Oreka TX 1997an sortu zen, eta orduz geroztik txalapartak dituen aukerak ikertzen eta zabaltzen dituzte. Gaur egun Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek eta Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariek osatzen dute OREKA TX taldea. Bost kontinenteetan aurkeztu dute haien lana, publikoa eta kritika espezializatua konkistatuz, instrumentuaren ezaugarriei eta bandaren energiari esker.
Oreka TX- k musikaltasunarekin zein perkusio materialarekin esperimentatzen dute, jatorrizko egurretik hasi eta harria, teilak, banbua eta izotza bezalako materialekin jardun dute. Ikertzeaz gain, beste artista, genero eta proiektuekin elkarlanean aritzen dira. Besteak beste, Phil Cunningham, Ara Malikian, Manu Dibango, Aziza Brahim, Motoko Hirayama bezalako izen handiekin egin dute lan. Fusio musikalaz gain, beste diziplina artistiko batzuekin (dantza, zirkua, ikus-entzunezkoak, herri kirolak…) esperimentatu eta ikuskizun berritzaileak sortzen dituzte.
Kolaborazio, sari eta errekonozimenduen gainetik, nabarmentzekoa da Oreka TX taldeak nazioartean euskal kulturaren sustapenean egindako ekarpena. Txalaparta bidaide, munduan zehar euskal kulturari eta tradizioari prestigio eta zabalkunde handia ematen dio taldeak.