Zuzeneko ikuskizunen arloan, tradizioa inspirazio-iturri oso garrantzitsua da euskal sortzaile garaikideentzat. Asko gara horretan inspiratzen garenak idazkera berriak garatzeko. Kultura tradizionala oinarri hartuta sortzen dugu gure arte garaikidea. Eta arlo artistiko guztietan errepikatzen den ikuspegi bat da. Euskal kulturaren berezitasuna eta bizitasuna aldarrikatzeko −eta euskal kultura mantentzeko− gure nahia islatzen ei duelakoan.
Tradizioa vs sorkuntza: euskal tradizioa oinarri duen sorkuntza garaikideari buruzko ikuspegia
2024 Urr 22Auzoa, eredu
Auzoa da eredurik onena. Askotan entzun izan dugu auzo batek “bere nortasuna mantendu duela”. Nortasuna, ondorioz, manten daitekeen eta, era berean, gal daitekeen edo mehatxatzen duen horren aurrean defenda daitekeen zerbait da. Auzoaren kasuan, inguruko hiri-masa batek mendera zezakeen lurralde bat litzateke. Mendetasun horren ondorioz, auzoaren berezko ezaugarriak, bere auzokideak eta auzo horretako bizimoduarekiko azken horiek duten atxikipena aldatuko lirateke. Zer gertatuko litzateke auzoarekin nortasuna galduko balu? Aldatuko al litzateke? Desagertuko al litzateke? Edo bizirik mantenduko al litzateke, baina beste era batean, bere ingurunearen baitan galdua?
Ingurunea aldatzen denean berezko nortasuna eta kultura mantentzen jakitea da gakoa. Aipatuak aldatuz? Nortasuna egokitu eta aldatzen badugu, ordea, beste nortasun bat bilakatzen da. Ez da aurrekoaren berdina, galdu egin da…
Hori da Euskal Herrian aurrean dugun auzi konplexua. Alde batetik, etenik gabeko bilakaera demografikoak antzinako hizkuntza bat, bizitzeko, dantzatzeko eta abesteko modu bat, tradizio horien bizirautea arriskuan jar ditzake. Bestetik, kultura-globalizazioak erronka bat planteatzen die euskal artisten ideiei eta lanari: kultura-aniztasunaren erronka, alegia.
Auzoa bezala, euskal kultura, bere dantza, musika eta errituak desagertzeko arriskuan daude. Auzi horiek guztiak buruan darabilzkit jiraka ikuskizun bat sortzen hasteko orduan. Nola mantendu gure kultura tradizionala mundu garaikidean? Sorkuntza garaikideko ikuspegi batean txertatuz? Eta horrela bada, zer gertatzen da sorturiko kultura horrekin? Euskal kultura al da oraindik? Kultura tradizionalean oinarritutako sorkuntza garaikide bat aurreikusi al daiteke, traiziorik egin gabe?
Tradizio, traizio
“Tradizio” hitzaren esanahiak auzia argitzen laguntzen gaitu. Tradizio da denboran zehar transmititu diren jardunbide, ohitura, doktrina, iritzi, jantzi eta abar guztien multzoa. Horrek esan nahi du transmisio horren parte garela eta bere mugimendua, ondorioz, dinamikoa dela.
“Tradizio” −edo oroitzapen bat etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko egintza− hitzaren jatorria Tradere latinezko aditza da. Honen esanahia da “beste pertsona bati pasatzea, ematea, entregatzea”. Hizkuntza erromanikoetan, tradere jatorri duten beste bi hitz ere daude: “itzulpen” (“mezu bat beste hizkuntza batean transmititzea” eta “traizio” (“norbait hirugarren baten esku uztea”).
Euskal arte-tradizioaren oinordeko garen heinean, gure tradizioak denboran zehar transmititzen ditugu, egungo gure mundua, barneratu ditugun eraginak, gure hautematea aintzat hartuz… Itzulpenaren eragile gara, halabeharrez; baita gure tradizioen traizioaren eragile ere, tamalez.
“Aktibatu”, “defendatu” beharrean
Nik, “aktibazio” kontzeptua dut nahiago, defentsa-erreflexua baino. Euskal kultura mantentzeko, aktiba ditzagun bere baliabideak.
Euskal Kultura abiapuntu hartuta sortzeko, baina, artistak bere kodeak, bere oinarriak menderatu behar ditu. Euskal sorkuntza garaikideak euskaldunon arima osatzen duen hori du oinarri eta bere adierazpena denboran luzatzea da bere nahia. Ondorioz, ezin da arinkeriaz hartu. Artistak nahitaez ezagutu behar du kultura tradizionala, arte herrikoiaren zolitasun guztiak ulertu, mugitzeko eta pentsatzeko era barneratu, naturaz edo edozein jardunbideren testuinguruaz gozatu, gizakiak lotzen dituen hori zer den sentitu.
Horrela besterik ez baitaiteke lan, abesti edo dantza bat sortu. Eta sorkuntza hori, ordura arte existitzen ez bazen arren, berehala txertatuko da belaunaldiz belaunaldi transmititzen den jarduteko edo pentsatzeko era horretan. Kultura mugiezin bat “babesten” edo “defendatzen” saiatu beharrean, kultura bizi bat aktibatzen saiatuz. Paul Valéry idazle, olerkari eta filosofoak adierazi zuen bezala: “Benetako tradizioa ez da beste batzuek egin zuten hori kopiatzea, gauza miragarri horiek ahalbidetu zituen eta etorkizunean ere ahalbidetuko dituen espiritu hori aurkitzea baizik”.
Bestea eta “erdiko espazioa”
Bestearekin topo egitea eta estetikak uztartzea −kultura tradizionalaren berezitasuna arriskuan jar dezaketen arren− sortzeko prozesuaren parte dira. Kultura anitzeko testuinguru batean eta interkonektatutako mundu batean, inoiz baino nabariagoa da kultura tradizionala kanpoko eraginen eta artistak eta sortzaileak halabeharrez moldatuko dituzten pentsamolde berrien eraginez eraldatzen dela. Izan ere, Euskal Herria iragaten eta topaketen lurra dela esan ohi da askotan.
Bestearen bila joatea norberaren bila joatea da. Bestearengandik ikasiz, gure burua hobeto ezagutuko dugu. “Atzerriko hizkuntzarik ezagutzen ez duenak deus ere ez daki bere hizkuntza propioaz”, zioen Johann Wolfgang von Goethek.
Gure burua deszentralizatzeko gaitasun horrek gure buruaz ikastea ahalbidetzen digu. Norbera eta bestearen arteko “erdiko espazio” horretan kokatuz, gure berezko nortasunaren egia ezagutuko dugu. Globalizazioaren aurrean, “kreolizazioaren” pentsalaria den Édouard Glissantek jatorri purua duen irudikapen horrengandik urruntzera gonbidatzen gaitu: “Erro bakarrak inguruan duen guztiarekin akabatzen du. Nortasun-harremanak aukera amaigabeak eskaintzen ditu”. “Bestearekin hartu-emanak izanaz aldatzen da norbera, bere burua galdu edo desnaturalizatu gabe”.
Ondorioa: aurkakotasunari uko egitea
Gure euskal kultura tradizionalari (ez tradizionalista) esker, posizio ezin hobean gaude munduko gauzarik ederrenetatik inspirazioa hartzeko. Bere olerkiak idazteko gai izango al litzateke Artze, edo bere musika idazteko Mikel Laboa, edo bere dantzak sortzeko Kukai Dantza, ahozko euskal kultura eta, aldi berean, munduko arte-mugimendurik ospetsuenak ezagutuko ez balituzte? Munduarekiko harreman intimoan gara euskaldun.
Ez ditut tradizioa eta sorkuntza elkarren aurka jarri nahi. Denboran zehar bidaiatu duen sorkuntza da tradizioa. Orainean eta harantzago (iraganean, etorkizunean) gaude beti. Talka hori behar-beharrezkoa da mundu garaikidearen erronkari aurre egin ahal izateko: hau da, gure euskal kultura mantentzea; bizia, bere denboran murgildua eta mundura irekia egongo den kultura bat.