Itzuli

Hitz irudiztatuak: pantailara salto egin duten pasarteak

Egilea: Leire Palacios 2024 Abe 21

Euskal literaturak eta zinemak emari bertsuko obrak ekarri dizkigute urteetan zehar. Hertsiki lotutako bi disziplinen arteko lehen printzen kokapena ezjakina bada ere askok 80ko hamarkadan azaltzen dute.

Garai horretan, Euskal Telebistaren sorrerarekin bat eginda, pantaila txikian ikusteko hiru film aurkitu omen daitezke, baita Anjel Lertxundi idazleak lan literario paretik eratorritako lanak ere; ‘Hamaseigarrenean, aidanez’ (1985), eta ‘Kareletik’ (1987) eta  Arantxa Urretabizkaiaren ‘Zergatik panpox?’ (1979) eleberri laburretik Xabier Elorriagak egindako film ertaina 1985.urtean.

Orduz geroztik, geroz eta maiztasun handiagorekin egokitu dira euskal literatur narrazioak frameetara, eta asko esatea bada ere, folklorearen parte bailiran, horietako hainbat betiko geratu zaizkigu erretinan iltzatuta. Ez da inoren sorpresarako izango gomendioa; herri eta baserri inguruan atseginez murgiltzen direnek badute goxoki parea. Alde batetik, Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’ liburuan oinarritutako filma zuzendu zuen Montxo Armendarizek ‘Obaba’ izenpean, eta bestetik, barrez lehertzeko beta galduezina izan genuen Joxean Sagastizabalen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’  klasikoaren pantailaratzearekin Fernando Bernués eta Mireia Gabilondoren eskutik. Bizitzaren marasma harilkatzen duen Unai Elorriagaren Sprako Tranbia liburu laudatuak ‘Un poco de chocolate’ izenarekin haragiztatu zuen pantailan Aitzol Aramaiok. Kaleko egoeraren inguruan berriz, Iñaki Zabaletaren 110. Streeteko geltokia eta Ramon Saizarbitoriaren 100 metro liburuetatik sortutako lanak.

Harrezkeroztik maiztasun handiagoarekin topatu izan ditugu literatur lanak zinema aretoetan. Disziplinartekotasuna are ohikoagoa bilakatzearen ondorioz, ariketaren ekosistema aberastea ere ekarri du. Esate baterako, euskarazko testuen itzulpenak areagotu egin dira gaztelania edota frantsesera, eta horrela, euskarazko testuak irakurtzeko gaitasunik ez duten zinemagileen interesa piztu da, baita, gidoigile eta kritikariena ere.  Zorionez, arestian birpasatutako aurrekarietatik gaur egun bitartean zerrendak baditu hamaika erreferentzia gehiago, baina, azken hilabeteetako emariari egingo diogu so lau geldialdiren bitartez:

 

Lehena Eider Rodriguez idazlea eta Pilar Palomero zinemagilearen eskutik dator. Eider Rodriguezek 2017an argitaratu zuen ‘Bihotz Handiegia’ izeneko ipuin liburua, eta Pilar Palomerok liburuari izena eman zion kontakizuna egokitu zuen film oso bat egiteko. Palomerok hainbat elkarrizketan esan legez, doluan gertatzen den edertasuna azaltzeko saiakera egin nahi zuen filmarekin. Rodriguezen errelatoak egunerokotasunaren gordintasun soila dakarkio irakurleari; Madalen, alabak, Isabeli, amari, eskatu egiten dio gaixorik dagoen Ramoni, senar ohiari, tarteka bisita egiteko. Hamabost urtez bananduta  bizi ondoren Isabelentzat Ramon ezezaguna da dagoeneko. Ramonen zaurgarritasunaren gorenean elkarrekin denbora igaro ahala Isabelengan oroitzapenak piztu eta bizitzaren irakurketa egiteari ekingo dio.

Liburua: Bihotz Handiegia, Susa, 2017.
Idazlea: Eider Rodriguez.
Filma: Los destellos, 2024.
Zuzendaria: Pilar Palomero.

Bigarrena, Txani Rodriguez eta David Perez Sañudoren elkarlanetik dator. Txani Rodriguezek 2020. Urtean argitaratu zuen ‘Los Últimos Románticos’ liburua. Lana gaztelaniaz gailendu zen eta Euskadi Literatur Saria jaso zuen. Iruneren istorioa kontatzen du sentsibilitate eta zorroztasunaren arteko orekan dantzan. Irune inguru industrializatuko alaba da, hipokondriara egiteko joera du eta bakartia den arren kolektiboaren balioek mugitzen dute. Euskara eta gaztelania naturaltasunez darabilen protagonistaren zaurgarritasunak lotzen ditu begidunak; irakurleak eta ikusleak. Irune pantailan da Miren Gaztañaga aktorea, eta zinez haren lanak gogoa ematen du askatasuarekin dantza egiteko.

Liburua: Los últimos románticos, Seix Barral, 2020.
Idazlea: Txani Rodriguez.
Filma: Azken Erromantikoak, 2024.
Zuzendaria: David Perez Sañudo, 2024

Erraiak astinduko dizkizu Katixe Agirre idazlean eta Mar Coll zuzendariak sortu duten hirugarren lanak. Kazetaritzaren begirada elkargurutzatua, jaioberri bikiak hil egiten dituen amaren kontakizunetik eratorritakoak idatzi zituen Agirrek Agustin Zubikarai bekaren laguntzarekin. Lagun amankomun baten bitartez heldu zitzaien Mar Coll eta Valentina Viso gidoilariei Katixa Agirreren lana, eta amatasunak gurutzatuta, liburuak ematen duen ikuspegiarekin identifikatuak sentitu zirelako aurrera egitea erabaki zuten. Katalanez grabatu dute filmaren protagonista da Maria, jaioberri baten ama Frantzian bikiak hil berri dituen amaren kontakizunaren berri duen pertsonaia.

Liburua: Amek ez dute, Elkar, 2018.
Idazlea: Katixa Agirre.
Filma: Salve Maria, 2024.
Zuzendaria: Mar Coll.

Laugarrena aurki izango da pantailetan, hots, 2025ean. Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ liburua bihurtu du ‘Karmele’ filma Asier Altunak. Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur ditu protagonista, eta Karmele Urresti eta Txomin Letamendia benetako pertsonak gorpuztuko dituzte. Familia eta ideologiaren arteko ataka lantzen duen kontakizunaren protagonista da Karmele, Frantzian erbesteratutako erizain euskalduna. Bertan dela ezagutuko du Txomin tronpetista birtuosoa. Elkarrekin maitasuna eta ideologiaren gurutzebidetik biziko dira Paris, Caracas eta Euskal Herrian. Filmak Aitor Etxeberria musikagile euskaldunak berariaz egindako soinu banda izango du.

Liburua: Elkarrekin esnatzeko ordua, Susa, 2016.
Idazlea: Kirmen Uribe
Filma: Karmele, 2025.
Zuzendaria: Asier Altuna.

Eta soinuaren haritik tiraka, propinarako bada bestelako gutiziarik ere. Honakoak oinarrian ditu hitzak baina ez liburu batean jositakoak, diskoak ehuntzeko sortutakoak baizik. Generoan ere desberdina da, ez baita filma, dokumentala baizik. Haatik, pantailarako gosea duenak eskertuko du zerrendan egotea ere ‘Itoiz Summer Sessions/Itoiz Udako Sesioak’  dokumentala. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakak zuzendutako lanaren abiapuntua da, Juan Carlos Pérez musikariaren aurkikuntza bat; sekula ikusi gabeko Itoiz taldearen zintak. Aurkikuntza horrek bide emango dio talde mitikoaren disolbatzearen inguruko hausnarketa egin, eta ikusleari orain arte inoiz ikusi eta entzun ezin izan dituenak ezagutzeko.

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk

Kirmen Uribe bere New Yorkeko etxean. Argazkia: Oier Aranzabal
Literatura eta liburuak

Kirmen Uribe eta liburuz egindako eraikinak

Munduko txatalez osatua dagoen puzzle deszifraezina da New York. Migratzaileek eraiki zituzten zerua urratzen duten etxe orratzak eta sortu zuten gerora munduan hain ezaguna egin den iruditeria. Etorkinek idatzi dute hiriaren historia eta 2018tik gaurdaino  euskal idazle garaikide nabarmenetako bat den Kirmen Uribe ere nortasun, hizkuntza eta kultura mosaiko honen zati bihurtu da.