Etxepare Euskal Institututak kudeatzen duen Euskara Munduan programari esker dozenaka irakasle trebatu dira mundu osoan.
Euskara zerotik ikasi ostean irakasle lanetan ari diren nazioarteko hiru kasu: “Hizkuntza zaila dela? Ezertarako ez”.
2024 Eka 21Euskara zaila da, euskara ez da ezinbestekoa, euskarak ez du ezertarako balio. Antzeko leloak dira beti, baina klitxeari buelta eman diote Begoñak, Christianek eta Dabidek. Bi hego amerikar eta Valentzian urte mordoxka eman dituen euskal herritar batek. Hori bai, bide ezberdinak hartuta. Haien esperientzia eta bizipenek gauza bat izan dute amankomunean: hiruek hartu dute parte Euskara Munduan programan. 2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa. Erakunde publikoaren helburuen artean dago “mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea”.
Kinku Zinkunegi Uzkudun da Euskara Munduan-en arduraduna. “Xede nagusi batekin sortu zen; munduko euskal etxeetan euskararen presentzia bermatzeko asmoarekin. Hau da, euskara eskolak eskaini euskal etxeen bidez eta erabiltzeko aukera izan dezala bertara hurbiltzen den edonork”. Horrek, praktikan, azken bost urte hauetan “oso bide desberdinak jorratzera behartu gaitu”, izan ere, abiapuntuak era askotarikoak direla ohartarazi du Zinkunegik. “Zenbaitetan, irakasle euskalduna badute, adibidez Europan, eta horrelakoetan ez ditugu euskaldundu behar. Horiekin, materialen berria emateaz gain, irakaskuntzarako oinarrizko irizpideak ematea da eginkizun nagusia”.
Europako euskal etxeetako “irakasle gehienak” Euskal Herritik epe mugatu baterako joandakoak dira. Egoera horrek, “nolabaiteko egonkortasun falta sortzen du, izan ere, askotan, irakasleak urtero edo aldatzen delako”. Baina, era berean, Institututik nabarmendu dute “beste muturra” era badagoela; hau da, “oso jarduera sendo eta egonkorra duten” euskal etxeak, besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Bordelen edo Parisen. “Gainera, aipatu nahi dut, urtero Madrilen eta Bartzelonan euskara mailak egiaztatzeko aukera dutela HABEren azterketa ofizialak egiten baitira”, adierazi du Zinkunegik.
Mundu osoan 70 bat inguru euskal etxe daude Etxeparek koordinatuta euskara eskolak eskaintzek dituztenak. Guztira, ia 2000 ikaslek ikasten dute euskara. Hego Ameriketako kasuan, irakasleen trebakuntza “askoz ere konplexuagoa da”, izan ere, “lehenengo euskaldundu egin behar baititugu”, azaldu du Zinkunegik. Behin gutxieneko euskara maila lortzen dutenean, “jardunaldi pedagogikoak” antolatzen dituzte. “Eskura jartzen dizkiegun ikas-materialen berri emateko eta irakaskuntzarako oinarrizko trebakuntza eskaintzeko”.
Argentinan euskararekiko zaletasuna bereziki handia da. Zein da arrazoia? Euskara Munduan programaren ardunaduraren esanetan, “Argentinako gazte talde bat izan zen 1990ean lehenengo ikastaroa egiten hasi zena, gero irakasteko. Horrela sortu zen Argentinan Euskaraz, geroago Euskara Munduan izango zenaren muina”. Egun, Etxepare Euskal Institutuaren “erronka” nagusia da AEBtako irakasleak trebatzea “irakasle-talde sendo bat izateko”. “Hego Ameriketan baino askoz irakasle gutxiago dugu bertan”, onartu du Zinkunegik.
Ondoren, euskara zerotik ikastetik euskara irakasteko pausoa eman duten hiru kasu ezberdin azalduko dira. Nork edo zerk bultzatu ditu euskara maite eta euskaraz bizitzera? Zein izan da ibilbidea? Zeintzuk eragozpen eta abantailak? Euskararen inguruko mitoak eta errealitateak bereizi dituzte erreportaje honetan.
Christian Etxeberria (Txileko Santiago)
Datu biografikoak. “1982ko maiatzaren 31an jaio nintzen, Santiagon. Teknologo medikua naiz, Medikuntza Nuklearrean lan egiten dut, ospitale onkologiko batean”.
Euskararekin harremanak. “12 urte daramatzat euskara ikasten. 2012an hasi nintzen Santiagoko Euzko Etxean, gero 2013an Euskara Munduan programan sartu nintzen, eta horrela nire euskarazko klaseak formalki jaso nituen. 2019an B1 azterketa gainditu nuen eta etenaldi bat hartu nuen. 2023an beste belaunaldi batekin parte hartu nuen Euskara Munduan programan B2 azterketa prestatzeko. Urtarrilean taldearekin Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegira joan nintzen maila hobetzeko. Trebakuntza prozesua oso ederra izan da, apur bat nekagarria, baina beti polita. Batzuetan sentitzen nuen ezin nuela ikasten jarraitu, baina arnasa sakona hartu ondoren pozez jarraitzen nuen”.
Echeverria amonaren historia. “Nire amonak hazi ninduen eta bere abizena Echeverria zen. Hark ez zekien euskaldun abizena zenik. Amona nire bizitzako emakume garrantzitsuenetako bat da eta hura hil zenean nik Echeverria abizena nondik datorren bilatu nuen. Ordura arte ez nekien euskara existitzen zenik ere, eta ustekabe polita izan zen. Hori dela eta, hurbildu nintzen euskarara eta ondoren euskara ikastea erabaki nuen. Amonaren abizena hartu nuen, nirea aldatu eta Echeverria euskaldundu nuen”.
Colectividad Vasca de Chile zentroko euskara irakasle baten bizipenak. “Gehien gustatzen zaidana euskara partekatzea da. Astero euskaraz agurtzen dugu eta horrela poliki-poliki ikasleek euskara erabiltzen dute. Oso polita iruditzen zait lagunak ikustea euskara hitz egiten. Urtero Bilboko Arriaga antzokiko irakurketan parte hartzen dugu. Ikasturte hasieran da, eta lehen unean ikasleei asko kostatzen zaie euskaraz irakurtzea. Asko praktikatzen dute eta astiro-astiro haien ahozkoa hobetzen dute. Ikasleen euskararekiko maitasuna ikustea gustatzen zait. Urtero ere, abenduan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu Colectividadean. Denon artean ekintzak prestatzen ditugu, pintxo lehiaketa antolatzen dugu. Ia denok parte hartzen dugu pintxoekin. Oso ondo pasatzen dugu eta egun horretan euskara bizi dezakegu”.
Gomendioren bat eman euskara zerotik ikasi nahi duenari. “Esango nioke pazientzia izan behar duela. Batzuetan oso azkar ikasiko duela, baina besteetan gehiago kostatuko zaiola. Gaur egun, euskal etxeetan normalean euskara eskolak ematen dituzte eta oso ondo dago hasteko. Horrez gain, baliabide asko daude Interneten. Musika letrak. Mugikorretarako hiztegiak. Garrantzitsuena gogoa izatea da”.
Dabid González (Valentzia, Espainia)
Datu biografikoak. “Barakaldon jaio nintzen 1975ean eta gizarte laneko teknikaria naiz. Nire haurtzaroan euskara ia ez zen entzuten auzo batekoa naiz, familia erdaldunekoa. Hainbat leku eta herrialdetan bizi ondoren, duela 16 urte Valentziara joan nintzen bizitzera”.
Euskararekin harremanak. “Eskolan lehen harremana izan nuen euskararekin lehen hezkuntzako 6. ikasturtetik aurrera, baina, egia esan, ez nuen ia ezer ikasi. 16 urterekin AEKko euskaltegian izena eman nuen eta, han, euskararen mundua deskubritu nuen. Hartaz maitemindu nintzen eta nahikoa ikasi nuen, gutxienez beste euskaldunekin komunikatzeko. Valentzian nire euskara nahiko zaharkituta zegoen eta Laurak Bat euskal etxean egiten zituzten klaseetara joatea erabaki nuen. Aita izan aurretik, hizkuntza maila ona izan nahi nuen nire seme-alabekin euskaraz hitz egin ahal izateko eta behar bezala ikas zezaten”.
German-en bultzada. “Garai hartan, taldeen maila oso baxua zen, eta ni B1 maila prestatzen ari ziren taldean matrikulatu nintzen. Urte horietan gero eta jende gehiagok ematen zuen izena, eta Lekeitioko irakasle batek, Germanek, konbentzitu ninduen hutsetik hasten ziren hasierako mailako taldeetan klaseak ematen hasteko. Hori izan zen nire lehen esperientzia euskara irakasten”.
Autodidakta baten bizipenak. “Nire prestakuntza alde batetik autodidakta izan zen, bestetik Euskara Munduan programan urtero antolatzen ziren irakasleentzako prestakuntzan parte hartu nuen. Han hasi nintzen irakaskuntzako tekniketan sakontzen. Didaktika, prestakuntza, materialen sorkuntza eta erabilera, etab. Beste euskal etxeetako irakasleekin esperientziak partekatuz ere asko ikasi dut. 11 urte daramatzat eskolak ematen eta irakasle gisa hobetzen saiatzen naiz. Gaur egun B1 eta B2 mailetako talde misto bati ematen dizkiot eskolak Valentziako euskal etxean”.
Euskal Herria meets Valentzia. “Ikasleen ehuneko handi bat valentziarrak dira, katalan hiztunak, eta arrazoi batengatik edo besteagatik euskara estimatzen dute eta berea egiten dute. Gure ikasle eta bazkide euskaldunei esker Mediterraneoaren ondoan arnasgune euskaldun txiki bat sortu dugu euskal etxean. Herri bati gerta dakiokeen gauzarik politenetako bat bere hizkuntzan bizitzen jarraitzea da. Horregatik Euskal Herria eta diaspora euskaldunaren beharra. Gure kasuan, valentzieraren garrantzia ahaztu gabe”.
Gomendioren bat eman euskara zerotik ikasi nahi duenari. “Merezi duen ahalegina da. Poliki-poliki, presaka ibili barik eta hizkuntza oso zaila dela dioen mito faltsuari jaramonik egin gabe. Desberdina bai, oso desberdina, baina zaila, ezertarako ez”.
Begoña Muñiz (Buenos Aires, Argentina)
Datu biografikoak. Lomas izenarekin ezagutzen den Lomas de Zamora hirian, Buenos Aires Handia eskualdean, jaio zen 1976an. Begoña Muñiz Etchevers-ek 48 urte ditu eta itzultzaile eta irakaslea da.
Euskararekin harremanak. “Txikitatik nahi izan nuen euskara ikasi. Amama euskaraz hitz egiten entzuten nuenean zertan ari zen jakin nahi nuen, eta kuriositate handia nuen. 6 urterekin eskolan idazten ikastean, hasi nintzen pixkanaka euskaraz idazten saiatzen, abestien letrak eta entzuten nuena. Baina ezer ulertu gabe, noski. 1990. urtean, nire euskal etxean hasi ziren euskara eskolak ematen eta berehala apuntatu nintzen. Geroztik ez naiz gelditu”.
1992, Argentinan Euskaraz. “1992an izan nuen nire lehenengo barnetegia Argentinako Tandil herrian. Garai hartan Argentinan Euskaraz zen programaren izena, eta geroago Euskara Munduan-era zabaldu egin zen. Nire kasuan oso aberasgarria eta aldi berean, zaila izan zen trebakuntza prozesua. Ez dira gauza bera euskara ikastea eta irakastea, azken hau askoz zailagoa baita. Gainera ni oso gaztea nintzen, 16 urterekin ikasten nuen guztia irakatsi behar nuen. Askotariko sentimenduak nituen, alde batetik gogo handiak eta poza, eta bestetik, besteak beste, lotsa, beldurra, segurtasun eza. Baina aurrera egin nuen eta lan eginez ikasi nuen”.
Barnetegien esperientzia positiboa. “Primeran pasatzen genuen, txangoak eta ekintza bereziak antolatzen genituen eta horrela pasatzen genituen gure udako eta neguko oporrak euskaraz. 1997an Lazkaoko Maizpide barnetegira joan ginen, eta familien etxeetan bizi ginen, orduan herriko giroa eta bizimodua barnetik ezagutzeko aukera izan genuen”.
La Platako unibertsitateko lektore, euskara barne-barnean. “Aurten hasi naiz unibertsitatean. Ikastetxean, unibertsitatean eta online bidez ari naiz. Ez dut aspertzerik. Egia esan, euskara ikasten hasi nintzenean ez nuen inola ere espero euskarari lotuta hainbeste lan izango nuenik. Euskal Echea ikastetxean [eskola bakarra Euskal Herritik kanpo non euskara gai kurrikularra den] euskara eta euskal kultura batera irakasten ditugu, 5 urteko gelatik aurrera”.
Gomendioren bat eman euskara zerotik ikasi nahi duenari. “Esango nioke egonarriz hartzeko eta euskara ikasteari ekiteko, bai telebista bai irratsaioak entzuteko. Horrek asko laguntzen baitu. Ikastean ondo pasatzea ere oso garrantzitsua dela esango nioke. Maitasunez eginez gero, errazago ikasten da, eta ate ugari irekitzen dira. Nire kasuan euskarak lagun asko eman dizkit eta nire gaur egungo lanbide-jarduera”.