Floridako Jai Alai Dania frontoia ixteaz batera amaitu da zesta-punta profesionalaren azken atala Estatu Batuetan; garai batean, herrialde horretako apustu-negozio nagusietako bat izan zen. Euskal pilotaren aldaera hori mundu osoan hedatu zen, baina urrezko aroa AEBko ekialdeko kostan izan zuen, 1970eko hamarraldian.
Amaitu da euskal pilotaren amets amerikarra
2022 Urt 14Ernest Hemingway zaletu zuen, Orson Welles harrituta geratu zen euskal mugara bisitan joan zenean, Errol Flynn, Paul Newman eta John Travolta limurtu zituen besteak beste, eta AEBko apustu-negozio nagusietakoa izatera iritsi zen orobat. Zesta-puntak —jai alai ere deitzen zioten— amets amerikarra bizi izan zuen hainbat hamarraldiz, eta Floridako estatua izan zuen santutegi. Dena den, euskal pilotaren aldaera honek amaitu du bere ibilbidea Estatu Batuetan, azken frontoi profesionala ixteaz batera: Floridako Dania Jai Alai.
XIX. mendearen amaieratik, jokoaren ikusgarritasuna eta apustuen erakarmena tarteko, pilotaren aldaera hau mundu osoan barrena zabaldu zen: Europa, Argentina, Kuba, Mexiko, Filipinak, Egipto, Txina, Estatu Batuak… Nolanahi ere, inon baino famatuagoa izan zen Floridan.
Migrazioaren eskutik iritsi zen euskal pilota Estatu Batuetara; migratzaileek eraiki zituzten lehen frontoiak, Basque Hotel delakoen inguruetan. Halako ostatuak euskal migratzaileek kudeatzen zituzten, eta Atlantikoaren beste aldeko aberkideei zuzenduta zeuden batez ere; hala, erreferentziazko guneak ziren komunitate euskal-amerikarrarentzat. Eta, ezin bestela, berehala eraiki ziren frontoi amateurrak ostatuetatik gertu.
Aldi berean, euskal pilota kirol olinpikoa izan zen 1900ko Jokoetan, Parisen: are, Espainiak zesta-puntaren arloan eskuratu zuen urrezko domina bat lehenengo aldiz. Olinpiar Jokoek bultzada handia eman zioten kirolari. Prentsa estatubatuarrean agertu izan diren zesta-puntako partiden artean, lehenengoa 1901ean jokatu zen, San Frantziskoko Eder Jai pilotalekuan. 1904an, berriz, Saint Louis-eko (Misuri) Erakusketa Unibertsala dela eta, frontoi handi-handi bat eraiki zen.
Euskal pilotaren aldaera hau bi hamarraldi geroago iritsi zen Floridako kostaldera; garai hartan, zesta-puntaren plaza nagusiak hauek ziren: Habana, Mexiko Hiria eta Bartzelonako Novedades frontoia. Hala azaldu du Gonzalo Beaskoetxea pilotari ohi eta zesta-puntaren historiaren adituak; hainbat liburu idatzi ditu gaiaren gainean. "50eko hamarralditik aurrera, eta bereziki 60ko hamarraldian indartu zen zesta-punta Floridan. Habanako frontoia itxi zen, Estatu Batuetan ezagutzera eman zen kirola, eta 60ko hamarraldiaren amaieran-edo iritsi zen eztanda. Urte gutxiren buruan dozena bat frontoi industrial eraiki ziren, Floridan gehienak, baina baita beste estatu batzuetan ere, hala nola Connecticut-en. Profesionalentzako 16 frontoi ere egon ziren Estatu Batuetan une jakin batean. Floridan, bigarren kirola zen, futbol amerikarraren atzetik", adierazi du.
"Profesionalentzako 16 frontoi ere egon ziren Estatu Batuetan une jakin batean. Floridan, bigarren kirola zen, futbol amerikarraren atzetik"
Beaskoetxea 1970ean iritsi zen Miami-ra Gernikatik, jaioterritik —han egina zuen debuta bi urte lehenago—. Hamasei urte eskas zituela, euskal pilotaren gune berrian agertu zen, kirolaren aparraldi betean. "Sekulako giroa zegoen. 1974-1975ean 15.000 lagun sartu izan ziren partida bat ikustera, baina kontua da larunbat goiz batean 9.000 ikusle egoten zirela, eta ostiral gauetan 10.000 ere bai. Aste barruan, 6.000 pertsona egoten ziren zesta-puntako partidak ikusten", kontatu du.
Miamiko frontoia bihurtu zen diziplinaren potentzia nagusia, eta munduko pilotaririk onenak kontratatu zituzten, baita saskigileak eta bestelako profesional batzuk ere, hamarnaka.
"Guztien % 90 euskaldunak ginen. Zesta-puntak une gozoa bizi zuen Euskal Herrian ere, eta udaran baimena eskatzen genuen etxean jokatu ahal izateko, txapelketa garrantzitsuak egoten ziren eta. Estatu Batuetan lan pila bat egiten genuen, pila bat. Astean sei egun egoten ginen frontoian, eta maiz bi partida jokatzen genituen egunean. Egur galanta, baina horixe nahi genuen. Eta oso ondo ordaintzen zuten, batez ere pezetarekin alderatuta. Aitortza eta balorazio handia sentitzen genuen", adierazi du.
"Uste dut gakoa izan zela hiru urteko greba hori; frontoira joateko ohitura galdu zen, eta hain ondo egituratutako sistema hura behera etorri zen"
Beaskoetxea —zesta-puntaren urrezko aroko pilotaririk onenetako bat—Estatu Batuetan bizi izan zen 1970etik 1988ra. Atlantikoaren beste aldean pilotari profesional gisa egindako azken lau urteak Connecticuten eman zituen. Harik eta zesta-puntaren amaiera hasi zen arte, 1988an.
"Frontoi batzuetako baldintzak ez ziren hain onak, nahiz eta beste batzuetan ederki asko bizi ginen. Greba bat antolatzea erabaki zen, eta guk bat egin genuen horrekin, kideenganako elkartasunez. Azkenean, hiru urtez luzatu zen etena, eta zesta-punta ez zen inoiz bere onera itzuli. Beste faktore batzuk ere izan ziren tartean: kasinoak hedatu ziren, baita beste apustu-modu batzuk ere, baina uste dut gakoa izan zela hiru urteko greba hori; frontoira joateko ohitura galdu zen, eta hain ondo egituratutako sistema hura behera etorri zen", gaineratu du.
90eko hamarralditik aurrera, zesta-puntaren arloan ziklo berri bat abiatu zen Estatu Batuetan, 70eko loralditik urrun. Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluaren presidente Fernando Azkaratek gogora ekarri du nola hasi zen zesta-punta pixkanaka esnatzen bere amets amerikarretik.
«Ez da gauza bera greba egitea hemen edo Estatu Batuetan: bigarrenean, enpresak ohartu ziren askoz maila baxuagoko pilotarik har zitzaketela, eta apustuzaleak berdin-berdin erakarri. Gatazka handiak piztu ziren enpresen artean, baita pilotarien artean ere, eta bai kirolaren prestigioa bai ikuskizuna kaltetu ziren. Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, zesta-punta berrabiarazten ahalegindu gara; horretarako, nazioarteko zirkuitu bat osatu dugu: Jai Alai World Tour. Zenbait partida jokatu dira euskal lurraldeetatik kanpo, Mexikon eta Bartzelonan, baina oraindik ez dugu nazioarteko zirkuitu egonkorrik ezartzea lortu», adierazi du.
Talde profesionaleko pilotaririk garrantzitsuenek —tartean, Beaskoetxearen seme bat— bi zatitan banatzen dute denboraldia: batetik Estatu Batuetan aritzen dira; bestetik, udan, euskal txapelketetan jokatzen dute. Kirol guztiz ikusgarria izanik, marka batzuek, hala nola Red Bull-ek edo Loewe-k, interesa agertu dute zesta-puntarekiko, eta beren publizitatean agertu izan da Iñaki Osa Goikoetxea, azken hamarraldietako puntista nagusia. Are gehiago, zesta-punta «munduko kirolik bizkorrena» dela baieztatu zen ekitaldi batean, Dani Pedrosa pilotua bertan zela. Orduko hartan, orduko 313 km-tan jaurti zen pilota.
Edonola ere, eskuzko pilota da Euskal Herriko pilotazaleen aldaerarik gogokoena, eta Atlantikoaren beste aldeak zesta-puntak ez du aurreko hamarraldietako indarrik berreskuratu.
Beaskoetxeak ez du uste behin betiko itxiera bat denik, baina erakundeei eskatu die bultzada sendoagoa eman diezaioten kirol horri; haren iritziz, «potentzial handia» du, eta oso garrantzitsua izan da Euskal Herriarentzat. "Hainbat hamarraldiz, kirol honek milaka euskal profesional eraman ditu munduan barrena. Gure herriaren enbaxadoreak izan gara, eta geurekin ekarri dugu onura ekonomiko bat ere. Erakundeek ohartu behar dute zer-nolako eragina izan duen", azaldu du.
Gogora ekarri du, halaber, Dania Beach frontoiaren jabeen erabakia: hitz eman dute ez dutela frontoia eraitsiko. Zain daude, Beaskoetxea bezala, mundua harritu zuen euskal kirolaren hurrengo aukera noiz iritsiko.