Itsasoz gaindiko frantziar lurralde horrek —Ternuaren hegoaldean dago—, euskaldunei, bretainiarrei eta normandiarrei omen egiten die bere banderan, izan ere, XVI. menderako iritsi baitziren inguru hartara. Uhartedi ñimiñoa izanik, oso garrantzitsua izan zen bakailao-arrantza garatzeko, eta, XX. mendetik aurrera, baita alkohol-kontrabandorako ere.
Saint-Pierre eta Mikelune: zergatik den ikurrina Ipar Atlantikoko uhartedi baten ikurra
2024 Mar 01Euskal kostaldetik 2.500 miliara, Ternuako hegoaldetik 25 kilometrora, bada uhartedi ñimiño bat: «euskal jaiak» ospatzen dituzte urtero, hainbat frontoi dauzkate, eta ikurrina bat agertzen da beren bandera koloretsuan. Xehetasun txiki hauek, zertxobait folklorikoak izanik ere, lotura dute Saint-Pierre eta Mikelune uhartedian euskaldunek izan duten presentziarekin, eta presentzia hori ez da inondik ere txikia. Euskal kostaldeko itsas kulturarekin lotutako beste pasadizo batzuek bezala, kontu honek interes bizia piztu du azken urteotan. Kanadako kostan kokatuta badago ere, Saint-Pierre eta Mikelune itsasoz gaindiko lurralde bat da, Frantziako Errepublikaren mendekoa, eta lurralde-kolektibitatearen estatusa du. 6.000 biztanle inguru bizi dira bertan, eta 240 kilometro karratuko hedadura du guztira. Hiru irla nagusitan banatuta dago —Saint-Pierre, Mikelune eta Langlade—, eta baditu beste uharte txiki batzuk ere, biztanlerik gabeak.
Kokapen estrategikoa: Frantzia eta Ingalaterra elkarren aurka borrokatu ziren han, eta Al Capone ere joan zen bisitan, bere kontrabando-sarea ikuskatzera
Bertako banderak —berriki sortua da, eta ezkutu gisa ere erabili izan da— oihartzun nabarmena izan du Euskal Herrian azken urteotan, bitxikeria guztiz arrunt baten ondorioz: WhatsAppeko eta Twitterreko emojietan agertzen den 270 banderetako bat da.
Edonola ere, halako pasadizoei esker, arreta eskaintzen ari gatzaizkie, maila lokalean, gure lurraldearen itsas iraganak utzi dituen arrastoei, eta, kontakizun horiek ez datoz bat "Euskal Herriaren iraganari buruzko ikuspegi batekin, non leku itxitzat, bere baitara bildutzat, eta mendietan eta baserrietan gordetzat hartzen baita", betiere Xabier Alberdiren iritziz; historialaria eta Donostiako Euskal Itsas Museoko zuzendaria da. "Ikuspegi horrek ez du batere zerikusirik errealitatearekin", adierazi du.
Cartier, eta arrantzaleen iritsiera
Egia esan, Saint-Pierre eta Mikeluneren bandera koloretsuak —eraikin publikoetan erakusten den arren, ez da guztiz ofiziala— gauza asko adierazten ditu uhartediaren historiari buruz.
Batetik, urre-koloreko itsasontzi bat erakusten du; Grande Hermine da: ontzi horretan iritsi zen Jacques Cartier Saint-Pierreko uhartera 1535eko ekainaren 15ean. Beste aldean, berriz, euskal, bretainiar eta normandiar bandera agertzen dira, uharteko biztanle gehienen jatorria islatuz. Alabaina, nabarmendu behar da irla horietan jendea bizi izan zela historiaurretik, eta eskimalen kulturaren aztarnak ere aurkitu izan dira.
Euskal arrantzaleen kasuan, beranduenez XVI. mendearen hasieran iritsi ziren uharte haietara; hala azaldu du Xabier Alberdik: "Atlantikoko inguru horretako arrantzari dagokionez, espazio hori oso goiz barneratu zuten beren jardueran. Lehen dokumentazio-aipamenak XVI. mendearen hasierakoak dira. Batzuetan ez dira portu zehatzak aipatzen; aldiz, Ternuako lurraldeaz hitz egiten da modu orokorrean, baina erreferentzia hori Ternuako irlatik harago doa, eta orobat biltzen ditu Saint-Pierre eta Mikelune edo kontinenteko beste espazio batzuk ere, hala nola Labrador penintsula eta San Lorentzoko Golkoa".
Alberdiren ustez, "izan liteke" euskal arrantzaleak XVI. mendea baino lehen iritsi izana inguru hartara; dena den, gaur egun ezagutzen den dokumentazioaren arabera, momentuz ez da halakorik baieztatu. "Beharbada, etorkizunean gehiago jakingo dugu gai horren inguruan. Oraindik ez dira berrikusi dokumentazio-funts jakingarri guztiak, eta arkeologiak ere fruituak emango ditu seguru; Kanadan, izan ere, horixe ari da gertatzen. Edonola ere, badakigu, froga arkeologikoei esker jakin ere, vikingoak egon zirela Ternuako iparraldean, eta badakigu, halaber, Groenlandiatik ere iritsi zirela espedizio batzuk", azaldu du.
450 urteko harremana
Uhartedira egindako lehen bidaiez harago, badago kontu bat harrigarriagoa, izan ere, euskaldunek luzaro iraun zuten inguru hartan bizitzen: 450 urtetik gora. Hala, bertatik bertara bizi izan zituzten Frantziak eta Ingalaterrak lurraldearen kontrola eskuratzeko izandako guduak.
"Euskal arrantzaleen lehen bidaiak —baita beste lurralde batzuetako jendearenak ere— sasoikoak izaten ziren: europarrek ez zuten kokaleku finkorik ezarri hasieran. Arrantzaleak udaberriaren bukaeran agertzen ziren, beren jarduera garatu, eta udarako alde egiten zuten. XVII. mendearen hasieratik aurrera, ordea, Nouvelle France-ren egitura inperiala garatzeaz batera, lehen kolonia egonkorrak ezarri ziren. Kokaleku fikoak sortu ziren, eta lehen kolonoen artean badira Iparraldeko arrantzaleak, Donibane-Lohizunekoak eta Ziburukoak, adibidez, baina baita gipuzkoarrak ere, espedizioetako kideak baitziren. Han ezartzen ziren, arrantzan jardun, eta Europatik iritsitako ontziei saltzen zieten arraina. Hala, lotura gero eta estuagoa bihurtu zen", adierazi du Alberdik.
Euskal presentziak ez zuen etenik izan ez uhartedian ez Ternuako eremuan iragan mendeko 80ko hamarraldira arte: garai horretan, bakailao-arrantzak behera egin zuen. Berez, XX. mendearen lehen hamarraldietan, indartu egin ziren bakailao-ontzi bizkaitar zein gipuzkoarren espedizioak.
"Ez da noizbehinkako harreman bat, mendetako kontaktua baizik. Zergatik? Eremu hori oso-oso aberatsa delako arrantzarako. Inguru horretan arrantzatutako bakailaoak jaten eman zion kontinentearen puska handi bati, eta eragin ekonomiko izugarria izan zuen", gehitu du.
Atlantikoko beste inguru batzuetan gertatu ez bezala, Saint-Pierre eta Mikelunera joandako euskaldunek bakailaoa arrantzatzen zuten, eta ez zetazeoak. "Horrek ez du esan nahi ez zutenik balearik arrantzatzen, aukera suertatuz gero. Edonola ere, Saint-Pierre eta Mikelune ez zen izan balea-geltoki bat, Kanadako edo Islandiako kostetako beste leku batzuen kontrakarrean", adierazi du Alberdik.
Al Caponeren “suitea”
Hainbat mendeko presentzia horren ondorioz, euskaldunen arrastoak geratu dira irlan, esate baterako, Rue des Basques kalea, zeina Saint-Pierren baitago: ozeanoaz gaindiko harreman estuaren oroigarria da. Portuaren inguruan dago, eta Hotel Robert ostatutik metro gutxi batzuetara amaitzen da. Ostatu horretako suite batean egon zen Al Capone 1920ko hamarraldian, Lege Lehorraren garaian.
Estatu Batuetan alkohola debekatu zenean, uhartediak urrezko aro bat bizi izan zuen. Lehen Mundu Gerraren ostean izan zen: garai hartan, lurraldea gainbeheran zegoen, arrantzale asko soldadu joan baitziren, eta orduan alkoholaren trafikoa bihurtu zen motor ekonomiko nagusia.
Saint-Pierre eta Mikeluneko portuetara barra-barra iristen ziren rona, whiskia eta xanpaina Atlantikoaren beste aldetik. Ondoren, arrantza-ontzi txikiagoetan garraiatzen ziren AEBko kostaraino.
Piper-Heidsieck xanpain-markak, duela urte batzuk, Lege Lehorraren garaia ekarri zuen gogora, eta edizio mugatu bat atera zuen, Prohibition Edition izenarekin. Botiletan Saint-Pierreko portuaren argazki bat agertzen zen zuri-beltzean: horra hor alkohol-kontrabandoak izandako garrantzia nabarmenaren erakusgarri bat. Al Caponek horregatik hartu zuen ostatu Hotel Roberten: bertatik bertara egiaztatu nahi zuen bere kontrabando-sare erraldoiaren martxa.
Uharteak gaur egun
Azken urteotan, arrantzak gainbehera egin du nabarmen, batez ere gehiegi ustiatu zelako 1980ko hamarraldira arte, eta orain, beraz, arrantza-debekualdi zorrotzak ezarri behar dira nahitaez. Ondorioz, uhartediko biztanle-kopurua jaitsi egin da azken hamar urteetan, baina, halaber, natura-turismoak gora egin du, kokagune berezi honetan gertatu diren gertakari historiko zenbaiten harira.
Uhartediari buruzko kontakizunean, bisitariak harrapatu nahian, hainbat erreferentzia aipatzen dira: euskal, bretainiar eta normandiar populatzaileak; euskal jaiak —abuztuan egiten dira—, eta uhartediaren garrantzia estrategikoa, noski. Izan ere, oso inportantea izan zen Nouvelle Francerentzat, Ingalaterra kolonialarentzat eta, duela gutxiago, alkohol-kontrabandoaren garapenarentzat XX. mendean.