San Juan baleontzia, euskal marinelek itsasoan izan zuten garai gorenaren ikurra, 1565ean hondoratu zen Kanadako kostaldean. Handik ia 500 urtera, baleontzi haren erreplika zehatza egitea lortu du Pasaiako (Gipuzkoa) ontziola batek, Ternura bidean berriz ere uretaratzeko asmoz.
Hondoratzea, aurkitzea eta berreraikitzea: XVI. mendeko euskal baleontzi baten historia
2026 Eka 04Lehen maitemina, National Geographic aldizkariaren azalarekin
1980ko hamarkadaren erdialdean, Xabier Agote gazteak, zurezko arrantza-ontzi zaharren zale amorratua izaki txikitatik, bere bizitzako ezusteko handiena izan zuen National Geographic aldizkariaren azalean honako izenburu hau irakurri zuenean: «16th Century Basque Whaling in America». Hantxe azaltzen zen xehe San Juan baleontziaren historia. Galeoi hura 1565ean hondoratu zen ekaitz-gau batez Kanadako Red Bay badiako ur hotzetan: 28 metroko luzera zuen ontziak, 200 tonako karga garraia zezakeen gehienez, eta 60 marinel har zitzakeen. Teknologia gorenarekin egina zen ontzi hura, eta euskal ontziolek zuten itsas gaitasun handiaren isla da gaur egun.
Egia esan, urte batzuk lehenago hasi zen dena. 1978an, Kanadako arkeologo-talde batek (Parcs Canada agentzia publikokoak) San Juan baleontziaren hondarkinak aurkitu zituen 10 metro inguruko sakoneran, lasta-harri eta sedimentuzko geruza lodi baten azpian. Selma Huxley historialariak Oñatiko (Gipuzkoa) artxiboetan eta Burgos eta Valladolideko (Gaztela eta Leon) artxiboetan aurkitutako arrastoei jarraitu zien. Hondakinak miatu zituzten urpekariek egiaztatu zuten ezen, aieru ororen kontra, itsasontzi hura, Euskal Herritik Ternuaraino itsasoa zeharkatzen zuen ozeanoz haraindiko lehenengo zamaontzietakoa, egoera onean zegoela. Zurez egiturek eta soketako batzuek bikain iraun zuten denboraren joanean. 30 urtez ikerketa sakona egin zen, Robert Grenier ikertzailearen zuzendaritzapean (2026ko hasieran hil zen), eta mugarri izan zen urpeko arkeologiaren esparruan.
Pasai San Pedroko Albaolako bere bulegoko mahaian eserita dago orain Agote. Itsasontzi historikoen eraikuntzan espezializatu dira Gipuzkoako kostaldeko museo-ontziola honetan. Leku berezia da, inolaz ere.Hamar urte baino gehiagoko lan eskergaren ondoren, San Juan baleontziaren kalkoa eraiki dute hemen. 2025eko azaroaren 7an amaitu zen megaproiektu horren lehen fasea, orduantxe uretaratu baitzuten Pasaiako badian.Orain, ontzia prestatzen ari dira bere lehen misio handia betetzeko: XVI. mendeko euskal marinelek Ternuako itsasertzeraino egin zuten ibilaldia errepikatzea.
Aldi berean, XIX. mendeko egurrezko arrantza-ontzi tradizional bat berritzen ari da planetako hainbat txokotatik etorritako langile eta boluntarioen talde bat. Ozentziyo du izena ontziak. Ontzi hori osorik eraberritzeak badu erromantizismo-osagai gehigarri bat: Donostiako portuko azken atunontzia da. Berreskuratu izan ez balute, hondakindegian amaituko zukeen, eta, harekin batera, baita euskal baxurako arrantzale haien memoriak ere.
1985era egin du atzera Albaolaren sortzaile eta presidenteak. Aro digitalean, informazioa agertu eta desagertu egiten da, sakelako telefonoan scroll eginez. Paperezko azalak izan dezakeen boterea ia ez da existitzen. Haren inpaktua oso txikia da Instagramen biral egiten den reel baten ondoan. Baina nork ez du gogoan halako crush edo maiteminik, nerabeen arteko maitasuna eta ustekabeko agerkundea aldi berean. Nork ez du gogoan euskal baleontzi hura, National Geographic aldizkarian XVI. mendeko itsasoko Graal santua balitz bezala aipatu zutena:
—Bizitza aldatu zidan, patuaren oparia izan zen. Eta neure buruari esan nion: «Neuk berreraikiko ditut inork nahi ez dituen itsasontziak».
Bildu belak! Euskal diasporaren oparia
1997, Maine (AEB). Euskal arbasoen itsas ondarea aldarrikatzeko kontua betidanik dabilkio buruan Xabier Agoteri, eta Albaola elkartea sortzea erabaki zuen, besteak beste, "Euskal Herriko itsas historia unibertsala ezagutarazteko". Iraultza kulturalari ekiteko asmoz sortu zen Albaola, iruditeria kolektiboan trabatuta geratu ziren klixe haiek hausteko, eta euskal nabigatzaileek itsaso zabalean beren balentriekin egindako ekarpenaren kontakizuna berridazteko.
«Guztiz ulergaitza da mendeetan zehar nola ezkutatu zaigun gure benetako kultur nortasuna», deitoratu du Agotek. «Batez ere itsasokoak gara, are gehiago, ozeanikoak esango nuke. Hori izan da gure nortasun-ezaugarria. Itsasoari lotutako harremanak bizi gaitu. Hala ere, euskal kultura artzaintzari lotua dagoela kontatu digute. Ez nuen batere ulertzen nolatan ez zitzaion baliorik ematen gure nortasun-ezaugarri apartekoenari, erakargarrienari eta bikainenari. Ez zegoen ezer hain iragan loriatsua berreskuratuko zuenik, herri gisa handiak izan ginen garai hura gogora ekartzeko", adierazi du.
Espainiako Karlos I.a eta Alemaniako V.aren garaian, XVI. mendean, euskal marinelak balea frankoak harrapatzera ausartu ziren, eta, gainera, «aitzindariak izan ziren Europa eta Ipar Amerikaren arteko merkataritza-harremanak abiarazten». Euskal itsasertzak hartzen dituen 100 kilometro ingurutan, Baionatik Muskizera, eraiki zituzten «munduko itsasontzi ozeaniko aurreratuenak». Horretan ez dago zalantza izpirik. Itsasontzi haiek euskal merkatariek eta garraiolariek zerabilzkiten, baina baita espainiar inperioak ere. Karlos V.aren inperioko itsas flotaren % 80 baino gehiago euskal kostaldean eraiki zen", dio Agotek.
Ameriketatik izeneko trainerua izan zen Albaolaren lehen proiektua. XVIII. mendeko euskal arrantzaleek erabilitako balea-txalupen oinordekoa da. 75.000 dolar kosta zen eraikitzea, eta Ameriketan eta Australian bizi den euskal diasporak egindako ahalegin kolektiboari esker ordaindu zen gastu hura. Era berean, Maineko The Apprenticeshop ontziolako aroztegia eskolako ikasleen laguntza izan zuen. «Estatu Batuetan eraikitako arrantza-ontzia, euskal diasporak finantzatua eta Euskal Herriari oparitua. Mobilizazio zoragarria izan zen», adierazi du Agotek.
Mainen (AEB) uretaratu zuten Ameriketatik ontzia 1998ko maiatzaren 10ean, eta handik hasi zuen New Yorkera lehen ibilaldia. Agote bera izan zen traineruko patroia, eta Manhattango badian zehar nabigatu zuen marinel estatubatuarrekin batera. Euskaldunen, itsasoaren eta Amerikaren arteko loturak berriro estutu ziren horrela. Geroago, euskal kostaldeko portu guztietara iritsi zen traineru hura, «29 geldialdi egin zituen, eta haietako bakoitzean 12 arraunlari desberdin aritu ziren». Motorrik eta inolako aurrerapen teknologikorik gabe, antzinako moduan nabigatuz: arraunean eta belan.
Gainera, Agoteren esanetan, Ameriketatik proiektuari esker ezagutu zen Saint Pierre eta Mikelune uharteen euskal lotura. Lurralde hori ozeanoz haraindiko eremu frantsesean dago, Ternuaren hegoaldean, eta 6.000 pertsona inguru bizi dira bertan. «Euskal diasporaren itsas testuinguru bakarra da. Une gogoangarria izan zen. Ameriketako diasporako gainerako kideek ez zuten horren berririk, eta zoragarria izan zen elkar ezagutzea».
Euskal NASA eta mundu zaharreko suziriak
Albaolan ibiltzea eta haren barruan gertatzen denari erreparatzea denboran zehar bidaia egitearen antzekoa da. Ontziola-museo bizi eta dinamiko honetako lanbide guztiak artisau-eran egiten dira, eta aspaldiko garaietakoak direla dirudite. Egur landu berriaren usaina dario. Lurrin beroa, zerraren, opaitzurraren eta aizkoraren soinu lehorrekin nahasten den horietakoa. Ibilbidean errementaldegi bat ere ikus daiteke, hantxe egiten baitituzte iltzeak. Aurreko mendeetan bizimodua atera behar zuten eta elektrizitatea lortzeko aukerarik ez zuten (eta are gutxiago Youtubeko tutorialak) itsas langile eta arotz haiek antza handia izango zuten Alemaniatik, Frantziatik edo Latinoamerikatik etorritako euskal eta nazioarteko langile hauekin.
Albaolan lortu dute beren mundu propio eta benetakoa eratzea berreraikuntzaren erronkari berme osoz aurre egin ahal izateko, lanbideen ordez makinak jarri eta know-howa edo egiten jakitea desagertu egin den aro honetan. Hugo Almonacid txiletarra (36 urte) da dena antzinako teknika tradizionalarekin egiten duen itsas koadrila kulturanitz horretako kideetako bat.2025ean iritsi zen Albaolara, ontziolako arotz maisu gisa, eta San Juan baleontziarekin hasi zen lanean. Desagertzear dagoen lana da harena, baina ezin hobeto egokitzen da espazio berezi honetan, langile bakoitzak bere ukitua ematen duen lekua baita.
Duela 500 urte, itsasoak konektatutako galaxia urruna zen Amerika. Agotek XVI. mendeko Pasaiako ontziolekin konparatu ohi du egungo NASA, eta bertako portua, berriz, Cape Canaveralekin. "Mundu berrira zihoazen suziriak ziren itsasontzi haiek. Euskaldunak izan ziren Cadizeko ozeanoz haraindiko lehen nabigazio-eskola sortu zutenak. Elkanoren mundu-bira [1519 eta 1522 artean] Lekeitiotik antolatu zen. Victoria itsasontzia eta Trinidad itsasontzia euskal itsasontziak ziren. Hori ez da ez kasualitatea. Euskaldunak aitzindari izan ziren munduan balearen arrantza industria moduan antolatzen, eta, aldi berean, itsaso zabalean ibilaldi luzeak egiteko gai ziren itsasontziak egiten zituzten eta baleak harrapatzen zituzten planetako leku urrun eta ezezagunenetan: Islandia, Kanada, Norvegia, Groenlandia... Ikaragarria zen».
Pasaian eraiki zuten, hain zuzen ere, jatorrizko San Juan baleontzia, urpean dirauena, Kanadako agintariek babestu eta monitorizatuta. XVI. mendeko balea-industriaren une gorenaren erlikia paregabea da haren hondoratzea, eta Gizateriaren Ondare izendatu du UNESCOk. Nazio Batuen erakundeak berak San Juan baleontziaren irudia hartu du munduko urpeko ondarearen ikur gisa. Munduko itsasontzi hondoratu guztiak irudikatzen ditu. Eta hara non, miraria bailitzan, XXI. mendean birsortu egin den, bertsio bikiarekin.
Hurrengo lehorreratzea: Ternua
San Juan ontzia berreraikitzeko lanean, tentuz jarraitu dira Parks Canada agentzia publikoak emandako jarraibideak, txosten zehatz batean jasota daudenak. Albaolara etorri diren dozenaka mila bisitarik denbora errealean ikusi ahal izan dute 2014an hasitako prozesu ezin zehatzago hori. Lehenik eta behin, euskal ontziolako teknikarien taldeak eraikitze-planoak egin zituen, ordenagailuaren aurrean baleontziaren formak marrazten ordu luzeak eman ondoren.Zura izan da baleontzia egiteko lehengai nagusia. Zaraitzuko haranetik (Nafarroako Pirinioak) ekarri ziren 200 bat haritzetatik atera zen zura. Logistikari dagokionez, buruhauste handia izan zen dozenaka enbor errepide bihurrietatik Pasaiaraino garraiatzea.
Zorroztasun historikoa lehenetsi da proiektu honetan eta, zertan uka, Albaolan ekoitzitako oro ere. Beraz, San Juan baleontzia Ternuko kostalderaino arribatzeko prest jarri aitzin, XVI. mendean bezalaxe hornitu beharko dute; adibidez, kobrezko pertz handi batzuekin eta euskal marinel haien edari gustukoena sagardoa eramateko barrika zilindriko batzuekin. Kalkuluen arabera, 300 lagunek baino gehiagok (bolondresak, bekadunak eta profesionalak) hartu dute parte galeoiaren eraikuntzan.
Erreplika honi gutxi falta zaio prest egon eta itsas zabalera ateratzeko. Barruko lana errematatzea du ments, esan nahi baita, masta eta eskuz jositako belak egitea baino ez. Aingurak, bestalde, Albaolako Ainguraolan egingo dira, horiexek ere vintage estilokoak, antzinako metodologia berreskuratuz. San Juan baleontzi berri honetan, bere garaian izan zen bezalakoa izango da dena, eta ez du motorra bezalako lasterbiderik izango.
Aurreikuspenen arabera, 2027. urtetik aurrera abiatuko da Ternuan helmugaratuko den itsas odisea. Eskifaiak garai hartako jantziak eramango ditu eta uretan mugitzeko beletan oinarrituko dira tripulazio-kideak. «Baleontzian ibilian ikasi beharko dugu nabigatzen, San Juanek ezaugarri paregabeak baititu, baina inork ez du aurretik esperimentatzeko aukerarik izan. Ontziak hitz egingo digu eta guk hari entzun egin beharko diogu», zehaztu du Agotek. Saiakera eta errakuntza bidez funtzionatzen duen tresna ezezagun bat afinatzea bezala izango da. Ez dago besterik. Jakina, oraingoan inor ez da Ternuara baleak harrapatzera joango. Bi herrialderen arteko kultur eta jai giroko misioa izango da, Euskal Herria eta Kanadaren artekoa, hain zuzen ere.