Euskal migratzaileek sortutako boarding house bateko azken ostalaria hil eta gero, amaitu egin da XIX. mendearen erdialdetik iraun duen kapitulu bat.
Azken logela AEBko mendebaldeko euskal ostatuetan
2022 Aza 05Estatu Batuetara joandako euskal migratzaileen historiaren kapitulurik berezienetako bat itxi da uda honetan. Iazko abuztuan hil zen azken euskal bordantea, Michel Bordagaray: antzinako erara bizi zen euskal ostatu batean. Halako ostatu mordoa zabaldu zituzten euskal migratzaileek XIX. mendearen bigarren erditik aurrera, Atlantikoaren beste aldetik iritsitako milaka artzaini ostatu emateko eta laguntzeko. Instituzio hori hainbat estatutan errotu zen: Idahon, Nevadan, Kalifornian eta Oregonen, adibidez; orain, berriz, eremu gastronomikora mugatzen da, eta bezeroak erakartzen ditu ‘Basque family style dining’ leloarekin.
Establezimendu hauen ibilbidea —euskal migratzaileek ostatu deitzen zieten; tokikoek, berriz, Basque hotel eta boarding house— orain dela 150 urtetik gora abiatu zen. Euskal ostatuen instituzioak, dena den, hainbat fase bizi izan zituen; azkenean, euskal gastronomiari eskainitako taberna edo jatetxe bihurtu ziren, edo euskal etxe bestela, eskaintza gastronomikoa eskaini zein ez, eta euskal kultura zabaltzen aritzen dira buru-belarri Atlantikoaren beste aldean.
Ostatuak euskaldunek kudeatzen zituzten, eta bezeroak ere Euskal Herrikoak ziren oro
Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko katedraduna da, baita unibertsitate horretako Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria ere; ederki ezagutzen du euskal ostatuen fenomenoa. "Euskal ostatuak lotuta daude XIX. mendearen erditik aurrera izandako migrazioarekin. Bi fenomeno elkartu ziren: batetik, Bigarren Karlistadaren ondorioekin eta foruen galerarekin lotutako migrazioa, eta, bestetik, urrearen sukarra. Euskaldun gutxi batzuk urre bila abiatu ziren, baina gehienek hornigaiak eman zizkieten —jana, esnea edo artilea— urre-biltzaileei. Hortik abiatuta, artzaintzari lotutako migrazioa eraldatu egin zen apurka, bereziki XX. mendean", azaldu du.
Euskal ostatuak, beraz, migrazioaren beharrei erantzuteko sortu ziren. Garai hartako migratzaileak mutil gazteak ziren, nerabeak kasik. "XIX. mendearen amaieran, migratzaile horiek iritsi zirenean, han ez zegoen euskaldunen presentzia handirik, Uruguain edo Argentinan ez bezala. Lurralde hura erabat berria zen haientzat; gehienek, euskaraz baino ez zekiten: Baztangoak, Lekeitio eta Gernika ingurukoak eta Nafarroa Beherekoak baitziren. Testuinguru horretan, ostatuak erreferentziazko gune bihurtu ziren gazteentzat; hamarraldiek aurrera egin ahala, milaka batzuk izatera iritsi ziren", azaldu du Irujok.
XIX. mendeko 60ko hamarralditik aurrera, boarding house enblematiko batzuk finkatu ziren: euskaldunek kudeatzen zituzten, Euskal Herriko migratzaileentzat. Urteek aurrera egin ahala, harrera-sistema horren engranajeak findu ziren, eta AEBko geografia alderik alde hartzera iritsi ziren.
"Une batetik aurrera, guztia aldez aurretik lotuta zeukatela iristen ziren gazteak, lotzaileak izeneko bitartekarien bidez. Figura horri kritika gordina egin izan zaio euskal literaturan: gazteei saltzen omen zieten aberastu egingo zirela, etab. Biderik ohikoena: gazteak ontziz iristen ziren New Yorkera, Bordeletik abiatuta. Han, Manhattanen, garrantzitsua izan zen, oso, Valentin Agirreren boarding housea. Haren senideak, portura hurbildu, eta honela dei egiten zuten: "Badira euskaldunak hemen?". Eta New Yorkeko euskal ostatu hori, Santa Lucia izenekoa, lehen geralekua zen", adierazi du Irujok.
Hortik aurrera, iritsi berriak trenez bidaiatzen ziren hainbat astez, harik eta beste euskaldun batek lotutako artzain-postura iristen ziren arte; gehienetan, ez zuten lanbidea ezagutzen: "Eta, ezagutzen zutenek, askoz neurri txikiagoko jarduna ezagutzen zuten. Estatu Batuetan 700 edo 1.000 burutik gorako artaldeez arduratzen ziren".
"Lan erraza zen, baina oso-oso aspergarria eta bakartia. Desafiorik zailena bakardadea zen", aipatu du Irujok. Joxe Mallea-Olaetxea historialariak bakardade erabateko horri buruz idatzi du ´Speaking Through the Aspens´ (Lertxunen bitartez hitz egiten) liburuan: horretarako, artzainek milaka zuhaitzetan utzitako arrastoak aztertu ditu, izan ere, marrazkiz, dataz, inizialez eta emakume-irudiz betetzen baitzituzten enborrak. "Artzainek hainbat hilabete ematen zituzten erabat bakarrik; lagun bakartzat zituztela bi txakur, asto bat eta ia 1.500 ardi", kontatu zuen Mallea-Olaetxeak ´Basque Hotel´ dokumentalean.
Bestalde, euskal ostatuek beren jarduera moldatu zuten, artzainen beharren arabera. "Konfiantzazko lekuak ziren haientzat, erreferentziazko lekuak. Gainera, euskal janaria zeukaten, euskaraz mintzatu zitezkeen —hau da, mintzatu egin zitezkeen—, eta tarte on bat pasa: musean jokatu, musika entzun edo pilotan jardun. Halaber, posta jasotzen zuten han, eta kredituak kudeatzen zituzten. Ezagutzen ditudan boarding house guztiak kooperatibak ziren, eta ez jabetza pribatuak; hala, elkarri laguntzeko funtsak sortzen zituzten, halako Gizarte Segurantza batzuk, inork ezbeharrik izatekotan gastuak ordaintze aldera. Ospitale gisa ere erabili izan zituzten artzainek", azaldu du Irujok.
Urteek aurrera egin ahala, lehen euskal migratzaileen egoera aldatu egin zen. Gehienek, artzaintzaren bakardade erabatekoa gainditu, eta maila sozialean aurrera egiten lortu zuten. Halaber, atzean utzi zituzten migrazioak berekin dakartzan ohiko estigmak: black basque eta coyotes deitzen zieten, mespretxuz.
Batzuk Euskal Herrira itzuli ziren, baina gehienak AEBn geratu ziren. Zenbaitek eragin ekonomiko eta politiko nabarmena eskuratu zuten AEBko mendebaldeko estatuetan. Paul Laxalt, Nevadako gobernadorea eta AEBko senataria; Pete Cenarrusa, Idahoko estatu-idazkari ohia eta Dave Bieter, Boise-ko alkatea 16 urtez (Idahoko hiriburua da Boise), migrazio horren semeak edo ilobak dira.
Boarding housen hasierako helburua aldatu egin zen apurka: hala islatzen du Jeri Echeverria historialari eusko-amerikarraren doktore-tesiak. XX. mendearen erditik aurrera, ostatu izateari utzi zioten, eta jatetxe bihurtu ziren, euskal gastronomia landuz; bestela, euskal etxe bihurtu ziren, mendebete lehenago Argentinan eta Uruguain abiatutako joerari tiraka. Kasu askotan, euskal migratzaileei ingeles-eskolak eskaintzeari utzi, eta euskara-eskolak ematen hasi zitzaizkien bigarren belaunaldiko eusko-amerikarrei.
Gastronomiari dagokionez, eragin nabarmena izan zuten, hainbestekoa non, gaur egun, AEBko mendebaldearen zati batean janari eusko-amerikarra baita "tokiko janaririk egiazkoena", betiere H. D. Miller-en arabera; historia irakasten du Lipscomb-eko Unibertsitatean (Nashville), eta kritikari gastronomikoa ere bada: "Bizirik iraun duten euskal jatetxeei dagokienez, eta batzuek mende bat baino daramate zabalik, esan daiteke haiek eskaintzen dutela AEBko mendebaldeko tokiko janaririk egiazkoena, hein batean euskalduna eta hein batean chuckwagon, janari mendebaldar petoa".
Pandemiak behea joarazi zien zenbait boarding house ezaguni, hala nola Renoko Noriega Baskersfields-i eta Santa Feri; biak ere jatetxeak bihurtuak ordurako. Chino-ko (Kalifornia) Centro Basco zen, aspalditik, oraindik ostalari batzuk zeuzkan leku bakarra.
Otsailean, ostatuaren jabea hil zen, Monique Berterretche, eta pasa den udan agurtu zen, berriz, Michel Bordagaray: 60ko hamarraldian migratu zuen Anhauzetik (Nafarroa Beherea), eta artzain aritu zen zenbait urtez. "Lehen aldiz Centro Bascora heldu nintzenean, Euskal Herrian bezalaxe sentitu nintzen. Orain, gero eta jende gutxiago dago", azaldu zuen, hil baino hilabete batzuk lehenago, Kaliforniako hedabide batean.
Haren heriotzaren ostean, bizimodu bat amaitu da, zeinak mende eta erdi iraun baitu guztira, nahiz eta gainbehera nabarmena egin duen azken hamarraldietan. Orain, hondarrak geratzen dira. AEBko mendebaldean daude euskal zentro gehien, Idahon eta Nevadan bereziki. Eta euskal ostatu zaharrek, hala nola Elkoko Hotel Star-ek eta Gardnerville-ko JT-k, bisitarien arreta erakartzen dute beren basque food-arekin.