Itzuli

«Nabigatzaile promiskuoen» lurra: horra hor Euskal Herriaren beste historia

Egilea: Ander Goyoaga 2023 Eka 12
«Nabigatzaile promiskuoen» lurra: horra hor Euskal Herriaren beste historia
Spitzbergen irlako Bizkaiko Golkoa (Ozeano Artikoa)

Ander Izagirre idazle eta kazetariak ´Vuelta al país de Elkano´ (Elkanoren herrialdeari itzulia) liburua argitaratu zuen 2022an. Lan horretan, zalantzan jartzen du honako ikuspegi hau: euskaldunak baserrian itxitako herri bat izan zirela.

Euskal Herria neurri handiagoan izan da «nabigatzaile promiskuoen» herri bat, «nekazari isolatuen» herri bat baino; batzuetan, jende miresgarria izan dira, eta beste batzuetan, aldiz, izua eragiteko modukoak. Ideia iradokitzaile hori azaleratzen du Ander Izagirre idazlearen azken liburuak: ´Vuelta al país de Elkano´ (Libros del K.O.). Obra horretan, bada, zalantzan jartzen da euskaldunak baserrian itxitako herri bat izan direnik; horren ordez, liburuak bidaia bat proposatzen du lurralde txiki horretan barrena —nahiz eta espedizioren bat egiten den Moluketatik Saint-Pierre eta Mikeluneraino—. Lanaren helburua da lurralde hori berriro deskubritzea, eta ikaskizun batzuk ateratzea desafio global berrien aurrean.

Liburua bera Elkano Fundazioaren enkargu bat izan da. Euskal Herrian, fundazio horrek kudeatu du Juan Sebastian Elkano marinel getariarrarren bidaldiaren 500. urteurrenari dagokion guztia: hark eman zion munduari bira lehendabiziko aldiz. Ander Izagirre kazetari eta idazle sonatuak —besteak beste, Ryszard Kapuscinski saria jaso zuen Polonian—, bidaia bat balitz bezala heldu dio lanari: berriro deskubritu nahi izan du Euskal Herria, ustez ondo ezagutzen zuen lurralde bat; orain, ordea, bestelako begirada batekin erreparatzen dio. Elkanoren bidaiak gidatzen du liburu osoa. Emaitza gisa, era askotako jendea agertzen da kontakizunean: balea-ehiztariak, piratak, agotak, Iparraldeko juduak, arrantzale eusko-afrikarrak, ekintzaile indianoak eta surflari izukaitzak. Euskal Herri ireki bat; mestizoa, duela hainbat mendetik; eta igurtzira, mailegura eta pidginera ohitutako kultura eta hizkuntza baten jabea.

Albaola itsas museoko irudi bat, Pasaian; han berreskuratzen dute Euskal Herriko itsas historia. Argazkia: Albaola.
Albaola Itsas Kultur Faktoria
Ander Izagirre idazle eta kazetaria, Getarian, eskutan duela Vuelta al país de Elkano liburua.

Donostiako kazetariaren ustez, Euskal Herri bukoliko eta isolatuaren mitoa, «gero eta higatuagoa», itsasoari begiratu gabe eraiki zen, bestela ez litzateke posible izango. «Euskal itsas historiari erreparatuz gero, abentura harrigarriak aurkituko ditugu, baina baita pasadizo odoltsuak ere, eta konkistak. Itsasoa konplikatua da, eta badirudi une jakin batean errazagoa zela hemen zegoen herriari buruz hitz egitea, zeinak bere ohitura sanoak omen baitzituen, kanpokoak iritsi ziren arte», azaldu du.

Egia esan, euskal munduaren beste historia hau, itsasoari begiratzen diona, askoz interesgarriagoa eta iradokitzaileagoa da. Balea da historia horren elementu nagusietako bat. «Balearen herria» idatzi du Izagirrek, nahiz eta, hainbat hamarraldiz, ahaztu egin den zetazeo-ehizak sekulako eragina izan zuela euskal portuetan, eta bertako ekonomia bultzatu zuela. Kostako herri askotako ezkutuetan baleak agertu arren, historialari anglokanadar bat —Selma Huxley— eta National Geographic-eko erreportaje bat iritsi arte ez zen gogora ekarri berriro.

«Balea bizitza zen, eta ekonomiari hauspoa ematen zion ez soilik kostaldean: industria paraleloak sortzen zituen barrualdean ere. Hemengo baleak jo eta akabatu zituztenean, zeren hori ere esan behar da, Atlantiko osoan ibili ziren haien bila», azaldu du. Espedizio haietatik sortu ziren elementu bitxi batzuk, hala nola euskara-islandiera pidgina —horren isla da 745 hitzeko glosario bat; gaur egun ere gordetzen da—; edo euskara-algonkin pidgina —hizkuntza sinplifikatu bat zen, eta euskararen elementuak eta Kanadako jatorrizko herrien hizkuntzetakoak nahasten zituen—.

Gaztelugatxeko San Joan (Bizkaia)
Pasai Donibane (Gipuzkoa)
Getaria (Gipuzkoa)
Atalaya, Biarritz (Lapurdi)

Izagirreren arabera, gaur egun, «ulertzen ez ditugun paisaietan bizi gara, eta ulertzen ez ditugun postalak miresten ditugu». «Selfieak ateratzen ditugu San Juan Gaztelugatxekoan —irlatxo hori bereziki ezaguna da Game of Thrones telesaila grabatu zutelako bertan—, baina ez dugu ulertzen zer-nolako garrantzia zuen itsasontziak gal ez zitezen. Argazkietarako diseinatutako leku bat dirudi, baina hil ala biziko eremu bat zen», gehitu du.

«Baserria, antzinako esentzien kofrea, historia ozeaniko eta bidaiariaren fruitua da orobat», dio Izagirrek

Idazle donostiarrak ez du esentzialismorik ametitzen, eta bazter guzti-guztietara iritsi nahi du bere bidaian. «Baserria, paisaiako elementu ikonikoa, antzinako esentzien kofrea, identitatearen sinboloa, euskaldunen historia ozeaniko, bidaiari eta promiskuoaren fruitua da orobat», adierazi du. Kasu askotan, «sagarrak zanpatzeko makina erraldoiak ziren»; hala, sagardoz hornitzen zituzten «itsasontzi gero eta gehiago; asko ugaritu baitzen flota Amerikara bidaiatzen hasi eta gero»: «Makina bat eraikitzen zuten, eta hara barrura joaten ziren bizitzera».

Euskal Herria berriro deskubritzeko bidaian hainbat kide izan ditu Izagirrek: marinelak, idazleak, historialariak edo sukaldariak, besteak beste. Mertxe Urteaga arkeologoak —aditua da euskal lurraldearen erromanizazioan— beste mito bat eraisten lagundu dio Izagirreri: Asterixen mitoa, hain zuzen. Kontakizun horren arabera, euskaldunak herri menderakaitza ziren, eta aurre egin zioten hedapen inperial orori. «Egia esan, euskaldunak eremu erromatarrean txertatu ziren, eta eguneratu egin ziren, baita horri esker indartu ere», adierazi du Izagirrek. Erromatarren hizkuntza betirako gordeko zen euskal lexikoaren puska handi batean.

Ondarroako portuan, senegaldar jatorriko arrantzaleek hartu dute lekukoa, eta herrian txertatu dira.
Ondarroako portuan, senegaldar jatorriko arrantzaleek hartu dute lekukoa, eta herrian txertatu dira. Argazkia: Manu Lozano

Liburuan, istorioen eta abenturen bilduma bat izanik, bi globalizazio-testuinguru nagusi marrazten dira: bata, Erromaren hedapenari lotua; bestea, XVI. mendean gertatua, nabigazioaren goraldiari lotua. Nolanahi ere, idazle donostiarrak orobat begiratzen dio XXI. mendeari, beste globalizazio-garai bat baita, eta ikaskizun batzuk atera nahi ditu.

Izagirrek bere buruari galdetu dio nolakoak diren euskaldunak gaur egun, eta erantzuna Arktikoan aurkitu du; izan ere, handik argitaratu ziren zientziari buruzko txio batzuk, euskaraz. Naima el Bani Altunak idatzi zituen: paleo-ozeanografoa eta sedimentuen ikertzailea da, eta iraganean ozeanoak nola berotu izan ziren aztertzen du. Aita Casablancakoa du, ama Bergarakoa. Arktikora egindako bidaia batean, bere kideek «pixka bat flipatu» zuten, izan ere, zientzialaria hunkitu egin zen Biscayarhalvøya —bizkaitarren penintsula— eta Biscayarfonna —bizkaitarren glaziarra— ikusita. Iragan baleazalearen aztarnak. «Txunditu egin nintzen euskal balea-arrantzaleak han irudikatuta; pentsatuz nola irits zitezkeen haraino beren egurrezko ontziekin», azaldu du liburuan.

Biscayarhalvøya (Norvegia)
Abraham Storck-en olio honek XVII. mendeko baleen ehiza nolakoa zen erakusten du. Argazkia: Enkhuizen Itsas Museoa. Wikimedia Commons

Donostiako idazleak Ondarroako portuan aurkitu du beste erantzun bat, Moussa Thior senegaldarraren eskutik. Arrantzalea da hura, baita borroka libreko txapeldun ohia ere, eta herrian integrazio-maila handia lortu duela azaldu du, harro. «Garrantzitsuena pertsonak ezagutzea da, hala aurreiritziak kentzeko. Horixe du ona Ondarroak; herri txiki bat denez, guztiok ezagutzen dugu elkar, eta baten batek gauza txarrik eginez gero, errua ez zaio komunitate osoari egozten», azaldu du. Autoreak, berriz, honako hau gehitu du: «Izen-abizenez ezagutzen dugun lehenengo arrantzalea Cayo Julio Niger da, Bidasoako gazte bat, beltza, eta esklaboen ondorengoa. Gure arbasoen mundua uste duguna baino globalagoa zen, eta gaur egun akatsa litzateke murruak eraikitzea».

Ander Izagirreren ustez, bada beste arrisku bat ere: autokonplazentzia. Zarautzeko hondartzan, idiek galeoiei tira egiten zieten lekuan, surflariak dabiltza gaur egun olatuen gainean zamalkatzen, kirol hori Europan sartu eta mende-erdira —Miarritzeko Côte des Basques-en bidez sartu zen, zehazki—. «Lehen, olatuak zigorra ziren; orain, berriz, bedeinkapena. Miragarria da puntu honetara iritsi izana. Baikorra naiz, zaina ikusten dut gizartean, eta irekia iruditzen zait oro har, baina zurruntzeko arriskua ere badago… Eta gure baitara ixtea arriskutsua litzateke».

Ander Goyoaga kazetaria da. Gaur egun, La Vanguardia egunkariko korrespontsala da Euskal Herrian.

Euskal gizarteari eta tradizioei buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Itzuli

Tags:

Interesatuko zaizkizun beste artikulu batzuk