Itzuli

Euskal animazioaren eztanda

Egilea: Gaizka Izagirre 2024 Api 16
´Robot Dreams´ (Pablo Berger, 2023)
´Ikusezinak´ (Lotura Films, 2023)
´Sultanaren ametsa´ (Isabel Herguera, 2023)
´Unicorn Wars´ (Uniko Fims, 2022)
´Black is Beltza´ (Fermin Muguruza, 2018)
´Another Day of Life´ (Raúl de la Fuente, 2018)
´Psiconautas´ (Alberto Vázquez eta Pedro Rivero, 2015)
´Gartxot´ (Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi. 2011)
´Karramarro uhartea´ (Lotura Films, 2000)
´Kalabaza tripontzia´ (Juan Bautista Berasategi, 1985)

Animadeba, Animakom FEST, Animabasauri-Animabasque, Animatic. Ez da kasualitatea hain kilometro gutxitan lau animazio jaialdi aurkitzea, Euskal Herrian tradizio handia egon baita alor honetan. Mende erdi igaro da Jose Antonio Sistiaga artistak ‘Ilargitik Euskadira’ (1968) lana aurkeztu zuenetik, zuzenean zeluloidean marraztutako film labur esperimentala. Hamarkadetan aurrera egin ahala, hastapenetako esperimentazioak etxeko txikienentzat zuzendutako fikziozko lanei egin zion lekua. Juan Bautista Berasategiren figura ezinbestekoa izan zen animaziozko zinema komertzialaren hastapen horietan eta ‘Kalabaza tripontzia’ (1985), ‘Ipar haizearen erronka’ (Maite Ruiz de Austri, Carlos Varela, Juan Bautista Berasategi) edota  ‘Megasonikoak’ (1997, Javier Gonzalez de la Fuente, Jose Martínez Montero) bezalako izenburuak egungo animazioaren oinarriak ezarri zituzten.

Juan Bautista Berasategi animazio zuzendaria eta euskal animazioaren aitzindarietako bat.
Juan Bautista Berasategi animazio zuzendaria eta euskal animazioaren aitzindarietako bat.
´Kalabaza tripontzia´ (Juan Bautista Berasategi, 1985)
´Kalabaza tripontzia´ (Juan Bautista Berasategi, 1985)

Azken urteotan ordea, istorio heldu eta sakonagoak jorratzearekin batera, nazioarteko onespena iritsi da, eta euskal animazioak eztanda moduko bat bizi duela esan daiteke. Arrazoi nagusi bat baino, leherketaren zergatia faktore ugariren batuketan topatuko dugu. Alde batetik, elkarlanen zein koprodukzioen formula interesgarria, arriskuak eta kostuak partekatzeko eta merkatu potentzialaren tamaina handitzeko balio duena. Zentzu honetan ekoiztetxeek gorazarre-hitzak merezi dituzte, izan ere funtsezkoa da elkarlan hauek sustatzea, kasu askotan ezinbestekoak baitira filmak aurrera ateratzeko. Izenburu ugariren atzean dagoen arrakastaren funtsa, hein handi batean, Euskal Herriko zenbait produkzio-etxeen eta taldeen lan itzelari esker zor zaio: Abra Produkzioak, Dibulitoon, Uniko, Somuga Produktora, Lotura Films, Baleuko, Atxur Animazio Taldea eta abar.  

 

Uniko ekoiztetxea.
Uniko ekoiztetxea.
Uniko ekoiztetxea.
Uniko ekoiztetxea.
Isabel Herguera
Isabel Herguera
Izibene Oñederra.
Izibene Oñederra.
Jose Antonio Sistiaga, ´Ilargitik Euskadira´ (1968) filmaren egilea.
Jose Antonio Sistiaga, ´Ilargitik Euskadira´ (1968) filmaren egilea.

Helduentzako proposamenak zein kalitatezko narratibak planteatzearekin batera, hauei loturiko eztabaidarako gaiak jorratzen dituztela ere nabarmentzekoa da; hausnarketa politikoak, feminismoa, bakardadea… Jorratzen dituzten problematikak zein kezkak eraginda, ikusi eta ondorengo egunetan geure barnean arrasto uzten duten filmak izaten dira. Honi irmoki lotua mezu horiek helarazteko modua ere aztertzeko modukoa da.  Marrazki horiei mugimendua, forma eta soinua ematerako orduan garapen oso nabarmena egon da, eta azken urteotan teknika desberdinei atea ireki zaie. Berasategiren hasierako lanak, animazio tradizional edo ohiko marrazki bizidunetik gertuago bazeuden, -baita gerora iritsi zirenak ere-, gaur egungoak egiteko era guztietako baliabideak erabiltzen dira: stop motion-a (objektu errealak manipulatu eta hauei eginiko argazkiak konbinatuz sorturiko animazioa da), ordenagailu bidezko animazioa edota rotoskopia besteak beste. Lan hauek guztiak nazioartean erakusteaz gain, kritikari zein jaialdi ugariren onespena ere jaso dute. Osagai hauek guztiak koktel-ontzi berean sartu eta bertan topatuko duzu eztandaren zergatia.

Hona azken urteotako animaziozko euskal film arrakastatsu batzuk:

‘Gartxot’ (2011, Asisko Urmeneta, Juanjo Elordi). Zerrenda honetako lehen film honek nazioartean aparteko arrakastarik bereganatu ez arren, eta sarietan nabarmendu ez bada ere, kalitatearen gorakadaren lehen lagina dela esan daiteke. Nafarroan kokatutako Erdi Aroko kondaira da. Arturo Kanpionek 1917an idatzitako ‘Gartxot, Itzaltzuko bardoa’ liburuan oinarriturik. Euskal Herrian XIII. mendearen hasieran zegoen egoera abestuta kontatzen du Gartxot bardoak. Mikelot izeneko semea du, ahots ezin ederragoko mutikoa. Orreagako fraideek gaztearen ahots liluragarriaren berri izango dute, eta euren abade-etxera eramango dute, umearen eta gurasoen nahien aurka. Musika nabarmentzekoa da, Benito Lertxundi Oriotarrak bere doinuak txertatu baitzituen kontakizun honetan.

‘Psikonautak’ (‘Pisconautas’, 2015, Alberto Vázquez, Pedro Rivero). Baliabide nahiko berritzaileak erabiltzen dituen lan bikain honek, nazioarteko jaialdietan 40tik gora sari eskuratu zituen, horien artean,  Goya saria eta European Film Awards-etan animaziozko film onenaren izendapena. ‘Psikonautak’-ek Birdboy eta Dinki-ren istorioa azaltzen du, hondamendi ekologiko batek jotako uharte batetik ihes egitea eztabaidatzen ari diren bi neraberena. Bridboy-k erabat isolatua bizi nahi du; eta Dinkik berriz, bidaia arriskutsu bat hastearekin amesten du, Birdboy-k lagunduko dion itxaropenez.

‘Another day of life’ (2018, Raúl de la Fuente, Damian Nenow). Ryszard Kapuściński-ren kontakizun autobiografikoa. 1975ea, Angola, kolonia portugaldar gisa agertu zen azken egunak azaltzen ditu, baita deskolonizazio horren ondorio beldurgarriak ere: duela gutxi arte eskualdea suntsitu zuen gerra zibila. Rotoskopia-ren animazio teknika harrigarria -Max Fleischer-ek 1917an patentatutako teknika batean oinarritzen da, zeinean grabaketa bidez lorturiko irudi sorta baten gainean egiten den irudi marraztuen sorta-, irudi erreala, dokumentala, hainbat hizkuntza, ametsak... guztia maisuki uztartu dute Raúl de la Fuente eta Amaia Remírezek, zuzendaritza eta gidoigintza lan aparta osatzeko.

‘Black is Beltza I & II’ (2018-2022, Fermín Muguruza). Ekoizpen transmedia distiratsua da honakoa. Izen bereko nobela grafikoan oinarritutako lan bikoitz hau oso garrantzitsua izan da euskal animazioaren alorrean. Fermin Muguruza musikariak, Harkaitz Cano idazleak eta Jorge Alderete marrazkilariak sortu zuten ´Black is Beltza´ komikia, ondoren filmaren oinarri izan dena. Europako Animazioaren Quirino Sarietan soinu diseinu onena eta soinu banda originalalik onena eta Monterreyko Nazioarteko Zinema Jaialdian animaziozko film onenaren sariak eskuratu zituen.  Bi filmak, ehunka erreferentziaz josiak daude eta musikariaren obsesio guztiak pilatuta. 

‘Unicorn Wars’ (2022, Alberto Vazquez). Film antibelizista zoragarri eta gordin hau, Euskal Herriko, Galiziako eta Frantziako ekoizleek elkarlanean egindakoa da. Peluxezko hartzen eta adarbakarren arteko borroka aitzakia gisa erabiliz, hausnarketa politiko eta psikologiko sakona plazaratu du Alberto Vázquez zinegileak. Uniko ekoiztetxe bilbotarra dago lan honen atzean; 2009. urtean Iñigo Gómezek eta Iván Miñambresek sortua, animazioko filmak, iragarkiak eta komunikazioarekin erlazioa duten proiektuak ekoiztu ditu. Azpimarragarriak dira azken urteotan egiten ari den lana eta nazioartean eskuratutako oihartzuna.

‘Sultanaren ametsa’  (‘El sueño de la sultana’, 2023, Isabel Herguera). Izen bereko ipuin feministan oinarritua, txundigarria da Isabel Herguera donostiarrak osatu duen animazio lana. Rokeya Hussainek idatzia eta Indian 1905ean argitaratua. Bertan emakumeek gobernatzen duten mundu utopiko eta imaginarioa deskribatzen da. Lan honen atzean dagoen ia artisauzko lana bikaina da. Donostiako Tabakaleran, erakusketa eta ekitaldi ugari egiten dira, horien artean, 2023an, film honen sortze-prozesuan oinarritutako erakusketa antolatu zuten, hainbat ataletan banatuta, artistaren estudioa bailitzan. Bertatik filma osatzen duen irudi bakoitzaren konplexutasunari heldu zioten. Zur eta lur geratzeko modukoa.

‘Robot Dreams’ (2023, Pablo Berger). Ibilbide honen azken geltokia Pablo Berger bilbotarrak zuzendu duen eta Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen lan zoragarri hau aipatzeko izango da.  Sara Varonen eleberri grafiko ezagunean oinarritua,  Manhattanen bizi den Dog txakur bakartiaren istorioa azaltzen du.  Bakardade horri amaiera emateko asmoz, bere lagun berria izango den robot bat eraikitzea erabakitzen du. Elkarrizketarik gabeko harribitxia da. GoyDreamworks, Marvel, Pixar eta Ghibli erraldoiekin batera Oscar sarietan animaziozko film onenaren  hautagaia lortu duela.

Aipatutako (eta ez aipatutako) izen guztiek egunerokoan egiten duten inurri lanari esker ondorioztatu daiteke euskal animazioak nazioartean lortzen ari den oihartzuna  eta arrakasta ez dela kasualitateren eragina izan. Urte askotan ereindako haziek loratzen jarraitzen dute eta sustrai sendoak eta egonkorrak dituzte. Euskal animazioak etorkizun handia du aurretik eta honakoa eztandaren hasiera besterik ez da izan.

Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendaria eta zinema kritikaria da. Hainbat komunikabideetan kolaboratzen du (ETB, Gaztea, Gara, Berria, Euskadi Irratia…), eta Feroz sariak banatzen dituen Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kide da.

Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk