XX. mendearen hasieran –1910eko eta 1920ko hamarkaden arteko trantsizio urteetan zehazki–, arte plastikoek kalitate maila handia erdietsi zuten Euskal Herrian. Bilbo inguruko industrializazioak sortutako aberastasunak eraginda, aurrekaririk gabeko sistema artistiko bat eratu –artista taldeak, arte kritika, museoen sorrera– eta arteen loraldi bat gertatu zen, ordura arte artista- eta bilduma-zaletasun nabarmenik izan ez zuen herri batean.
Euskal artearen trama
2025 Uzt 17
Euskal Artisten Elkartearen baitara bildutako sortzaileek, ‘novencentismoaren’ ideiei jarraiki batik bat –tradizioa, modernitatea eta tokian tokikoa uztartu nahi zituen mugimendu artistikoa–, lengoaia plastiko original bat sortu zuten. Adolfo Guiard, Dario de Regoyos, Francisco Iturrino edo Ignacio Zuloagaren arrastoari segika –XIX. mendearen azken bi hamarkadetan Paristik gurera inpresionismoaren eta postinpresionismoaren korronteak ekarri zituztenak–, abangoardien erradikaltasunaz mesfidati, Aurelio Artetak, Zubiaurre anaiek, Juan de Echevarríak, Antonio de Guezalak eta beste hainbatek modernitate berezi bat garatu zuten, piktorikoa batik bat.



Urte horietan piztu ziren “euskal arteari” buruzko lehen eztabaidak, batzuetan nazionalismo jaioberriarekin lotuta, beste batzuetan modernitate irizpideek zeharkatuak. Kritikari batzuen arabera, ezaugarri bereizgarriak zituen arte bat zen. Zalantzarik gabe, Juan de la Encinaren ‘La Trama del Arte Vasco’ (1919) izan zen eztabaida horren lehen sintesi saiakera nagusia; ez alferrik, euskal artearen kanona eta historiografia –kritikariak berak ezbaian jarritakoak– definitu eta zehaztuko zituen hurrengo hamarkadetan.
1930eko hamarkadan, Donostia artearen hiriburu bihurtu zen, titulu hori Bilbori kenduta, Jorge Oteiza, Nicolas Lekuona, Jose Manuel Aizpurua eta beste sortzaile gazte batzuen ekinbideari esker, nahiz eta 1936ko Gerra Zibilaren eztandak errotik moztu zuen artearen eta arkitekturaren modernitatearen aldeko giro hori. Gerraosteko urteetako iluntasun betean, pizgarria kanpotik iritsi zen, 1948an, Oteiza Ameriketatik itzuli zenean. 1950eko hamarkadaren hasieran, Arantzazuko Basilikaren eraikuntza, eliz agintarien errezeloak gorabehera, abiapuntu eta ernamuin izan zen euskal artea berritzeko eta abangoardiaren korronteetan behin betiko kokatzeko.
Testuinguru horretan, hainbat sortzailek, hala nola Maria Paz Jiménezek, pinturan, eta Jorge Oteizak eta Eduardo Chillidak, eskulturan, abstrakzioaren aldeko apustu irmoa egin zuten. 1957an, Oteizak nazioartearen aitortza jaso zuen, Sao Pauloko Bienalean. Ibilbide esperimentala amaitu zuenean, bertan behera utzi zuen eskultura jarduna, eta teorizatzeari eta herri ekimenak bultzatzeari ekin zion. Bere aldetik, Chillidak ospe handia irabazi zuen Europan eta Ameriketan, 1958ko Veneziako Bienalean izandako arrakastaren ondoren bereziki. Geometriaren erabilera militantearen bidez –lehenbizi– eta Parisen nagusi zen informalismoarekin bat zetorren dramatismo nabariago baten bitartez –pitin bat geroago–, euskal arteak ordura arte pentsaezinak ziren emaitzak lortu zituen.
Herria itotzen ari zen diktadura frankista betean, euskal kultura eta nortasuna berpizteko asmoz, 1966an, GAUR taldea sortu zen Gipuzkoan, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, Amable Arias eta Nestor Basterretxeak osatua, Arte Garaikideko Euskal Eskola definitzeko asmoz. Ondoren sortu ziren EMEN taldea, Bizkaian, Agustin Ibarrolaren arte politikoa izan zuena adierazpide nagusi, eta ORAIN taldea, Araban. Artisten arteko ika-mikengatik taldeek luzaro iraun ez bazuten ere, arte aldarrikatzaile eta identitario baten oinarriak jarri zituzten, euskal ‘arima’ islatuko zutenak abangoardiako lengoaia garaikide berrien bidez, unibertso oso bat eratzeraino, herri kulturarekin identifikatua plastikoki erradikala zen lengoaia baten bitartez: abstrakzioa herri baten irudi gisa.


Euskal artea osasun betean zegoenean, sortzaile talde berri batek aurre egin zion aurrekoen planteamendu estetiko metafisiko eta mitifikatzaileari: batzuk, Esther Ferrerren kasuan, jarrera kontzeptual eta performatiboen bidez; beste batzuk, pop kulturatik hurbil zeuden jarrerekin, eta figurazio garratz eta surrealista batekin; hala nola Mari Puri Herrero, Vicente Ameztoy edo Andres Nagel.
1970eko hamarkadan, arte adierazpen askotarikoak garatu ziren, eta demokraziarako trantsizio politikoa eta erakunde autonomiko berrien sorrera ezaugarri zituen giro batean, artista belaunaldi berriak irten ziren EHUren Arte Ederren Fakultate berritik, lengoaia figuratiboak –Jesus Mari Lazkanoren kasuan– nahiz abstraktuak erabili zituztenak. Azken horien artean, beren ikerketaren dimentsio meta-artistikoaz arduratutako sortzaile talde bat zegoen, bai pinturan –Dario Urzay izanik izen nagusia–, bai eskulturan. Oteizaren postulatuei eta postminimalismoari jarraiki, Angel Bados, Txomin Badiola, Marisa Fernández, Juan Luis Moraza eta Elena Mendizabal kide zituen belaunaldiak gorpuztu zuen modernitatearen krisiari emandako erantzun nagusia, Euskal Eskultura Berriaren izenean. Postmodernitatez blaitutako giro batean, 80ko hamarkadan, antzeko interesek eta lengoaia formalista eta teoriko komunek euskal artea ulertzeko modu berri bat definitu zuten.


1990eko hamarkadan lanean hasi ziren artistek, Donostiako Arteleku zentroan trebatuak, hainbat berrikuntza ekarri zituzten. New York erreferente gisa hartuta, diziplina tradizionalen desegitea, identitatea, gorputza eta gai sozial eta politikoak eztabaidagai bihurtuko dira emakumeek pisu handiagoa izango duten belaunaldi batentzat. Miren Arenzana, Itziar Okariz, Sergio Prego, Ana Laura Aláez edo Jon Mikel Euba lanean arituko dira globalizazio aro betean, eta atea zabalduko diote, Bilboko Guggenheim Museoa zabaltzearekin denboran bat etorriz, nazioarteko hainbat esparrutan trebatutako sortzaile talde bati. Instalazioaren eta lengoaia aniztasunaren aroan, hainbat artista, hala nola Ibon Aranberri, Maider Lopez, Asier Mendizabal eta Abigail Lazkoz, tokikoaren eta globalaren artean mugitzen dira, tradizioaren berrikuspen historizistarekin eta artearen ikusmolde gero eta zabalago batekin.


Duela 100 eta 50 urte –hurrenez hurren– bizi izan zituen kontzepzio definituagoekin alderatuta, esan daiteke gaur egun ‘euskal artea’ kontzeptuak dituela gero eta askotarikoagoak diren erreferenteei eta hibridazio gero eta handiago bati erantzuten dieten ezaugarri bereizgarriak. Hari mutur ugariz osatutako ekosistema artistiko aberats bat definitzen duten erakunde sendoek –Arte Ederren Fakultatea, museoak, arte zentroak, galeriak– eta proiektu independente indartsuz eratutako sare garrantzitsu batek –Consonni, Bulegoa z/b, Okela eta Tractora Koop– eratutako eremu batean, Josu Bilbao, June Crespo, Sahatsa Jauregi, Dani Llaría, Damaris Pan, Mar de Dios edo Nora Aurrekoetxea eta beste artista gazte batzuek begirada berriak planteatzen dituzte eta, aldi berean, gure nortasuna definitu eta ezbaian jartzen dute, gero eta konplexuagoa eta aldakorragoa den mundu batean.


Mikel Onandia artearen historialaria eta erakusketen komisarioa da. Bere ikerketa arte moderno eta garaikidean eta bildumagintza artistikoan oinarritzen da.