to Europe’ izenpean, Ander Izagirrek gaztelaniara itzuli zuen ‘Hermanito’ (2021, Txalaparta) izenez, eta beste hainbat hizkuntzetara itzulia izan da ere, besteak beste, alemanierara, katalanera, galizierara edo italierara. Honezkero, irakurleekin konektatzeko ahalmen ukaezina duen narrazioa josi zuten elkarrekin, Baldek eta Arzalluzek, eta horrela jazo izan dute mundu osoko hainbat izen esanguratsuk liburuaz hitz egiteko aukera izan dutenean, adibidez, Jordi Evole kazetariak, Alba Flores artistak, Andrea Abreu idazleak edota Frantzisko I. Aita Santuak.

Ezin alderatukoa izan da Miñan lanaren oihartzuna, momentura arte euskarazko libururik irakurriena omen da, eta arestian azaldu legez, dagoeneko gizartea bere egiten hasia da; ingelesera testua itzuli zuen Wertenbaker idazleak, 2024ean Balde eta Arzalluzen lana egokituta, antzezlan bihurtu zuen Miñan. Egokitzapen horrekin, Ander Lipus, Manex Fuch eta Philippe Doucouren hirutasunaren zuzendaritzapean oholtzaratu egin du Artedrama konpainiak. Artedramak ohitura duen gisan Luhuson egin zuten aurre-estreinaldia, eta ondoren, 2024.eko Urriaren 25ean estreinatu zuten Bilboko Arriaga Antzokian. Ostiral eta larunbat egin zituzten emanaldi parea eta bi datetan bete zuten Arriaga. Ordutik, aretoak bete eta bete ari da Ander Lipusek, Sambou Diavyk, Eihara Fernandez de Larreak eta Mikel Kayek osatutako laukotea.
Harreman bat, mugimendu bat
Hitz sinple eta poetika handiarekin ehundu zuten testua Ibrahima Baldek eta Amets Arzalluzek. Hizkuntzak dira hitz egiten dituzten herrien mundu ikuskeraren isla, horregatik bilatu behar izan zituzten elkar ulertzeko heldulekuak. Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar, eta apurka-apurka joan ziren sortzen eta estutzen euskaraz esango genukeen harreman bat, eta Balderentzat mugimendua ere badena. Izan ere, harremanak igurtziaren igurtziaz jaio eta eraiki egiten dira. Estreinako elkarrizketan azaldu zion Baldek Arzalluzi haren gogoa ez zela europartzea. Baldek kamioi gidari izan nahi zuen eta horretarako prestaketa lanetan ari zen.
Hizkuntzak dira hitz egiten dituzten herrien mundu ikuskeraren isla, horregatik bilatu behar izan zituzten elkar ulertzeko heldulekuak.
Luze gabe Ginean lanean hasiko zela bazekien, baina, anai txikiaren erabakiak aldatuarazi zion asmoa; txikiak alde egin zuen eta Balderen patua aldatu. Horrek puzkatu zuen bertsolariaren ustea eta errelatora iltzatu, izan ere, arin hartu zion kontu Balderen azaltzeko moduari. Ahozko kulturatik datorren Arzalluzek ahozko kulturaren arrastoak zituen jario berezia identifikatu zuen Balderengan eta lotu egin zen errelatoa eraikitzeko zuen modu propioari. Hitzak ordenatzeko logika eta poetikaren edertasunak zerbait egiteko gogoa piztu zioten. Erakarpen instant horretatik jaio zen Miñan liburua.
Mundu ikuskerak dira hizkuntzak
Baldek eta Arzalluzek frantsesez elkar ulertzen dira. Frantsesa ahozuloan jartzen dien hizkuntza oinarria, hau da, mundua hitzez eraikitzeko tresna, bestelakoa da bi kasuetan. Balde Fula etniakoa da eta bere ama hizkuntza Pularra da, horrez gain, Malinkez eta Suzuz moldatzen da, baita eskolan ikasitako frantsesez ere. Arzalluzek euskaldunon eraikuntza partekatzen du.
Idazketa prozesua bidaia partekatua izan zen. Ibrahima Balderen asilo politikoa eskatzeko dosier bat idazteko hasi ziren bizipenak partekatzen, jakin gabe ariketa horretatik Miñan liburua etorriko zenik. Arzalluzi barruak astindu zizkion Ibrahima Balderen bizipenak zein horiek partekatzeko gaitasun eta horren berezkoa zuen moduak. Ondorioz, barne prozesuan murgildu zen eta haren bizimoduan eragina izan zuen ere. Hasiera hasieratik izan zuen argi Arzalluzek barruak astindu zizkion txinparta horretatik jaiotakoaren tresna izan behar zuela, hau da, kontakizuna Baldek egin behar zuela, eta bera horretarako baliabidea izango zela protagonismo gehiago hartzeko asmorik gabe. Horretarako Balderen kontakizunaren tamainako euskara bat lantzea izan zuen buruhausterik handiena Arzalluzek, argi zuelako ahozkotasun aberatsa zuen Balderen artea islatu behar zuela, non eta, ahozkoan beharrean paperean eraikitako hitzetan.

Bidaia baten bidaia
Ibrahima Baldek guztira zazpi herrialdeen arteko bidea egin zuen Gineatik abiatu eta Marokora heldu arte, Malu, Tuareq, Aljerua, Libia eta Aljeria zeharkatuta. Bide horren bizipen, emozioak, ezinak eta burutazioak berpiztu zituzten elkarrekin.
“Nik ez nuke hitz egin nahi holako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako, nire begien aurrean, esplikatzen ari naizen guztia. Zu orain hemen zaude, entzuten, baina ni han nago, nire haragiaren barruan, eta kontatzen dudanean berriz bizi dut esplikatzen ari naizen guztia. Horregatik, ez nizuke hitz egin nahi holako gauzez. Baina zuk galdetu didazu, eta esan dizut. Eta esan dizudanean berriz sentitu dut dena.”
(Miñan, Amets Arzalluz eta Ibrahima Balde. 2019, Susa)
Elkarrizketaren bitartez azaldu zion bidaia Baldek galderak egiten zizkion Arzallusi. Bitartean, oinazeak eragindako buruhausteak izan zituzten, baita elkarrekin sortzen ari ziren hura bertan behera uzteko tentazioa ere. Izan ere, Arzalluzek mahaigainean jarri izan zuen tarteka zalantza; ez zekien sufriarazten ote zuen edo laguntzen ari ote zitzaion ariketarekin. Pasarte bereziki gogorrak partekatu zituen Gineakoak, kontatzerakoan ere korapilo latza sortzen ziotenak negar eta isiluneak tartekatuak. Horren aurrean Arzalluzek bere lekua zalantzan jartzen zuen, min horrek merezi ote zuen galdetuta. Haatik, une horietan Baldek aurrera egiteko indarra egin eta zalantzak uxatzeaz gain motibazioari eusteko gaitasuna zuen.
Ikara sortu zen ere Miñan antzerkira egokitzeko prozesuan. Izan ere, nola islatu zitekeen liburuak biltzen zuen hari eta zauri hura taula gainean? Antzerki taldeak lanketa sakona egin zuen, Ibrahima Baldek gorputzez bizi eta ahotsez kontatutakoa, euren ahots zein gorputzetan hartu eta bizitakoaren isla fidela sortzeko. Kolektiboan eta orpoz orpo lan eginda, bakoitzak bere egitekoaren artetik, detaileak zaindu zituzten.
Antzezlanak orotara ordu eta erdiko iraupena dauka, eta liburuan kontatzen diren pasarte guztietatik esanguratsuenak biltzen ditu. Artedrama konpainiak migrazioaren inguruan egin duen hirugarren antzezlana da Miñan, tankera honetako obrek eskatzen duten sentsibilitate ariketa sakona eginda, izan ere, egiazko istorio bat da kontatzen duena, ez fikziozkoa. Hainbat egonaldi egin izan zituzten elkarrekin, areto eta antzokietako taularatzeekin batera hezkuntza zentroetarako espreski egindako emanaldiak ere eskaintzen ditu gai sozialean ardaztutako lanak sentsibilizazio ariketa gisa.

Ez hotz ez bero, Miñan irakurri edo taularatzearen testigu izan ondoren, ez da horrelako erreakziorik izan dezakeenik. Are gehiago, Amets Arzallusen deskribatutako zalantzak eta erraietako astinduak ere bizi izan zituzten antzezlanean parte hartzen duten aktoreek ere. Sambou Diaby (Iruñea, 1999) aktore zumaiarrak biltzen ditu Balderen bizipenak taula gainean. Elkarrekin behin egoteko aukera izan zuten, Madrilen. Diabyk haren rola prestatzeko eskertu zuen bisita hura, eta horrekin batera Amets Arzalluzen laguntzak berebiziko garrantzia izan du pertsonaiaren nabardurak ahokatzeko. Gainera, Miñan antzezlanaren estreinaldia gertu zela poz handia jaso zuen Diabyk Euskal Aktoreen Batasunak, errebelazio aktore onenari, Besarkada saria eman baitzion ‘Itsaso’ telesailean egindako lanagatik.
Miñan kronikak zeharkatzen dute min handi askok; herrimina, jakinmina, larrimina, azalmina, oroimina, baina batez ere, bizimina. Bizi-bidaia baten kronikak, hitza eta hitzak eraiki dezakeen poetikaren bitartez, sormenaren izaera kaleidoskopikoa baliatu du ezinbestean pertsonak gizaki egiten gaituzten -min horiekin ukitzeko.