Gauzak askotan serendipia hutsez gertatzen dira. Poughkeepsien jaiotzea esaterako. Edo The New Yorkerreko erredakzioan lan egitea, oraindik paperezko aldizkariak irakurtzen zirenean. Tira, edo Madrilera gaztelania ikastera joan eta euskaraz maitemintzea, Elizabeth Macklini gertatu zitzaion bezalaxe.
Elizabeth Macklin: hasperen batean kabitzen da mende erdia
2022 Api 25Zazpigarrena eta Hamalaugarrena gurutzatzen diren bidegurutzean bada Coppelia izeneko kafetegi bat. Kubatar izozki denda kate ospetsuaren izena badu ere, mexikar jatorriko hainbat lagunek daramate negozioa. Lokal txikia izanagatik, jasoa eta abegikorra da. Orain entzuten da ingelesa, orain gaztelania, eta noizean behin euskara ere bai. Bertan gosaltzen baitu Elizabeth Macklin poeta eta itzultzaileak. Kafesnea katilu handian hoztu baino lehen iritsi gara bertan jarritako zitara eta heldu bezain pronto hasi dugu bidaia. Urte asko atzera eramango gaituena, 1974 urtera zehatzak izateko.
Orduan iritsi zen Manhattanera Macklin. New York estatuko Poughkeepsie herrian jaio zen, Edward Carlyle Wood eta Margaret Jean Herkenratt, aita eta ama, Kaliforniatik mugitu zirelako IBM erraldoiaren lantokia mugitu zen bezalaxe. “Orduan bazegoen txantxa bat IBMren hizkiekin, ‘I’ve Been Moved’ esaten zen”, dio algara artean, “1952an bidali zuten aita Poughkeepsie izeneko herrira, ordengailuekin lan egitera”. Herri txiki batean hazi bazen ere, hiriburura ezkondu eta segituan topatu zuen bere lekua New Yorker aldizkariaren erredakzioan.
“Hizkuntza bat debekatzea oso gogorra iruditu zitzaidan. Imaginaezina. Jakin mina piztu zidan"
50 urtek lerro asko idazteko eman lezake. Coppeliaren goialdean duen etxe apainak, baina, poetarik onenak baino finezia eta zehaztasun handiagoz laburtzen ditu hamarkadok. Txikia eta apaina da, eta era berean emakume idazlearen bizitza kontatzen du bere arrakala eta arimaz beteriko objektuetan. Sartu eta eskuinera liburutegia dago, ehundaka ale iskinetik begira. Aurrerago Picassoren ‘Gernika’, beste oroigarri batzuren artean. Azpian, bozgorailu baten gainean paratua, milaka orrialdeko hiztegi zahar bat zabalik. “Webster’s New World hiztegiaren bigarren edizioa da, 1957koa. Dagoen hiztegirik ederrena”. Macklinen tresna printzipala da. Hau edo hori adierazteko, esanahiaren labirinto bihurrian ez galtzeko, hitzak bilatzen ditu bertan. “Kirmen Uriberen ‘Bilbao New York Bilbao’ eleberriaren itzulpenarekin ari nintzenean, zuzentzaileak esan zidan hitzen bat ez zuela hiztegian topatzen, hori da ez zeukalako Webster’s hiztegia”.
Euskara duena
Estaturik gabeko nazioa izaki, euskaldunok ez daukagu pasaporte propiorik. Ez zaigu aitortzen geure naziotasuna eta horrek gauza txar asko ekartzen baditu ere, dena ez da sasia gure muinoan. Hizkuntzarekiko atxikipen handia du Euskal Herriak. Euskara bihurtu da naziotasunaren frogarik behinena. Hizkuntza egin dugu pasaporte. Euskaldun adierak berak esaten duen legez, hizkuntza duena da euskalduna. Esan liteke, inongo aduanan onartzen ez den arren, lortzen errazenetakoa den naziotasuna dela. Ea, baina, nola egin zen Poughkeepsie-ko poeta euskaldun?
Manhattanera mugitu zenean Hamalaugarren kaleari ‘Little Spain’ esaten zitzaion, bertan zirelako espainiar jatorriko negozio eta taberna gehienak. Eta, paradoxikoa badirudi ere, Espainia eta gaztelania izan ziren Elizabeth Macklinen euskalduntasunerako zubia. Espainiar Filologia ikastera joan zen Madrilera 1972an eta frankismoaren amaierako giroan ezagutu zuen euskara, lagun baten bikote bilbotarra medio. Halaxe oroitzen du idazleak: “‘Ez’ hitza, ‘bai’ hitza, ‘eskerrik asko’ eta abestiren bat ikasi genituen haiekin. Eta gogoratzen dut nola esaten ziguten, ‘Kontuz! Abesti hau ez kantatu Madrilgo metroan!’”. Sekulako iskanbilak bizi izan zituzten unibertsitatean, Franco diktadorearen aurkako mugimendua pil-pilean baitzen bertan. Frankismoa gorria izan zen euskaldunentzat. “Hizkuntza bat debekatzea oso gogorra iruditu zitzaidan. Imaginaezina. Jakin mina piztu zidan”, azaldu du Macklinek.
Jakin min horrek -eta Amy Lowell poesia bekak- eraman zuen 1999ko urtarrilean Bilbora, New Yorkerren zuen lana utzita. “And thereby hangs a tale”. Euskaltegian izena eman eta euskalduntzeaz gainera, euskal kulturako idazle, musikari eta artistekin ehundu du sarea. Hortik datoz Mikel Urdangarinekin, Rafa Ruedarekin, Bingen Mendizabalekin eta Kirmen Uriberekin duen harremana; besteak beste, ‘Jainko Txiki eta Jostalari hura’, ’Zaharregia, txikiegia agian’ eta Arkaitz Basterrak zuzenduriko ‘Agian’ dokumentala posible egin dituena. Gainera, Kirmen Uribe eta beste hainbat euskal idazlerentzat egindako itzultzaile lana ezinbestekoa izan da euskal literatura AEBetan zabaltzeko. Orain *Zart Kolektiboko kidea ere bada eta urtean bi aldiz joaten da Bilbora.
Sirena hotsa sartu zaigu kaleetatik leihoan barrena. Hitz batetik bestera korapilatzen egin dugu bidaia. Kontakizuna eten eta zigarreta piztu du Macklinek, ez dakit zenbatgarrena. 50 urtek zigarreta asko pizteko ematen du. Tiro bat bota eta hasperen luzea egin du gero. Mende erdia hasperen batean labur liteke, bai.
BIO
Elizabeth Macklin (Poughkeepsie, NY; 1952) Editorea izan zen The New Yorker aldizkarian bi hamarkadatan zehar. ‘A Woman Kneeling in the Big City’ (‘Emakume bat hiri handian belauniko’, 1992) eta ‘You’ve Just Been Told’ (‘Abisatu dizute arestian’, 2000) poesia liburuen egilea da. Amy Lowell Poetry Travelling Scholarship izeneko poesia beka jaso zuen 1999-en, urtebete bat Ipar Amerikatik at pasatzekoa, eta Bilbon eman zuen urtea euskararen ikasketak hasten. Harrezkeroztik jarraitu du ikasten eta 2002an Kirmen Uriberen poesia ingeleseratzen hasi zen. Uriberen ‘Bitartean heldu eskutik’ 2007an kaleratu zuen ingelesez (‘Meanwhile Take My Hand’; Graywolf Press) eta haren ‘Bilbao–New York–Bilbao’ eleberria ere ingelesez argitaratu zuen, Erresuma Batuan 2014-an Seren Booksen eskutik; aurten Coffee House Books-ek AEBtan kaleratuko du itzulpena. Bitartean jarraitu du bere poesiarekin, bai ingelesez bai euskaraz (urtero Hatsaren Poesia elkarteari esker). Haren poema ‘Reinventing the Conjunction’ (‘Juntagailua berrasmatzen’) Erlea aldizkariaren 10. zenbakian agertu zen. 2019tik hona partaide da *ZART sortzaile kolektiboan.