Sortzaile berrien talentua: musika, literatura, antzerki eta zinemaren hauspo
Sortzaile berrien talentua: musika, literatura, antzerki eta zinemaren hauspo
2024 Api 16Euskal Herriak —zeinaren kanpo-irudia, duela gutxi arte, indarkeriaren estigmak baldintzatzen baitzuen erabat—, mundura proiektatu nahi du kulturaren bidez. “Behingoz sinetsi behar dugu kulturak ikusgarri egiten gaituela munduan”, idatzi zuen Kirmen Uribe poeta eta eleberrigileak. Izan ere, gaur egun, Guggenheim museoa, Donostiako Zinemaldia edo bokazio unibertsala duten sortzaileen proiekzioa dira atzerrian Euskal Herriarekin lotzen diren elementuetako batzuk. Euskal kultura-sarea, hala ere, askoz konplexuagoa da, eta modu harrigarrian berritzen ari da.
Zinema
Bukatu da exodoa
Euskadiko Filmategiaren zuzendari Joxean Fernandezen iritziz, euskal zinema loraldi batean dago, bere bilakaera baldintzatzen zuten dinamika batzuk apurtu ondoren.
“Lehenik eta behin, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan ez bezala, Madrilerako exodoa eten egin da neurri handi batean. Gure zinemagileek Euskal Herrian geratzeko joera dute —beste hainbat lekutan filmatzen duten arren—, eta horrek aldaketa nabarmena dakar. Bigarrenik, euskararekiko harremana aldatu egin da. Gaur egun, euskara zinema-hizkuntza da argi eta garbi, eta aldaketa soziologikoei esker gertatu da hori batez ere. Erice, Olea, Ana Díez eta Armendarizen belaunaldiak ez zuen euskaraz hitz egiten. Bigarren belaunaldiak ere ez: Alex de la Iglesia, Medem, Urbizu, Calparsoro, Elena Taberna eta Bajo Ulloa, besteak beste. Alabaina, egungo zinemagile askoren hizkuntza da euskara: Moriartitarrak (Goenaga, Arregi eta Garaño), Asier Altuna, Estibaliz Urresola, Lara Izagirre, Telmo Esnal eta beste askoren hizkuntza”, azaldu du.
Era berean, Fernandezek azpimarratu du euskal zinema “zabaldu egin dela bai generoei bai iristen den lekuei dagokienez”. “Isabel Herguera, esate baterako, Donostiako Sail Ofizialera iritsi zen animaziozko autore-film batekin, eta plataformetan, berriz, Alex de la Iglesia daukagu, ‘30 monedas’ telesaioarekin, edo Moriarti etxekoak ere bai, ‘Balenciaga’-rekin’”, adierazi du.
Euskadiko Filmategiaren zuzendariak honako mugarri hauek aipatzen ditu euskal zinemaren azken urteotako bidean: “’Handia’ filmaren estreinaldia, inflexio-puntu bat euskarazko zineman, hamar Goya sari irabazita, edo, iaz, ‘20.000 especies de abejas’ eta ‘O corno’ filmek jasotako aitortza”. “Oso garrantzitsua izan zen Estibaliz Urresolak Berlinen irabaztea eta Jaione Cambordak Urrezko Maskorra eskuratzea. Emakumearen sarrera da goraldi horren beste ezaugarrietako bat, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko, batez ere fikzioan. Euskarazko zinema sustatzeko ere urrats gehiago egin behar dira. Dena den, ikusi dugu euskal zinema ona dela, ez bakarrik guk esaten dugulako, baizik kanpoan ere hala diotelako”, gehitu du.
Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren iritziz, hazkunde hori “talentuari eta ausardiari esker lortu da, bai sorkuntzan eta bai sustapenean, bai eta oso ondo koordinatutako politika instituzional batzuei esker ere”. Nolanahi ere, Fernandezek ohartarazi du sektore oso lehiakorra dela, eta “erronka asko” egongo direla.
Arte eszenikoak
Xurga daitekeena baino talentu gehiago
Arte eszenikoei dagokienez, Barakaldoko Antzokiko zuzendari eta Sareako (Euskadiko Antzoki Sarea) zuzendaritza-kontseiluko kide Ana Lópezek balio berrien agerpena nabarmentzen du oroz gain, bai antzerkian, bai dantzan: “Antzerkia beti krisian dagoela dioen mantra horretatik harago, balio gazteak agertzen ari dira eszenan, eta emakume gehiago ere bai sormen-eremuan. Horren adibidea da Maria Goiricelaya. Eta dantzan ere gauza bera gertatzen da, Olaia Valle eta beste artista interesgarri batzuen eskutik”.
Ana Lópezek, hala ere, arazo bat sumatzen du talentu hori guztia oholtzara eramateko orduan: “Desoreka dago ikusten ditugun talentu berrien ugaritasunaren eta espazio eszenikoetan hori dena xurgatzeko dagoen gaitasunaren artean. Desfase hori askoz nabariagoa da dantzaren kasuan. Batzuetan, kanpoko aurpegi ezagunez bete nahi izaten dira antzokiak, hemen maila bereko edo goragoko proposamenak dauzkagun arren. Nolanahi ere, pozik gaude balio berriak iristen direlako, zeresana emango baitute, eta Dantzerti arte dramatiko eta dantza goi-mailako eskolaren ekarpena ere azpimarratu nahi dugu”.
Literatura
Belaunaldien arteko bizikidetza
Karmele Jaiok, euskal literaturako idazlerik ospetsuenetako batek, lau dinamika identifikatzen ditu euskal literaturaren barruan: lau ezaugarri horiek “sormenari dagokionez une garrantzitsu” bat erakusten dute. Hasteko, belaunaldiekin lotutako zerbait, euskarazko literaturari eragiten diona bereziki: “Hainbat belaunaldi ari dira batera bizitzen, elkarrekin harremana izaten eta idazten, eta hori aberasgarria da”, azaldu du. Hau da, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren belaunaldiak ez du lekukoa utzi; aldiz, literatura-eszenan duen pribilegio-lekua beste idazle-belaunaldi batzuekin partekatzen du.
Bigarrenik, “emakume idazleen presentzia handiagoa” nabarmendu du Jaiok. Joera hori oso adierazgarria da Euskadi Literatura Sarien azken edizioei erreparatuz gero. Sari horiek dira euskal literaturaren panoramako garrantzitsuenak, eta 2022an zazpi emakume-idazle saritu zituzten zazpi kategorietan. Eider Rodriguez, Edurne Portela, Uxue Apaolaza, Txani Rodriguez, Aixa de la Cruz, Uxue Aberdi, Irati Jimenez eta Karmele Jaio bera euskal literaturaren erreferentzia nagusi bihurtu dira, bai euskaraz, bai gaztelaniaz.
Hirugarren elementuak emakume-idazleen presentzia handiagoarekin du zerikusia. “Joera horri esker, gaiak eta, batez ere, begiradak aldatu dira, eta horrek aniztasun handiagoa ekarri du”. Azkenik, Gasteizko idazlearen iritziz, euskal literaturak proiekzio handiagoa lortu du. “Garai batean bazirudien euskal literatura, eta bereziki euskarazko literatura, Atxaga edo Kirmen Uribe baino ez zirela, galiziar literaturan Rivasekin gertatzen zen bezala. Orain, berriz, argitaletxeek interes handiagoa dutela ikusten da, gehiago argitaratzen eta itzultzen gaituztela”, azaldu du. Karmele Jaioren lanak, adibidez, hamar bat hizkuntzatara itzuli dira.
Idatzizko literaturan bezala, bertsolaritzan ere nabaritzen da belaunaldi-aldaketa: gaiak dibertsifikatu egin dira, eta emakumeek gero eta pisu handiagoa dute. Joera horiei gehitzekoak: hiriaren presentzia nabarmenagoa eta ikusle andana biltzea hitzordu handietan, milaka pertsona elkartzen dituzten ikuskizunetan.
Musika
Rockaren hegemonia amaitu da
Musikaren eremuan, lehenik eta behin herri-musika kontuan hartuta, euskal musikaren eszena aldatzen hasi da, eta pandemian nabaritu zen hori bereziki. Rockaren, punkaren eta metalaren hegemoniak zerikusi handia zuen laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan euskal eszenan gertatu zenarekin, eta horren ostean generoak dibertsifikatu dira, belaunaldi-erreleboak bultzatuta.
Euskal musika-eszenaren gailurra Zetak, Izaro, Bulego eta ETS bezalako taldeek osatzen dute: areto handiak betetzen dituzte. ETSek, esaterako, datorren urtean hiru kontzertu beteko ditu Bilbao Exhibition Centre-n. Hala ere, azken urteetan, talde asko sortu dira: underground eremu batean mugitzen dira, eta eszena interesgarria eta eklektikoa osatzen dute, Merina Grisen pop-rock basatitik hasi eta Hofe edo Bengoren estilo urbanoetara.
“Euskal musika eta euskarazko musika erabat presente daude munduko plazan, gertatzen ari den guztiarekin bat. Euskal musika berritu egin da, eta oso panorama interesgarria dago: musika-proposamen zintzo eta benetakoak”, azaldu du Maialen Goirizelaiak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak.
Musika klasikoari dagokionez, Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendari Patrick Alfayak uste du Euskal Herriai halako “egonkortasun itxaropentsu” batean dagoela, eta gogoan duela “ikus-entzuleen berritze gero eta beharrezkoagoa”. Bere iritziz, Euskal Herriak bere indarguneak aprobetxatu behar ditu, hala nola “trebakuntzan egindako inbertsioa, zeina arte-ekimen partikularrak garatzera ekarri behar den” edo “koru-mugimendu erakargarri eta kalitatezkoa” bultzatzea. Musika klasikoaren esparruan, gainera, arreta berezia merezi dute bi euskal orkestra sinfonikoek: Euskadiko Orkestrak eta BOSek (Bilbao Orkestra Sinfonikoa).
Artea
Guggenheimetik Azalara
Arte plastiko eta bisualetan, kontuan hartu behar da, alde batetik, museoen konstelazioa: Guggenheim, Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium, Chillida Leku, San Telmo Museoa eta Tabakalerak osatua, besteak beste. Dena den, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herraezen ustez ez dira ahaztu behar “beste espazio funtsezko batzuk, eskala desberdinetakoak, ezta proiektu edo galeria independenteak ere, hala nola Dinamoa, Azala, kinu/Atoi, Zas, Okela eta bulegoa z/b”.
Gainera, Herraezek lehen lerrora ekarri ditu zenbait artista, Artiumen azken urteotan erakusketak eskaini dizkiete-eta: “Esther Ferrer, Ibon Aranberri, Itziar Okariz, Juan Luis Moraza, Txaro Arrazola, Gema Intxausti, June Crespo, Xabier Salaberria, Erlea Maneros Zabala, Sahatsa Jauregi, Nerea Lekuona eta Josu Bilbao”. “Izen asko utziko ditut kanpoan, baina zinemarekin eta mugimenduan dagoen irudiarekin lan egiten duten autoreen belaunaldia ere aipatuko nuke: besteak beste, Laida Lertxundi, Ainara Elgoibar, Maddi Barber, Irati Gorostidi, Marina Lameiro eta Mirari Echavarri”. Horregatik, Herraezek uste du euskal arteak “une bikaina” bizi duela.
Bertan goxo egiteko arriskua gorabehera, diagnostiko hori sektore gehienetara zabal daiteke, eta gonbidapena luzatzen digu Euskal Herrian sortutako kulturari buruzko erreferentziak eguneratzera, belaunaldi berriek erreleboa hartu baitute.