Itzuli

Eleanitzak eta inolako mugapenik gabeak: euskal artista hauek jendearen bihotza konkistatu dute

Egilea: Jon Pagola 2024 Mai 17
Sara Zozaya
Izaro Andrés
Verde Prato
Olaia Inziarte
Idoia Asurmendi

Izaro, Olaia Inziarte eta Verde Prato, besteak beste, euskal pop berriaren norabidea finkatzen ari dira: joera berriak bultzatzen dituzte, beren lanen kalitateari eta sakontasunari uko egin gabe.

"Behin hasita, ezin da gelditu, eta hasi da". 2018an, Izaro Andrés Zelaietak (1993, Mallabia) esaldi hori idatzi zuen Facebookeko bere horman. Eason diskoaren garaiak ziren: disko horretan, euskal kantugileak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestu zuen Donostiarekiko maitasuna. Bigarren lana zuen, eta orduantxe hasi zen gora eta gora segitzen duen artista baten fenomenoa. Arrakastak hauspotuta, ez da sekula kikiltzen: disko bakoitzean aurrekoaren langa gainditzen du. Izarok zirrikitu bat zabaldu zuen euskal musikaren panoraman, eta bere argia gai izan da sasitzak zeharkatzeko eta jendearen bihotzeraino iristeko. Limones en verano (2020) eta Limones de oro (2022) diskoekin, bere estatusa berretsi zuen, musika-izarrarena kasik, eta iaz, urtearen amaieran, bere bosgarren LP-a argitaratu zuen: cerodenero. Lan autoeditatua, anbizio handikoa eta askotarikoa (pop, folk eta elektronika estiloak nahasten ditu), eta artistak denetik egiten du bertan: konposatu, kantatu eta dantzatu.

Beharbada Izaroren kasua da sonatuena, baina badira euskal bakarlari batzuk —hasiberriak zenbait, puntakoak beste batzuk—, antzeko ezaugarriak dituztenak. Gehienek joera berriak besarkatzen dituzte beren sustraiei uko egin gabe, batez ere euskaraz kantatzen dute eta, askatasun artistikoa gauzatuz, aurreiritzi estilistiko eta linguistikoen horma suntsitzen dute. Izarorekin batera —zeina gailurrean baitago jada—, lau emakume artista hauek norabide berriak finkatzen ari dira euskal pop musikan beren kantu eta kontzertuekin.

Verde Prato

Nor da: Ana Arsuagak (Tolosa, 1994) gidatzen du Verde Prato proiektua, eta moldeak hausten ditu bere izaera esperimentalaren bidez. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta musikaren mundura Serpiente taldearekin sartu zen: synth wave eta pospunk talde iluna. Hirukoteak EP bat argitaratu zuen 2017an; ondoren, Krisanteilu LP-a argitaratu eta gutxira bukatutzat jo zuen bere jarduera. Arsuagaren bakarkako ibilbideak mundu guztia harritu du: tradizioa eta modernitatea arrakastaz uztartu ditu, eta bere koktelaren parte dira euskal folklorea, halako estilo solemne bat, David Lynchen filmen antzeko giro misteriotsua eta erritmo urbanoak zein latinoak. Verde Prato bakarra da munduan.

Zer eskaintzen du: hasteko, ahots magnetiko bat du; badirudi instrumentazioan flotatzen duela. Eszenaratze minimalista, sentsuala eta zirraragarria, baina zehatz-mehatz kalkulatua. Bere garaian, Verde Pratok Euskal Pop Erradikal gisa izendatu zuen bere burua, berariaz aipatuz 1980ko hamarraldian gure gizartean eragin handia izan zuen musika-mugimendua: Euskal Rock Erradikala (RRV). 2021etik 2023ra bi album txiki argitaratu zituen, zazpina kanturekin (Kondaira eder hura eta Adoretua). Bigarren EP horretan, zenbait gloria zahar interpretatu zituen bere modura, hala nola Kortatu eta Hertzainak taldeen kantu bana, eta hainbat single ere eman zituen. Ondoren, bihurgune bat hartu, eta Bronquio elektronika-ekoizle andaluziarrarekin elkartu da. 2024an, EP bat atera du harekin batera, Erromantizismoa izenekoa, hiru kantuz osatua.

Olaia Inziarte

Nor da: hitz-joko bat eginez bere kantarik ezagunenetako batekin (´Denak begira daudelaik´), azkenaldian berarengan pausatzen dira begirada guztiak. Olaia Inziartek (Oronoz-Mugairi, 1999) bere kabuz abiatu aurretik ere erakutsi zuen bazuela talenturik. Besteak beste, artista nafar gaztea Pleura rock-taldeko kide izan zen Baztan ibarreko hainbat musikarirekin; Chica Sobresalto-n ere aritu zen, eta teklatua jo izan zuen Iker Laurobaren taldean eta Beste Urtaroan folk-bandan. Argi zegoen bere proiektu propioa osatuko zuela berandu baino lehen. Bere lehen LP-a, Lehengo lepotikan burua (2022), erreferentzia pertsonalez josita dago, eta era askotako artistekin batera grabatu zuen: Petti eta Olatz Salvador kantautoreak, Joseba Tapia trikitilaria eta Hofe trap musikaria (Igotz Mendez).

Zer eskaintzen du: naturaltasuna eta letra zintzoak, besteak beste lagun baten suizidioari nola aurre egin lantzen dutenak (´Zure mina´), edo klase xehearen defentsa ´Behe klasekoa´ abestian. Konpromiso sozial eta politikoa: hala erakutsi zuen Eñaut Elorrieta musikariarekin batera Sahararen aldeko ´Izar polisariar bat´ kantuaren euskarazko bertsioa eginda. Billie Ellish-ekin alderatu izan dute Inziarte, beharbada lotsarik gabe nahasten dituelako hainbat estilo (rocka, soula, popa, musika urbanoa) eta abesti biribilak sortzen dituelako, zuzenean entzuleen arimara eta garunera iristen direnak. Bere musika pizgarria da: ekiteko gogoa hauspotzen du.

Sara Zozaya

Nor da: Rafael Berrio kultuzko musikariak, haren kontzertu batera joan ondoren, hala esan zuen: “Sara Zozaya oholtza gainean oraindik ere ikusi ez duenak aurkikuntza handia egingo du. Ohorezko hitza”. Berriok —2020an hil zen— ez zuen debaldeko laudoriorik egiten. Eta zuzen zebilen Zozayari buruzko iritziari dagokionez. Lehenbizi Nerabe taldearekin eta gero bakarka, Sara Zozayak (Donostia, 1995) giro nordiko eta minimalistako EP batzuk argitaratu zituen hasieran, irizpide argi batekin: gutxiagorekin gehiago. Urte batzuk eman ditu bere lehen LP-a garatzen: Nara (2023). Lan hori su txikian ondu du, Bilboko Tigre Studios-en, Jon Agirrezabalaga ekoizle eta musikari bizkaitarra gidari.

Zer eskaintzen du: estilo-nahasketa guztiz ezohiko bat, zeinetan nahasten baitira post rocka, elektronika eta baita ambient estiloa ere. Abangoardiako soinuak eta estiloak aztertzeko begirada berritzailea eta jakin-min azkengabea. Sara Zozayaren musika antidoto bat da gure bizitzako presa eta berehalakotasunen aurka. Lan sotil eta hunkigarria, entzuleari sakon barneratzen zaiona, egonarriz, soinuaren zokoetan murgildu nahian. Artistaren bilakaera, berriz, etxeko marka da: zuzeneko emanaldietan, kontzeptu pertsonal eta ilun batetik proposamen koralago eta poliedrikoago baterantz aldatu da.

Idoia

Nor da: Idoia Asurmendi arabarrari —Idoia izenez ezaguna— “ahots gozodun kantautorea” etiketa jarri zioten 2021ean, bere lehen diskoa argitaratu zuenean: Ilun eta abar. 23 urteko gazteak ustekabeko arrakasta izan zuen; hainbat musika-tresna jotzen ditu, eta bere kantuak ekoizten. Idoiaren musika-estiloa ez dago musika-plataformetako zerrenden gailurrean: abesti xumeak dira, artifiziorik gabeak, ura bezain puruak. Haren konposizioek, diosku, bi helburu betetzen dituzte: hunkitzea eta gogoeta eginaraztea. Bere belaunaldiko kide askok bezala, euskaraz eta gaztelaniaz kantatzen du. 2024an De amar y desandar estreinatu du, bere bigarren diskoa.

Zer eskaintzen du: begirada klasikoago bat, pianoaz lagunduta: kantu askoren protagonista da musika-tresna hori. Kantautorea da Idoia, hitzaren adierarik zabalenean. Ez da kikiltzen: Haritz Olaeta rap-abeslariarekin batera osatu du ´Sarearena´ kantua; Madrilera joan da disko berriko abestiak grabatzera, eta Elvira Lindoren poema bati musika jarri dio, Silvia Pérez Cruz artista katalanaren traza hartzeraino. Moda orotatik urrun dago bere proposamen eklektikoa. Abeslari eta konpositore honek beste garai batekoa dirudi, eta bere kantuek ere bai: letra zehatzak, musika egokia, ametsetako moldaketak eta xehetasun liluragarriak bilatzen ditu.

Jon Pagola kazetari autonomoa da eta oro har musikaz, kulturaz eta aisialdiaz idazten du hainbat komunikabide eta argitalpenetan.

Euskal musikari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk

Artea

Kaleak hartzen dituzten gorputzak

Mendea estreinatu berri zenean, gona beltzez jantzitako emakume bat Brooklyneko zubiaren erdian kokatu zen, kameraren begiari so. Hankak ireki zituen eta, zutik, espazio publiko horren erdian pixa egiten hasi zen.