Itzuli

Euskal mitologia pantailetatik kontatuta

Egilea: Gaizka Izagirre 2024 Mai 02
‘Akelarre’ (2020, Pablo Agüero)
‘Akelarre’ (2020, Pablo Agüero)
‘Errementari’ (2017, Paul Urkijo)
‘Errementari’ (2017, Paul Urkijo)
‘Irati’(2022, Paul Urkijo)
‘Irati’(2022, Paul Urkijo)
´Anderea´ (2020, Yolanda Mazkiaran Zelaia)
´Anderea´ (2020, Yolanda Mazkiaran Zelaia)
´Zerua hautsi zen gaua´ (2020, Maria Fontaner)
´Zerua hautsi zen gaua´ (2020, Maria Fontaner)

Kultura orok bere mitoak eta kondairak ditu, bere balio eta sinesmenak islatzen dituztenak. Mendeetan zehar mitologia inspirazio iturri izan da mundu osoko herri kulturentzat. Kultura desberdinetako elezaharrak, literatura, zinema, telebista, musika eta bideojokoetara egokitu dira. Heroien, gaizkileen, jainkoen eta izaki fantastikoen istorioak.

Europar mitologia handietan, jainko nagusiak zerutiarrak dira (Zeus, Jupiter, Thor…), euskal mitologian ordea, lurra da guztiaren erdigunea. Euskal mitologiak baditu zenbait ezaugarri paregabeko. Jose Migel Barandiaran antropologoaren ustez, euskara bezala, aurre-indoeuroparra izatez, kristautasuna iritsi baino lehenagoko paganismo batekin lotzen da. Gainera, irudi nagusia Mari dela esan daiteke, Europa zaharreko kultura matriarkalen jainkosa antzinakoetako bat. Izadiaren eta bertako elementu guztien erreginatzat hartzen du herri sinesmenak.

Ahozko transmisioari esker iritsi da euskal mitologia belaunaldiz belaunaldi gaur egun arte, antzinako sinesmenetan oinarritutako ipuinen bitartez. Transmisio horren erantzule handienak artea eta batez ere literatura izan direla baiezta daiteke. Eskulturan adibidez Nestor Basterretxea eskultoreak ´Euskal serie kosmogonikoa´ izeneko eskultura bilduma egin zuen, izaki mitologikoetan, naturaren indarretan eta euskal kulturako objektu tradizionaletan oinarrituta. Literaturak izan duen eraginari dagokionez, zer esanik ez; ezin kontatuzko liburu idatzi dira gaiari buruz, estilo guztietakoak.

Ikusle-sorta zabalago bati iristeko erreminta eraginkorra den zinemak aldiz horietatik elikatzen ikasi du. 1980. urtean, adibidez, haurrentzako egindako euskal ipuin tradizionalen bilduma osatu zuten, ´Ipuin harrigarriak´ izenekoa. Barandiaranek berak bildutako ipuinak dira eta bertan topatu daitezke gerora Paul Urjikok pantailara moldatu zituen ´Dar-dar´ eta ´Patxi Errementaria´. Kondaira horiek guztiak zazpigarren artearen bidez igortzea oso erreminta baliogarria izan da. Ikusle gisa, istorio horiek erakarri egiten gaituzte, gure beldur, nahi eta asmoez hitz egiten digutelako. Euskal mitologia pantailetatik kontatzen ari dira, eta horren adibide, ezinbesteko izenburu hauek:

‘Errementari’ (2017, Paul Urkijo)

Asko dira ahozko tradizioan gorde diren ipuinak, ezagunenen artean dago Patxi Errementaria. Euskal Mitologiako pertsonaia da eta honakoa izen bereko ipuinaren egokitzapen fantastikoa da, ikuspegi askoz helduagoarekin. Paul Urkijoren lehen film luzea da,  Alex de la Iglesia zinegileak babestua. Axolagabe utziko ez zaituen opera prima bikaina da. Arabako herrixka batean girotzen da filma, hamar urte pasa dira 1833ko Lehen Karlistalditik eta Alfredo izeneko gobernuko ikertzaile bat gertakari bat aztertzen ari da; arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeri beldurgarri batera daramate. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta deabruzko itunekin lotura dutenak. Deabrua bera engainatzea lortu zuen errementari maltzur eta azkarraren istorioa da honakoa.   Hasieratik, argumentuaren haria oso modu argian garatzen da, kontakizunaren unibertsoan inolako esfortzurik gabe sartzeko aukera emanez eta gure arreta osoa bereganatuz. 

Alor teknikoa bereziki ikusgarria da: argazki zuzendaritza, musika, soinuaren erabilera eta giropen lana oro har nabarmenak dira, apartak. Istorioa pantailaratzeko erabili duten tonua ere deigarria da; izua eta beldurra, umorearekin eta satirarekin nahasten ditu. Elementuen konbinazio horri esker ikusleen iritzi positibo ugari jaso zituen eta zinema jaialdietan ere laudatua izan da: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen ikusleen saria eskuratu zuen eta Espainiako Goya Sarietan, efektu berezi onenaren izendapena lortu zuen besteak beste.

Hizkuntzarekin loturiko ezaugarri ederra ere badu filmak, izan ere desagertuta dagoen Arabako euskara ezagutzeko aukera ematen du. Koldo Zuazo hizkuntzalaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak aholkularitza-lanak egin ditu, aspaldiko Arabako euskara izan zedin. Gorka Lazkano itzultzaileak euskaratu du gidoia.

‘Akelarre’ (2020, Pablo Agüero)

Sorginak aldarrikatzen dituen film honek Zugarramurdiko sorginkeria prozesua du oinarri; 1610. urtean Nafarroa Garaiko Zugarramurdin egindako sorgin-ehiza.  La Sorcière liburuak piztu zuen Akelarre egiteko sua eta gidatu zuen Pablo Agüero argentinarra sorginen klixe guztien aurkako bidean. Horretarako euskal mitologian eta bere historiako benetako atal batean murgiltzen da: Enrique IV-ak Pierre de Lancre epaileari Euskal Herriko sorginkeria suntsitzeko agindu zizkion sorginkeria-prozesua.  Euskal Herria, Argentina eta Frantziaren artean ekoiztutako obra honek beharrezko eguneratze feminista ere eskaintzen du. Euskal Herrian filmatuta dago, euskara eta gaztelania tartekatuta, eta kalitate tekniko eta artistiko dotoreak ditu. Alex Brendemuhl eta bereziki Amaia Aberasturiren antzezpen lanak ere apartak dira. Bost Goya sari irabazi zituen: Zuzendaritza artistikoa, musika, jantzien diseinua, makillaje eta ile-apainketa eta efektu bereziak.

Istorioari sinesgarritasuna emateko benetako kokalekuetan grabatzea ezinbestekoa izan da eta horretarako zenbait euskal paraje aukeratu dituzte: Zarautz, Ibarrangelu, Lesaka edota Sara adibidez.  Bitxikeria moduan, jakin, Game of Thrones telesailean ageri diren itsaslabar ezagun horiek ere film honetan topatu daitezkeela; Zumaia eta Deba elkartzen dituen kostaldeko bidexkan, Sakoneta hondartza hain zuzen, Flyscharen bidean. Euskal Kostaldeko Geoparkeko mendebaleko muturra.

‘Irati’(2022, Paul Urkijo)

Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Irati Zikloa komiki mitologikoan oinarritua, artikulu honen ordezkari ezin aproposagoa da Irati. Ezpata eta sorginkeria deituriko azpigeneroari, batailei, abenturei ,munstroei eta bereziki desberdinak diren guztiei eskainitako film ederra osatu du Paul Urkijok;  euskal naturari eta mitologiari idatziko maitasun-gutun zoragarria.  Filma VIII. mendeko euskal Pirinioan girotuta dago. Erdi Aroko garai ilun baina liluragarri horretan,  erlijio hegemonikoak (kristautasuna eta islama) aurrez aurre daude, borrokan, eta sinesmen paganoak desagerrarazten ari dira, naturari loturiko izaki ezkutuekin batera.  Protagonista Eneko izeneko noble gazte bat da, zeinak ibarjaun izateko balio duela erakutsi beharko duen. Hori lortzeko, antzinako izaki mitologikoz beteriko mundu bitxi eta misteriotsu batean murgilduko da, eta horretarako ezinbestekoa izango du Irati izeneko gazte pagano baten laguntza. Gidoia osatzeko, Urjiko, komikitik elikatu bada ere, izaki mitologikoak dauden unetik, zenbait lizentzia hartu ditu.  Komikian nagusitasun berezirik ez duen Mari-ren pertsonaiak adibidez indar berezia du kontakizunean. Amalurraren pertsonifikazio gorena da, eta antropologikoki ere, garai indoeuroparra baino lehenago zegoen erlijio matriarkal baten arrastoa.  Akerbeltz, Sugaar, Gentilak, Tartalo, Zezengorri, Lamiak…. Pertsonaia mitologiko horiekin, besteak beste, euskal mitologia gertutik ezagutzeko aukera ematen digu, euskal gizarteak naturarekin eta haren sinesmen zaharrenekin duen harremanari balioa emanez.

Euskaraz egindako pelikulen artean mugarri izan da hainbat arrazoiengatik; euskal ekoizpenik handiena da, 4,3 milioi euroko aurrekontuarekin, euskarazko film baten historiako estreinaldirik onena ere izan da, eta gainera, zinemetan euskaraz orain arteko ikusiena, -lehenago Handia pelikulak izan zuen postu hori-. Sitgeseko zinemaldiko Ikusleen Sari Nagusia eta Efektu berezi, ikusmen edo makillaje efektu hoberenak eskuratzeaz gain, Goya sarietan bost izendapen lortu zituen (jantziteria, abesti onena, musika, efektu bereziak eta gidoia). Filma, bisitatzea merezi duen Euskal Herriko zenbait txoko berezietan grabatu dute: Iratiko oihana, Aralar mendilerroa, Loarreko gaztelua eta Mendukilo haitzuloa besteak beste.

Zenbait film labur eta dokumental

Kontakizun mitologikoak pantailaratzeko fikziozko luzemetraien bidea aukeratzea guztiz logikoa dirudi; fantasiazko munduak irudikatzeko, pertsonaia ugariz hornituriko pasarteak garatzeko eta horiekin gidoiak osatzeko modurik aproposena izan litekeelako akaso. Badira ordea dokumentalgintzaren bidea aukeratu dutenak ere, eta baita film laburrena.  

2019an esaterako, Xanti Rodriguez zinemagile eta argazkilari azpeitiarrak Ospel film laburra osatu zuen. Euskal mitologian oinarritzen da, eta istorioan garrantzia handia dute gauak, eguzki-loreek eta kondairek; baita euskarak ere. Euskal Herrian gertatutako zorigaiztoko istorioetan oinarritzen da. Oraingo honetan, ordea, gauean murgiltzen gara, izaki misteriotsuak agertzen diren unean.

2020an Yolanda Mazkiaran Zelaia-ren Anderea dokumental errealista eta onirikoa estreinatu zen, euskal mitologiaren pertsonaia nagusian oinarrituta: Mari, Amari, Andere, Señoria edo Anbotoko dama. Mari euskal mundu primitiboaren metafora handia da, eta, zorionez, iraun ez ezik, oso lagungarria izan daiteke egungo gizartearen arazoak ulertzeko eta horiei aurre egiteko. Urte berean, Maria Fontaneren Zerua Hautsi zen gaua. Oihua! Izeneko sorkuntza ekimenaren irabazle izendatu zuten lan hau. Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Gazteak aurrera eramandako egitasmoa da, eta euskaraz sortutako fantasiazko generoa bultzatzea du helburu.  Film laburra gaur egun girotzen den arren, mitologiako zenbait pertsonaia eta egoera ditu oinarri, eta horiek metaforikoki lantzen ditu. baita Maria Fontan zuzendariari umetan kontatzen zizkioten hainbat istorio. Alde batetik Urtzi-ren irudiari egiten zaio erreferentzia, zeruarekin zerikusia duen aitzinako euskal mitologiako pertsonaia. Bestetik, euskal mito eta sinesmenen barruan hain garrantzitsuak diren eguzki-loreak ere ageri dira;  ikur gisa garrantzi handia du, antzinako sineskeren arabera, Euskal Herriko baserrietako atarian jartzen da sorgin eta izpiritu edo izaki gaiztoez babesteko asmoz. Eguzkiari egotzi ohi zaizkion funtzio mistiko berberak betetzen dituela esaten da. Beraz, bakea eta garapena irudikatzen dituen sinboloa da.

Eta amaitzeko, 2021eko Amari dokumentala, Iosu del Moral donostiarrarena. Toti Martínez de Lezea idazlearen eta Anuntxi Arana antropologoaren eskutik, euskal mitologiari buruzko dokumental honek, euskal herriaren iruditeria kolektiboaren zati diren kondairaz eta naturaz gaindiko izakiz betetako unibertso batean murgilduko zaitu.  Antzinako sinesmen ugari erakusten ditu, eta horietako batzuei gaur egungo ikuspegitik erantzuten saiatzen da. Euskal mitologiari eta bertako biztanleen antzinako sinesmenei buruzko dokumentala.

Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendaria eta zinema kritikaria da. Hainbat komunikabideetan kolaboratzen du (ETB, Gaztea, Gara, Berria, Euskadi Irratia…), eta Feroz sariak banatzen dituen Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kide da.

Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk

Alain Urrutia
Artea

Alain Urrutia, denboraren igarotzeari desafioa

Bilboko Guggenheim museoko horma batean 40 koadro txiki daude eskegita. Paisaia bat edo txolarre bat bezala, begirada bat, luma bat eta bisitaria bera islatzen duen ispilua daude parez pare, urrez jantzitako XIX. eta XX. mendeko marko borobil eta obalatuetan. Denboraren igaroa bera desafiatzen duen mosaiko hau sinatu duen artista Alain Urrutia da.