Pello Reparazen musika proiektua Euskal Herriko modako talde bilakatu da, eboluzio etengabean dagoen sormenezko unibertso bati esker.
Zetak taldearen pop fenomenoa: euskara, euskal mitologia eta abangoardia artistikoa
2025 Api 01Milioiaren galdera
“Zergatik? Zergatik ari da erokeria guzti hau sortzen Zetaken inguruan? Bidaiak, elkarrizketak, milaka eta milaka lagun kontzertuetan… Nik asko sinesten dut Zetaken: punta-puntako lantalde bat, musika elektronikoa, euskal mitologia… Eta uste dut guzti honen atzean gauza bat eta bakarra dagoela: euskara”. Euskal telebistako lehen kateak (ETB 1) iazko urte amaieran estreinatu zuen ‘Zetak, hau ez da kontzertu bat’ dokumentalean ageri dira Pello Reparazen unibertso musikal, artistiko eta pertsonalaren gakoetako batzuk. Egun, Euskal Herriko musikaren industrian Pello Reparaz artistari buruz hitz egingo da, seguru asko, beste inori buruz baino gehiago. Inpaktu kultural eta sozial ukaezina du.
Fenomenoa areagotu egin da azken hilabeteotan. Euskarazko musikaren pultsazioen gaineko ezagutza minimoa duen inork ez du zalantzan jartzen Zetak, Reparaz buru duen proiektu kolektiboa, zerbait handia dela. Oso handia. Erraldoia, une batzuetan, bereziki zuzeneko eszenaratze anbiziotsuan. Zetak taldeak bi egunetan 30.000 jarraitzaile bildu zituen Iruñeko Nafarroa Arenan, eta urtarrilaren 3an 275.000 ikuslek ikusi zuten emanaldia ETB2ren bidez. Taldearen ‘Aaztiyen’ (2023) azken diskoaren bira handikiro amaituko da, irailaren 5ean, 6an eta 7an Donostiako Illunbe erabilera anitzeko pabiloian eskainiko dituen hiru kontzerturekin. Akelarre mitologikoaren urrezko amaiera izango da.
Sarrerak agortuta daude. Eskaria ikusgarria izan da: sarrerak erosteko ilara birtualean 600.000 lagun pilatu ziren goizeko lehen ordutik. Abeslariak sare sozialetan atera behar izan zuen, hunkituta eskerrak emateko jasotako babesagatik, eta arazo teknikoengatik barkamena eskatzeko. Arbizuko (Nafarroa) 34 urteko musikariak 2019an jarri zuen martxan Zetak, soinu berriak arakatzeko asmoz. Sei urte geroago, banda irakinaldi betean da. Modako taldea da. Denon ahotan dabil. Zergatik? Zetaken eztanda artistiko eta komertzialaren historia galdera batekin hasten da.

Nola bihurtu zen Zetak Vendetta taldeko tronbonista?
Pello Reparazen irudimena, zorakeria eta ausardia ska musikaren haize eta erritmoek markatu zuten talde batean garatu ziren lehenengo. Musika jamaikarra Euskal Herrian nola errotu den ulertzeko funtsezkoa den Skalariak bandaren errautsetatik jaio zen Vendetta talde nafarra, eta hamarkada batez aritu zen musika egiten. Guztira bost disko argitaratu zituen 2008tik 2018ra bitartean. Atarrabian (Nafarroa) emandako azken kontzertuan agertokiei agur esan zienean, Vendettak umezurtz utzi zituen milaka jarraitzaile. Reparaz taldeko kantari gaztea zen, eta tronboia ere jotzen zuen. ‘Agur Vendetta’ zuzeneko EPa (2018) tiradizo komertziala zuen talde dibertigarri haren azken traka izan zen.
Vendettak alderdi sentikorragoa ere bazuen, eta Reparazek abileziaz ustiatu zuen hurrengo hamarkadan. ‘Fuimos, somos y seremos’ diskoko ‘Ekainak 24’ abestia, 2012koa, Zetaken lehen etapako kanta ezagunenetako bat den ‘Zeinen ederra izango den’ balada xarmagarria baino zortzi urte lehenagokoa da. Abestiaren hitzak, nostalgiaz eta irudi poetikoz beteak, egun oso esanguratsu bati buruzkoak ziren, San Joan gauari buruzkoak: “Ekainak 24, gabon. Herrian zer berri? / Neurea malkoz busti ta zeuena egin”.
Banda harekin aritu izan ez balitz, gerora izar bilakatu zuen mutazioa agian ez zen gertatuko. Edo agian beste era batera gertatuko zen. Bitxia bada ere, Zetaken diskurtso musikala guztiz desberdina izan arren, aurreko taldearena baino askoz cool eta panoramikoagoa, zenbait lotura ezar daitezke bi proiektuen artean. Vendettan egindako ibilbidea nola baloratzen zuen galdetuta, Reparazek atzerako ispilutik begiratzen zion ska bandari MondoSonoro musika aldizkarian: “Nire eskola izan da. Bertan ikasi nuen dena. Horrek eman zion aukera 17 urteko tronbonista bati gehien maite duen horretan aritzeko. Eta oraindik ere abestiak idazten eta jotzen ateratzen dut bizibidea”.
Bere bidea eginez
Ondo gogoan hartuta zertan ari diren pop eszena globaleko garaikideak (Coldplay taldearen epika, Moderat-en elektronika espantsiboa, M83-ren fantasia retroa, Rosalíaren harritzeko gaitasuna), baina bere sustrai nafarretan sakonduz, Zetakek beti markatu du bere erritmoa. Hala izan da ‘Errepidean’ aurrerapen singlea kaleratu zuenetik. 2019ko udan atera zen eta bidea urratu zuen urte amaiaren argitaratuko zuen izen bereko albumarentzat. Birak pandemia betean harrapatu zuen taldea, baina musika osagai berriek harrera ona izan zuten jarraitzaileen artean. Zetaken lehen LParen aurkezpen birak sarrera guztiak saldu zituen 400, 500 edo 900 laguneko lokaletan. 2020ko udan, eta osasun krisiaren ondorioz zenbait ikuskizun bertan behera geratu ziren arren, Reparaz pozarren zegoen publikoak diskoari egindako harreragatik: “Ametsik onenetan ere ez nukeen imajinatuko Zetakek izan duen hasiera bezalakorik”, esan zuen.
Zetaken diskoak Pello Reparazen laborategian egindako esperimentuak dira. Reparaz da proiektuaren arima eta burua, eta harekin batera aritzen dira beste musikari batzuk, hala nola Gorka Pastor, Leire Colomo eta Iban Larreburu. Bigarren albuma, ‘Zeinen ederra izango den’, justu urtebete geroago atera zen. EITBko Gaztea irrati ezagunaren Gaztea Sarien 2020ko galan, Zetak Euskal Herriko talde garrantzitsuena bihurtu zen, beste inork baino sari gehiago jaso baitzituen, horien artean banda onenarena eta zuzeneko onenarena. Zetak gai da egungo joerak asimilatu eta integratzeko ez ezik, baita erreferentzia autoktonoz jositako hizkuntza oso berezi batekin uztartzeko ere. ‘Akelarretan’, adibidez, bigarren laneko abesti bat da, eta akelarreak aipatzen ditu, XVII. mende hasierako euskal sorginek araoak egiteko eta Satan adoratzeko egiten zituzten bilkurak.
Urrats bakoitza funtsezkoa izan da Zetakek izarra izatera iritsi arte egin duen bidean. 2022an, taldea Erramun Martikorena abeslari beteranoarekin elkartu zen, Iparraldeko ikastolek urtero Senpereko lakuan (Lapurdi) egiten duten Herri Urrats festaren abesti ofizialerako. ‘Itzulera’ himno euforikoa da. Gaurdaino, lau milioitik gora bisualizazio ditu Youtuben. Spotifyn hamar abesti ezagunenek milioi bat entzunaldi baino gehiago badituzte ere, Zetakek ez du pelotazorik behar izan euskal musikan iraultza eragiteko. Alderdi desberdinetatik popa besarkatu duen proiektu dinamiko batean fede hauskaitzak, horrexek ekarri dio ospea berehala.
‘Hileta kantu nafarra’, adibidez, taldearen musika elektroniko itsaskorraren beste koska bat da. 2024ko abenduan argitaratutako singlean, Maixux Zugarramurdi abeslari amateurraren ahots akonpainamendua izan du Reparazek, eta pertsona maite baten galerari heldu dio ikuspegi komun batetik. Sintetizadorez blaitutako abestia bi abeslariek emozioz partekatzen duten katarsi moduko bat da. Reparazen aitona berriki hila zen, eta Zugarramurdik ere, 70 urterekin, behin betiko agurtu behar izan zuen senarra, gaixotasun luze baten ostean. ‘Hileta kantu nafarra agur abesti bat da. Zetaken dolua, non Herio euskal pertsonaia mitologikoak heriotza irudikatzen baitu. “Agur. / Asko nuen esateko. / Asko zuri emateko. / Agur. / Arakiletik dator Herio behar baino lehenago”.
Akelarre mitologikoa
Zetaken errusiar mendia bizkorrago joan da 2023tik. Proiektuaren identitate artistikoaren bilaketa nekaezin horretan, erritmo elektronikoen eta euskal sustraien arteko fusioak kutsu berri bat hartu du ‘Aaztiyen’ hirugarren eta azken albumean. Txalaparta aurretik ere agertu izan zen Zetaken musikan, antzinako euskal kulturaren sinbolo gisa, baina taldearen disko bertakoena bidaia baten amaiera ere izan da, eta iruditeria mitologiko autoktonoa barne hartuta, kontakizun fantastiko bat eraiki du.
Reparazek egoki deritzon moduan garatzen du bere ibilbidea. Lasterbiderik eta trikimailu efektistarik gabe. Musikaren industria singleari eta sareen efektu kolpeei lotuta bizi den honetan, berak album kontzeptual bat sortu du, osotasuna abestien indibidualtasuna baino garrantzitsuagoa den album bat. “Azken bi urteetan, ahots bat aurkitzea izan dut helburu, eta horregatik eman diot presentzia handiagoa hurbilekoari, etxekoari”, aitortu zien musikari nafarrak hedabideei ‘Aaztiyen’ aurkeztu zuenean; izenburuak ‘duela gutxi’ esan nahi du Reparazen herriko dialektoan. “Orain arrakastatsuago sentitzen naiz, Arbizun bakarrik idatz zitekeen disko bat konposatu dudala uste dudan unetik”.

Zetaken unea orain artekoan baino gehiago beheak eta goiak irentsi nahi dituen talde baten unea da. 2023an euskal hiriburuetako herriko jaietako kontzertuetan hainbat belaunalditako jendetza bildu izana etortzear zenaren abisua izan zen. ‘Hitzeman’, ‘Zeinen ederra izango den’, ‘Errepidean’ edo ‘Itzulera’ abestiak, besteak beste, haur, gazte, adineko eta familia osoen soinu bandaren parte dira jada. Nafarroa Arenan aurkeztu zuen ‘Mitoaroa’ ikuskizun masiboarekin zuzeneko musika kontzertu batera joateko esperientziatik dezente haratago joan zen. Ekitaldi gogoangarri hura EITBren webgunean dago ikusgai. Hor dago milaka lagun aho zabalik utzi duen musika, inauteri, euskal mitologia, erritmo elektroniko eta lelo errepikagarrien koktela. “Mitologiaren eta Nafarroako inauterietako pertsonaien arteko croosover bat”, laburbildu du Reparazek. Baina, funtsean, faktore determinatzailea euskara dela egiaztatzen da. “Hizkuntzak ematen dio sinesgarritasuna proiektuari”, dio.
Ez dakit Zetaken arrakasta —arrakastaren definizio pertsonaletik behintzat— faktore bakar batek eragin duen, baina ziur nago euskara faktore erabakigarria dela, argi ikusten baitut nolako interesa pizten duen.
Euskara indargune
Zetaken soinu, irudi eta kontzeptu nahasketaren pieza garrantzitsuena da. Ildo nagusia. Euskararik gabe, puzzlea osatu gabe egongo litzateke. Ez luke zentzurik izango. Hizkuntza da indargune nagusia. Pello Reparaz abiadura harrigarrian eraldatzen den figura artistiko bilakatu duen indar eragilea. Hainbat erregistro estilistikoko bidaia honetan, euskara da gai negoziaezin ia bakarra Zetaken. Taldearen nortasunaren bizkarrezurra da. Eta ez: eremu batzuetan hizkuntza gutxituei begira zabaltzen duten ideiaren kontra, ez da oztopo izan haren ibilbide musikalean. Alderantziz. “Euskaraz abesteak ate gehiago irekitzen dizkit, itxi baino. Jende gutxik ulertzen du, baina funtzionatzen du, eta interesa pizten du”, aipatu zuen Reparazek Kataluniako La Vanguardia egunkarian 2024an.
Bomba Stereo talde kolonbiar alternatiboarekin ‘Zoriontasuna (La vida es de verdad)’ abestian egindako reggaeton estiloko kolaborazioaren harira, Mexikoko La Jornada egunkarian elkarrizketatu zuten. Euskara, nabarmentzen du Reparazek, politika egiteko eta euskal kultura planeta osora zabaltzeko modua ere bada beretzat. “Hain hizkuntza txikia hautatzea, gaztelania jakinik, nire kasuan, eta baita ingelesa ere, adibidez, erabaki politikoa da. Gainera, historikoki gatazka oso handia izan da; gure hizkuntza bigarren mailara zokoratzeaz gain, gure historiako garai batzuetan debekatu eta zentsuratu ere egin dute”.
Labur esanda, euskara da dena. Hasiera, garapena eta amaiera. Zetaken zutabe nagusia. Eta, agian, hainbeste zalapartaren arrazoia. “Ez dakit Zetaken arrakasta —arrakastaren definizio pertsonaletik behintzat— faktore bakar batek eragin duen, baina ziur nago euskara faktore erabakigarria dela, argi ikusten baitut nolako interesa pizten duen”.