Munduko txatalez osatua dagoen puzzle deszifraezina da New York. Migratzaileek eraiki zituzten zerua urratzen duten etxe orratzak eta sortu zuten gerora munduan hain ezaguna egin den iruditeria. Etorkinek idatzi dute hiriaren historia eta 2018tik gaurdaino euskal idazle garaikide nabarmenetako bat den Kirmen Uribe ere nortasun, hizkuntza eta kultura mosaiko honen zati bihurtu da.
Kirmen Uribe eta liburuz egindako eraikinak
2022 Mai 09Central Parken albo batean dago Philip Roth idazlearen ezkaratza. 1910 inguruan eraikitako harri gorrizko eraikuntza mardula, Midtown neurrigabekoari batere inbidiarik gabe begiratzen diona. Eta oso gertu, Historia Naturalaren Museo ezaguna dago. Haren atzealdeko parkera joaten omen zen idazlea egotera, pentsatzera edo ideiak paseatzera. Eta bertan -gauzak nola diren- Nobel saridun guztien izenak zizelkatuak dituen obelisko bat dago. “Phillip Rothek ez zuen sekula jaso Nobel saririk. Injustizia handi horietako bat da”, azaldu du Kirmen Uribek bere etxera bidean handik ibilean goazela. Rothen alboko zenbakira mugitu zen, hain justu, hura hil zen urtean bertan. Uribek berak, hain juxtu, Espainiako Narratiba saria jaso zuen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ (Elkar 2008) eleberriagatik eta aspaldidanik dago konektatuta hiri handiarekin.
New Yorkek berreskuratu ditu pandemiak ostu zizkion kolore, usain eta zaratak. Goizeko ordu txikitatik gauerdira arte, jendea dabil haren zainetan. Bisita egin diogun momentuan kaleratuko du Uribek Seix Barral argitaletxearekin ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa, 2021) liburuaren gaztelaniazko bertsioa. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen inguruko liburua idazteko lortu zuen, hain zuzen, New Yorkera etortzeko aitzakia eman zion beka.
“New Yorkeko Liburutegian badaude bizitzak kutxatilatan gordeak. Ez liburuak bakarrik. Gutunak, argazkiak, egunerokoak… eta horietako bat da Schwimmerrena"
Schwimmer ere etorkina zen. Bizi berri eta gozoago baten gogoak ekarri zuen parajeotara. Uribek aldiz, idazle gisa hazteko eman zuen pausua: “Ikasi nahiak edo hobetu nahiak ekarri ninduen. Baina ez genuen sekula pentsatu urtebete baino gehiago luzatuko zenik. Bizitzari asko eskatzen diot. Ikasi nahi nituen gauzak. Hona etorri eta hiri batean bizi. Literaturaren eta artearen mundua hemen nola mugitzen den bizi. Hona etorri eta tentsioan jarri.” Lau urteren ostean, azkenean, hiriaren neurriaz jabetu direla aitortzen du idazleak, hori dela zailena. Bertako bizimodura egin da Uribe eta idazteaz gain, New York University-n literatura eskolak ematen ditu. “Orain arte ez ginen enteratzen harremanak ere nolakoak diren. Hemengo jendeak asko laguntzen du elkar. Baina ez da Euskal Herrian bezala astero ikusten dituzula lagunak. Hemen ez! Hemen lagunak hiru hilabetetik behin ikusten dituzu. Edo lau hilabetetik behin. Baina hala ere edozein momentutan hor daude”.
Bere etxean sartu orduko egongela zabal batek egin digu ongietorria. Leiho bat dago gibelean dena argitzen, eta sukaldea egongelaren ertz batean. Piano bat eskuinetara. “Badago momentu bat asko gustatzen zaidana. Nereak pianoa jotzen du eta ni irakurtzen egoten naiz. Bake momentua da hori. Jendeak hemen babesa etxean topatzen du”, azaldu du idazleak. Egongela honetan egiten dio iskin hiriaren noraezari eta egongela honetako mahaian idazten ditu etorkizunean eleberri baten zati izatera igaroko diren lerroetako asko. “Hemen idazten dut bai, baina, nahiago izaten dut liburutegira joan eta bertako jende artean nahasi”, aitortu du Uribek.
Liburuak zimendu
Bere etxea bezain ondo ezagutzen du Kirmen Uribek New Yorkeko Liburutegi Publikoa. Ez dauka zutaberik, altzairuzko apalategiek berauek eusten dute Bosgarren Etorbidean dagoen eraikuntza. “Liburuek eusten diote tenpluari. Liburutegiak tenpluak bezala direlako hemen, kulturaren tenpluak. Nolako garrantzia ematen dioten liburuei hemen. Euskal Herrian ez daukagu halakorik”. Idazleak ordu asko Igaro zituen bertan ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa, 2021) liburua idazteko behar zuen dokumentazioaren bila. Espeleologia ariketa izan zen hura, Rosika Schwimmerren bizitzaren arrastoei segika.
“New Yorkeko Liburutegian badaude bizitzak kutxatilatan gordeak. Ez liburuak bakarrik. Gutunak, argazkiak, egunerokoak… eta horietako bat da Schwimmerrena. Aukera izan nuen artxibategiko 176 kutxa zabaltzeko. Eta horrek arrisku handia dauka”, azaldu du Uribek. Esperimentu bat egin nahi zuen liburu hau idazteko. Schwimmerren kutxatila horiek zabaldu eta ikusi zer gertatzen zitzaion berari eta bere ingurukoei. “Esperimentu fisiko bat izan zen, inkluso. Eta hori egin nuen. Deskubritu nuen bizitza bat, jaso nuen bizitza hori ahalik eta modu humanoenean. Eta gero horrek ekarri dit, nire haurtzaroan, nire sorterrian pentsatzea”, gehitu du.
Migraria etorkizunean bizi da, hiri batera nahi du egin eta eraiki nahi du etxe bat, liburuan kontatzen den bezala. “Animaliek egiten duten moduan”. Baina iraganak hozka egiten dio etorkizunari eta azkenean beti irabazten du. “Iragana hortxe dago. Beti iristen da hondartzara. Hasieran bai, etorkizunean bizi nahi duzu, baina, azkenean beti hartzen du dagokion pisua jatorriak. New Yorken ikasi dut nire iraganarekin ondo eramaten”.
Oraingoz ez du lehorreratzeko asmorik Uribek. Laminen maitale izaten jarraitzen du Atlantikoaren beste aldean eta etorkizunean bizi da. John Lennon tiroz akabatu zuten lekutik pare bat kuadratara. Banksyren grafiti bat ernamuindu zen hormatik ibiltzen bost minutura. Philip Rothek egiten zuen bide bera eginaz goizero kafea hartzera joateko. New Yorken, munduko txatalez osatua dagoen puzzle deszifraezinean.
BIO
Kirmen Uribe Ondarroan jaio zen arrantzale familia batean. Gasteizen ikasi zuen Euskal Filologia eta Literatura Konparatuko graduondokoa burutu zuen gero Gasteizen bertan eta Trenton (Italia). Bi poema-liburu ditu: ‘Bitartean heldu eskutik ‘(2001, Susa, Kritika Saria) eta ‘17 Segundo’ (Susa, 2019). Eta lau eleberri: ‘Bilbao-New York-Bilbao’ (Elkar 2008, Espainiako Narratiba Saria eta Kritika Saria), ‘Mussche’ (Susa, 2012), ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (Susa, 2016, 111 Akademia Saria eta Kritika Saria) eta ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa, 2021). Hainbat hizkuntzatara itzulia, bere liburuak kalitatezko argitaletxeek atera dituzte munduan zehar, hala nola Gallimard (Frantzia), Hakusuisha (Japonia) edo Coffee House Press etxeek (Estatu Batuak). Bere lanak The New Yorker edo The Paris Review bezalako aldizkarietan agertu dira. 2017an Iowako Nazioarteko Idazleen Programarako (IWP) hautatu zuten, eta 2018an New Yorkeko Liburutegi Publikoak idazketa beka eman zion. Geroztik, New Yorken bizi da. Handik, astero idazten du podcasta Berriarako, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarrerako.