Laster 50 urte beteko dira Iñaki Nuñez zinemagile arabarrak ‘Estado de excepción’ (1976) film laburra Donostiako Zinemaldian estreinatu zuenetik. Euskal gatazkaren gaia jorratu zuen lehen ekoizpena izan zen eta Espainiako Gerra Zibilak markatutako Euskal Herriko familia baten historia azaltzen du. Aita Gernikako bonbardaketan hil zuten eta semea polizia frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatu egin zuten. Film laburraren grabaketan, taldeko zenbait kide, Iñaki Nuñez zuzendaria barne, atxilotu eta kartzelaratu egin zituzten, poliziari aipua kendu nahi ziotela leporatuz. Geroztik, Euskal Herriko gatazkak aztarna handia utzi du zinemagintzan eta gaiari loturiko fikzio eta dokumental ugari egin dira. Gai arantzatsua da, gogorra, inor epel uzten ez duen horietakoa. Zertarako egin, orduan, film edota dokumental bat? Galdetuko dute askok. Arrazoi asko daude baina garrantzitsuena, agian, gertatutakoa ahanzturaren zulo beltzak ez irenstea. Gertakari historiko bat pantailara eramateko zenbat denbora igaro behar den edota zenbateko distantzia hartu behar den, sortzaile bakoitzaren erabakia da. Argi dagoena zera da, zinemaren begiak erabiliz, honako izenburu hauei esker, euskal gatazka eta bizikidetza hobeto uler daitezkeela.
Gatazka eta bizikidetza zinemaren begietatik
2024 Eka 06Imanol Uriberen trilogia: ‘El Proceso de Burgos’ (1979), ‘La fuga de Segovia’ (1981) eta ‘La muerte de Mikel’ (1984)
Imanol Uribe zinegileak “euskal trilogia” delakoa osatu zuen 1979-1984 urteetan. Burgosko prozesua 1970eko abenduan ETAko 16 kideren aurka egindako gerra-kontseilu edo epaiketa militar sumarisimo bat izan zen, garrantzi publiko handia izan zuena. Uribek gertaera horrekin ‘El proceso de Burgos’ dokumentala egin zuen; gerra-kontseiluan preso zeuden eta auzipetutako pertsonen elkarrizketa eta testigantzen bilduma da. Gipuzkoan ezarri zen salbuespen egoera eta izandako ehunka atxiloketak ere aipatzen dira dokumentalean. Frankismoaren kontrako borrokan mugarri izan zen prozesua: ETAko 16 militanteak epaitu beharrean, erregimena bera auzitan jartzea lortu zuten, jendartea eta nazioartea mobilizatu eta iratzarriz. Lan honek 1979ko Donostiako Zinemaldiaren Perla del Cantábrico saria lortu zuen.
- urtean aldiz Segoviako ihesa deituriko gertaeran inspiratu zen trilogiako bigarren filma egiteko: 1976ko apirilaren 5ean Segoviako kartzelatik ihes egin zuten 29 presoen pasartea. Segoviako espetxean filmatzeko baimena eskuratu ez zenez, espetxeko instalazioetako sekuentziak Tolosako Eskolapioak ikastetxean burutu ziren. Liburu, abesti eta jakina film honi esker, ihesaldi masibo honen lekukotza tinko eutsi da memoria kolektiboan. Ihesak oihartzun handia izan zuen nazioartean; hala, Le Mondek lehen orrialdean argitaratu zuen «La Grande Évasion» izenburupean.
‘Queer-ak eta landatartasunak topo egiten duten bost euskal film’ artikuluan aipatutako ‘La muerte de Mikel’ luzemetraiak ematen dio itxiera trilogiari. Benetako gertaera batean oinarritua, ondorio nabarmenak izan zituen Espainiako trantsizio politikoko garaian. Mikel (Imanol Arias) farmazeutiko gazte bat da, homosexuala eta ezker abertzaleko militantea. Egun batean hilda agertzen da. Istorioa hilik azaltzen den unetik atzera azaldua dago, flashback moduan.
‘Ander eta Yul’ (1989, Ana Díez)
Ana Diez nafarraren lehen film luzea. Bi lagunen arteko harreman tragiko baten istorioa da: Yul, ETAko kidea da —filmean zuzenean aipatzen ez den arren— eta Ander, haren gaztetako lagun mina eta kartzelatik atera berri den Errenteriako droga-saltzailea. Kutsu intimista duen filma da, heroien eta gaizkileen ohiko istorioetatik ihes egiten du, eta irudiek, pertsonaia atsekabetuen geruza emozional guztiak erakusten dituzte. ´Ander eta Yul´ Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta Zuzendari Berri Onenaren Goya Saria jaso zuen 1990ean. Anekdota bitxi bat: Espainiako Barne Ministerioak, gidoia irakurri ostean, grabaketarako atrezzoa ukatu zien egileei. Horregatik filmean ez da ageri espainiar poliziaren uniformerik.
‘Yoyes’ (1999, Helena Taberna)
Dolores Gonzalez Katarain —Yoyes goitizenaz ezaguna- ETAko zuzendaritza gorenera iritsi zen lehen emakumea izan zen. Taldetik irten zenean ordea, traidoretzat jo zuten. Mexikon erbesteratua egon ostean Euskal Herrira itzulita, bizitza berreraikitzen saiatu zen, baina 1986ko irailaren 10ean, ETAk Yoyes-en aurka atentatu egin zuen, eta bere buruzagi ohia bere jaioterrian hil zuten, Ordizian. Hilketak izugarrizko zirrara eragin zuen gizartean. Helena Tabernak istorio hori pantailaratu zuen ‘Yoyes’ filmean, eta Ana Torrent aktoreak jokatu zuen Dolores Gonzalez Katarainen rola. Ana Torrent aktorea aipatuta, Lur Olaizolaren 2022ko ‘Hirugarren koadernoa’ film laburrak ere aipamena merezi du, baduelako lotura zuzena film honekin. Yoyesen egunerokoa abiapuntu hartuta imajinatutako gidoi bat irakurtzen dute, Torrent aktoreak berak eta Lur Olaizola zuzendariak.
‘La pelota vasca’ (2003, Julio Medem)
Euskal Herriko gatazkaren gaia ardatz artuz, Julio Medem donostiarrak hirurogeita hamar elkarrizketa biltzen ditu dokumental honetan. Elkarrizketa horiek, Euskal Herriko airetako irudi, euskal pilota-partida baten hainbat une, gaiari buruzko hainbat filmetako eszena eta komunikabideen zenbait irudirekin tartekatzen ditu. Oihartzun mediatiko ikaragarria izan zuen lanak, eta proiektua bost euskarritan zabaldu zen: liburua, dokumentala, hiru kapituluko telesaila, webgunea eta DVD-a. Goya sarietan eta Europako Zinema sarietan dokumental onenaren hautagaiak lortu zituen.
‘Barrura begiratzeko leihoak’ (2012, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Txaber Larreategi)
Bost istorio txiki independente, bost zuzendariren begietatik eta bost euskal presori buruzkoak. Josu Martinezen lana Irati Tobarren esperientzian oinarritu da. Tobarrek bazekien atxilotu egingo zutela, eta atxilotu bitarteko beldur eta bizipenak jasotzen ditu Martinezek. Txeber Larreategik Ion Ugarte Zinkunegi presoaren esperientzia erakustearekin batera, hamasei urtez preso egon ostean espetxetik ateratzeko esperientzia jasotzen du. Mireia Gabilondok aldiz, Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren egoera erakusten du. Bularreko minbizia topatu zioten 2007an, eta Jaengo ospitalean erauzi zioten. 23 urte daramatza preso. Enara Goikoetxeak, Jesus Mari Zalakainen istorioa aukeratu du. Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik dago preso. 18/98 auzian epaitu eta zigortu zuten. Zortzi urteko zigorra jarri zioten. Eta azkenik, Eneko Olasagastik Mikel Albisu Antza-ren istorioa ardatz hartzen du, ikuspegi pertsonal batetik bere pasartea osatzeko.
‘Asier eta biok’ (2013, Aitor Merino eta Amaia Merino)
Asier Aranguren eta Aitor Merino ikastolan elkar ezagutu eta 80ko hamarkadako Euskal Herrian elkarrekin hazi ziren bi gazte dira. Urte batzuen buruan, Merino Madrilera joan zen aktore izateko ametsa betetzera, eta Aranguren aldiz, lagunak alde egin ondoren, ETAn sartu zen. Amaia Merinok -eta Aitor Merinok berak- zuzendu duten dokumental honetan, Aitor eta Asierren arteko adiskidetasun harremanaren bidez euskal gatazka jarriko dute erdigunean. Osagai inpartzial pedagogiko eta sozialak ditu euskal gatazkaren zenbait gako ulertzeko. Erantzunak baino, galderak egiten dituen dokumentala da, beste ikuspuntu batzuk proposatu eta, batez ere, beharrezko elkarrizketak bultzatzen dituena.
‘Lasa eta Zabala’ (2014, Pablo Malo)
Lasa eta Zabalaren hilketa euskal gatazkaren eremuan ezagutu beharreko beste pasarte latza da. Joxi Zabala eta Joxean Lasa Baionan bahitu zituen Guardia Zibileko talde batek eta Donostiako La Cumbre jauregira eraman zituzten, non torturatu egin zituzten. Handik Alacantera eraman zituzten eta bertan tiroz hil eta lurperatu. Bahiketa eta ondorengo hilketa estatuko aparatuek antolatutako GAL erakundearen lehen ekintza izan ziren. 2014. urtean Pablo Malo donostiarrak kasua pantailaratu eta diskurtso gordinaren aldeko hautua egin zuen, zuzena eta kontzesiorik gabea. Jon Anzak eta Christian Merchan aktoreek gorpuztu dituzte Joxean Lasa eta Joxi Zabala, eta beldurra eta sufrimendua ezin hobeto islatzen dituzte.
‘Negociador’ (2014, Borja Cobeaga)
Gaia latza eta gordina izanik ere, umorearen bidea jorratzea ezinbestekoa iruditu zaio beti Borja Cobeaga zinegileari. 2003an ETBko ‘Vaya Semanita’ saioaren zuzendaria izan zena, ordu-arte gai honen inguruan landu ez zen tonua erabiltzen hasi zen. Urte batzuk geroago, eta tartean zenbait film zuzendu eta idatzi ondoren –‘Ocho apellidos vascos’ arrakastatsuaren gidoia adibidez, Diego San Jose kidearekin idatzi zuen filma-, ‘Negociador’ estreinatu zuen; 2005ean eta 2006an Jesús Eguiguren PSE-EEko eusko legebiltzarkide ohia eta ETAren arteko negoziazioetan oinarritutako komedia dramatikoa. Bere aurreko lanen estilo komikotik apur bat aldendu eta kutsu tragikomikoago batera lerratu da Cobega film honekin. Umore lehor samarra duen komedia malenkoniatsua da. Barrea eragiten duten uneak badaude, baina egoera batzuen izaera absurdoek eragiten dituzte, ez txiste konkretuek.
‘Non Dago Mikel?’ (2020, Miguel Angel Llamas, Amaia Merino)
Amaia Merino eta Miguel Angel Llamasek idatzitako eta zuzendutako dokumental honetan Euskal Herria astindu zuen estatu krimen baten historia azaltzen da, egia jakiteko eskubideari buruzkoa. 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe eta Ion Arretxe. Atxilotu eta hogei egunera, Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian, ur gainean agertu zen. Heriotzagatik hunkiturik, sekula ikusi gabeko mobilizazio soziala eta protesta ekintza bortitzak gertatu ziren Euskal Herrian Zabalzaren familiari babesa emateko eta estatuko hilketatzat hartzen den desagerpena salatzeko. Narrazio gogorra osatu dute Merinok eta Llamasek baina beharrezkoa. 2020ko Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Sarian aipamen berezia jaso zuten. Dokumentalaren material gehigarriarekin, ‘Galdutako Objetuak’ websaila ere zabaldu da. Informazio osoa mikelzabalza.eus webgunean aurki daiteke.
‘Maixabel’ (2021, Iciar Bollain)
Filmaren izenburuak Maixabel Lasari egiten dio erreferentzia; bere senarra, Juan Mari Jauregi 1994 eta 1996 artean Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa, ETAk hil zuen 2000ko uztailean, Tolosan. Hilabete batzuk geroago, Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari izendatu zuten. Kargu horretan zebilela, biktimen eta presoen arteko topaketak antolatu zituen, eta horietan parte hartu zuen; lehen aldiz, 2011n eta 2014an elkartu zen Jauregi hil zutenetako birekin.Lasaren istorioa ardatz hartuz, lan hunkigarria egin du Icíar Bollaín zinegileak, barkamenaren eta bigarren aukeren kontakizun lazgarria. Drama sendoa da, pentsatzera gonbidatzen duena. Antzezpen lanak apartak dira. Horren emaitza alor horretan irabazi zituen hiru Goya Sariak: Emakumezko Aktorerik Onena (Blanca Portillo), Bigarren Mailako Aktorerik Onena (Urko Olazabal) eta Aktore Berririk Onena (María Cerezuela).
‘Karpeta urdinak’ (2022, Ander Iriarte)
Euskal Herriko torturaren errealitatean sakontzen duen dokumentala osatu zuen Ander Iriartek 2022an. Bereziki marka fisikorik uzten ez duten horietan zentratu da eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren txosten ofizialari jarraitzen diona. Iriartek, aitak komisarian jasan zuen hori tortura izan zela susmatzen duen unean hasiko da guztia. Bere susmoa argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren barruan egindako ‘1960tik 2014ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua’ txostena ezagutuko du. Ikerketa honek argitaratutako emaitzekin izututa, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko dizkiote “tortura psikologikoa”, “Istanbulgo Protokoloa” edo “hurbilketa estatistikoa” kontzeptuak, torturaren errealitatea ezagutaraziz. Ia bi orduko dokumental-zientifiko zorrotza egin du; erakusten dituen datu, estatistika eta ondorioen tsunamia ikaragarria da, batez ere, honakoa ez delako zuzendariaren iritzia zabaltzeko egin den lana, datu gordin eta oso errealetan oinarritzen den ikus-entzunezkoa baizik.
´Indarkeriaren oi(h)artzunak’ (2023, Amaia Merino, Ander Iriarte)
Zerrenda ixten duen dokumental honek, berriki Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian saritu dute eta jaialdiko ikusleen aitortza lortu du, baita Amnesty International sariaren epaimahaiaren aipamen berezia ere. 1982. urtean hil zen Esteban Muruetagoiena, Guardia Zibilak bederatzi eguneko atxiloaldi baten ostean aske utzi eta hiru egunera. 42 urteren ondoren, haren alaba Tamara Muruetagoienak oraindik ez du jaso Poliziaren torturen biktima delako errekonozimendurik, eta hori bera irudikatu nahi izan dute Amaia Merinok eta Ander Iriartek dokumentalean.
Zerrenda osagarria
Hamaika lan egin dira euskal gatazkaren inguruan eta ezinezkoa da guztietan murgiltzea. Gehiago sakontzeko gogoz bazaude, honatx -zuzenean zein zeharka- gaiari loturiko film, telesail eta dokumentalak:
Dokumentalak:
- ‘No me llame Ternera’ (2023, Jordi Evole)
- ‘918 gau’ (2021, Arantza Santesteban)
- ‘Caminho Longe’ (2020, Josu Martinez, Txaber Larreategi)
- ‘Jo ta ke’ (2020, Aitziber Olaskoaga)
- ‘Zubiak’ (2019, Jon Sistiaga)
- ‘Heriotzaren triangelua’ (2015, Jose Maria Salinas eta Imanol Laburu Larzabal)
- ‘Echevarriatik – Etxeberriara’ (2014, Ander Iriarte)
- ‘Gazta zati bat’ (2012, Jon Maia)
- ‘Sagarren denbora’ (2010, Josu Martinez, Txaber Larreategi)
- ‘Itsasoaren alaba’ (2009, Josu Martinez)
- ‘Traidores’ (2020, Jon Viar)
- ‘Pays Basque et Liberté’ ( 2019, Thomas Lacoste)
- ‘Mudar la piel’ (2018, Ana Schul)
- ‘El fin de ETA’ (2017, Justin Webster)
Pelikulak eta telesailak:
- ‘Estado de excepción’ (1976, Iñaki Nuñez)
- ‘Soinujolearen semea’ (2018, Fernando Bernués)
- ‘Umezurtzak’ (2013, Ernesto del Rio)
- ‘Dragoi ehiztaria’ (2012, Patxi Barko)
- ‘Zorion perfektua’ (2009, Angel Elortegi)
- ‘La casa de mi padre’ (2008, Gorka Merchan)
- ‘Urte ilunak’ (1993, Arantxa Lazkano)
- ‘El caso Almería’ (1984, Pedro Costa)
- ‘Denboraren gibelean’ (1993, Mirentxu Purroy)
- ‘Ke arteko egunak’ (1990, Antxon Ezeiza)
- ‘Ehun metro’ (1985, Alfonso Ungría)
- ‘Ane’ (2020, David P. Sañudo)
- ‘Érase una vez en Euskadi’ (2021, Manu Gómez)
- ‘Erreporteroak’ (1983, Iñaki Aizpuru)
- ‘El mar es azul’ (1989, Juan Ortuoste)
- ‘Eskorpion’ (1989, Ernesto Telleria)
- ‘Tiro en la cabeza’ (2008, Jaime Rosales)
- ‘Patria’ (2010, Aitor Gabilondo)
- ‘La línea invisible’ (2020, Mariano Barroso)
- ‘Fe de etarras’ (2017, Borja Cobeaga)
- ‘Lejos del mar’ (2015, Imanol Uribe)
- ‘Una bala para el Rey’ (2009, Pablo Barrera)
- ‘Celda 211’ (2009, Daniel Monzón)
- ‘Todos estamos invitados’ (2008, Manuel Gutiérrez Aragón)
- ‘GAL’ (2006, Miguel Courtois)
- ‘El Lobo’ (2004, Miguel Courtois)
- ‘La playa de los galgos’ (2002, Mario Camus)
- ‘Asesinato en febrero’ (2001, Eterio Ortega)
- ‘El viaje de Arián’ (2000, Eduard Bosch)
- ‘A ciegas’ (1997, Daniel Calparsoro)
- ‘Días contados’ (1994, Imanol Uribe)
- ‘Sombras en una batalla’ (1993, Mario Camus)
- ‘El amor de ahora’ (1987, Ernesto del Río)
- ‘Bizkaiko Golkoa’ (1985, Javier Rebollo)
- ‘El pico 1 eta 2’ (1983-1984, Eloy de la Iglesia)
- ‘Operación Ogro’ (1979, Gillo Pontecorvo)
- ‘El desafio: ETA’ (2020, Hugo Stuven)