Mende bat baino gehiago itxita egon eta gero, eraikina bera ia hondamenera eraman duen historia gorabeheratsu baten ondoren, Madrilgo Beti Alai frontoia, euskal pilotaren kapera sistinoa, zabalik da berriz publikoarentzat. Amaiera pozgarria, zalantzarik gabe, 2024an fenix hegazti gisa berpiztu den eraikin mitiko batentzat.
Beti Jai: Madrilen berriro dir-dir egiten duen pilotaleku ikonikoaren berpizkundea
2026 Ira 24Nork esango luke hain justu nikkei jatetxe dotore baten ondoan, museoz eta jauregiz beteriko Madrilgo leku ederrenetariko batean, Castellana pasealeku zalapartatsuari ia itsatsita, frontoi bat aurkituko genukeenik? Antza, udako larunbat goiz batez Marqués de Riscal kalearen hasieran zokomiran dabiltzan lauzpabost pertsonek ere ez dute oso argi: gora eta behera begira, une batez zalantza egiten dute. Pentsakor daude. ¿Hemen izango al da? Ateak zabalik daude, parez pare, baina, itxuraz, kanpoko pasabide estu baterako sarbide besterik ez dira. Ez dakigu nora doan pasabide hori. Oraingoz, ez dugu inolako kartelik ikusi.
Pasabidearen amaieran, 50 bat metrokoa, erakusketa-gune txiki moduko bat dago, Beti Jai frontoi eraberrituaren kantxari lotua, justu sarreraren beste aldean. Lehen areto honetan, Las raquetistas. Pioneras del deporte profesional femenino izeneko argazki handi bat nabarmentzen da, non zuriz jantzitako dozena bat emakume ikus daitezkeen, erraketa eskuan, ilaran. Testuak jakinaren gainean jartzen gaitu: “En 1917 el recuerdo de la pelota en Beti Jai era eso, un recuerdo, y el deporte del frontón no vivía su mejor momento. Sin embargo, el empresario Ildefonso Anabitarte no se dio por vencido y optó por darle una vuelta de tuerca, tan arriesgada como absolutamente triunfal”.
Urrats batzuk egin eta hortxe dakusagu. Bikain eta distiratsu. Pilotalekuen zinezko bitxi arkitektonikoa, eraberritua eta publikoarentzat zabalik mende bat baino gehiago itxita egon eta gero.
—Ze polita!
—Ez nekien horrelakorik bazegoenik!
Sheila eta Amaia, Madrilera bisitan joandako hogeita hamar inguruko bi euskaldun, txundituta daude. Haietako batek ez zekien ere hemen frontoi bat zegoenik; besteak, ohar soil bat sartu zuen behin Googleko markagailu batean, besterik ez. Beti Jai pilotalekua gaur bisitatu nahi zuten merkatu baterako bidean zuten, eta hemendik pasatzera animatu dira, begiratu bat emateko. Biek goraipatu dituzte eraikinaren handitasuna eta arkitektura ederra. “Ez du zerikusirik gure herrietako frontoiekin”, bat datoz biak, Joaquín Rucoba arkitektoak 1894an eraiki zuen pilotalekuaren harmailetara begira.
Yon Garin argazkilariak ere, Nafarroako frontoi bitxiei buruzko proiektu pertsonal baten egileak, haluzinatu egin zuen 2026ko hasieran hona etorri zenean. Ez zuen inola ere horrelakorik sekula ikusi: “Ateak zeharkatu bezain laster, sentsazioa argia da. Hau ez da eraikin bat bakarrik. Denboran gelditutako taupada da”, diosku bere web pertsonalean (yongarin.com). Antza, Rosalía megaizarrak ere men egin dio perla monumental honen xarmari. Joan den azaroan, “Lux” albumaren aurkezpenean, elkarrizketa bat eskaini zuen leku honetan, eta artista katalanaren keinu horrek izugarri lagundu du frontoia ezagutarazten.
Madril, pilotaren hiriburua
Madrilek euskal pilotarekin izan zuen bat-bateko maitemina grinatsua bezain laburra izan zen. Udako amodio bat bezalakoa. XIX. mendearen amaiera aldera hirian eraiki ziren 30 pilotalekuek ez zuten luzaroan iraun. Pilotarekiko grina Maria Kristina erreginaordearen zaletasunak piztu zuen. Espainiako errege-familian ohitura zenez, erreginaordeak urtero uda Donostian igarotzen zuen. Berehala bihurtu zen pedigridun kirola, garai hartako aristokrazia eta burgesia erakarri zituena, partidetan diru-kopuru politak mugitzen zituena. Hala ere, apustu handiekin batera, amarruen lehen susmoak iritsi ziren —modu arraroan lesionatzen ziren pilotariak, behin baino gehiagotan markagailuari modu sinesgaitzean buelta ematea, tanto sinesgaitzak—, eta pilota-jokoarekiko interesa gainbehera hasi zen.
Beti Jai frontoian zesta-puntan eta erremontean jokatzen zen, eta gertakari polemikoak izan ziren. Partida batean, zale batzuek apustua galdu eta pilotari bati eraso egiten saiatu ziren. Erakunde politikoek esku hartu eta apustu-artekariei pilotalekura sartzea debekatu zien. Araudi berriak egin ziren, elur-bola bihurtzeko zorian zegoen negozio eztabaidagarria arautzeko. Murrizketak iritsi zirenean, ordea, bere garaian diru errazak erakarrita hurbildu ziren zaleek bizkarra eman zioten pilotari.
Hori gutxi balitz bezala, pixkanakako interes-galerak eta eskandaluek jota zegoen pilotak aurre egin behar izan zien aisia-proposamen berriei; hala nola futbolari, zirkuko ikuskizunei edo antzerkiaren gorakadari. Pilota Madrilen erreka jota zegoen ‘Sociedad del Deporte Vasco’ elkarteak 1917an Beti Jai alokatu zuenean, azken bultzada bat ematen saiatzeko. Hor kokatzen da Anabitarte enpresari donostiarrak erraketista gazteekin egin zuen saiakera. Urtebete baino ez zuen iraun. 1918an, azken partida jokatu zen, eta pilota, Madrilen, ahanzturaren putzura erori zen.
Salbazioa, azken unean
Beti Jairen historiak mami asko du eta bihurgunez beterik dago. 130 urte hauetan, denetik ikusi da eraikinean: auto-tailer bat, kartzela, praktika militarren zentro bat, mitin politikoetarako gunea, fabrika bat, aeronautikako saiakuntza-zentro bat eta baita okupa etxe bat ere, 2007an. 1904. eta 1909. urteen artean, Leonardo Torres Quevedoren ikerketa-zentroa izan zen, urrutiko agintearen asmatzailea. Berrikiago, orubea hotel eta gimnasio bihurtzeko proiektu bat egon zen, baina ez zen gauzatu.
Unerik txarrenetan, mende honen hasieran, aurri-zorian zegoen mamu-itxurako dekoratu bat izan zen: pikondoak harmailetan gora, belarra kantxaren jabe eta hautsa nonahi. Hain zen tamalgarria egoera, ezen ia ez zegoen imajinatzerik ere bere garaian frontoien arteko harribitxi preziatuena izan zela, 67 metro luze zen kantxarekin eta 4.000 eserlekuko harmailekin. Rucobaren maisulana, non hainbat tradizio arkitektoniko uztartzen diren —estilo eklektikoa eta neomudejarra, baina baita ere industria-iraultzari loturiko burdinazko arkitekturako elementuak ere—, guztiz eta zeharo hondatuta zegoen.
Salba dezagun Beti Jai
2008a zorigaiztoko urtea izan zen: sute bat piztu eta segurtasun-zaintzailea hil zen. Eraikinaren egiturak ozta-ozta eutsi zion. Hainbeste gorabeheratatik bizirik atera izana zerutik eroritako opari bat izan da. Dena dela, eraikina berreskuratzea eta ondorengo berpizkundea, gaur egun den ikono kultural eta monumental bihurtu arte, ez da kasualitatearen emaitza izan. Funtsezkoak izan dira, lehenik eta behin, gizarte zibilaren inplikazioa —bereziki, Salvemos el frontón Beti Jai plataformaren bidez—, eta, bestetik, fundamentuz aritu diren administrazio publikoen esku-hartzea. “Berrantolaketa minimo bat behar da, besterik ez, errepikaezina den eraikin bat berreskuratzeko”, adierazi zuten plataformako kideek Richard Zubelzuren Beti Jai: La Capilla Sixtina de la pelota dokumentalean, ikusgai eraikinaren erakusketa iraunkorreko aretoetako batean.
2015ean, Udalak eraikina desjabetu eta birgaitze-lanak hasi ziren. 2019ko apirilean amaitu ziren. Arkitektoen helburua izan zen ahalik eta leialen jokatzea jatorrizko egiturarekin, eta soil-soilik ordezkatzea “korrosioaren ondorioz berreskuraezinak ziren elementuak”. Horretarako, garaiko prentsara, liburutegietako dokumentu-funtsetara eta elkarte eta adituengana jo zuten. Prozesu horretan, obrez arduratu zen lantaldeak aurkitu zituen “trenkada baten atzean egoera onean zegoen arku neomudejar bat eta garai hartarako oso berritzaileak ziren teila lau original batzuk, errekamara batean”.
Berpizkundea eta arrakasta
Beti Jai eraberritzeko udal-inbertsioa ia 40 milioi eurokoa izan zen. Harmailen jatorrizko egitura, fatxadak eta estalkiak lehengoratu dira, distira itzultzeko higiezinari. Proiektua hainbat esparrutatik goraipatu da. Joan den urtearen amaieran, adibidez, Kultura Ondasunak Zaharberritzeko eta Kontserbatzeko 2025eko Sari Nazionala jaso zuen, “erantzukidetasun-ariketa berritzailea delako, eta herritarrek eta administrazioak elkarrekin lan egin dutelako, Madrili bitxi berezi eta errepikaezin bat itzultzeko”.
Horren denbora luzean itxita egon eta gero, 2019ko ekainean ireki zen lehen aldiz publikoarentzat, kultura- eta kirol-gune gisa 2024an inauguratu bazen ere. Orduz geroztik, frontoian egiten dira bisita gidatuak, haurrentzako tailerrak, kontzertuak eta, nola ez, pilota-erakustaldiak. Madrilgo udalaren arabera, bi urte baino gutxiagoan, 145.000 bistari baino gehiago izan ditu eraikin berriak. Bisita doakoa da, asteartetik igandera, eta jendea libreki ibil daiteke publikoarentzat zabalik dauden tokietan barrena: frontoia eta interpretazio-zentro bat, eraikinaren galeria eta korridoreetan integratua, pilotalekuaren historiaren funtsezko atalak eskaintzen dituena. Piezak, argazkiak, dokumentuak eta beste elementu garrantzitsu batzuk erakusten dira. Nolanahi ere den, onena zera da: kantxaren erdian kokatzea, multzo osoari behatzea eta xehetasun txikiei erreparatzea. Imajinatzea nolakoak izango ziren pilota-partidak horrelako leku polit batean, Madril erdialdeko auzo batean. Euskal pilotaren kapera sistinoa, berriz ere distiratsu eta ikusgarri.